Itziar Ziga: zakur emearen uluak
2010/02/09 Utzi iruzkina
Bere lehen liburuaren aurkezpena egin zuen Gasteizen eta elkarrizketa egiteko aprobetxatu genuen…
«Feminitate hitzari alergia harrigarria diogu feministok»
Devenir perra (zakur eme bihurtu) liburua idatzi du, feminista femenino eta antipatriarkalak existitzen direnez, beharrezkoak direla aldarri egiteko. Erosi bezain pronto puskatu zaion koroa jantzi du, sos gutxiko glamourra argazkiko lehen planoan ateratzeko.
Errenteriarrak (Gipuzkoa, 1974) Iruñearako bidea hartu zuen aitaren autoritatetik ihesi. Amari tratu txarrak ematen zizkion aitaren atzaparretatik ihesi. Iruñean Elizaren autoritatea ezagutu zuela dio. Bederatzi urte egin ditu Bartzelonan, askatasunean, eta Iruñeara itzuli da. Espainian zehar dabil Devenir perra liburuan kontatutakoak lau haizetara zabaltzen. Ez dakigu noiz errendituko den, bigarren liburua atera berri baitu: Un zulo propio (norberaren zuloa).
Alaska abeslariaren liburua: Transgresoras, las mujeres que cambiaron su mundo, Urratzaileak, euren mundua aldatu zuten emakumeak.
Alaska feminitatearen maitale handia da eta kexu da uste duelako feminismo hegemonikoak (nolabait esatearren) trabestien eta transexualen ekarpena galdu duela feminitatea berrasmatzeko.
Garai hartan king tailerrak egiten ziren, maskulinitate performatiboaz asko hitz egiten zen, eta nik nioen: “Non arraio dago feminitate performatiboa?”. Feministok alergia harrigarria diogu feminitate hitzari, logikoa da, ziria sartu digute emakume generoaren kontuarekin, dena da negatibotasuna eta gutxiagotasuna.
Badago ordea bestelako feminitatea, grinatsua, parodikoa, teatrala, puta eta antipatriarkala. Hori existitzen da eta oso beharrezkoa da. Beharrezkoa da existitzen delako.