Uxue Alberdi: “Burusoiltzea gai unibertsala da, baina depilazioa emakumeen kontua”

Uxue Alberdi

Uxue Alberdirekin izan gara. Uxue idazle bezala dugu ezagunago, baina saltsa askotako perrexila dugu neska. Bertsolaritzan ere badabil, eta hortaz mintzatu gara berarekin. Izan ere, Bertsolari Elkartea kezkatuta dabil generoaren kontuarekin, eta zeregin horretan aurkitu dugu Uxue. Emakumeak bertsolari, plaza-emakumeak, gure intimitatea non geratzen den, emakumeon umorea zein den… eta horrelakoez aritu gara, isiltasun ozenetik atera berri den emakume bertsolarien gaiaren ingurumarian.
1.- Nolatan sortu zen elkartean generoaren inguruan zerbait egiteko beharra edo kezka?

Elkartean baino lehen emakumezko bertsolariengan sortu zen kezka. Orain hamar bat urte edo Maialen Lujanbio, Estitxu eta Ixiar Eizagirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Estitxu Arozena, Iratxe Ibarra… talde polita ari zen bertsotan, eta kezka komun batzuk zituztela jabetu ziren. Haien kezkak, ilusioak, pentsaera… hurrengo belaunaldietara ere transmititu da, eta emakumezko bertsolari gehiago garen heinean, generoaren gaiak gero eta pisu handiagoa hartu du gure artean.

Elkartean ikusten zuten emakumezko batzuk kezka hauekin genbiltzala, ohartzen ziren “krak” batzuk sentitzen genituela, eta haiek ulertu nahian hurbildu dira gizonezko batzuk. Gizonezko gehienek ikusten zuten emakumeek bazutela zerbait, baina ez zuten zerbait hori identifikatzen. Orain, generoa lantzeko taldea sortu da Elkartean, denon kezkak konpartitzeko, generoak nola eragiten digun aztertzeko: kantatzerako orduan, bertso saioak antolatzean bertsolariak hautatzerako orduan, Elkarteko aginte edo lan postuetarako jendea hautatzerako orduan… Zeharlerroa da, beste alor guztiak ukitzen dituena, eta landu egin nahi dugu.

Post hau irakurtzen jarraitu