Desirak eta plazerrak (I)

Liburuaren azala.

Liburuaren azala.

Euskal poesia erotikoaren antologia bat -geroago Desira plazer (Txalaparta, 2009) liburua izango zena- paratzeko lanean parte hartzea eskatu zidatenean, adostu behar genuen lehendabizikoa poemak sartzeko irizpidea izan zen. Honela, poema bat liburuan sartzeko, gaia erotikoa izan behar zuela erabaki genuen, ezplizitu zein inplizitoa erotismoa den bezalaxe. Neuri emakumeen poesia arakatzea eta proposatzea eskatu zitzaidan eta horretan jardun nuen. Post hau irakurtzen jarraitu

Gosegarri erotiko gisa

Josune Muñoz

Gaurko sarrera hau gosegarri bat baino ez da, aperitifa. Oraindik lanean ari gara XX. mendean zehar euskal emakumeok sortu dugun poesia erotikoa bilatzen, batzen, miatzen, aztertzen… 2009ko otsailan plazaratuko den antologia sortzeko enkarguan.

Irakurri dugu, bai, irakurri, 60 liburu baino gehiago, eta ezagutu dugu, bai, ezagutu, 50 sortzaile baino gehiago: mila poema, hamaika irudi poetiko, makina bat proposamen estetiko, gaur arte batera argitara eman ez direnak.  Prestatzen ari garen antologia honen harrituko gaituzten datuak aurrera ekarri nahi dizkizuegu: bitxikeriak, anekdotikoak, galdera batzuri erantzuna ekartzen dietenak, alegia noiz, non eta nork erabili, agerrarazi zuen euskal literaturan KLITORI hitza estreinakoz?  Zenbatetan  irakurri, aurkitu dugu ORGASMO hitza?  Ugariak dira poema erotiko LESBIANOAK? Idazle, emakume hauek zelan  esaten, adierazten dute erdarako “Correrse”ekintza gozagarria?  euskal emakumeok MASTURBATZEN gara?  NINFOMANIK al dago?

Funtsezko galderei ere ihardetsi nahi diegu, eta morboaz gain zeuen jakin grinari dastatzeko, gozatzeko, asetzeko datuak, gogoetak eta, oinarrizkoena, poemak  ekarriko dizkiogu Durangoko azokako haizeak jo eta gutxira. Saiatuko gara euskal emakumeok sortu dugun poesia erotikoaren korpus sakona eskaintzen, eta honen bitartez gure poesia erotikoaren kronologia, historia, ezaugarriak, itzalak, hutsuneak eta abarrak eta hostoak eta niniak ekartzen.

Dena dela, Igande honetan, urriak  19, Martiniaren aurretik, gosegarri gisa,  ordu batean Bilboko Arenalean, POESIA ASTEAn zehar garatuko diren ekitaldien artean,  POESIA EROTIKOAREN IRAKURKETA entzuteko parada izango duzue. Hegoamerikako eta Euskal Herriko poesia erotikoa irakurtzen egongo gara Ekuadorreko Soledad Jácome , Kubako Tadeo Tapanes, Edorta Jimenez eta laurok.

Irakurriko den guztia ez dugu hona ekarriko, bai, ostera, euskal emakumeen poema erotikoak. Egileen jaiotze urtearen arabera, kronologikoki  antolatu ditugu.

On egin, baina gogoratu gosegarri bat baino ez dela, beraz,  gorde gosea otsailerako.

Post hau irakurtzen jarraitu