Blogosferatik zuzenean… ptqk eta placida

This slideshow requires JavaScript.

PTQK edo Maria (Bilbo, 1976) eta Placida 2.0 edo Irene (Elgoibar, 1978) 2004 eta 2005 artean murgildu ziren blogosferan eta gaur egun eskarmentu handiko blogerrak dira. Artistak, feministak, saregileak, biek daukate asko kontatzeko eta oraindik ezagutzen ez badituzue hemen daukazue aukera.

Maria / ptqk eta Irene / placida

1. Sarea espazio askea da?

PTQK: Sarea ez da espazio askea, deszentralizatutako espazio bat da. Hau da, ez dauka hierarkia estatikorik eta eraldatzeko gaitasun mugagabea du lotura edo partehartze bakoitzarekin bere egitura aldatzen da. Izaki bizidun bat bezalakoa da, bere (informazio) jarioekin, bere eragile katalizatzaileekin (erabiltzaileak eta euren sareak) eta baita bere eragile kaltegarriekin (adibidez ezagutza eskuragaitz ipintzen duten jabego intelektualaren legeak edo interneten erabilera komertzialegia egiten duten korporazioen agerpena). Batzuetan honek askatasuna dirudi, baina ez da. Indar eta botere harremanak daude eta interes ekonomiko ugari. Meta-baliabide edo meta-euskarri bat dela hartu behar dugu kontuan, hots, baliabideen baliabidea, beraz, askatasun eremua baino gehiago boteregune bat da. Baina edonola ere liluragarria da.

Placida: Sarea, batez ere 90eko hamarkadan, baina orain ere, espazio aske eta alternatiboa izan da (eta da). Horren lekuko dira mugimendu ziberfeminista eta ziberkritikoak, hacker mugimendua, ziberpunka, komunikabide alternatiboak, e. a. Sareak, halere, badu beste aurpegi bat, aurpegi kapitalista eta biolentoa. 90eko hamarkada horretan “puntocom” guneak ikaragarri puztu ziren eta espekulazio handia izan zen; horren ondotik sareak bizi izan duen lehenengo krisialdi sakona iritsi zen. Horrez gain, pornografia konbentzionalak eragin handia izan du sarearen garapenean, adibidez pantailen erresoluzioa hobetzerakoan, irudi pornografiko edo erotikoak hobe ikusi ahal izateko. Azken urteetan, bipuntuzero weba indartu da eta suposatzen da boterea erabiltzaileok dugula, denak garela berdinak. Bipuntuzero herramintak testuak, argazkiak, bideoak eta audioak webean argitaratzeko aukera zabaldu dute, eta egun ia edonork igo ditzake edukiak interneten, komunikabide tradizionalen oinarriak kolokan jarriaz. Baina bipuntuzero tresna hauek badute beste aurpegi ilunago bat ere: ez da egia denok berdinak garela sarean; betikoek gero eta botere handiagoa dute. Konpainia handiak sareak duen garrantziaz jabetu dira eta han daude jada; Google eta Microsoft bezalako enpresa handiek sarea eta softwarea kontrolatu nahi dituzte, eta azkenean gu bipuntuzero webaren proletario bihurtu gara, Googlerentzat erregistroak sortzen. Wikipediako sortzaileak hitzaldi batean esan zuen Donostian: “milioika lagun ditut niretzako musutruk lan egiten”. Batzuetan askatu gaitzakeen herraminta hori bera da esklabu bihurtzen gaituena, eta sarearekin hori gertatzen dela uste dut.

Post hau irakurtzen jarraitu

Advertisements