Mayi Peloten omenaldia

Badakizu nor izan zen Mayi Pelot? Euskal idazlea, emakume idazlea, Ipar Euskal Herriko idazlea, zientzia-fikzio idazlea… eta askoz gehiago. Horregatik guztiagatik, Sareinak taldeak bere 12.urteurrena ospatzeko omenaldia antolatu dio eta zu gonbidatuta zaude.

NON? Baioanko Zizpa gaztetxean

NOIZ? Martxoaren 16an arratsaldeko 5etan

ZER? Mahai-ingurua Itxaro Borda, Arrate Hidalgo eta Josune Muñozekin

Irakurketa dramatizatua Xerezaderen artxiboko lagunekin

Mayi Peloten lanen berrargitalpenaren liburu-aurkezpena Maiatzen eskutik

Amaitzeko, jakina, jan-edanak.

Bazatoz?

Sareinak12

11. urteurrena: Irakurle talde feministak

Duela 11 urte elkartzen hasi ginenetik gustoren egiten dugun gauzetako bat irakurri berri ditugun liburuen inguruan berba egitea da. Eta 11 urte betetzen ditugun honetan hori egiten duten hiru talderen esperientziak ezagutzera gonbidatzen zaitugu.

Hitzordua Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo dugu, maiatzaren 5ean iluntzeko 19:00etan.

Gurekin egongo dira Bilboko Skolastikako Josune Muñoz, Hendaiako irakurle taldeko dinamizatzailea Maite Gonzalez Esnal, eta Iruñeako Katakrakeko irakurle talde feministaren partaidea den Nerea Fillat.

Bazatoz?

sareinak_11 20180505

Ursula, Virginia eta 11!

Aste honetan Ursula K. Leguin joan zaigu 88 urte zituela eta Virginia Woolf jaio zela 136 urte pasa dira eta bi emakume idazle handi hauek gogoan esan nahi dizuegu gure 11. urteurrenerako oso gutxi falta dela.

A2-81608031.JPG

Ursula K Le Guin.

Ursula K. Le Guin-i buruz

Retrato-Virginia-Woolf

Virginia Woolf-i buruz

Izan ere, otsailaren amaieran elkartuko gara, oraingoan Gasteizen, irakurle talde feministei buruzko mahai-inguru baten bueltan.

11 urteurrena

Laster izango dugu kartela eta harekin zehaztasun gehiago. Bitartean apuntatu agendan hitzordua eta ondo izan!

Marijane Minaberriren omenaldia

Aurten, otsailaren 23an hil da 90 urterekin Marijane Minaberri sortzaile eta hezitzaile bankarra. Hori dela eta, feminismoa eta literatura lantzen dituen Sareinak taldeak eta Aldude, Urepele eta Bankako Adur euskara elkarteak omenaldia egingo diote ekainaren 11n 17etan Aldudeko Sanoki zine gelan.

 

Bizitzan zehar euskara landu eta zabaltzea izan du helburu MARIJANE MINABERRI, eta hori egitean, haurrak izan ditu beti gogoan. Haientzat hiru genero literario nagusiak landu zituen: olerkiak (haietako batzuk jaso zituen Oskorri taldeak 1997an eta Marijan kantazan diskoa atera eta Kukubiltxorekin ikuskizuna Euskal Herrian zehar mugitu), ipuinak (Elkar argitaletxeak aurreko diskoaren ondoren Marijane konta zan bilduman jaso zituen batzuk 1998an), eta antzerkia (Haur antzerki lanak Toribio Altzaga saria irabazi zuen 1982an; 1993ko Antzerkia ikasetxean lanean haurrek antzezlan laburrak dituzte jokatzeko prest).

Ikasketak jaioterrian, Donapaleun eta Angelun egin zituen. Batxiler agiria ateratzekotan zela ama gaixotu eta hala bukatu ziren ikasketa formalak Minaberrirentzat. Pilotaria ere bazen. Hiru ahizpa zituen eta Bankan etxe ondoko pilota plazan aritzen ziren jokoan, neskek pilotan egiten ez zuten garaian.

1961ean argitaratu zuen lehenbizikoz Gure Herria aldizkarian: “Mari Gorri” olerkia, eta 2001ean oraingoz azkena den Puxka liburua Gatuzain argitaletxearekin. Baina literaturaz aparte bestelakoak ere landu zituen: euskal gramatika, frantses-euskara hiztegia eta euskara ikasteko metodo bat. Pentsa, komikiak egiteko ere saiakerak egin zituen! Idazle lanaz gain hainbat jardueratan aritu zen. Bere lehen lana jaioterrian izan zuen, herriko etxeko idazkaria izan zen. 1954an Baionan irakasle lanak egin zituen. 1957an “Basque Eclair” egunkarian kazetari eta idazkari lanak egin zituen, eta ondoren, “Sud Ouest”en jarduera beretan aritu zen. Prentsaz gain, hainbat irratitan ere jardun zuen.

“Andereño” edo “Atalki” ezizenez ere sinatu izan ditu aldizkarietan argitaratutakoak, Michel Labegueriek deitu zion behin andereño eta gustatu zitzaion, eta Atalki bere sortetxearen izena da. Olerkiak idazten hasteko gogoa adiskide bat hil zitzaionean piztu zitzaiola dio, eta ipuinak kontatzeko ohitura aitarengandik datorkiola, ipuin kontalari trebea omen zen hura.

Aitzindaria izan dela esaterakoan hurrengoa erantzun zuen behin: “Ez naiz aitzindaria batere izan. Gertatzen da nik egin dudana egin dudalarik goizegi zela, bertze nehor ez zelako. Ez dut orguilos agertu nahi, baina ez naiz sekula oraikoarekin ados izan, beti aitzina naiz, eta aitzina denak ez du kasik sekula arrazoi. Sobera goiz arrazoi duzularik ez duzu arrazoi, eta nik uste dut lanetan eta denetan hala izan naizela”.

HORREGATIK GUZTIAGATIK omenaldia egitea erabaki dugu eta Aldudeko Sanoki zine gelan elkartuko gara ekainaren 11n arratsaldeko 5etan, eta gonbidatuta zaudete.

Gainera, SAREINAK taldeak 10 urte beteko ditu eta gure urtemuga ospatzeko ekitaldi berezia egin nahi izan dugu euskal emakume idazle bati ikusgarritasuna emanez eta berak egindako ekarpena aitortuz.

Beraz, hor elkartuko garelakoan, laster arte!

Marijane Minaberri_afitxa_jpeg

Marijane Minaberri idazlea hil da

Sortzaile eta hezitzaile bankarra 90 urterekin hil da. Euskal Herri osoan ezaguna egin zen, haren olerkiak Oskorriren “Marijane kanta zan!” diskoan atera zirenean.

Minaberrik literatur jarduera oparoa utzi du, batik bat haurrei begirakoa. Antzezlanak, ipuinak, komikiak, eta batez ere, olerkiak idatzi zituen. Hain justu, bankarra ezaguna egin zen Oskorrik haren 23 olerki musikatu eta “Marijane kanta zan” diskoa argitaratu zuenean.

Idazle lanaz gain hainbat jardueratan aritu zen. Bere lehen lana jaioterrian izan zuen, herriko etxeko idazkaria izan zen. 1954an Baionan irakasle lanak egin zituen. 1957an “Basque Eclair” egunkarian kazetari eta idazkari lanak egin zituen, eta ondoren, “Sud Ouest”en jarduera beretan aritu zen. Prentsaz gain, hainbat irratitan ere jardun zuen.

1926ko irailaren 7an jaio zen Bankan. Ikasketak jaioterrian, Donapaleun eta Angelun egin zituen. Batxiler agiria ateratzekotan zela ama gaixotu eta hala bukatu ziren ikasketa formalak Minaberrirentzat.

Pilotaria ere bazen. Hiru ahizpa zituen eta Bankan etxe ondoko pilota plazan aritzen ziren jokoan, neskek pilotan egiten ez zuten garaian.

Omenaldia udaberrian

Feminismoa eta literatura lotzen dituen Sareinak taldea eta Aldude, Urepele eta Bankako Adur euskara elkartea Marijane Minaberriri hil honetan omenaldia egitekoak ziren. Antolatzaileek adierazi dutenez, azkenean data atzeratu eta maiatza-ekainerako utzia zuten. Pena agertu dute: “Nahiz eta jakin bera ez zela etorriko omenaldira, senideek haren obra ezagutu dugunon aitortza helaraziko zioten. Pena da, sarri gertatzen den bezala, omenaldia joana dela egingo diogu”.

 

Iturria: Argia.eus

 

Irati Jimenez, Leire Bilbao eta Alaine Agirreren azalak

Duela bi aste testu pasarte batzuk argitaratu genituen sareinen 9. urteurrenean parte hartuko duten egileen lanen lagintxoa eman nahian, eta gaurkoan euren lan aukeratuen azalak dakartzagu. Zer ikusten duzue? Antzekotasunik, desberdintasunik, errepikatzen den osagairik, bereizgarririk? Sartu jarraian duzuen pdf-ean…

sareinak 9 azalak

Sareinen 9. urteurrena!

Aurreko astean aurtengo urteurrenean parte hartuko duten hiru idazleen obrako testu pasarte aukeratuak ekarri genituen hona haien izenik ezta izenbururik gabe, eta gaur esango dizuegu hurrenez hurren Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori liburuaren hasiera, Leire Bilbaoren Ezkatak liburuko “Gorputzaren hondarrak” poema, eta Alaine Agirreren X hil da liburuaren hasiera zirela.

Gonbidatzen zaituztegu otsailaren 5ean, ostiralarekin, 19:30etan hiru idazle hauen mahai-inguruan parte hartzera Gernikako Astran. Bertan kolore urdin, beltz eta gorriz tintatutako hitzei begira jarriko gara eta solasaldi literario ederraz gozatuko. Animatu eta parte hartu!

estikintsairenakA4.xcf

Karnabaletarako planik?

Otsailaren 5ean Gernikan elkartuko gara Sareinon 9. urteurrena ospatzeko, eta oraingoan ere hiru idazle elkartuko ditugu mahai baten bueltan haien obrei buruz hitz egiteko “Fikzioak gorpuzten” izenburupean. Nortzuk diren? Ea asmatzen duzuen! Jarraian dituzue euren lan batzuetako testu pasarte batzuk. Hurrengo astean informazio gehiago…

Hiru hegaldi, hogeitik gora ordu laino guztien gainetik. Loiuko aireportuaren hegopera iritsi eta eskuko telefonoa pizterakoan, hantxe lehenengo deia. Elias. Ahots sendo trumoitsua eta galdera, zer, umea, bagaude etxean? Irribarreari ezin eutsiz erantzun diot, bai jauna. Hogeita hamarretik gora urte ditut baina entzun umea eta etxean nago, dudarik gabe. Eliasek barre, nekatuta ala? Eta nik egia, jakina, agureari gezurrik esaten ez dudalako ikasi, ezta ikasiko ere. Errementata nator, txo. Txikitako bizkaiera galduari eusten, badakidalako hirugarrenez barrea eragingo diodala eta barre horrek Radio Euskadi entzuten duen taxistak baino konpainia hobea egingo didala. Erretako begirada dauka taxistak, asper errea, ia-ia haserrea.

Erortzen doa
azala jausten denean bezala
hondartzak betetzen diren moduan
aleka,
jausitako zatiak direlako hondartzak
itzalen antzekoak
hareazko gorputzen isla.

Gorputzak,
eroritako aleak batzen dituzten hondartzak,
harez hare batu direnak azalez azal.
Horrela batzen baitira eroritako gorputzak
bata bestearekin erortzean,
elkarren hondarretan nahasten direnean.

Eta bien bitartean
erortzen doa
azala jausten den moduan
gorputzaren hondarrak batzen dituen
bere itzala.

Ez dut sekula jakiten nondik noiz nola hasi kontatzen kontatu behar dudan zer hori. Hasi eta gero bai, hasi eta jarraitu eta gero bai, kontakizuna nora doan jakin gabe, segitu egiten dut; idazten, esan nahi dut; musikarekin mozkortzen, ardoa entzuten, zigarroaren kea sartzen zait belarrietatik zerebrora, eta batzuetan lainoa da kea, baina besteetan ideien tankera du. Eta kezko ideiak izan litezke bukatzea ezinezkoa den esaldi perfektuegi bat, parabola matematiko baten pareko; izan liteke Brahms-en biolontxeloarentzako sonata bateko beherengo notaren marruskadura grabea gogorarazten duen berba bat; edo akaso izan liteke sentsazio bat, saihetsen posizioaren araberakoa esaterako, edo segun zenbat bustitzen dizkidan arnasak barruko paretak

“Emakumea eta literatura (1987-2014). JAKIN 45 gaurko begietatik” mahai-ingurua

SAREINAK egitasmoaren urteurrenen harira, urtero-urtero ekimenen bat antolatu izan dugu, lagunekin eta literaturazaleekin elkartzeko. Aurten, 7. urteurrenaren harira, honako mahai-inguru hau antolatu dugu:

“Emakumea eta literatura (1987-2014). JAKIN 45 gaurko begietatik”

Sareinak2014_kartela_web

1987. urtean JAKIN aldizkariak “Emakumea eta literatura” monografia argitaratu zuen. Ale hori aurrekaria izan zen euskal literaturan, hainbat ikuspegitatik Genero Ikasketetara hurbildu baitziren egileak. Horregatik, ale horretan artikuluak eta iritziak argitaratu zituzten zenbait idazle eta ikerlari biltzea interesgarri iruditu zaigu: batetik, JAKIN 45 alearen esperientziaz eta ekarpenez jarduteko (eta baita monografiko horren aitzakian antolatu zituzten ekimenak gogora ekartzeko ere); eta bestetik, gaur egungo egoeraren inguruko iritzia ere jasotzeko. Zer aldatu da azken hogeitamar bat urte hauetan?

1987ko hitzaldi-sorta

Hantxe elkartuko garelakoan…
Laster arte!

SAREINAK

Eten

Eten