Kiss kiss, Bang bang. Artea eta feminismoari buruzko erakusketaren ondorengoak

Bilboko Arte Ederretako museoan egon ginen erakusketa hau ikusten eta hona hemen ondorengo kafean esandakoak. Zuk ere ikusi baduzu, animatu eta kontatu zure inpresioak!

Post hau irakurtzen jarraitu

Artea eta feminismoari buruzko erakusketaren ondorengoak

Sareinak

Bilboko Arte Ederretako museoan egon ginen erakusketa hau ikusten eta hona hemen ondorengo kafean esandakoak. Zuk ere ikusi baduzu, animatu eta kontatu zure inpresioak!

I: Kiss Kiss Bang Bang erakusketara hurbiltzea erabaki dugu gaurkoan. Esana ziguten erakusketak merezi zuela, eta benetan asmatu zuela erakusketa honek azken 45 urte arte feministaren ibilbidearen berri ematen.

A: Eta orain, erakusketa ikusi eta gero, kafetxo bat hartzera joan gara ikusitakoak komentatzeko.

I: Ohartu zara, Amaia, erakusketa bost ataletan banatuta dago.

A: Bai, Iratxe, 1. Sexuaren, generoaren eta sexualitatearen eraikuntza kulturala; 2. Eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka; 3. Gorputzaren askapenerako borrokak; 4. Emakumeen aurkako indarkeria eta 5. Historia berridatzi. Zer aurkitu dugu bertan? Nola adieraz daiteke feminismoa artean?

I: Arte feministak genero, sexu, arraza eta sexualitatearen estereotipoak jartzen ditu zalantzan, ezbaira daramatza, eta ohartarazten digu, estereotipo hauek guztiak sorkuntza sozialak direla, eta gorputza bera zentzu sozialez blai dagoela, larrua zentzu sozialez josirik dugula. Era berean, arte feministak errepresentazioari buruzko galderak sortzen ditu: nork errepresentatzen du nor? Nola errepresentatzen du? Zein ikuspuntutik errepresentatzen du? Eta ofizialak eta hegemonikoak diren begirada horiek kolokan jartzen ditu.

A: Bertan ikusi dugun bideo baten esaten zuen, bereziki, Butlerren teoriari jarraiki dena dela performancea, dena dela janzten ditugun rolak, emakumearena besteak beste. Eta diñot nik, orduan, soziala kentzen badugu zer geratzen zaigu? Bideo horren arabera ezer…

I: Azken batean, gizaki sozialak gara, hitzarmen sozialez josiak… Geure jarrera sozialak ikasitako performance-ak direla? ziur asko, hortxe dago norberaren leiha, ezta? A: Lehenengo atalean horri buruzkoak agertzen ziren, eta haien artean modelo bitxi bat zegoen…

I: A, bai, Zoe Leonard-en Pin up 1 (Jennifer Miller does Marilyn Monroe) deitzen zen koadroa, 1995. urtekoa.

A: Gorri kolorez inguratutako gorputz biluzia, irribarre bat ezpainetan eta lasaitasun eta poztasun aurpegia dauzka… Gizonentzat opari errepresentatu izan direnen antzera, baina… besapean ileak izateaz gain (aaaaai!) ez dauka bularralde oparorik! Eta…

I: …eta bizarra du, gainera!!! Horrekin egiten du jolas Zoe Leonard-ek, desiraren errepresentazio konbentzional horrekin jolas egiten du eta generoen ohiko estereotipoekin ere eta ikuslearengan galdera horiek sortzen ditu. Koadroaren aurrean nintzela, horixe galdetu diot neure buruari, emakumea ote, gizona ote…

A: Ba bai. Hor agertzen dena identitate eta rolen trukagarritasuna da, beraz, auzitan ipintzen ditu tradizio eta banaketa dialektiko zurrunak. Asko gustatu zait, badirudi gai eta lesbianen manifarako kartel glamourosoa dela…

I: Gainera, ohartzen gaitu: beste galdera batzuk egitera jo beharko genukeela… Hori ere bai, Amaia, glamourrez betea.

I: Eta bigarren atal horretan, zein iruditu zaizu interesgarria?

A: *Men´s best friend* izenburupean agertu zaiguna begien parean… Nik uste nuen txakurra zela ta…

I: Jejeje… hori da esaerak dioena, baina, Barbara Kruger-ek bestelako adiera eman dio ohiko esamoldeari. Oso joku sinplean, lortu du Barbara Kruger-ek 1987. urteko lan honetan salaketa argia egitea, ezta?

A: Bai. Auzitegietan nabarmena da boterea eta maskulinitatearen arteko lotura… Berdintasunaren feminismoak garrantzia handia eman zion legeak aldatu eta eskubide legalak lortzeari hastapenetatik.

I: Washington-eko epaitegiak lelo argi bat du “equal justice under law”.

A: Burura datozkit adibidez alkohola tratu txarretan “atenuante” izana orain gutxi arte, eta lehenago pasio krimena delakoaren esistentzia, “ley de vagos y maleantes” horren pean atxilotutako homosexualak edota Italian zelan epaileak erabaki zuen emakumearen baimenaz egindako bortxaketa zela biktimak bakeroak zeramatzalako jantzita eta laguntza barik ezin zizkiotelako erantzi (beti ere epaile honen arabera), eta abar luze bat.

I: Bai, bai… 80eko hamarkadan AEBetan egindako salaketa hori, zoritxarrez, han eta hemen gaurkotasun handikoa, landu beharrekoa.

A: Gaur egun dugun beste arazo larri bat, ordea, teoria eta praktikaren arteko amildegiarena da: epaitegien eta kaleko errealitatearen arteko deskonexioa, distantzia da. Mentalitatea aldatzea ez delako hain samurra eta alde handia dago bien artean kasu askotan, zoritxarrez. Hor daukagu abortoaren auzia Nafarroan…

I: Hala da, eta mentalitatea aldatu artean, legeek ezer gutxirako balioko dute (kasu batzuetan, jakina) aplikatu behar duenak beto eskubidea badu, eta askotan hala gertatzen da.

A: Beti bezala: boterea patriarkatuaren esku.

A: Bideo asko zeuden erakusketan, ezta? Harritu ninduen proportzioa. Ez dakit, margo edo eskultura gehiago espero nituen eta performance eta ekintza asko aurkitu gero…

I: Bai, niri ere harrigarria egin zitzaidan, eta are harrigarriagoa, performance horiek guztiek jendartean eragiteko zein ondo pentsaturik zeuden. Nik uste, orain bat-batean pentsaturik, performance-ek bi ezaugarri dituztela oso interesgarri: batetik, mugimenduan dagoen ekintza da, eta bestetik, jendartean bertan txertatu daiteke, eragiteko gaitasuna handituz. Eta horixe zen ikusitako performance gehienetan topatzen zena. Jendartean, zuzen-zuzenean, eragiteko eta sartzeko asmoa. Eguneroko bizitzan eragitekoa.

A: Kalean egiten direnez, zuzen zuzenean eragiten diote bertatik pasatzen den jendeari eta ikusgarriak izaten direnez efektu nabarmena izaten dute. Horrelakoak egin izan ditu mugimendu feministaren jende gazteak urteetan, pena da inon gutxi jasota ez egotea… Uste dut gaur egun Donostiako Medeak taldekoak ari direla honetan nahiko modu eraginkorrean…

I: Bai, bide horretatik doaz, eta benetan emankorra izan daitekeen bidea dela iruditzen zait. artea ulertzeko beste modu bat, sorkuntza ulertzeko beste modu bat.

A: AEBetan “consciousness raising” taldeak zeuden eta haietan saiatzen ziren emakume izateraren inguruko hausnarketa egiten, ikuspuntu desberdinak kontrastatuz eta taldearen baitan nor bere burua ezagutuz. Nik uste dut hortik abiatuta edo egin zutela The Cave.

I: Bai, Carolee Schneemann-ek lehenago argazkigintzan aritua zen, eta argazkien bidez halako performance moduko saioak ere egin zituen, argazki seriearen bidez mugimendua adieraziz, baina, areago joan zela esango nuke 1975. urteko argazki saio horretatik abiatuta performancea egin zuenean, 1995. urtean. Interior Scroll-The Cave izenburukoa. Performance hori izan da, nik uste, eraginkorrena niretzat; harrituen utzi nauena. Gogoan al duzu performancearen aurrean ginela esan duzuna?

A: Zuen aurpegiak ikustea zela bideoa ikustea baino interesgarriagoa agian? Batena nazka aurpegia zen eta bestearen minarena.

I: Bai, bai, horixe!!! oso adierazkorra izan da zure esaldi hori.

A: Bai, kontuan izan behar dugu zer ikusten zen bertan.

I: Orduan ohartu gara, ikusten ari ginenak nolako eragina zuen gugan.

A: Emakume talde bat koba batean biluzik, euren gorputzak lokatzez igurtziak eta baginatik paper roilo bat apurka apurka ateratzen, bertan idatzitakoa irakurtzen, baginatik gora kamaratxo bat, kobaren barrunbeak tartekatuz.

I: Ezin adierazkorragoa!!! Irudi ederra benetan!!! Sinbolismoz beteriko irudiak ziren, aluaren interpretazio sortzailea eginez, idazketaren eta irakurketaren barrunbeetaz irudi berriak sortuz.

A: Hori bai intimismoa literaturan… Very very rosa egiaz eme-literatura, ezta? Azkenean, hasieran aipatutako jantzi sozialak kentzen baditugu zer geratuko da azpian??? Gure gorputza: alua…

I: Bai, jejeje!!!

A: Beno, katxondeoaz aparte, benetan “mamitsua” ekintza hau eta, esan bezala, interesgarriena zuen erreakzioa. Nazka eta mina. Zenbat eragiten duen jaso dugun heziketak!!! Irakatsi digute gorputza (eta batez ere sexu organoak) gauza zikina eta ezkutuan gordetzekoa dela, hilekoa eta odolaren ondorio negatiboak zerrendatzen baditugu eta haiei buruz esan direnak liburu mardul bat osa genezake, hilekoaren mina, erditzearen mina, mintza (himena) apurtzean dagoen mina…

 

I: Ekintza honek zer sentitua eta zer pentsatua eman digu, eta horretan nintzela, hurrengo atalera pasatzea gogorra egin zait. Errepresentazio mamitsu eta sortzaile horretatik, kolpe batek bortxaren errealitatera eraman gaitu.

A: Ekintza eta performanceek duten eragina izugarria izan daiteke. adibidez Ana Mendieta artistak egin zuen hurrengo ataleko koadroan laburbildu zuen ekintza: Bere unibertsitatean ikaskide bat bortxatu eta hil zuten, berak horren aurrean erantzunen bat eman nahirik bere irakasle eta ikaskide batzuk gonbidatu zituen bere etxera, party batera, hara heltzean, etxearen txoko guztietan odola zegoen eta dena hankaz gora, etxean sartu eta Mendieta bera topatu zuten odolez bustita eta erdi biluzik lurrean etzanda, geldi, bortxatu izan balute bezala… Hori bai izango zela inpaktantea…

I: I-ka-ra-ga-rri-a.

A: Ba bai, hainbestetan entzun dugu “emakume bat bortxatu dute eta gero hil egin dute” jada ez digula ezerk eragiten. Irakeko edo Afganistaneko hildakoekin moduan pasatzen zaigu honekin ere…

I: Egia esan, bere performancearen argazkiak ikusi baino ez dago, inpakto horretaz ohartzeko.

A: Honatx!

 

I: Bai, arrazoi duzu, horregatik ikaragarri harritu naiz Mendietaren performance eta irudi hauek ikusterakoan (baita erakusketako beste batzuk ere), ohikoegi bilakatu zaizkigun ekintza batzuk errepresentatu baitituzte, baina ikuslearengan eragiteko gaitasun hori lortuz aldi berean. Hain zaila dirudiena gaur egun, egunero-egunero entzuten eta ikusten ditugun horiek lokartzen gaituztela dirudi eta.

A: Mundu mailako izurria da bortxaketena eta ez da erraza jendearen begiak zabaltzea eta lehen aipatu bezala, mentalitatea aldatzea. Botere harremanei buruz ere hitz egiten ari baikara honetan ere…

I: Bai, uda honetako jaiei begiratu baino ez dago, hortaz ohartzeko.

A: Iruña, Baiona, Bilbo… Eta komunikabideetan agertu ez diren guztiak… Azken atalera egingo dut salto orain. Katalogoan hurrengoa dakar atal honetako Last supper lanari buruz:

“Reconocer la genealogía, insertarse en ella es desafiar uno de los códigos culturales básicos, la tendencia patriarcal a percibir cada obra, cada reivindicación de las mujeres como si salieran de la nada, de la pura excepcionalidad. así nos las han enseñado como obras deshilachadas y dispersas, huerfanas de una tradición propia”.

I: Pasarte horretan biltzen dira Historia berridatzi izeneko 5. atal horretako ideia garrantzitsuenak, alegia, tradizio berri bat eraikitzeko beharra, genealogia berriak proposatzekoa, eta koadro horrek, Last Supper (Azken afaria), bide horretatik jotzen du. AEBetako emakume-artistak biltzen ditu azken afarira, tradizioa berridazteko beharra ikusarazteko, memoria pertsonala historia bihurtzeko, ezta?

 

A: Auzi hau nahiko “berde” ikusten dut nik euskal literaturan… Borondate gutxi eta beldur handia…

I: Tradizioa berrirakurtzeko beldurra, bai. Euskal literaturan genealogia eta tradizio berriak sortzeko bide hori berde samar dago, bai, gainera, kontuan hartuta idazle berriagoek ere tradizio ofizialarekiko desinteresa agertzen omen dutela -hala entzun dut azken aldian-, nola sortu tradizio berriak? Tradizioa bera ez omen dago krisian? Edo horrela sinestarazi nahi digute tradizio berriak ez sortzeko?

A: Alde batetik tradizio berrien aztarnak bilatu beharko genituzke atzera begira eta gero, mundua ikusteko modu berriak proposatu, bilatu, probatu…

I: Bai, horixe da bidea. Baina, gaur egun sinestarazi digute iraganari begiratzea ez dela modako, atzerakoia dela, eta badirudi, horixe aitzakia baino ez dela, iragana berrirakurtzeko bide berriak sortzeko. Ez al zaizu iruditzen? Azken batean, orain guzti-guztiek dute euren iragana berridazteko beharra.

A: Jakina. Baina eskerrak “arraro” batzuk elkartu garela! Aizan! Konturatu zara museoaren kafetegi honetan bazkariak zerbitzen hasi direla??? Bazkaltzera joan beharko gara orduan…

I: Bai, hau gosea!!! Beno ba, hurrengoan gehiago. On egin eta laster arte!!!

A: On egin!!! Momentuz kiss kiss eta ikusiko dugu noiz bang bang. Agur!

Kiss kiss Bang bang: Bilboko Arte Ederretako musean Arte feminista!!!

KISS KISS BANG BANG. Arte eta feminismoaren 45 urte erakusketak 1965 eta 2007. urteen artean egindako arte feministako hirurogeita bederatzi obra enblematiko erakusten dituela diosku Bilboko arte eder museoan hartutako diptikoak. Geuk, hiru aldiz ikusi ondoren, maistra lanak direla, feministak direla baina batez ere, benetan enblematikoak direla azpimarratu nahi dugu.

Judy Chicago, Yoko Ono, Valerie Export, Shirin Neshat, Cindy Sherman, Orlan, guerrilla girls… aintzaindariak eta izugarri ausartak izan ziren lanak egungo lan original eta probokatzaileekin elkartzen dira patxadaz eta, gutxienez, birritan ikusi, entzun, pentsatu… behar den erakusketa bikaina honetan. Ikusteko aukera dugu Irailak 9 arte. Asteazkenetan, dohain.

Informazio gehiagorako: museobilbao.net edo masterkas, pripublikarrak eta zubiakeraikitzen blogetan
“KISS KISS BANG BANG. ARTE ETA FEMINISMOAREN 45 URTE”. 2007ko ekainaren 11tik irailaren 9a
Kiss Kiss Bang Bang. Artea eta Feminismoaren 45 urte erakusketan zenbait herrialdetako 42 artista eta talde feministaren 69 lan egongo dira ikusgai. Izan ere, guzti-guztiak arte feministan hasi ziren eta/edo joera hori lantzen jarraitu dute.

Post hau irakurtzen jarraitu