VII. urteurrenaren kronika. Emakumea eta literatura (Jakin 1987)
2014/02/16 Utzi iruzkina
Beti da interesgarria paperean edo pantallan ezagutu duzun jendea haragiztatuta ezagutzea, aurrez aurre izatea, are gehiago, zuretzat erreferentzia izan direnean gairen batean. Eta hori izan zen Sareinen VII. urteurrenak izan zuen alde erakargarrienetako bat niretzako. Beste bat jorratutako gaiarekin du zerikusia. Gure taldea eta bere bloga, Sareinak, orain dela zazpi urte jarri zen martxan literaturari ikuspegi feministatik begiratzeko asmoz, eta begirada hau euskaraz egiteko.
Eta hor ditugu mahai-inguru batean bilduta, 1987an bezala, “Emakumea eta literatura” gaiaren inguruan hitz egiteko elkartu zirenetako batzuk: Gema Lasarte, Aurelia Arkotxa, Tere Irastortza, Laura Mintegi eta Nerea Azurmendi. 27 urte pasatu dira eta berriro eseri dira elkarren ondoan gai berari gaurko ikuspegitik eta egoera desberdinetik begiratzeko gonbiteari erantzunez. Bakoitzak bere bidea egin du urte hauetan eta esperientzia desberdinak izan dituzte. Gauza batzuk berdin dirautela diote, eta beste batzuk aldatu direla. Zein irudi izango dute atzera begiratzerakoan eta 1987an esandakoak gogoratzean? Nola ikusiko dute kontua haien kokagune bakoitzetik? Zein izango da haien pentsamendua eta haien bizipena eta zeintzuk denborak ekarritako aldaketak?
Horrela abiatu zen Arrasaten urtarrilaren 31n Emakume txokoan gure VII. urteurrena aitzakiatzat hartuta antolatu genuen mahai-ingurua. Jende ugari hurbildu zen, aulkirik gabe geratu ginen eta hedabideek ere haien lekua hartu zuten. Gema Lasartek mahai-inguruaren partaide bakoitza azken aldiz non eta noiz ikusi zituen esanez eman zion hasiera ekitaldiari, baten bat ordutik ikusi ez zuela ere esan zuen. Elkarrekin berriro egoteko abagune bihurtu zen saioa. Topagune. Jarraian Bakoitzak hitza hartu eta bere ikuspegia eman zuen, norberak gaia nola bizi izan duen eta ze desberdintasun ikusten dituen gaur egungo panoraman. Barre egin genuen, giroa lagunartekoa zen, bakoitzak pentsatzen zuena eta sentitzen zuena bota zuen, eta elkarrekin harilkatu ziren esandakoak, gaiaren argazki bat osatuz:
Lehen pentsa baino emakume idazle gehiago zegoen, baina orduan literaturaren eremua gizonena zen, eta emakume idazleek presio soziala sentitzen zuten, ez zegokien tokian zeuden eta kontuz ibili behar ziren idazten zutenarekin. Mahai-inguruan garai hartako euskal literaturaren sistema emakume idazleentzat zena irudikatzeko basamortua eta oihana aipatu zituzten. Kritika gogorrak egin zizkieten Arantxa Urretabizkaiari, Itxaro Bordari eta Laura Mintegiri egoera horretan zeudela gogorarazteko, arrotzak zirela azpimarratzeko, ez zirela onghi etorriak argitzeko. Horren ondorioz emakume idazleak markatutako bidea uzteko eta haiek nahi zutena sortzeko borrokan ibili ziren. Begirada eta kokapen desberdin baten bila, haien moduaren bila, oztopoak gaindituz.
Bazterretik ongarria botatzen aritu ziren, egungo belaunaldi berrikoek aukera gehiago eta zama gutxiago izan zezaten. Gaurko emakume idazle gazteei aurrekoek jasandako pisua arindu zaie eta bide berriak urratzen dabiltza. Gaur egun lau belaunaldi ari dira idazten euskal literaturan, eta badirudi gazteek ez dutela haien aita-amak hiltzeko asmorik, pragmatikoki jokatzen ari dira, aurrekoen lana onartuz eta haiena eginez, fresko, interesgarri. Mahai-inguruaren amaieran ikuspegi feministatik euskal literaturaren sistemako azken basamortu bat zegoela aipatu zen, argitaletxeena. Badirudi eremu horretan oso emakume gutxi dagoela eta askotan betaurreko moreak falta direla oraindik.
Bertara hurbildu zen jendeak adi eta gogotsu entzun zituen bertan esandakoak, eta oso gutxi hartu zuen parte amaieran gustura egon ginelako entzuten eta pixka bat berandutu zelako azkenean. Beraz, hemen duzue aukera gaiari buruz hitz egiten jarraitzeko. Bidali zuen iritzi eta sentipenak, parte hartu atera genuen radiografia osatzen. Zer diozue?