Marijane Minaberri idazlea hil da

Sortzaile eta hezitzaile bankarra 90 urterekin hil da. Euskal Herri osoan ezaguna egin zen, haren olerkiak Oskorriren “Marijane kanta zan!” diskoan atera zirenean.

Minaberrik literatur jarduera oparoa utzi du, batik bat haurrei begirakoa. Antzezlanak, ipuinak, komikiak, eta batez ere, olerkiak idatzi zituen. Hain justu, bankarra ezaguna egin zen Oskorrik haren 23 olerki musikatu eta “Marijane kanta zan” diskoa argitaratu zuenean.

Idazle lanaz gain hainbat jardueratan aritu zen. Bere lehen lana jaioterrian izan zuen, herriko etxeko idazkaria izan zen. 1954an Baionan irakasle lanak egin zituen. 1957an “Basque Eclair” egunkarian kazetari eta idazkari lanak egin zituen, eta ondoren, “Sud Ouest”en jarduera beretan aritu zen. Prentsaz gain, hainbat irratitan ere jardun zuen.

1926ko irailaren 7an jaio zen Bankan. Ikasketak jaioterrian, Donapaleun eta Angelun egin zituen. Batxiler agiria ateratzekotan zela ama gaixotu eta hala bukatu ziren ikasketa formalak Minaberrirentzat.

Pilotaria ere bazen. Hiru ahizpa zituen eta Bankan etxe ondoko pilota plazan aritzen ziren jokoan, neskek pilotan egiten ez zuten garaian.

Omenaldia udaberrian

Feminismoa eta literatura lotzen dituen Sareinak taldea eta Aldude, Urepele eta Bankako Adur euskara elkartea Marijane Minaberriri hil honetan omenaldia egitekoak ziren. Antolatzaileek adierazi dutenez, azkenean data atzeratu eta maiatza-ekainerako utzia zuten. Pena agertu dute: “Nahiz eta jakin bera ez zela etorriko omenaldira, senideek haren obra ezagutu dugunon aitortza helaraziko zioten. Pena da, sarri gertatzen den bezala, omenaldia joana dela egingo diogu”.

 

Iturria: Argia.eus

 

Irati Jimenez, Leire Bilbao eta Alaine Agirreren azalak

Duela bi aste testu pasarte batzuk argitaratu genituen sareinen 9. urteurrenean parte hartuko duten egileen lanen lagintxoa eman nahian, eta gaurkoan euren lan aukeratuen azalak dakartzagu. Zer ikusten duzue? Antzekotasunik, desberdintasunik, errepikatzen den osagairik, bereizgarririk? Sartu jarraian duzuen pdf-ean…

sareinak 9 azalak

Sareinen 9. urteurrena!

Aurreko astean aurtengo urteurrenean parte hartuko duten hiru idazleen obrako testu pasarte aukeratuak ekarri genituen hona haien izenik ezta izenbururik gabe, eta gaur esango dizuegu hurrenez hurren Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori liburuaren hasiera, Leire Bilbaoren Ezkatak liburuko “Gorputzaren hondarrak” poema, eta Alaine Agirreren X hil da liburuaren hasiera zirela.

Gonbidatzen zaituztegu otsailaren 5ean, ostiralarekin, 19:30etan hiru idazle hauen mahai-inguruan parte hartzera Gernikako Astran. Bertan kolore urdin, beltz eta gorriz tintatutako hitzei begira jarriko gara eta solasaldi literario ederraz gozatuko. Animatu eta parte hartu!

estikintsairenakA4.xcf

Karnabaletarako planik?

Otsailaren 5ean Gernikan elkartuko gara Sareinon 9. urteurrena ospatzeko, eta oraingoan ere hiru idazle elkartuko ditugu mahai baten bueltan haien obrei buruz hitz egiteko “Fikzioak gorpuzten” izenburupean. Nortzuk diren? Ea asmatzen duzuen! Jarraian dituzue euren lan batzuetako testu pasarte batzuk. Hurrengo astean informazio gehiago…

Hiru hegaldi, hogeitik gora ordu laino guztien gainetik. Loiuko aireportuaren hegopera iritsi eta eskuko telefonoa pizterakoan, hantxe lehenengo deia. Elias. Ahots sendo trumoitsua eta galdera, zer, umea, bagaude etxean? Irribarreari ezin eutsiz erantzun diot, bai jauna. Hogeita hamarretik gora urte ditut baina entzun umea eta etxean nago, dudarik gabe. Eliasek barre, nekatuta ala? Eta nik egia, jakina, agureari gezurrik esaten ez dudalako ikasi, ezta ikasiko ere. Errementata nator, txo. Txikitako bizkaiera galduari eusten, badakidalako hirugarrenez barrea eragingo diodala eta barre horrek Radio Euskadi entzuten duen taxistak baino konpainia hobea egingo didala. Erretako begirada dauka taxistak, asper errea, ia-ia haserrea.

Erortzen doa
azala jausten denean bezala
hondartzak betetzen diren moduan
aleka,
jausitako zatiak direlako hondartzak
itzalen antzekoak
hareazko gorputzen isla.

Gorputzak,
eroritako aleak batzen dituzten hondartzak,
harez hare batu direnak azalez azal.
Horrela batzen baitira eroritako gorputzak
bata bestearekin erortzean,
elkarren hondarretan nahasten direnean.

Eta bien bitartean
erortzen doa
azala jausten den moduan
gorputzaren hondarrak batzen dituen
bere itzala.

Ez dut sekula jakiten nondik noiz nola hasi kontatzen kontatu behar dudan zer hori. Hasi eta gero bai, hasi eta jarraitu eta gero bai, kontakizuna nora doan jakin gabe, segitu egiten dut; idazten, esan nahi dut; musikarekin mozkortzen, ardoa entzuten, zigarroaren kea sartzen zait belarrietatik zerebrora, eta batzuetan lainoa da kea, baina besteetan ideien tankera du. Eta kezko ideiak izan litezke bukatzea ezinezkoa den esaldi perfektuegi bat, parabola matematiko baten pareko; izan liteke Brahms-en biolontxeloarentzako sonata bateko beherengo notaren marruskadura grabea gogorarazten duen berba bat; edo akaso izan liteke sentsazio bat, saihetsen posizioaren araberakoa esaterako, edo segun zenbat bustitzen dizkidan arnasak barruko paretak

VII. urteurrenaren kronika. Emakumea eta literatura (Jakin 1987)

 

Beti da interesgarria paperean edo pantallan ezagutu duzun jendea haragiztatuta ezagutzea, aurrez aurre izatea, are gehiago, zuretzat erreferentzia izan direnean gairen batean. Eta hori izan zen Sareinen VII. urteurrenak izan zuen alde erakargarrienetako bat niretzako. Beste bat jorratutako gaiarekin du zerikusia. Gure taldea eta bere bloga, Sareinak, orain dela zazpi urte jarri zen martxan literaturari ikuspegi feministatik begiratzeko asmoz, eta begirada hau euskaraz egiteko.

2014-01-31 19.57.16

Eta hor ditugu mahai-inguru batean bilduta, 1987an bezala, “Emakumea eta literatura” gaiaren inguruan hitz egiteko elkartu zirenetako batzuk: Gema Lasarte, Aurelia Arkotxa, Tere Irastortza, Laura Mintegi eta Nerea Azurmendi. 27 urte pasatu dira eta berriro eseri dira elkarren ondoan gai berari gaurko ikuspegitik eta egoera desberdinetik begiratzeko gonbiteari erantzunez. Bakoitzak bere bidea egin du urte hauetan eta esperientzia desberdinak izan dituzte. Gauza batzuk berdin dirautela diote, eta beste batzuk aldatu direla. Zein irudi izango dute atzera begiratzerakoan eta 1987an esandakoak gogoratzean? Nola ikusiko dute kontua haien kokagune bakoitzetik? Zein izango da haien pentsamendua eta haien bizipena eta zeintzuk denborak ekarritako aldaketak?

Sareinak VII urteurrena - 02de35

Horrela abiatu zen Arrasaten urtarrilaren 31n Emakume txokoan gure VII. urteurrena aitzakiatzat hartuta antolatu genuen mahai-ingurua. Jende ugari hurbildu zen, aulkirik gabe geratu ginen eta hedabideek ere haien lekua hartu zuten. Gema Lasartek mahai-inguruaren partaide bakoitza azken aldiz non eta noiz ikusi zituen esanez eman zion hasiera ekitaldiari, baten bat ordutik ikusi ez zuela ere esan zuen. Elkarrekin berriro egoteko abagune bihurtu zen saioa. Topagune. Jarraian Bakoitzak hitza hartu eta bere ikuspegia eman zuen, norberak gaia nola bizi izan duen eta ze desberdintasun ikusten dituen gaur egungo panoraman. Barre egin genuen, giroa lagunartekoa zen, bakoitzak pentsatzen zuena eta sentitzen zuena bota zuen, eta elkarrekin harilkatu ziren esandakoak, gaiaren argazki bat osatuz:

Sareinak VII urteurrena - 06de35

Lehen pentsa baino emakume idazle gehiago zegoen, baina orduan literaturaren eremua gizonena zen, eta emakume idazleek presio soziala sentitzen zuten, ez zegokien tokian zeuden eta kontuz ibili behar ziren idazten zutenarekin. Mahai-inguruan garai hartako euskal literaturaren sistema emakume idazleentzat zena irudikatzeko basamortua eta oihana aipatu zituzten. Kritika gogorrak egin zizkieten Arantxa Urretabizkaiari, Itxaro Bordari eta Laura Mintegiri egoera horretan zeudela gogorarazteko, arrotzak zirela azpimarratzeko, ez zirela onghi etorriak argitzeko. Horren ondorioz emakume idazleak markatutako bidea uzteko eta haiek nahi zutena sortzeko borrokan ibili ziren. Begirada eta kokapen desberdin baten bila, haien moduaren bila, oztopoak gaindituz.

2014-02-01 00.37.26

Bazterretik ongarria botatzen aritu ziren, egungo belaunaldi berrikoek aukera gehiago eta zama gutxiago izan zezaten. Gaurko emakume idazle gazteei aurrekoek jasandako pisua arindu zaie eta bide berriak urratzen dabiltza. Gaur egun lau belaunaldi ari dira idazten euskal literaturan, eta badirudi gazteek ez dutela haien aita-amak hiltzeko asmorik, pragmatikoki jokatzen ari dira, aurrekoen lana onartuz eta haiena eginez, fresko, interesgarri. Mahai-inguruaren amaieran ikuspegi feministatik euskal literaturaren sistemako azken basamortu bat zegoela aipatu zen, argitaletxeena. Badirudi eremu horretan oso emakume gutxi dagoela eta askotan betaurreko moreak falta direla oraindik.

Bertara hurbildu zen jendeak adi eta gogotsu entzun zituen bertan esandakoak, eta oso gutxi hartu zuen parte amaieran gustura egon ginelako entzuten eta pixka bat berandutu zelako azkenean. Beraz, hemen duzue aukera gaiari buruz hitz egiten jarraitzeko. Bidali zuen iritzi eta sentipenak, parte hartu atera genuen radiografia osatzen. Zer diozue?

“Emakumea eta literatura (1987-2014). JAKIN 45 gaurko begietatik” mahai-ingurua

SAREINAK egitasmoaren urteurrenen harira, urtero-urtero ekimenen bat antolatu izan dugu, lagunekin eta literaturazaleekin elkartzeko. Aurten, 7. urteurrenaren harira, honako mahai-inguru hau antolatu dugu:

“Emakumea eta literatura (1987-2014). JAKIN 45 gaurko begietatik”

Sareinak2014_kartela_web

1987. urtean JAKIN aldizkariak “Emakumea eta literatura” monografia argitaratu zuen. Ale hori aurrekaria izan zen euskal literaturan, hainbat ikuspegitatik Genero Ikasketetara hurbildu baitziren egileak. Horregatik, ale horretan artikuluak eta iritziak argitaratu zituzten zenbait idazle eta ikerlari biltzea interesgarri iruditu zaigu: batetik, JAKIN 45 alearen esperientziaz eta ekarpenez jarduteko (eta baita monografiko horren aitzakian antolatu zituzten ekimenak gogora ekartzeko ere); eta bestetik, gaur egungo egoeraren inguruko iritzia ere jasotzeko. Zer aldatu da azken hogeitamar bat urte hauetan?

1987ko hitzaldi-sorta

Hantxe elkartuko garelakoan…
Laster arte!

SAREINAK

Eten

Eten