Bizenta Mogelen hitzaurreak

Amaia Alvarez eta Josune Muñoz

Liburu bat daukagunean eskuartean begiratzen dugun lehenengo gauza azala eta kontra-azala dira. Horrek emango dizkigu lanari eta egileari buruzko ideia orokorra eta gainetikako itxura. Gero, interesa piztu badigu, testua irakurriko dugu eta horri buruzkoak izango dira iritzi, kritika eta gomendioak. Hitzaurreari emango diegu protagonismoa oraingo honetan, zehazki, Bizenta Mogelen Ipui onak laneko hitzaurreei. Hor testuinguruari buruzkoak eta garaiaren eta egilearen pentsaerei buruzkoak topatuko ditugu eta. Animatzen? Aurrekoan komentatu genuen emakumeen liburuetan aurkitzen ditugun hitzaurreak garrantzi handikoak direla, baina sarritan ez dakigula hauek irakurtzen, gogoratzen? Ba, hobeto irakurtzeko klabe batzuk azpimarratu eta aipatuko dizkizuet oraingoan.

Hitzaurreetan ez du ahots narratiboak berba egiten, EGILEAK BERAK baizik. Hitzaurre gehienak 1. pertsonan idatzi dira, egileak esan beharrekoak esateko, aldarrikatzeko eta frogatzeko une aproposa bilakatuz. Emakumeok erabili ohi ditugu hitzaurreak horretarako: esateko geneukana esan ahal izateko. Baina jakin behar dugu hitzaurre horiek irakurtzen ditugunean emakumeok ezin izan dugula beti gauzak zuzenean esan, edo ez gara ausartu, edo bagenekien gai labaina, kontuz ibiltzekoa zela eta orduan itxura aldatu behar edo nahi izan dugu jasangarriagoa egiteko ahalegin batean…

Irakur dezagun Bizentaren hitzaurrea: “*Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai dute bela txikiak (…) ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea.*”

Bizentak berak hitz egiten du eta bere hitza ZUZENA da. Bizentak ondo ezagutzen du gizartean -euskal gizartean ere, antza- hedatuta dagoen emakume “liburuginen” kontrako aurreritzia. Ez gutxik goruetan edo josten nahiago dutela emakume idazlea. Bizentak, ostera, badaki lan hau egiteko kapaza dela eta ironia handiz diosku “Orretarako bear litzateke jakitea euskera, gaztelania eta latinezko hiru izkuntzak. zein gauza sinisgaitza neskatxa batengan!” Geroago kontatzen digu “jolasez bezala” ikasi zituela alegiak eta gordetzen dituzten irakasgai onak, konturatu zenean erabaki zuela “liburutxo” batean ematea. Zati honetan Bizenta apal, emakume handizalea ez den itxuraz agertzen zaigu.

Bukatzeko emakume letratu, jakintsuen defentsa egiten du: “jakiteak ez du eragozten birtute handi batera igotzeko (…) Santa batzuk emanak ziren liburuetara. Bazekien latin ez eze, geiago ere: ez egiaz, egatzeko arrotasunez, ta jakin nai utsez, ta bai bideak artzeko jaungoikoagana.” Amaiera, berriro, apala: “*Gauza onik badago esan dezatela iñorena dela, ez Nerea. Okerrik badakuste egotzi nere gainera*”.

Neuk hitzaurre honetatik Bizenta argia, jakintsua eta ausarta zela ondorioztatzen dut.

Entzun Biktor Muniberi eginiko eskeintzan esaten duena: “…zure arreba, ta bere alaba bikiekin; jolasez bezela (…) zigor gabe erakasten dizutela irakurtzen ta izkibritzen. Zein ikusteko ederra azitegi, ta ikasleku eginda Munibeko etxea, ta zure arrebatxo Maria Pilar, ta Maria Karmengo (…) esku-bearretan” Euskal Herrian ba omen zeuden emakume letraduen aldeko ilustrado batzuk. Hitzaurretan aurkituko ditugun beste datu batzuren adibidea, kulturalak, alegia.

Garaiko giro kulturala hobeto ezagutzeko edo neurtzeko oso baliogarriak dira hitzaurreak. “Ipui onak” liburua, mende bat geroago, 1912an berrargitaratu zen Txomin Agirreren hitzaurrearekin. Agirrek emakumeak “etxeko arazoetan jardun behar duan ala beste arlo astunagoetarako almenik ote daukan” esanez, garai horretako eta askotako eztabaidan parte hartu nahi izan zuen. Hasieran kontrakoa iruditu arren, Agirrek jarrera atzerakoi eta sexista azaltzen du. Entzun: “*Emakumeak zuzendu, garaian zuzendu. Zeñek? Geuk, prakadunok: gurasoak, senarrak, anai nagusiak, dana dalakoak (…) Elizak laguntzen digu lanbide orretan, Elizak egin du andrazkoa gizonaren mendeko, Jesusen legea daukagu gure alde (…) geuk nai degun guztia izango da agintzen badakigu*”. Garaiko estereotipo sexistenarekin bat dator: “Nerekiko, etxea da emakumearen bizileku eta lantegi aukerakoena, (…) gauza guztiak txukuntzen, antolatzen, guraso-senar-anaiak alaitzen…”. Etxadietako erregiña, XIX. mendeko topikoa.

Bizentaren lana komentatzen hastean: “esango al ditugu emen kondairetan dakusgun emakume batzuen izenak? Zertarako? (Bizenta) aitatzea naikua deritzot”. Gure ustetan Agirrek ez du asmatzen Bizentaren hitzaurrea komentatzen. Berak, apaiza izanda, ondo jakin beharko luke hiru hizkuntza ezberdinak, are gutxiago latin moduko bat, ez direla “erdi jolasean, buruari neke gogorrik eman gabe” ikasten. Adierazpen hori Bizentaren estrategia bat baino ez dela, ez dela estu sinestu behar.

Liburuaren edukia ez du komentatzen, bere euskara baizik, berriro ere, garaikoa. Ipuinak “*euskera garbian biurtuak dira baina (…) ezagun zaio egilleari, mingaina edo lumea euskeraz zerabillen bitartean, burua erderazko gogamenetan zebilkiola(…) Ala ere, Andre Bizentak idaztu zuan garaian, etzan iñor berak bezela idaztukozuan emakumerik, bakarra zan*”. Bizenta beraren bitartez badakigu ez zela egia, Munibe familiako emakumeak, adibidez, hauek ere letradunak zirela. Agirrek nahita edo nahi gabe egiten duena mendeetan zehar egin du kultura patriarkalak: neuk ez baditut ezagutzen ez daude. Ez dago emakume idazleen genealogiarik (Hortik Bizentak Santa jakintsuen zerrenda agertzea) emakume idazle guztiak bakarrak, ezohiko, bitxiak dira. Honela mozten dira idazlea izateko bideak, asmoak, gogoak: ez pentsa zeu idazle izan zaitezkeenik, horiek salbuespenak dira eta.

Agirrek emakume saiatuak nahi ditu “izkuntza apintzen, asi, euskalerriko alabak; ekin lanean, saiatu euskeraren alde, lagundu guri” bukatzen du bere hitzaurrea. Hau da, gizarte patriarkalak emakumeengadik espero dituen lana betetzen. Aurrerakoia eman dezake agian; bere garaikoa da, dudarik ez. Guk ez dugu espero egungo jarrera modernoa pasa den mendeko apaiz batengandik, guk jarrera modernoak, egungoak, egungo idazle eta kritikoengandik espero ditugu. Eta ia ez dugu horrelakorik topatzen.

                                                                                                                                             Josune

Re: Bizenta Mogelen hitzaurreak

Iratxe Retolaza — 2007/12/02 20:20

Bizenta Mogelen hitzaurreak zuzenean irakurri eta interpretazio berriak egiteko premia nabarmen eta argi agertu duzu, Josune. Bizentak bazekien jendartearen aurrean bere jardun literarioa defendatu beharrean zela, eta bazekien jardun literario hori legitimatzeko modu eraginkorrenetariko bat erreferentziak atzematean zetzala, alegia, genealogiak sortzean.
Bestalde, benetan interesgarria iruditu zait Bizenta Mogelen hitzaurreari buruzko zure irakurketa eta Txomin Agirreren irakurketa alderatzea. Interesgarria, eta garaiko egoeren adierazgarri. Gainera, Rosalia de Castrorekin gertaturikoa ekarri dit gogora. Rosaliaren hitzaurreek ere izan dituzte irakurketa anitz. Batzuek Rosaliak bere hitzetan pausaturiko apaltasuna modu anitzetan irakurri izan da: batzuen ustez, hitz apal horiek bere proiektu literarioaren ahultasuna agerrarazten zuten; beste batzuen ustez, hitz apal horiek proiektuaren sendotasuna, zertan zen bazekielako, bere jardun literarioa zein testuinguru politiko-kulturalean kokatzen zen bazekielako. Batzuek apaltasun zena apalkeria bihurtuz. Eta horrela joan da historia idazten.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: