Karnabaletarako planik?
2016/01/15 Utzi iruzkina
Otsailaren 5ean Gernikan elkartuko gara Sareinon 9. urteurrena ospatzeko, eta oraingoan ere hiru idazle elkartuko ditugu mahai baten bueltan haien obrei buruz hitz egiteko “Fikzioak gorpuzten” izenburupean. Nortzuk diren? Ea asmatzen duzuen! Jarraian dituzue euren lan batzuetako testu pasarte batzuk. Hurrengo astean informazio gehiago…
Hiru hegaldi, hogeitik gora ordu laino guztien gainetik. Loiuko aireportuaren hegopera iritsi eta eskuko telefonoa pizterakoan, hantxe lehenengo deia. Elias. Ahots sendo trumoitsua eta galdera, zer, umea, bagaude etxean? Irribarreari ezin eutsiz erantzun diot, bai jauna. Hogeita hamarretik gora urte ditut baina entzun umea eta etxean nago, dudarik gabe. Eliasek barre, nekatuta ala? Eta nik egia, jakina, agureari gezurrik esaten ez dudalako ikasi, ezta ikasiko ere. Errementata nator, txo. Txikitako bizkaiera galduari eusten, badakidalako hirugarrenez barrea eragingo diodala eta barre horrek Radio Euskadi entzuten duen taxistak baino konpainia hobea egingo didala. Erretako begirada dauka taxistak, asper errea, ia-ia haserrea.
Erortzen doa
azala jausten denean bezala
hondartzak betetzen diren moduan
aleka,
jausitako zatiak direlako hondartzak
itzalen antzekoak
hareazko gorputzen isla.
Gorputzak,
eroritako aleak batzen dituzten hondartzak,
harez hare batu direnak azalez azal.
Horrela batzen baitira eroritako gorputzak
bata bestearekin erortzean,
elkarren hondarretan nahasten direnean.
Eta bien bitartean
erortzen doa
azala jausten den moduan
gorputzaren hondarrak batzen dituen
bere itzala.
Ez dut sekula jakiten nondik noiz nola hasi kontatzen kontatu behar dudan zer hori. Hasi eta gero bai, hasi eta jarraitu eta gero bai, kontakizuna nora doan jakin gabe, segitu egiten dut; idazten, esan nahi dut; musikarekin mozkortzen, ardoa entzuten, zigarroaren kea sartzen zait belarrietatik zerebrora, eta batzuetan lainoa da kea, baina besteetan ideien tankera du. Eta kezko ideiak izan litezke bukatzea ezinezkoa den esaldi perfektuegi bat, parabola matematiko baten pareko; izan liteke Brahms-en biolontxeloarentzako sonata bateko beherengo notaren marruskadura grabea gogorarazten duen berba bat; edo akaso izan liteke sentsazio bat, saihetsen posizioaren araberakoa esaterako, edo segun zenbat bustitzen dizkidan arnasak barruko paretak