Eako Poesia egunak 2007
2007/07/30 Utzi iruzkina
Ean laugarren urtez literaturari buruz hitz egiteko elkartzeko proposamena luzatu ziguten aurreko asteburuan.
Baudelaireren Les Fleurs du mal liburuaren urteurrena zela eta psikotropikoen gainean berbetan hasi zitzaigun Edorta Jimenez. Asteburua beraz, horditzeko gonbitearekin hasi zen: Embriagáos! De vino, de poesía o de virtud. Pero embriagáos! Baudelaireren hitzetan. Lehen txanpa hau ixteko Laia Nogares poeta katalanak Ester Xargay artistaren bideo-sorkuntza bi ipini zizkigun. L’Autremont eta plagioarekin hasi eta Likantropia eta ilargi betearekin amaitu (gero, gauean moilan egin zen irakurtaldian goizean egon ez zirenek bideoak ikusteko aukera izan zuten). Hasiera iradokitzailea, ezin ukatu.
Eguerdiko poteotxoa eta Bedaronako bazkari ederraren ostean Emakumearen irudia literaturan izeneko mahai-inguruaren txanda. Iratxe Retolazak moderatuta Katixa Agirre, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao egon ziren. Pauso txikiz ibiltzen hasi zena, arrapaladan jarraitu zuen entzuleen partehartzea heldu zenean. Belaunaldien artean desberdintasunak egon dira lanen harreran, idazleen irudian, idazteko moduan. Baina sakonean ez dira gauzak asko aldatu. Gai honi buruz hitz egiten hasten garen bakoitzean, jatorri, arrazoi, ezaugarri eta irtenbideei buruz hitz egin beharrean, gai honi buruz hitz egitearen zergatiak eskatzen dira, oztopoak ipintzen dira eta ez da eztabaidagai hau onartzen, hasi aurretik ere ez zaio aukerarik ematen. Emakume batzuen arazotzat hartzen da (arazoa izaekotan), ez literaturaren edo denon intereseko kontutzat. Berdintasunaren espejismoarekin egiten dugu topo. Beste arlo batzuetan genero ikuspuntua duela urte batzuk sartu den arren eta honen ondorioz, askoren buruan nahiko asimilatuta egon, (lan esparruan adibidez), kulturan eta literaturan oraindik harresi sendoak aurkitzen dira tinko euskararen unibertsoan, “horrelako arazoak sozialak dira eta ez literarioak” moduko harriz altxatutakoak. Zer da literatura eta kultura baino sozialagoa? Hona hemen agertu ziren gai batzuk eta interpretazio batzuk:
a) Irakurketa maskulinotik abiatzen gara denok liburu bat daukagunean eskuartean, hori baita ikasi dugun modua, beraz, nola identifikatuko gara pertsonaia femeninoekin hauek gutxiesten irakatsi badigute? Nola baloratuko ditugu idazketa femeninoa erabiltzen duten lanak “literatura rosa eta pasteloidea (sic)” ezin zaigunean gustatu? Nola onartuko dute emakume diren idazleek emakume izaera hori onartuz gero hori besterik ikusiko ez bada?
b) Liburu bat irakurtzen dugunean euskararen kalitateari, hiriaren irudikapenari, Euskal Herriari buruz ematen duen irudiari, euskal gatazkaren tratamenduari edota idazleak egindako dokumentazio lanari erreparatu ahal diogu eta faktore extraliterario hauei balorea eman, baina genero ikuspegia kontuan hartzekotan literaturaz ahazten ari garela diote.
c) Gaur egun arte inoiz ez dira egon hiru belaunaldi aldi berean idazten euskal literaturan. Gabriel Arestik Bernardo Atxagari eman zion aholkuaren harira hurrengoa esan nahi dugu: Ezagutu behar dugu tradizio literarioa, orain arte idatzitakoa irakurri behar dugu, horiek direlako gure ondarea, haiek lekukotasuna eman behar dugulako, haien jarraipena baikarelako, haiei aurre egin behar diegulako. Konformismotik transgresiora pasatzeko garaia da Erramun Landak dioen moduan.
d) Nola esan dezakegu ez zaigula euskal literatura gustatzen ez badugu (apenas) ezagutzen? Noiz helduko dira eredu eta proposamen berriak? Noiz hasiko gara gure kontamolde propioa gure barruan bilatzen eta ez markatutako bidea itsuki jarraitzen ustezko azaleko berrikuntza pare batez?
Mahai-ingurua amaitu eta gero Arestiren oroitarriaren ondoan Itxaro Bordak Milia Lastur on the road poema irakurri zigun jazz doinuez lagunduta. Afaria eta moilako poesia irakurraldia etorri ziren ondoren: Mundu zabaleko eta denbora luzeko emakumeen poemak jazz talde baten laguntzaz: Piris anaiak eta Iñaki Jaio. Gero, goizalde ordu txikiak arte mahai-inguru mamitsuaren bigarren txanpa egon zen beste elkarrizketa batzuekin harilkatuta.
Igandean Ana Urkizaren gidaritzapean Yolanda Arrietak, Itxaro Bordak eta Laura Mintegik euren unibertsoetako ateak zabaldu zizkiguten: Itxaro horditasuna eta bazterra aldarrikatuz, Yolanda barruko laberintoetan murgilduz eta Laura idazlearen inguruko egoerak aztertuz. Natxituan bazkaldu eta gero Arratsalde on, Boas tardes eta Bona tarda poesia emanaldiarekin bukatu ziren Eako poesia egunak. Zorionak parte hartzaile guztiei, haien artean itzultzaileei, antolatzaileei eta argazkilariei ere. Oso gustora egon gara denok eta seguru bueltatuko garela.
Sareinak
Re: Eako poesia egunak 07 (II)
iñigo aranbarri — 2007/08/14 16:04
Okerren bat behar du. Bazkarian egon nintzen, baita bazkalosteko tertulian ere. Eztabaidan, planoak nahastu zirela uste dut, eta horrek ekarri zituela gaizkiulertuak, baina nik ez nuen inondik inora entzun “horrelako arazoak sozialak dira eta ez literarioak” bezalako esaldirik. Ez dut uste inork horrelakorik ez esan ez defenditu zuenik, oso zaila baita hori defenditzen, bai Bedaron bai edonon.
Nik, literatura idazlearen alderdi sozialak ahaztuta irakurtzea defenditzen duen eskolari beti iritzi diot eskuindarra.
Re: Eako poesia egunak 07 (II)
Iratxe Retolaza — 2007/08/19 21:55
Ongi etorri gure artera, iñigo. Zurekin bat nator
aipatu dituzunetan:
BATETIK, ados, mahai-inguru hartan gaizkiulertu ugari
egon ziren. zuk esan bezala, planoak nahastu ziren,
isiltasunak behar ez bezala ulertu ziren… halako
inpresioarekin geratu nintzen neu ere, bai
mahai-ingurua amaitzerakoan, bai mahai-inguruaren
ondoren izandako elkarrizketetan ohartu bezala, kontu
gehiegi inplizituki aipatu ziren, eta nork bere erara
ulertu, eta gehienetan oker, bai. Erabat ados.
BESTETIK, guztiz-guztiz bat nator zurekin
literaturaren alderdi sozialak ahaztea eta ukatzen
duen eskolari neuk ere eskuindar. Literatura bera,
halabeharrez, hitzarmen soziala da, gizarte jakin
batean hitzarturiko jarduera delako, gizarte horrek
erabakiko duelako zer den literario, eta zeintzuk
diren “literario”-tasun hori mugatzeko erabili
beharreko irizpideak, eta abar, eta abar. literario
zer den, literatura zer den gizarte jakin bateko,
kultura jakin bateko tentsio anitzek erabakiko dute,
eta hartara, zuri gertatu bezala, niri ere ezinezkoa
zait literatura ulertzea bere alderdi sozialak
baztertuz, ukatuz. Literatura jarduera soziala izanik.
Arrazoi duzu, mahai-inguru hartan gaizkiulertuak asko
eta asko izan ziren, eta jakina, neuk ere gaizki
ulertuko nituen kontu askotxo, zauri zenbaitek ere
neure inpresioak nahastuko zituzten. Horregatik,
ikaragarri eskertzen dut gurean parte hartzera animatu
izana, eta mahai-inguruko zure inpresioa ematea. Gure
hitzen osagarri, geure inpresio pertsonal horiek
kontrastatzeko.
Beharbada, zuk aipatu bezala, esaldi horixe bere
horretan ez zen aipatu. Ez zen esan hitzez hitz
“horrelako arazoak sozialak dira eta ez literarioak”.
Baina, mahai-inguruko hizlari batzuen hitzetan halako
baieztapena egon bazegoela iruditu zitzaidan. Izan
ere, esaten denean “ni irakurlea baino ez naiz”,
badago baieztapen horretan, nolabait, eremu literarioa
identitatearen eremu sozialetik urruntzen duenik.
Edota, mahai-inguruko hizlariek aipatu zuten bezala,
honako hau esatean ere badago literarioa eremu
sozialetik urruntzeko asmorik: “gizartean dago
desberdintasuna emakume eta gizonen artean, gizartean
arazo hori konpontzen denean, bada, literaturan ere ez
da halako alderik egongo”. Halako baieztapenen atzean,
iruditzen zait, badago ideia jakin bat (beharbada
defendatu nahi ez zena, eta guk geuk oker ondorioztatu
genuena), literaturak alderdi sozialetan eragiten ez
duela, literaturak ez duela laguntzen eredu sozialak
iraunarazten, edo bestela, literaturak ez duela
gaitasunik eredu sozialak iraultzeko. Beno, hori zen
azpimarratu nahi genuena, gure ustez, literatura
jarduera soziala den neurrian, eta are gehiago,
gizarte baten imajinario sinbolikoa sortzeko
bideetariko bat den neurrian, literaturak eredu sozial
horiek iraunarazteko edo iraultzeko gaitasuna du.
irakurri al zenuen Garako Tovar-Arbuluren artikulua?
bertan aipatzen den kontu batekin lotuko nuke gure
kronikan hanpatu nahi zena. Alegia, nik neuk ere
Tovar-Arbuluren inpresio berarekin atera nintzen
mahai-inguru hartatik (ez naiz garunaren kontuaz ari,
biologiaz ezertxo gutxi dakit eta), mahai-inguruko
hizlariek sorkuntzaren neutrotasunaren alde egiten
zutela, sortzailearen jardueraren neutrotasunaren
alde, irakurle-jardueraren neutrotasunaren alde. Eta
Tovar-Arbulurekin ados nago (eta zurekin, zeure
adierazpenetatik ondoriozta daitekeenez, ezta?),
sorkuntza ezin objektiboa izan. Giza ezagutza
objektiboa izaterik bai? Aztertu beharreko korpusaren
hautaketa bera subjektiboa den unetik…
Eta aitortu behar dut, nik neuk mahai horretan neutro
izatean gutxien sinesten zuenak (egun horretako
adierazpenen arabera, ez bestela) mahai-inguru
horretan moderatzaile. Argi dago, mahai-ingurua ez
zela egoki antolatu, eta neu ere ohartu nintzela ez
nintzela moderatzaile izateko pertsona egokia. Ziur
asko, horregatik ere, neure burua kontrolatu behar
horrek ere eragin zituen nigan inpresio oker ugari.
Hitzaspertu luze eta nahasi honekin bukatzeko,
mahai-inguru horietan aipatu zen beste kontu bat
ekarri nahi dut hona. Gure kronikatxo txiki horretan
aipatu ez genuena, eta mahai-inguru horretako ekarpen
garrantzitsutzat hartu nuena. Zuk aipaturiko kontu
bat. Iñigo, zuk zeuk esan bezala, generoaren azterketa
egiterakoan gizonaren ereduari ere begiratu behar
zaio, gizonaren ereduak bizi duen krisiari, edo
gizonaren eredu orokor eta estereotipatuak gizonengan
eragiten dituen minetan, zaurietan. interesgarria oso,
gorputzari buruz aipatu zenuena, alegia, emakumeek ez
bezala, gizonezkoek bere gorputzaz hitz egiteko oztopo
handiagoak zituztela, muga gehiago. Halako ekarpenek
argi erakutsi zuten mahai-inguru hartan, generoaren
ikuskerari heltzerakoan ere gizonaren eredu horri
begiratu behar zaiola, genero rolak bere osotasunean
ulertuko badira.
Beraz, mahai-inguru hartako beste ondorio bat:
emakume-idazle zenbaitek ez dute jada (beste
belaunaldi baten aldean) beren generoaz hitz egiteko
gogorik, eta gizon-idazle zenbaitek, ordea, erakutsi
zenuten gogo hori. Ondorio sintomatikoa. Gizon ereduak
bizi duen krisiaren ondorio? Edo tabu zenbait hautsi
izanaren ondorio?