Kiss kiss Bang bang: Bilboko Arte Ederretako musean Arte feminista!!!

KISS KISS BANG BANG. Arte eta feminismoaren 45 urte erakusketak 1965 eta 2007. urteen artean egindako arte feministako hirurogeita bederatzi obra enblematiko erakusten dituela diosku Bilboko arte eder museoan hartutako diptikoak. Geuk, hiru aldiz ikusi ondoren, maistra lanak direla, feministak direla baina batez ere, benetan enblematikoak direla azpimarratu nahi dugu.

Judy Chicago, Yoko Ono, Valerie Export, Shirin Neshat, Cindy Sherman, Orlan, guerrilla girls… aintzaindariak eta izugarri ausartak izan ziren lanak egungo lan original eta probokatzaileekin elkartzen dira patxadaz eta, gutxienez, birritan ikusi, entzun, pentsatu… behar den erakusketa bikaina honetan. Ikusteko aukera dugu Irailak 9 arte. Asteazkenetan, dohain.

Informazio gehiagorako: museobilbao.net edo masterkas, pripublikarrak eta zubiakeraikitzen blogetan
“KISS KISS BANG BANG. ARTE ETA FEMINISMOAREN 45 URTE”. 2007ko ekainaren 11tik irailaren 9a
Kiss Kiss Bang Bang. Artea eta Feminismoaren 45 urte erakusketan zenbait herrialdetako 42 artista eta talde feministaren 69 lan egongo dira ikusgai. Izan ere, guzti-guztiak arte feministan hasi ziren eta/edo joera hori lantzen jarraitu dute.

Aldi berean, erakusketaren izenburua, Kiss Kiss Bang Bang, kultura patriarkaletan emakumeen inguruan sortutako estereotipoen eta etengabe aurre egin dieten emakumeen errealitatearen artean gertatzen diren kontraesanen eta desoreken adierazgarri da. Azken batean, emetasunaren eta emakumeen, hau da, kulturako objektu sexual bihurtutako emakumeen ohiko ideia (Kiss Kiss) beste errealitatearekin (Bang Bang) erkatzea da helburua, lehen mailako hiritarrak izan nahi duten subjektu aktiboak, sustatzaileak eta borrokalari nekaezinak diren emakumeen errealitatearekin, alegia.

Lanak eta artistak euren testuinguru sozial eta politikoetatik aldentzen dituen Artearen Historia ofizialean nagusi den ohiturari aurre egiteko asmoz, erakusketa honetan proposatutako ibilbidean ikus-entzuleek feminismoaren jardun artistikoak eta jardun politiko, sozial eta intelektualak jarri ahal izango dituzte harremanetan. Horiek horrela, lanak, teoriak eta mugimendu sozial eta politikoak museoko eremu berean egongo dira ikusgai, diskurtso didaktikoa eskaintzeko eta jendeari XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera arte feminista eta mugimendu feminista izandakoaren errealitateen berri emateko.

Ondoren, berria.info web orritik ateratako erreportaia:

Artearen historia osatzeko

Arte feministari buruzko erakusketa dokumental eta artistikoa ekoitzi du Arte Ederretako museoak, artista askoren obrekin

Irune Berro, Bilbo

«Arte feminista askotarikoa da», Linda Nochlin New Yorkeko Unibertsitateko arte modernoko irakaslearen arabera; «etiketa horren barruan estilo askotako artistek egin dute lan, adin eta herri ugaritakoek, emakumeek eta gizonek». Haatik, Bilboko Arte Eder museoak inauguratu berri duen Kiss Kiss Bang Bang (Artearen eta feminismoaren 45 urte) erakusketak emakume artisten lanak baino ez ditu jasotzen. «Erakusketa hainbat erabakiren ondorio da», azaldu du Xabier Arakistain Arakis komisarioak; «eta honako hau da lehena: artista feminista aitzindariak omendu nahi ditugu». Herri askotako 42 sortzaileren eta talde feministaren obrak bildu ditu; honako hauenak, esaterako: Ana Mendieta, Barbara Kruger, Itziar Okariz, Fatima Tuggar, Hannah Wilke, Mary Kelly, Nan Goldin, Judy Chicago, Paula Rego, Sue Williams, Yoko Ono, Zoe Leonard… Euskal Herriko Erreakzioa eta AEBetako Guerrilla Girls taldeek parte hartu dute, halaber, Bilboko museoak ekoitzitako erakusketan. 69 obra eta dokumentu bildu dituzte orotara, 1960tik gaur artekoak.
Arakisen irudiko, «arte feminista XX. mendeko beste abangoardia bat da; azkena, hain zuzen». Alabaina, feministatzat sailka daitezkeen artistak munduko punta batekoak eta bestekoak dira, eta salbuespenak salbuespen, haien artean apenas duten harremanik. Gainera, ez dute teknika bakarra jorratzen, asko baizik. Bideoak, instalazioak, argazkiak, eskulturak, margolanak eta bestelako obrak egiten dituzte, Arte Eder museoko erakusketan ikus daitekeenez.
Baina ez dira artearen historiari buruzko liburu marduletan ageri. Artistak dira, artea egiten dute, baina ikusezinak dira aditu askoren begietara. Arakisen bigarren helburua, hortaz, artista horien berri ematea izan da. Eta arte feminista eta mugimendu feminista politiko-soziala harremanetan jartzea, «errealitatea ezagutzeko bide berriak proposatzeko».

Azaldu duenez, «erakusketako obrak feminista gisa sailkatzeak ez du esan nahi artelan ez direnik, inondik inora ez. Arte dira beste edozein mugimendutako obrak bezala. Baina badute besteek ez duten zerbait: artearen historia berridazten dute». Arakisek Nochlinen laguntza izan du Kiss Kiss Bang Bang (Artearen eta feminismoaren 45 urte) erakusketa antolatzeko. New Yorkeko Unibertsitateko arte modernoko irakasleareniritziz, «arte feministak periferiatik zentrora hedatzen den paradigma unibertsala eratu du; arlo guztiak jorratu ditu, eta mundu berriak sortu».

Horregatik jarri diote erakusketari Kiss Kiss Bang Bang izena. «Objektu sexual bihurtutako emakumearen ideia eta errealitatea bestelakoa izan dadin denbora luzez borroka egin duten emakumeen jarduna adierazten dute kiss (musua) eta bang (tiro hotsa) hitzek», azaldu du Arakisek. Erakusketak ere kontzientziak astindu, eta errealitatea aldatzeko tresna izatea du helburu.

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOAK. Bost ataletan antolatu dute. Honako hauek: sexua, generoa eta sexualitatearen kultur eraikuntza, eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokak, gorputza, emakumeen aurkako indarkeria eta historiaren berridazketa.

Simone de Beavoirren esaldi batek ematen dio hasiera erakusketari: «Inor ez da emakume jaiotzen, emakume izatera heltzen gara». Rol femenino eta maskulinoez gogoeta egiten dute sail horretako ederlanek; gizartean nagusi diren estereotipoez. Hezkuntzak balioetan duen garrantziaz ohartarazten dute margolan eta eskulturek. Zoe Leonarden argazkiak, adibidez, emakume eta gizonen ezaugarri fisikoak dituen pertsona erakusten du, biluzik posatzen, Marilyn Monroek ezagun egindako moduan.

«Arlo pertsonala politikoa da», dio Bilboko pinakotekako pareta zurian idatzitako beste esaldi batek. Eta Faith Ringgolden margolan handia ikus daiteke parean. Irudi bi erakusten ditu: AEBetako bandera eta hiru pertsona. Gizon bi eta haien erdian dagoen emakumea. Eskuan, laban bat du gizonetako batek, eta bandera odolez zikinduta dago. Ringgolden obrak emakumeen eskubide zibil eta politikoen inguruan gogoeta egitera darama ikuslea.

Elke Krystufeken margolan handia ikus daiteke erakusketan aurrera. Emakume biren aurpegiak pintatu ditu artista austriarrak, pintzelkada indartsu eta nahasiarekin. Kolore orbanak eta batetik bestera koadroa hartzen duten lerroek mezu ugari ezkutatzen dituzte. Baina obraren izenburua bera da mezurik argiena eta ironikoena: Tamainak ez du garrantzirik, adinak bai da koadroaren izena. Gorputzari buruzko atalean jarri du Arakisek obra hori. Eta ematen du zer pentsatua. Zakila txikia izan daiteke; izan ere, tamainak ez du inporta. Aldiz, emakumea ezin daiteke zahartu, gazte egon behar du beti. Adinak inporta baitu, eta asko gainera egungo gizartean. Alabaina, feminismoak desberdin pentsatzen eta jokatzen du: «Gure gorputza gurea da», argi uzten du paretan idatzitako esaldiak, badaezpada, norbaitek ez badu ere obren esangura konprenitu.

GENERO INDARKERIA. Eulalia Valldoserak zoruan jarritako Mistol poteek eta diapositibarik gabeko proiektoreek Ontziak, kultua amari instalazioa osatzen dute. Pertsona baten silueta sortzen dute, zutunik, artez, sendo, indartsu. Alta, artista katalanak emakumearen bestelako irudia du gogoan, obraren ondoan idatzi duenez: «Neskato nintzenean, emakumeek belauniko garbitzen zuten zorua. Otoitzaren antzeko jarrera zen».

Emakumeari lotutako erakusketa batean genero indarkeriak zoritxarrez lekua izan behar duenez, Ana eta Carmen Navarretek gaiari buruzko dokumentala zuzendu dute. Datu ugari ematen dituzte. Gogoeta mordoa. Eta salaketa argia: Horretaz ez da hitz egiten jarri diote izenburu egin duten lanari.

AEBetako Guerrilla Girls kolektiboaren kartelek atentzioa ematen dute. Publizitate iragarkiak dirudite. Baina ez diete, afixa mota horietako batzuek bezala, genero bazterketa eta indarkeriari babes ideologikoa ematen. Kontrakoa: bildumak osatzeko unean, erakunde artistikoek jarraitzen dituzten politikak kolokan jartzen dituzte. Honela dio AEBetako taldearen karteletako batek: «Arte modernoko museoetan, artisten %5 bakarrik dira emakumeak; haatik, erretratu biluzien %85 femeninoak dira».

Hala, Arakisek emakume artisten lanak erosteko deia egin die Euskal Herriko erakunde artistikoei. Esan duenez, «bildumak orekatzeko, beste herri batzuetako museoak hasi dira emakumeen lanak erosten; Londresko Tate eta Stockholmeko Arte Modernoko museoa, esaterako».

Ainara Sarasketa

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: