Blogosferatik zuzenean… ptqk eta placida
2008/02/19 Utzi iruzkina
Maria / ptqk eta Irene / placida
1. Sarea espazio askea da?
PTQK: Sarea ez da espazio askea, deszentralizatutako espazio bat da. Hau da, ez dauka hierarkia estatikorik eta eraldatzeko gaitasun mugagabea du lotura edo partehartze bakoitzarekin bere egitura aldatzen da. Izaki bizidun bat bezalakoa da, bere (informazio) jarioekin, bere eragile katalizatzaileekin (erabiltzaileak eta euren sareak) eta baita bere eragile kaltegarriekin (adibidez ezagutza eskuragaitz ipintzen duten jabego intelektualaren legeak edo interneten erabilera komertzialegia egiten duten korporazioen agerpena). Batzuetan honek askatasuna dirudi, baina ez da. Indar eta botere harremanak daude eta interes ekonomiko ugari. Meta-baliabide edo meta-euskarri bat dela hartu behar dugu kontuan, hots, baliabideen baliabidea, beraz, askatasun eremua baino gehiago boteregune bat da. Baina edonola ere liluragarria da.
Placida: Sarea, batez ere 90eko hamarkadan, baina orain ere, espazio aske eta alternatiboa izan da (eta da). Horren lekuko dira mugimendu ziberfeminista eta ziberkritikoak, hacker mugimendua, ziberpunka, komunikabide alternatiboak, e. a. Sareak, halere, badu beste aurpegi bat, aurpegi kapitalista eta biolentoa. 90eko hamarkada horretan “puntocom” guneak ikaragarri puztu ziren eta espekulazio handia izan zen; horren ondotik sareak bizi izan duen lehenengo krisialdi sakona iritsi zen. Horrez gain, pornografia konbentzionalak eragin handia izan du sarearen garapenean, adibidez pantailen erresoluzioa hobetzerakoan, irudi pornografiko edo erotikoak hobe ikusi ahal izateko. Azken urteetan, bipuntuzero weba indartu da eta suposatzen da boterea erabiltzaileok dugula, denak garela berdinak. Bipuntuzero herramintak testuak, argazkiak, bideoak eta audioak webean argitaratzeko aukera zabaldu dute, eta egun ia edonork igo ditzake edukiak interneten, komunikabide tradizionalen oinarriak kolokan jarriaz. Baina bipuntuzero tresna hauek badute beste aurpegi ilunago bat ere: ez da egia denok berdinak garela sarean; betikoek gero eta botere handiagoa dute. Konpainia handiak sareak duen garrantziaz jabetu dira eta han daude jada; Google eta Microsoft bezalako enpresa handiek sarea eta softwarea kontrolatu nahi dituzte, eta azkenean gu bipuntuzero webaren proletario bihurtu gara, Googlerentzat erregistroak sortzen. Wikipediako sortzaileak hitzaldi batean esan zuen Donostian: “milioika lagun ditut niretzako musutruk lan egiten”. Batzuetan askatu gaitzakeen herraminta hori bera da esklabu bihurtzen gaituena, eta sarearekin hori gertatzen dela uste dut.
2. Alde teknikoak oztopoak ipintzen ditu? Ikasketa prozesua luzea da?
PTQK: Orain errazagoa da sartzea. Aplikazioak soildu dira edonork sareari etekin handiena atera ahal izateko (blog bat editatu, argazkiak argitaratu edo sare sozialetara konektatzeko). Zailtasun teknikoak ez dira arazo nagusia, denbora falta eta (gure bizitzan, lanean eta pribatutasunean) teknologia berriekin gertatzen ari denari buruzko gogoeta eza ordea bai.
Placida: Blogari dagokionez, den-dena neure kabuz ikasi nuen, eta uste dut hori dela modurik onena. Oso aspergarria izan behar du klasean ikastea: “1. gaia, blogak, 4. RSS-a…”. Aurretik web orriak egiten esperientzia pixka bat nuen, eta hori oinarri ona da, batez ere kodeari beldurra galtzeko eta erreztasuna hartzeko. Esperientzia handiagoa zuten beste blogarien laguntza izan nuen, eta hori asko eskertzen dut, zailtasunak topatzerakoan bateronbati galdetu ahal izatea garrantzitsua da, horrela zeuk ere besteei lagundu ahal izango diezu geroago. Ingelesa jakiteak ere asko laguntzen du, aplikazio berriak, hasieran behintzat, ingelesez datozelako. Tresna hauek guztiak ulertzeko modurik onena erabiltzea da, ez dago dudarik.
3. Alde ideologikoa nola agertzen da? (Cyber)feminismoa zertan da?
PTQK: Gai korapilotsua da. Sarea emakumeek boterea lortzeko bide bat dela pentsatzea gustatzen zaigu, eraldaketa soziala egiten hasteko lekua, eta abar. Baina ezin diogu gure buruari iruzur egin. Offline munduko botere eskema berak errepikatzen dira. Ekonomikoak, sozialak, politikoak eta generoarenak, jakina. Hala ere nahiko baikorra naiz ( edo izan nahi dut), komunikaziorako, sozializaziorako eta ezagutzen trukerako oso tresna erabilgarria delako. Eta hau emakumeentzat oinarrizkoa da. Alfabetizazio desberdintasunak ere kontuan izan behar dira. Mundu guztiak ez dauka ezagutza eta eskuragarritasun maila bera ezta interes bera ere. Niri asko interesatzen zait cyborg pentsamendua baina amari bere bloga editatzen laguntzen diodanean ez diot aipatu ere egiten, saiatzen naiz berak jendea ezagutzeko eta bere interesak garatzeko modu bat bezala ematen. Orain euforia handia dago teknologiekin, baina tamaina hartzen eta garrantzia erlatibizatzen jakin behar da. Ezagutza iturri dira eta gazteenentzat barruan sartzeko modu bat. Baina ciber-fanatiko super-konektatua izateak ez zaitu emakume askeago bihurtuko.
Placida: Bloga idazten hasi nintzenean, ez nuen ziberfeminismoa ezagutzen, ezta feminismoa bera ere. 2005eko urtarrilean izan zen, eta hori argi ikusten da idatzi nuen lehenengo sarreran. Irailean hasi nintzen ikasten EHUko Berdintasun Masterra, eta izugarrizko aldaketa izan zen nire bizitzan eta pentsakeran. Masterra hasi aurreko uda hartan, 2005ean, irakurri nuen Donna Harawayren “Ciencia, cyborgs y mujeres” liburua. Hasieran ez nuen tutik ere ulertu… ;-D Baina gero, masterreko klaseetan, ziberfeminismoa azaldu zigutenean, ziberfeminista nintzela konturatu nintzen, eta ziberfeminismoaren inguruan ikertzen hasi nintzen. Irail hartan ere ireki genuen Masterkas bloga, eta urtebete beranduago masterreko ikerketa lana teknologia berrien inguruan egitea erabaki nuen, ikasitako guztia idatziz batzeko (eta ikasten jarraitzeko, noski). Haraway, Plant edo Zafra bezalako idazleen teoriak erabat erakargarriak iruditzen zaizkit. Harawayk, adibidez, bide berriak proposatzen dizkigu geure burua beste modu baten pentsatzeko, ibilbide feminista errespetatuz. Gaur egungo pentsalaririk interesgarriena iruditzen zait. Ziberfeminismoa posmodernoa da bai, baina korronte ezberdinak daude; batzuk apurtzaileagoak dira aurreko tradizioarekin, beste batzuk tradizio horri eutsi nahi diote. Ziberfeminismoak duen politena niretzat da ez dela zerbait itxia, definitua. Cornelia Sollfranckek esan zuen “egin ezazu zeure ziberfeminismoa”; bera izan zen ziberfeminimoaren aintzindarietako bat, baina ez du nahi “copyright” eskubiderik, edo jendeari erakutsi zer den; horrela irekita uzten du, besteek ere eurena den zerbait bezala bizi dezaten. Gaur egun ziberfeminismoaren hasierako utopia eta lilura atzean geratu direla dirudi; ikusi dugu sareak ez gaituela “askatuko” era naturalean, borrokarik egin gabe. Gainera, sareak desberdintasun berriak sortu ditu barruan eta kanpoan daudenen artean, konexioak motelak eta garestiak dira… Horri guztiari aurre egiteko, benetako ezagutzaren jendartea osatzeko balioko duen teknologia irekia eta jasangarria egiteko, borroka ziberfeminista beharrezkoa dela uste dut.
4. Nola uztartzen dira alde pertsonala eta sare birtuala?
PTQK: Niretzat sarea batez ere kontu pertsonala da. Oso barruko bulkada eta interesetatik abiatu zen, interneten gertatzen ari zenarekin obsesionatuta nengoen eta bertan parte hartu nahi nuen aktiboki, besterik ez. Denboraren joanarekin nire bizitzaren espazioetako bat bihurtu da horrek esan nahi duen guztiarekin. Orain harreman gehien dudan jendea blogaren bidez ezagututakoa da. Eta normala da. Antzekotasunen bidezko lotura modukoak sortzen dira gero fisikoki aurrez aurre egotearekin osatzen direnak. Azkenean ia harreman horiek guztiek sarea gainditu eta telefonoz berba egin edo oporretan joaten zaren lagun izatera ailegatu dira. Askotan komunikazio handiagoa daukat nire “urruneko lagunekin” nire hiri berean bizi direnekin baino, gure harremana sendotzen dituzten interes komunak ditugulako.
Placida: Alde pertsonaletik, izugarrizko esperientzia izan da niretzat blogak idaztearena. Jende asko ezagutu dut, gauza pilo bat ikasi dut… Une gogorrak ere bizi izan ditut. Azken finean online komunikazioa berria da denontzat eta batzutan ez dakigu eztabaida digitalak ondo eramaten. 2005ean izan nuen aldaketa horren ondotik, masterra egiten hasi eta blogaren edukiak ere aldatzen hasi zirenean, ordura arte blogean komentarioak egiten zituzten hainbat lagunek eta sartu ziren berriek ere komentario iraingarriak utzi zizkidaten, eta asko sufritu nuen. Tontakeria dirudi, baina nire esperientziaren arabera, posible da sarearen bidez besteei min egitea. Sarean, aurpegira esaten ausartzen ez garen gauzak esaten ditugu, eta anonimotasunak asko laguntzen dio horri. Orduan bloga ixtea erabaki nuen, gozatzeari utzi niolako. Baina Jose Luis Orihuelak esaten duen moduan, “blogari onak beti bueltatzen dira”… 😉 Eta handik 6 hilabetera, indarrak berriz bildu nituenean, beste blog bat ireki nuen.
5. Zein da zuen ibilbidearen balantzea?
PTQK: Sarean egiten dudan lanari dagokionez, ptqk_blogzine blogaz gain beste blog pertsonal bat daukat eta blogger gonbidatua naiz beste blog pare baten. Sare ekintzaileei nahiko konektatuta nabil, baita kultura digitalei buruzkoei ere (estatu eta Europa mailakoetan batez ere). Denboraldi luzea pasatu nuen Radio Paca net-irrati feministan, kultura digitaleko topaketa bat zuzentzen dut eta Edizio digitaleko ikastaro bat ematen dut unibertsitatean. Baina hain bizkor aldatzen den arlo bat denez nire interesguneak eraldatuz doaz. Une honetan Informazioaren jendartearekin doazen molde ekonomiko berriak interesatzen zaizkit bereziki (infokulturaren langileen prekarizazioa kasu), boterearen banaketa berria (Google bezalako erraldoien agerraldiarekin eta horrelakoek dakartzaten oraindik teorizatu gabeko inperialismo modu berriak), ikusezintasun eta bazterketa iturriak (zer gertatzen da konektatu gabe daudenekin?) eta abar. Nire lanaren balantzea sarean eta sareari buruz nahiko sakona eta positiboa maila pertsonalean. Maila profesionalean, agian, ez naiz baloratzeko pertsonarik egokiena J Ezagutza eremu batean oso barrura sartzen zarenean gertatzen denean bezala aurrera zoazen heinean ondorioztatzen duzun gauza bakarra zera da: asko geratzen dela oraindik ikasteko. Beraz, honetan nabil, etengabeko ikaslea naiz.
Placida: Pozik nago orain arte egindakoarekin, eta blogosfera feminista piskanaka zabaltzen ari delako. Azken hilabeteetan blog ikastaroak dinamizatzen ibili naiz han eta hemen: Plazandreok-ek antolatutako jardunaldietan, Jabetze Eskolan… Aurrera begira, hori da nire erronka: beste emakume batzuei laguntzea sarea erabiltzen eta jada sarean dauden beste taldeekin proiektuak aurrera eramatea. Apirileko Jardunaldi Feministetan ere teknologia berrien inguruko ponentzia aurkezteko asmoa dugu, ez baita inoiz gai hori landu horrelako topaketetan (ulertzekoa da halere, azken jardunaldiak duela 10 urte izan zirela kontuan hartuta).
6. Baduzue gomendiorik?
PTQK: Galdera asko egin behar dizkiogu gure buruei, elkarri lagundu eta ekin. Nahi den eran, denak du bere balioa. Internet ororen gainetik komunikazio eta sozializazio eremua da eta honetan emakumeok (heziketa edo kulturaren ondorioz) abantaila daukagu, oro har, komunikatzaile hobeak garelako: badakigu entzuten, inguruan gertatzen denaz jabetzeko pertzepzio hobea dugu eta aldi berean plano desberdinetan pentsatzeko ahalmena daukagu. Esandakoa egiaztatu dezakegu emakume asko daudelako sarean aktiboki parte hartzen eta oso onak dira. Baina, edozer baino lehen, konfiantza eduki behar da eta beldur izateari utzi.
Placida: Hong Kongeko Glutter blogariaren gomendioak aipatuko ditut: “Bloga zabaldu nahi baduzu, zeure buruari kaso egin eta ez beste inori. Ez irakurri besteen blogak horiek imitatzeko asmoarekin. Horrenbeste arau puskatu nituen ez nekielako existitzen zirenik, eta ederki egin nuen. Blog bat sortzeko behar duzun guztia hori egiteko gogoa da. Eta bloga mantentzeko behar duzuna berriz, esan beharrekoa esateko ausardia da”. Bukatzeko, esan nahi nuke kodeari eta software askeari beldurra galdu behar diogula, erabiltzaile soilak ez izateko. Injeniari, kazetari, programatzaile, saregin eta teknologian gauden beste emakumeen arteko lobi indartsua sortu beharrean gaude, teknologia geureganatu eta demokratizatzeko.
placida — 2008/02/28 15:17
Eskerrik asko, benetan, hartu duzuen lanagatik eta besteen lana ikusarazteagatik. Oso interesgarria iruditu zait elkarrizketaren formatua, bion erantzunak tartekatuaz; arina erritmo aldetik eta mardula edukietan!
pa asko****