Uxue Alberdi: “Burusoiltzea gai unibertsala da, baina depilazioa emakumeen kontua”

Uxue Alberdi

Uxue Alberdirekin izan gara. Uxue idazle bezala dugu ezagunago, baina saltsa askotako perrexila dugu neska. Bertsolaritzan ere badabil, eta hortaz mintzatu gara berarekin. Izan ere, Bertsolari Elkartea kezkatuta dabil generoaren kontuarekin, eta zeregin horretan aurkitu dugu Uxue. Emakumeak bertsolari, plaza-emakumeak, gure intimitatea non geratzen den, emakumeon umorea zein den… eta horrelakoez aritu gara, isiltasun ozenetik atera berri den emakume bertsolarien gaiaren ingurumarian.
1.- Nolatan sortu zen elkartean generoaren inguruan zerbait egiteko beharra edo kezka?

Elkartean baino lehen emakumezko bertsolariengan sortu zen kezka. Orain hamar bat urte edo Maialen Lujanbio, Estitxu eta Ixiar Eizagirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Estitxu Arozena, Iratxe Ibarra… talde polita ari zen bertsotan, eta kezka komun batzuk zituztela jabetu ziren. Haien kezkak, ilusioak, pentsaera… hurrengo belaunaldietara ere transmititu da, eta emakumezko bertsolari gehiago garen heinean, generoaren gaiak gero eta pisu handiagoa hartu du gure artean.

Elkartean ikusten zuten emakumezko batzuk kezka hauekin genbiltzala, ohartzen ziren “krak” batzuk sentitzen genituela, eta haiek ulertu nahian hurbildu dira gizonezko batzuk. Gizonezko gehienek ikusten zuten emakumeek bazutela zerbait, baina ez zuten zerbait hori identifikatzen. Orain, generoa lantzeko taldea sortu da Elkartean, denon kezkak konpartitzeko, generoak nola eragiten digun aztertzeko: kantatzerako orduan, bertso saioak antolatzean bertsolariak hautatzerako orduan, Elkarteko aginte edo lan postuetarako jendea hautatzerako orduan… Zeharlerroa da, beste alor guztiak ukitzen dituena, eta landu egin nahi dugu.

2.- Orain arte emandako urratsak laburtze aldera.

– Emakumeak elkarren artean batzen eta euren kezkez, beldurrez, deserosotasunez, ilusioez… hitz egiten hastea. Lehen izakerari atxikitzen zitzaizkion hainbat gauza: jende aurrean lotsatzea, zenbait toki edo egoeratan deseroso sentitzea… konpartituak zirela ohartzea, genero baldintzapen baten ondorio.

– Hori transmititzen hastea: azpimarratzekoa Maialen Lujanbioren lana (kantakera aldatu du, gaiak jorratzeko beste era bat atera —norgehiagoka albora utzi eta beste bide batzuk jorratzen saiatu da—, bertso narratiboetan egin duen lana -lehen bukaerako arrazoiak zuen pisua, orain bertso osoko narrazioak pisu handiagoa hartu du… Transmisioan ere lan itzela egin du, eta gu guztion eredu izan da. Berak ere urteak behar izan ditu sentitzen zituen “krak” horiek identifikatzeko, baina bere esperientziari jarraituz orin errazago iritsi gaitezke “krak” horiek ulertzera. Zergatik sentitu naiz deseroso? Galderari erantzuteko klabe gehiago dauzkagu orain.

– Sentsibilitate hau zabalduz joatea. Horretan zerikusi handia izan du bertso munduan emakume gehiago aritzeak (bai bertsotan, bai gai-jartzailetzan, bai saioen antolaketan, bai entzuleen artean…). Esan liteke lanbro bat bezala zabalduz doala, eta gero eta gehiago hartzen dela kontuan —nahiz oraindik jorratzeko bide luuuuzea egon— genero ikuspegia: gaiak aldatu dira, plazetan neska gehiago ikusten dira, bertso-eskolak neskaz beteta daude (beste gauza bat da plazarako saltoa: 16 urteren inguruan izugarrizko amildegia dago, kirolean eta beste jardun publiko askotan bezala, neskek utzi egiten dute jendaurrerako pausoa ematerako orduan)…

– Elkartean genero ikuspegia lantzeko taldea sortzea. Horretarako Marije Apodaka eta Ibon Arrizabalaga genero adituekin egun osoko saio bat egin genuen. Helburuak: elkartearen osaketaren diagnosia egitea genero ikuspegitik, genero baldintzapenak nola eragiten digun aztertzea (lehen aipaturiko alor guztietan), ikastea, genero baldintzapen horiek identifikatzea, aurre egiten saiatzea, bide berriak jorratzea, sentsibilitate hau hedatzea… Horrek dakartzan aldaketa psikologiko eta praktiko guztiekin.

3.- Gerora begirako erronka nagusiak, zure ustez behintzat, zein izan daitezke?

Bat, esan dudan bezala, sentsibilitatea hau lanbro bat bezala zabaltzea: ikutu dezala gero eta jende gehiago eta gero eta sakonago. Ikas dezagun ikuspegi horretatik begiratzen errealitateari, eta ohar gaitezen zer puntutaraino gauden generoak baldintzatuta.

Bi, erabaki zehatzak hartzea berdintasunaren alde: lanpostuak betetzerako orduan, saioak antolatzean, telebistan sortzen dugun ereduan… Ondorengoei zer bertsolari eredu “saldu” nahi diegun argi izan behar dugu… Horretarako Hezkuntza Arautuan egiten ari den lana oso garrantzitsua da: klaseak emateko moduak aldatu beharko dira agian, umeentzako ikuskizunetan emakumezko erreferenteak ere sartu, pertsonak generotik askatu gaietan… Borroka kontzientea egin behar da, eta bertsolaritzan oso modu erakargarri eta dibertigarrian egin daitekeelakoan nago.

Hiru: horretarako ezinbestekoa izango da lan pertsonala eta talde-lana uztartzea.

Lau: Hori dena komunikatzen eta transmititzen asmatu behar genuke.

4.- Generoa zehar-lerro gisa sartzeaz mintzatu zintzaizkidan, eskolan bezala? Zehar-lerro hau inplementatzerako orduan, erreparo handienak non topatuko dira?

Lanbro horretan dago gakoa: hainbat lekutan ez da erraza gai honi buruz zuzenki eta argi eta garbi hitz egitea. Baina lanbro hori hedatzeak esan nahi du estilo berriak plazaratuko direla, umore-mota berriak, eskaintza berriak (gune berrietan, toki, estilo gai… diferenteak)… Horrek jende anitzagoa erakar dezake, bai kantatzera, bai antolatzera, bai entzutera… eta sorgin-gurpila sortzen da horrela. Genero ikuspegi honetatik urrunen daudenak modu horretan erakarri beharko dira, gertuago daudenekin gai hau zuzenean tratatu… Poliki eta etengabe eta umorez egin beharreko lana iruditzen zait. Baldintzatzen gaituzten jarrerak dituzten pertsonak edo jarrera sexistak dituztenak politikoki korrektoago bilakatu beharko ditugu aurrena, politikoki korrektoak direnak aktiboago eta kontzienteago bihurtu… Pixkanaka.

5.- Bertsoaren kultura txapelaren kultura da. Are gehiago, zuk zenioen bezala, ez dago emakumearen umorearen koderik publikoan agertzeko. Nola konpondu behar da hau? Ez da izango, ohikoa den lez, gizartean hedatua dagoen kode maskulinora makurtuz?

Horretan dago zailtasuna: badakizu zer ez dugun egin nahi, nola ez dugun kantatu nahi, noiz ez dugun gure burua ezagutzen… baina galdera zaila bestea da: nola kantatu nahi dugu? Zer eskaini nahi dugu? Nola gaude eroso? Hor lan handia dugu egiteko, pertsonala eta taldekoa. Bide berriak jorratu behar dira, inporta zaizkigun gaiak plazaratu, konplejuei eta beldurrei aurre egin, eroso sentitzen garen guneak sortu, emakumeon artean gehiago kantatu… Gure kodea zein den ezagutzeko elkarrekin kantatu behar dugu, esperimentatu, hanka sartu eta ikasi… Bide luzea dago egiteko, baina gogorik ez zaigu falta.

6.- Emakumeok umore diferentea dugu?

Txikitatik erakusten zaizkigun jarrerak, interesak, gustuak, betebeharrak… Diferenteak dira. Unibertso diferentetan bizitzeko hezten gaituzte neskak eta mutilak: gustu, interes, beldur… ezberdinak garatzen ditugu. Badakigu emakumeok eremu intimora mugatuta egon garela, diskretuak izaten erakutsi zaigu, gauzak ondo pentsatzen, ingurua zaintzen, ordenatuak eta arduratsuak izaten… Eremu pribatu horretan gure umore propioa garatu dugu, baina publikoaren aurrera irteten garenean ez daukagu publiko orokorrarekin konpartitzen dugun umore-koderik. Kontua da gizonezkoenak diren gauzak (umorea, kezkak, interesak… edozer) unibertsaltzat dauzkagula, eta emakuemeen kontuak horixe iruditzen zaizkigula, emakumeen kontuak. Burusoiltzea gai unibertsala da, baina depilazioa emakumeen kontua. Zenbat aldiz kantatzen dugu burusoiltzeari buruz? Askotan!!! Eta depilazioari buruz? oso-oso gutxitan.

7.- Erraza al da intimitatearen, babesaren, etxearen erregistroak bizitza osoa barneratzen pasatu ondoren, burua tente, bularra aurrera atera, eta plazan publikoari so kantuan jartzea?

Ez da erraza, batez ere ez da erraza norbere bidea, moldeak, umorea, estiloa… topatzea. Imitazioz ikasten dugu, eta gure ereduen % 99 gizonezkoak dira! Molde berriak, erreferente berriak sortzea garrantzizkoa da.

8.- Zer falta zaio Mailen Lujanbiori Euskal Herriko lehen emakume bertsolari txapelduna izateko?

Ezer ez. Bertso-txapelketak mila faktoreren baitan daude, egun bakarrean erabakitzen da dena… Baina falta? Maialenek sobran dauzka inteligentzia, sentiberatasuna, artea, genialitatea, bertsotarako gaitasuna, umorea, mundu ikuskera berezia… Artista hutsa da.

 

Jasotako erantzunak:

lujanbiotaz galdezka
gema lasarte — 2009/03/26 02:59
Adizu, Uxue:
Esaten duzunean Mailenek gaiak jorratzeko modua aldatu duela, bertso narratiboa egiten duela, bertso osoko narrazioak… Aldaketa hauek gehiago zehazterik izango zenuke. Nere gisako entzule erdipurdiko batek, nola nabarmen dezake Lujanbio bertso osoko narrazioan ari dela?

Bertso narratiboak
Uxue Alberdi — 2009/03/26 11:54
Esan daiteke 2001. urteko Bertsolari Txapelketa Nagusian ikusi genuela aldaketa nabarmenena. Ordura arte, bertsotan amaierako arrazoi potoloari ematen zitzaion garrantzia: afirmazio pisutsuari, sententziari… Bertsolari batzuk idazleen, filosofoen, abeslarien zita ezaguna ikasiz entrenatzen ziren, pentsa. Baina Maialenek buelta eman zion horri. Txapelketa hartan gai hau jarri zioten: “Duela astebete lagun bat hil zitzaizun Himalaian. Gaur jaso duzu berak handik bidalitako gutuna”. Eta hau izan zen Maialenen lehenengo bertsoa:

“Kaixo, Maialen, zer moduz?
oroimena daukat zugan,
presente zauzkadalako
nire mendi abenturan.
Oso gustura gabilza
mendiarekin loturan,
badakizu, beti gisan,
nahi ta ezinaren mugan.
Makaluko gailur horrek
gu jartzen gaitu liluran!
Etzirako egongo gera
gailurrarekin joskuran.
Hartzazu muxu bero bat,
jarri konfiantza gugan.”
Zein bero zen muxua ta
nik zeinen hotz hartu dudan.

Gutun osoa kontatu zuen bertsotan, eta bukaeran gutunari erreferentzia eginez sentimendu bat adierazi. Horrek goitik behera aldatu zuen bakarkako gaiei eusteko modua, eta baita gaiak ere. Lehen, adibidez, gai bati buruzko iritzia eskatzen zen bakarkako gaian. Demagun: “zer iruditzen zaizu inseminazio artifiziala?”. Eta orain gai irekiak daude modan, derrigor istorio bat garatzea eskatzen dutenak. Dialektikak eta arrazoiak balio dute oraindik, baina ez dira balio duten teknika bakarrak. Esaterako, egungo bakarkako gaiak hauek izan daitezke: “Tren geltokian zaude trena noiz iritsiko zain” edo “Ezin zenuen gehiago: erabakia hartu duzu”. Bertsolaria da istorioa asmatu behar duena.

Beno, ez dakit zalantzarik argitu dizudan… Muxu bat!

Poltsa beruarekin buruan danba

berta — 2009/03/26 17:57
Aupa, Uxue, ikusten dut ikusmira intersgarriak dituzuela. Horien artean gaiak jartzeko orduan generoa kontuan izatea. Halere, ez al da zail xamarra izango Lizaso bere espazioa lortu nahi duen emakumeen paperan sartzea edota Silveira abandonatutako emazte baten tripetan sartzea? Gizonezko bertsolari baztuk aipatzearren.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: