Atarikoa
2007/02/12 Utzi iruzkina
Amaia Alvarez eta Josune Muñoz
A: Aupa! Zelan dana?
J: Ondo. Badakizu zer? Esan eustien bigarren hezkuntzan erabiltzen dan euskal literaturaren kronologia eta proposatzen diren ikertzeko testuak eta kurrikuluma begiratzeko eta emakumeen lanak edo testuak sartzeko. Ikusiot ze nolako kurrikuluma dan eta kanonetik eginda dagoenez ez dago emakumerik sartzerik, ze sartzen dira gizonezkoen gaiak eta gero izen guztiak gizonezkoenak dira eta ezin da ez bada emakumeen ezaugarriak kontuan hartzen dauen gai baten barruan eta hori da proposatuko duguna.
A: Gizonezkoen gaiak eta emakumeen gaiak aipatu dozuz. Nola tratatu dituzte kurrikulumean emakumeen gaiak? Nola osatu daiteke kurrikuluma zure ustez?
J: Ba beste kurrikulum bat sortuz. Dagoen kurrikulumean ez dago sartzerik, ze horretan bakarrik sartzen dira kantak eta testuak, baina genero horiek ez dira kontuan hartzen, adibidez: gutunak, egunkariak edo emakumeok betidanik egin dugun lana: mantentze lana, kontatzeko lana, kantatzeko lana, gordetzeko lana, sutondoan betidanik egin den lana. Guzti hori desagertzen da, emoten dau generoak ez dirala kontuan hartzen, era desberdinak daudela.
A: Horrekin lotuta komentatu dozuz kantak eta testuak. Hor dauzkagu ahozko eta idatzizko literaturak, hori beti izan da oso muga zurruna, oso banatuta daude, ezta? Inoiz ez dira elkarrekin ikusten, inoiz ez dira konparatu. Diñot nik aldi berean gertatzen direla gauzak herri guztietan, bai kantuak bai bertsoak eta bai nobelak eta ipuinak ere, adibidez.
J: Jakina, hori da tristeena. Emoten dau garai batean egon zala ahozko literatura eta gero eten egin zan edo desagertu edo bigarren mailara joan eta gero sortu zan idatzizkoa eta hortik aurrera bide desberdinak ibili direla eta ez da egia. Beti egon da bide aberats bat, bide horretatik batzuk oinez ibili dira (ahozkoa) beste batzuk zaldiz (idatzizkoa) baina bidea oso zabala izan da.
A: Beste literatura batzuetan nik entzun dut, batez ere anglofonoetan, emakumeen generoak eta gizonen generoak daudela. Euskal literaturan begiratzen badugu horrelakorik aurkitu al dugu? Adibidez ipuinak kontatzen eta idazten bi generoak egon dira, ezta? Gizonak eta emakumeak egon dira ipuinak idazten eta ipuin kontalariengana hurbiltzen bagara ezagunenak gizonak dira: hor daukagu Koldo Amestoy, Antton Irusta. Eta idatzietan ere gizonak, Joseba Sarrionandia, Iban Zaldua…
J: Ba erraz azaltzen eta ikusten da hori arlo publikoa eta arlo pribatuarekin. Etxe barruan gu arduratu gara familia osoaren zaintzaz eta zaintzaren barruan hezkuntza dago eta honen barruan jendartean sartzeko bideak jorratzearen ardura, kantuak eta ipuinak, alegia. Gehienetan, ama, amoma, aititak ere egon izan dira lan horretan baina etxe barruan emon dan bitartean emakumeen eskuetan egon da trasmititze eta gordetze lan hori. Zer gertatzen da kanporatzen denean? Beitu, adibide bat emangotsut. R.M. Azkueren Euskalerriaren jakintza lan ikaragarria begitzen badozu, ze zorionez berak aipatzen ditu, iturri gehienak emakumeak ziren. Gizonezko pilo bat ere, e! Nahiz eta berak emakumeen izenak ipini azpimarratzen dau hasieran bere ama izan dela bere berriemailerik onena eta aberatsena. Ospea ordea, Azkuerentzat izan da gero, nahiz eta materiala ahozkoa eta herrikoa izan. Azkuek eramaten dau arlo pribatutik arlo publikora.
A: Bai hori ere pasatzen da sukaldariekin, ezta?
J: Hori pasatzen da guztiekin. Beitu Arzaki zenbat urte kosta jakoz onartzea bere familiako kontua zala. Bera baino lehen emakumeak baino ez dirala egon sutondoan, berak hortik ikasi dauela. Barruan eta pribatua izan dan bitartean emakumeen eskuetan egon da. Kontua da arlo pribatutik publikora doian guztia prestigiatu egiten dala, arlo publikoan dagoelako prestigioa.
A: Eta hori ere pasau leike lehen komentatu dogun genero literarioekin? Hau da, genero literario batzuk maskulinoak dira publikoarekin lotuta daudelako eta femeninoak pribatuarekin? Epika, lirika, drama?
J: Eta lehen aipatu ditugun generoak, eskutitzak, egunkariak, oharrak etxe barruan gorde izan dira, prestigiobako generoak dira.
A: Beste kontu bat da garaiena. Desberdintasunik dago idazteko garaiak kontuan hartzerakoan. Adibidez Erromantizismoa. Erromantizismoari buruz hitz egiten dugunean euskal literaturan Bilintx eta Etxahun aipatzen dira. Badago emakume erromantikorik? Edo beste modu batean ikusi beharko genituzke gauzak? Sinbolistak? Baladak?
J: Hor dagoen akatsa ea emakumerik dagoen galdetzean da ulertzen duguna ea emakume idazlerik dagoen dela edo emakumeok sortutako testurik edo idatzitako materiala dan. Azken finean galdetzen duguna ez da emakumeei buruz egin behar den galdera, baizik eta emakume literaturgilerik zegoen ala ez.
A: Adibidez…
J: Continuuma eta discontinuuma daude. Continuuma izango da literaturaren hastapenetatik gaur arte doan bidea eta discontinuuma batzutan egotea eta bestetan ez egotea. Emakumeen lan literario pribatuari dagokionez ahozko literatura gordetzea eta kontatzea… Hor bai egon da continuum bat. Erromantizismo garaian emakumeak egongo ziren lan horretan eta lan horretan daude gaur egunean ere. Erromantizismo garaian ez dakit zer dagoen idatzita baina bilatu daiteke, eta badaiteke emakume idazlerik ez egotea. Bilintx ere ez zen idazlea, bera bertsolaria zan. Emakume bertsolaririk egongo zan? Ba ni seguru nago baietz. Nahiz eta bere lan fisikorik, hau da, idatzirik agian ez egon. Begiratu doguz, ikertu doguz artxibo guztiak? Ba ez. Horretarako ikertu doguz? Ba ez. Ikertu doguz artxibategiak gizonezkoen lanak topatzeko.
A: Carmen Larrañagak bertsolaritzari buruz idatzi dau eta emakumeak bertsolaritzaren munduan duten espazioari buruz eta esaten du bertsolari handiek, ezagunek, gizonak direnek, euren garaikideak izan diren emakume bertsolariak aipatzen dituztela. Emakume bertsolariak aipatzen dituzte eta ez aipatu bakarrik, haiei eskainitako bertso batzuk ere badaudela dio, eta bertso trukaketa ospetsu eta polemikoak ere gizon eta emakume bertsolarien artean eta kuriosoena da zelan historian geratu diren izen batzuk eta beste batzuk ez, eta zelan azkenean geratu direnak gizonezkoak diren eta ez emakumezkoenak.
J: Kanonaren sorkuntza. Kanona sortzeko prozesuan emakume izenak desagertu dira eta hori nahita egin da. Berreskuratu nahi doguz eta berreskuratuko doguz, nahita. Emakumeak kanonean sartzeko lana nahita egiten da, ateratzeko lana nahita egin zan moduan. Baina egun kanonean sartzeko ez dago modurik ze bereziki eginda dago horretarako, sartu ezin izateko. Beste era bateko kanona proposatu beharko genuke emakumeak bertan sartu ahal izateko.
A: Bueltatu gaitezen historiara, kanonari buruz beste egun batean hitz egingo dugu eta. Historian sartu behar ditugu emakumeak garai batean bertatik atera zituztelako. Euskal literaturako historiak irakurtzen dituzunean emakumeak agertu agertzen dira baina oso tantaka moduan eta gainera lehen aipatutako idazlearen figuran sartzen direnak bakarrik. Eta idazlearen figura monolitiko bat dago, ezta? Orduan, nola egin beharko genuke euskal literaturaren historia osatzeko, feminizatzeko edo benetan unibertsal bihurtzeko zure ustez?
J: Literaturaren mamia, hau zertan datzan kontuan hartzen badugu berez etorriko dira emakumeen izenak. Hau da, literatura egitea zer da? Bakarrik testu fisiko batzuk sortzea? Ba hori horrela bada 1804ra arte ez daukagu emakumerik. Danok ezagutu beharko genuke Euskal Herrian daukagun ahozko literatura aberatsak duen garrantzia. Beraz, literatura testu bat sortzea da. Zenbat urterekin hartzen dugu gure lehenengo testu literario idatzia, gure lehenengo liburua? Momentu hori heldu arte literatura mota desberdinak jaso ditugu: haur kantak, jaietako kantak, esaera zaharrak, ipuinak, era ezberdinetako literatura dago. Lehenengo era pasiboan jasotzen duzu. Belaunaldi zaharrak kontatzen eta irakasten dau gure ahozko altxorra.
A: Bai. Gainera haur literaturari buruz hitz egiten denean idazle askok esaten dute benetan irakurzaletu zituzten liburuak gazte literatura bezala izendatzen direnen artean daudela: abenturak eta misterioak kontatzen zituztenak, gaur egun literatura unibertsalaren parte direnak, hain zuzen. Orduan, literaturaren definizioa zabaldu beharko litzateke, berdefinitu? Zuk esan bezala literatura egitea zer den berriro pentsatu?
J: Bai, eta horren barruan zer dan literatura pasiboa eta aktiboa egitea. Literatura jasotzea eta sortzea. Irakurle barik ez dago idazlerik. Horiek dira literaturgile pasiboak. Biak dira beharrezkoak. Baina ez daukate garrantzia bera. Irakurleak ez dira kontuan hartzen. Irakurzaletasuna adibidez, literaturzaletasuna esan beharko genuke. Izan ere Euskal Herrian poesia dala eta egin izan dira poesia emanaldiak, musikatuak, margotuak.
A: Azken literatur teorietan eta kritiketan aipatzen da sistema bat dela literatura, agente desberdinak daude bertan eta denek daukate zeresana. Hori da azken finean. Lehen esan dugu oraingo kanonaren edo historia moduaren arabera ez dagoela emakume idazle monolitikorik XIX. mendera arte, Bizenta Mogel heldu arte. Edo behintzat ez dela momentuz besterik topatu, idatzitakoari dagokionez behintzat, ze baliteke aurkitu ez dugun beste emakumeren bat egotea egun ezaguten ez duguna. Entzun dut Lazarragaren testuan, kopletan izen bat agertzen dela, Estibaliz de Sasiola. Eta ikertzen ari dira ea kopla batzuk bereak ote diren. Hori oraindik ikertzeke dago, baina oso kontu interesgarria da. Hau idatzizkoari dagokionez, baina ahozkoari dagokionez badago Bizenta Mogel baino lehenagoko andrazko literaturgilerik baladetan, ezta?
J : Bai noski, XV-XVI. mendeetan emakumeak agertzen dira izen eta abizenekin baina euskal liburuetan ez daude. Horregatik diotsut ez sartzeko irizpideak nahita hartuta daudela. Ze emakume horiek badituzte printzipioz sartzeko behar diren baldintzak: ezagunak dira, testuak gorde dira, probatu ahal da historikoki esistitu egin direla baina gizonezko batentzat nahikoa eta sobera izango zana esku liburuetan agertzeko, emakume hauentzat ez da nahikoa.
A: Literaturaren eta idazlearen definizio zurrun horiei buruz hitz egiten du Linda Whitek bere tesian eta esaten du euskal literaturaren historiako esku liburuetan eta monografietan emakumeen sarrera modu horretan oztopatzen dala.
J: Gai honetan agertzen dira genero literarioak. Prestigiatutako generoak kantu epikoak dira eta ez negar kanta edo eresiak. Hauek bigarren mailakoak direnez honen bidez dator kanporaketa. Hauek ez dira kurrikulumean agertzen. Badirudi badagoela modu bat sartzeko, irizpide batzuk beteta, baina azkenean ez da egia. Emakumeak kanporatzeko edozein aitzakia da ona, kasu honetan bigarren mailako generoa dela. Bertsolariak ere arlo pribatuan edo prestigiorik gabeko lekuetan geratu dira. Adibidez beti egon izan da maritxu tabernaria, eta berak tabernan bertsoak kantatzen zituen. Emakumeak ere ibili dira horretan, kantatzen, bertsoak botatzen, baina taberna ez da plaza.
A: Beraz esan dugu euskal literaturako lehen idazlea, esku liburuetan agertzen dan lehenengoa behintzat, Bizenta Mogel dala. Baina nola agertzen da? Hori ere garrantzitsua da eta. ‘-ren’ iloba, ‘-ren’ arreba…
J: Bai, eta horretaz gain bere ibilbide kulturala ikertu barik dago. Ze aipatzen ez diren bi kontu garrantzitsu esan ahal dizkizut: eskolak ematen ibili zela Bilbon eta itzulpenak egin zituela Bizkaiko Foru Aldundirako. Datu hauek ikertu barik daude.
A: Bai itzultzaileak adibidez. Bai Linda Whitek bai Manu Lopezek diote euskal literaturan ez direla itzultzaileen lanak kontuan hartzen. Begiratu beharko genuke non kokatzen diren itzultzaileak eta haien lana euskal literaturaren sisteman. Hala ere nik esperantza daukat azken aldi honetan gauzak aldatzen hasi direlako. Bizenta Mogeli buruz bai agertu dela azken ikerketetan bere itzultzaile lana. Euskal itzulpengintzaren historian mugarri bat izan zela. Gero haur eta gazte literaturan ere badauka lekua Bizentaren liburuak. Eta lehen emakumea izan zen testu bat idazten, modu kanoniko batean behintzat. Gero, Europako kultura eta tradizioa ezagutu zuen bere osabaren bidez, eta Grezia klasikoko eta Erromako kultura ekarri nahi izan zuen gurera, herri literaturarekin uztartu nahi izan zuen.
J: Bai, beste batean hitz egingo dugu emakume idazleek islatzen edo irudikatzen duten literatur momentua, arazo literarioak, aurreiritziak,… Bizenta Mogelen Irakurleari atalean badaude komentatzeko gauza mordo bat: hizkuntzari begirakoak, erlijioari buruzkoak, egoera soziala, abertzaletasuna. Euskal filologian adibidez gizonezkoen sarrerak eta hitzaurreak sakon aztertzen dira. Hau garrantzi handiko materiala da, baita emakumeen liburuetan ere. Eta hauek ez dira kontuan hartzen, ez dira ikertzen.
A: Ados, hurrengorako lagako doguz hurrengoak. Kafetxo bat nahi?