Feminismoen historiak: sarrera
2007/04/04 Utzi iruzkina
Iratxe Retolaza
Aspalditxo iragarri bezala, Rosemarie Putnam Tong-en Feminist Thought liburuaren irakurketa zuekin konpartitzeari ekingo diot. Gaurkoan, Tongek aipaturiko sailkapena aurkeztu baino ez dugu egingo, eta beste batean ekingo diogu atalez atal mugimendu feminista horien berri emateari, sakonago eta zehatzago.
Tongek proposaturiko sailkapen hori aurkeztu aurretik, sarrera horretan Tong-ek egiten duen gogoeta garrantzitsua aipatzea erabaki dut, pentsamendu feminista jorratu eta garatzen dugunok oso kontuan hartu beharreko abiapuntua dela iruditzen zaidalako. Tong-ek pentsamendu feminista kategoria ezagun batzuen bitartez izendatzeari arriskutsua deritzo, berezi-bereziki kategoria ezagun gehienak gizonezkoek sorturiko kontzeptuak adierazi ohi dituztelako, eta zentzu hori izan ohi delako nagusitu eta zabalduena.
Tong-en iritziz, gizonezkoek sorturiko kategorien bitartez mugimendu feministaren korronteak zerrendatu eta mugatuz gero, pentsamendu feminista horiek guztiak gizonezkoek sorturiko pentsamenduen bilakaera edo adarrak baino ez direla pentsatzera eraman gaitzake: hau da, feminismo marxista-sozialista izendapena erabiltzeak, pentsamendu hori Karl Marxen eta Friedrich Engelsen idatzien bilakaera baino ez dela pentsatzera eraman gaitzake; edo feminismo existentzialista izendapena erabiltzeak, pentsamendu hori Jean Paul Sartreren existentzialismoaren artikulazio berria baino ez dela pentsatzera eraman gaitzake; eta abar. Kategoria ezagunak erabiltzeak, beraz, pentsamendu patriarkalarekiko menpekotasun erlazioa dagoela pentsatzera eraman gaitzake.
Tongek hori gertatzeko arriskua dagoela onartzen duen arren, izendapen horien inguruko ikuskera propioa izateko pentsamendu feminista jada nahikoa zaharra eta heldua dela uste du. Feminismoaren ekarpenak hobe adieraziko dituzten izendapen horiek noizbait etorriko direla uste du, baina, izendapen berriago eta egokiago horiek etorri artean, izendapen zahar horiek erabilgarriak zaizkigula uste du. Izendapen horiek guztiek feminismoa ideologia monolitikoa ez dela erakusteko baliagarriak zaizkigu, feminista guztiok modu berean pentsatzen ez dugula erakusteko zaizkigu baliagarriak; eta halaber, gainerako pentsamendu moduek bezala, pentsamendu feministak ere bilakaera izan duela erakusten dute izendapen eta korronte horiek guztiek. Pentsamendu feministen korronte eta bilakaeren berri emateko Tongek honako sailkapen hau egiten du:
-Berdintasunaren feminismoa (1): berdintasunaren feminismo tradizionalari erantzunez garatu eta definitu izan dira pentsamendu feminista ugari, eta horregatik erabaki du Tongek lehen-lehenik berdintasunaren feminismoari eskaintzea arreta. Feminismo liberalaren formulazio klasikoak ditugu Mary Wollstonecraft-en Vindication of the Rights of Woman, John Stuart Mill-en “Subjection of Women”, eta XIX. mendeko mugimendu sufragistak. Berdintasunaren feminismoak eremu publikoan jarduteko emakumeok ditugun muga legalak salatzen ditu, eta baztertze-politika horri aurre egiteko aldarrikatu egiten dituzte, besteak beste, hezkuntza-aukera berdintasuna, eta gizonezko eta emakumezkoentzat eskubide zibilak berak izatea.
-Diferentziaren feminismoa (2): diferentziaren feminismoaren ustez sistema patriarkala boterean, dominatzean, hierarkian eta lehian oinarritzen da, eta horregatik, ez deritzote nahikoa legezko berdintasun horri, ez eta eremu publikoaren arautzeari bakarrik begiratuko dion mugimendu feministari. Erakunde sozial eta instituzionalak ere irauli behar direla uste dute (bereziki familia, eliza eta eskola). Horregatik, sexuaren (sexu joerak, sexu-merkatua eta abar) eta ugalketaren (amatasuna, antisorgailuen erabilera, eta abar) gaiak maiz jorratzen ditu diferentziaren feminismoak.
-Feminismo marxista eta sozialista: feminista marxisten ustez emakumeok ez dugu askatasunik izango klaseetan oinarrituriko gizarteak irauten duen artean. Feminista marxista hauen iritziz klaseetan oinarrituriko gizartean emakumea are kateatuagoa bizi da. Jabetza pribatuak emakumearen zapalkuntza ekarri duela uste dute, eta horregatik, emakumearen askatasuna kapitalismoaren sistema iraultzean etorriko dela uste dute, sozialismoa errotzean.
-Feminismo psikoanalitikoa eta generoaren feminismoa: mugimendu bi-biek indibiduoaren egoerari erreparatzen diote, norbanakoari. Bi mugimendu hauen ustez, emakumearen zapalkuntzaren erroak bere barne-munduan daude; baina, lehenak, feminismo psikoanalitikoak, psikoanalisia erabiltzen du emakumearen zapalkuntza psikologiko horren berri emateko, emakumearen dependentzia horren berri emateko, eta horregatik, emakumearen psikea du aztergai; bigarrenak, generoaren feminismoak, emakumearen psikologiaren eta moralitatearen arteko harremanak aztertzen ditu.
-Feminismo existentziala: indibiduoaren barne-egoera horretan sakondu egin zuen Simone de Beauvoir-ek, eta emakumearen zapalkuntza azaltzeko ikuskera existentzialista erabili zuen Le Deuxieme Sexe liburu gogoangarrian. Beauvoir-en ustez, emakumea zapaldurik dago “bestea” bezala definitu izan delako, gizona ez dena. Emakumearen existentzia “bestea” izate horretan oinarritu izan da, eta “bestetasun” hori salatuko du feminismo existentzialak.
-Feminismo postmodernoa: feminismo postmodernoak feminismo existentzialaren “bestetasun” hori onartu egiten du, baina, feminismo existentzialak ez bezala, “bestetasun” hori egoera baikorra dela uste du, emakumearen mundu-ikuskera aniztu eta aberastu egiten duena. Honela, “bestetasun” horretan biltzen ditu bestelako baztertuak ere, eta feminismo postmoderno honen ustez, emakumea ez dago definiturik zerbait homogeneo bezala, baizik eta definizio jakinik ezean, izpiritu askeak dira “bestetasun” horretan nahi dutena izateko.
-Kulturaniztasunaren feminismoa eta feminismo postkoloniala (3): korronte hauek ere “bestetasuna”, zatiketa eta aniztasuna aldarrikatzen ditu emakumea definitzerakoan, baina, feminismo postmodernoan ez bezala zatiketa edo fragmentarizatze horren kausa kulturan eta nazioan dagoela uste dute, eta ez dute uste sexuala edo literarioa denik. Bide bertsutik, feminismo postkolonialak kolonialismoaren pentsamenduak kolonizaturiko emakumeenganako erasoak eta zapalkuntza-bideak salatzen ditu, eta haien ustez, aske izateko bide bakarra zapalkuntza mota horiei aurre egitea da.
-Ekofeminismoa: ekofemenismoaren ustez gizakien artean harremantzeaz gain, naturako gainerako izakiekin ere harremanetan gaude. Horregatik, ekofemenistek behar-beharrezkoa ikusten dute gizakiaren eta naturaren arteko oreka hori gordetzea eta bilatzea, eta hartara, natura eta gizakion arteko oreka horretan ere antzematen dute emakumearen askatasuna.
OHARRAK: (1) Tongen liburuan “liberal feminism” modura izendaturikoa “berdintasunaren feminismoa” izendatu dugu, Euskal Herrian hedatuagoa dagoelakoan; (2)”feminism radical” modura izendaturikoa “diferentziaren feminismoa” izendatu dugu, Euskal Herrian hedatuagoa dagoelakoan; halaber, (3) Tongek “global feminism” izendatu duena, “feminismo postkoloniala” izendatu dugu, ulergarriagoa delakoan, eta zehatzagoa delakoan.