Berdintasunaren feminismoa, lekukotza. Txaro Arteaga

Amaia Alvarez Uria eta Iratxe Retolaza

Feminismoen historiak ataleko azken sarreran, Berdintasunaren feminismoaz hitz egin genuen. Gaurkoan, Euskal Herrian feminismoaren korronte horretan jardun duen emakume baten lekukotza bildu dugu.

Txaro Arteagak bero-bero jaso gintuen Donostiako Garibai kaleko Bideluze tabernan. Bertan elkartu ginen, kafe baten aurrean kontu kontari aritzeko, eta urte luze hauetan bizi izan dituen esperientzien berri izan asmoz. Emakunde sortu zenean Txaro Arteagak hartu zuen erakunde horren zuzendaritza, eta 16 urte luzez jardun zuen zuzendari. Urte asko, lan handia… lerro gutxitan biltzerik ez dagoena. Hala ere, hortxe doaz Txarok kontaturiko zenbait esperientzia eta bizipen, elkar ezagutuz, elkarren berri izanez, ikas dezagun, eztabaida dezagun.

Nola hurbildu zinen mugimendu feministara?
60ko hamarkadan deskubritu nuen feminismoa, 20 bat urterekin. Antifrankismoaren giro horretan, injustiziaren inguruko kezkak sendotu ziren, eta kezka horiek bete-bete harrapatu ninduten. Giro horretara feminismoaren ideiak ere heldu ziren, pixkanaka. Herri Irratian egiten nuen lan nik garai hartan, eta lanbide hura aprobetxatu nuen feminismoaren inguruan heltzen ziren ideia eta korronte berri horiei ahotsa emateko. Saiatu nintzen ahalik eta elkarrizketa gehien egiten. Ekarpen ikaragarria izan zen feminismoa niretzat garai hartan. Begiak zabalarazi zizkidan. Ordura arte nire larruan sentituriko kezka askoren erantzuna topatu nuen feminismoan. Feministatzat hartu nuen neure burua, eta neure kasa lanean hasi nintzen, ikertzen, irakurtzen,… irensten!!! Gogoan dut, garai hartan eztabaida bizi-bizia egon zela mugimendu feministaren barruan; batzuek, feminismoak independientea izan behar zuela zioten, eta beste batzuek, ezetz. Alegia, batzuek alderdi politikoetatik kanpo lan egin behar zela zioten, besteek alderdi politikoetatik bertatik. Eztabaida bizi hartan, bazirudien alde eta kontra beste aukerarik ez zegoela. Mutur batera edo bestera jotzeko behar hori –hain erroturik gure herrian- ez zen jarrerarik egokiena, nire ustez, muturrak gainditzen ere ikasi behar delako, ez dugulako elkarren kontra egon behar, baizik eta mugimenduaren aniztasun horretan alde onak bilatu behar dira, elkarlanerako guneak eta aukerak.

Zein girotan edo testuingurutan sortu zen Emakunde?
Urte haietako feminismoaren bilakaera ulertzeko, oso garrantzitsua da 1975. urtea kontuan hartzea. Urte hori, 1975, Nazio Batuen Erakundeak Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatu zuen, eta horren harira, Mexikon Emakumeari buruzko I. Mundu Biltzarra antolatu zen. Gertaera hori oso garrantzitsua izan zen, mundu mailan emakumearen gaia mahai-gaineratzen zen lehen aldia izan baitzen. Biltzarraren ingurukoek oihartzun handia izan zuten, gaiak interesa zuelako, eta gainera, aldaketa estrategiko nabarmena zekarrelako: hain zuzen ere, ordura arte gai pribatu izandakoa, gai publiko (politikoa, alegia) bihurtu zen. Giro horretan antolatu ziren Euskadiko Emakumeen Lehenengo Topaketak (Leioa, 1977), ilusio handiz, etxetik ere lan egiten hasteko. 70eko hamarkadan pizturiko grina eta mugimenduek jarraipena izan zuten 80ko urteetan ere. Honela, 1985. urtean Nairobin Emakumeari buruzko II. Mundu Biltzarra antolatu zen. Lehen biltzar hartan nork bere Estatuko egoeraren azterketa egitea eskatu zen, eta bigarren biltzar honetan bilduriko datuak mahai-gaineratu ziren. Emaitzak eta datuak bere gordintasunean aurkeztean, mundu mailako egoera kezkagarria mahai-gaineratu zuen bigarren biltzar honek. Egoera kezkagarri hark ohartarazi zuen emakumearen egoera ere gai politikoa zela, eta gobernuen, Estatuen ardura aldarrikatu. Gertaera haien ondorioz, giro haren ondorioz sortu zen Emakunde. Izan ere, EEko Koro Garmendia, Koro Agote eta bestek berdintasunaren alde lan egingo zuen erakundea sortzeko proposamena aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzan, eta onartu egin zen. Irratian lan egiten nuen orduan, eta askotan gai hau jorratu nuenez elkarrizketetan edo mahai-inguruetan, bada, neuri proposatu zidaten erakunde hori martxan jartzeko ardura hartzea. Jakina, gustura hartu nuen.

Zein izan ziren Emakunde sortzerakoan izan zenituzten kezka eta galdera nagusiak? Nola egin diezue aurre erronka horiei?
Hasieran kezka ugari izan genituen. Nola jarri praktikan halako erakunde bat? Nola heldu gaiari? Zein politika mota jarri martxan? Nola astindu gizartean aldaketak eragiteko? Jendearen mentalitatea aldatzea benetan zaila da, eta horren kontzientzia ere bagenuen. Urte hauetan guztietan horretaz ere ohartu naiz, hain zentzuzkoa diren aldarrikapenak, ulertzen hain errazak direnak… baina, ohiturak eta mentalitatea aldatzea oso zaila da. Gainera, interes-gatazka ere bada. Botere-gatazka. Horregatik, hutsetik halako erakunde bat sortzea kezka ugari sortu zizkigun. Baina, pixkanaka-pixkanaka urratsak egiten hasi ginen: lehenik, Euskadiko emakumearen egoeraren azterketa egin genuen; ondoren, estrategiak bilatzen hasi ginen, administrazio barruan berdintasunaren alde lan egingo zuten egituren beharraz konbentzitzeko; ondoren, egitura eta programa horiek garatu eta martxan jartzen hasi ginen. Hau guztia, jakina, pixkanaka eta erritmo ezberdinean eremuaren arabera. Baina, oso argi genuen administrazioan halako egitura eraginkorrak sortzeko konbentzitze-lana egin beharra zegoela. Lehen helburua, beraz, administrazio barrutik berdintasunaren aldeko lana bultzatzea izan zen. Bide horretatik, Emakundek batik bat Ekintza Positiborako planak garatzen eta aurrera eramaten egin du lan (1991. urtean egin zen lehen plana). Legealdi bakoitzerako helburuak eta bideak zehazten dituen planak osatu ditu Emakundek. Plan hauek baldintza jakin batzuk sortu dituzte, berdintasunaren alde lan egiteko oinarriak eta funtsak finkatu dituzte. Plan hauek zabaltzen, gainera, kultura feminista zabalduz joan da, kultura feminista eremu ezberdinetan integratuz joan da. Besteak beste, plan hauen bitartez lege mailako aldaketak ere bideratu dira. Honela, duela 10 bat urteko dekretu baten arabera, administrazioko hizkuntzak ez-sexista behar du. Eta duela pare bat urte Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea ere onartzea lortu zuen Emakundek. Lege horrek behartu egiten du genero ikuskera sartzera eremu ezberdinetan. Berdintasunerako aditu batek egon behar du, legez, eremu bakoitzean, Gobernuko departamendu guzti-guztietan. Ildo horretatik, dekretu eta lege guztiek genero ikuspegitik ere aprobazioa beharko dute. Oraindik Lege hori praktikan jarri behar da, baina bidea zabaldu da.

Bestalde, mundu guztiko esperientziak ezagutzeko ahalegina egin du Emakundek, hasiera-hasieratik. Kontuan hartu behar da, garai hartan, hasi ginenean, guk geuk ere hizkuntza sexista erabiltzen genuela, ez genekielako hizkuntza ez-sexista bazegoenik ere. Ez genuen hitzik gauzak aipatzeko. Mundutik mugitu behar izaten genuen terminoak jasotzeko, eta munduko pentsamendu feministaren berri izateko. Hitzak sortu behar izan genituen, kontzeptuak sortu behar izan genituen, mundu-ikuskera sortu ahal izateko. Munduko herriekin harremanak landu ditugu, eta kanpoko aditurik onenak ekarri ditu mintegiak, hitzaldiak… ematera. Beste herri batzuetan egindako lanaz ikasteko, eta ereduak izateko. Gainera, sarea sortzea beharrezkoa iruditu izan zaigu beti ideiak eta esperientziak partekatzeko, bide ezberdinak frogatzeko. Horregatik, nazioarteko gatazketan emakumea babestu dugu, eta harreman horiek landu ditugu. Oraindik ere harreman horiek sendotzea behar-beharrezkoa da, eta Emakunde ere badago lan hori egiteko, sare hori garatu eta sendotzeko. Honela, artero Europa mailan berdintasunaren alde egiten diren topaketetan parte hartzen du Emakundek. Aipatu behar da, gainera, askotan geure programak ere eredu bilakatu direla.

Zure ustez, nolakoak dira harremanak mugimendu feminista ezberdinen artean? Nolakoa da harremana belaunaldien artean? Nolakoa Emakunde eta mugimendu feminista ezberdinen artean?
Batzuetan iruditzen zait, belaunaldi berrietan eztabaida bertsuak mamitzen direla, belaunaldi berrietan galdera berak, eztabaida berak daudela oraindik ere. Halakoetan kezkatzen naiz, badirudielako ezer ere aurreratu ez dugula. Horregatik, oso-oso garrantzitsua da belaunaldien arteko transmisioa eta komunikazioa, elkarrengandik ikastea eta aberastea. Guk geuk eman behar diogu autoritatea geure buruari, geure jardunari. Horren haritik, gogoan dut Europa Jauregian bildu ginela behin Emakume Elkarteekin, nola antolatu gintezkeen aztertzeko. Baina, orduko hartan ikusi nuen, elkarte hauetako kide askorengan instituzioaren kontrako jarrera zegoela, mesfidati zirela. Nire ustez, emakumeen artean eskuzabalagoak izan behar gara zer edo zer lortu nahi badugu. Lan-eremu eta energia guztiak aprobetxatu behar ditugu. Aniztasuna aberatsa da, eta aurreiritziak zalantzan jartzea ere. Jakina, eremu batean ari direnen funtzioa eta beste eremu batean ari direnen funtzioa ezberdina izango da, baina, ikusi behar da funtzio ezberdin horiek nola uztartu. Azken batean, helburu beraren aldeko tresna ezberdinak baino ez dira.

Bukatzeko, Txaro, nolakoa da, zure iritziz, feminismoak gizartean duen lekua gaur egun ?
Duela urte dezente argumentuak ere ez genituen, eta mugimendu feministak emakume askori haien arazoez hitz egiteko eta eskubideak defendatzeko legitimazioa eman die. Borroka legitimatu da. Aldaketa sozialerako legitimazioa eragin du. Baina, dena den, feminismoa ez dago oraindik gizartean behar beste prestigiaturik. Saiatu gara hori egiten. Feminismoa prestigiatzeko modu eraginkorrena gauzak ondo eta ganoraz egitea da, gure jarduera oso ondo justifikatuz (planak, legeak, eta abar). Arrazoiak ondo bilatu behar dira. Teoria eta praktika uztartzeko beharraz ohartarazi behar dugu. Gizartea konbentzitu behar da gauzak aldatzeko, bestela…

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: