Isturitzetik Tolosan barru
2007/06/29 Utzi iruzkina
Egilea: Josanton Artze
Liburua: Isturitzetik Tolosan barru
Urtea: 1969
Argitaletxea: Josanton Artze
Iruzkingilea: Iratxe Retolaza
Duela bi urte Jose Anton Artzeren Isturitzetik Tolosan barru liburua berriro irakurri nuenean, harri eta zur geratu nintzen. Orduko hartan, beste aurreko irakurketa zenbaitetan oharkabean igarotakoa bat-batean deigarri egin zitzaidan, pozgarri. Lehenengoz 1969. urtean argitaratu zen liburu honetan, emakumearen irudiaren berrirakurketa egiten da. Horregatik, pozez hartu dut Pamiela argitaletxeak aurten liburu gogoangarri hau berrargitaratzeko harturiko erabakia, geure tradizioan –batez ere belaunaldi berrien artean- ahanztuxe geraturiko liburua izan baita.
Esan bezala, poema liburu honetara hurbildu nintzen azken aldi hartan, liburuan bertan emakumearen irudiaren tratamenduak harrapatu ninduen. 60ko hamarkadako poesiaz hitz egiten dugunean, egon badago poeta handi bat gainerako sorkuntza itzalera daramana: Gabriel Aresti, alegia. Horregatik, 60ko urte haietara bueltatzea ondo dator, garai hartan beste poeta batzuen ahotsak zertan zebiltzan ikusteko, gainerako sorkuntzaren berri izateko. Are garrantzitsuagoa da hori, emakumearen irudiaren gaiari erreparatzen diogunean. Izan ere, Isturitzetik Tolosan barru liburuaren zenbait poemetan ikusi bezala, 60ko urte horietan ere emakumearen egoera salatu zelako euskal poesian, nahiz eta gutxitan aipatzen den. Ikus dezagun zertan datzan emakumearen egoeraren salaketa hori Artzeren poema liburu honetan. Liburuaren azalari begiratu baino ez dago emakumearen irudiak liburu honetan leku berezia duela ikusteko.
a) Azalaren aurrealdea: bertan agertzen diren irudiak eta hitzak, tradizioaren berrirakurketa iradokitzen dute, izen eta irudi ezagunak agertzen dira bata bestearen atzean, pila-pila eginda: Bonaparte, Zumalakarregi, Matalas, akerra, baserria, eliza, Bilintx, eta abar. Emakumearen irudiaren berrirakurketari dagokionez, aipatzekoa da Bernard Etxepareren “Emazteen fabore” poemaren pasarte bat ageri dela, gizonezkoen ikuspuntutik kontaturiko haragizko harremanaz hitz egiten duena, baina, haragizko harreman hori goraipatuz (Trentoko Kontzilioaren aurreko maitasunaren ikuspuntua, eta emakumearen irudia ere aldarrikatuz).
b) Azalaren atzealdea: bertan ahozko literaturaren pasarteak ageri dira, XV. mendeko Bereterretxeren kantoriaren pasarte zenbait. Aipatzekoa da, emakumeek ahozko kulturaren transmisio horretan izan duten lekua, eta hartara, ahozko kultura hori goraipatzeak emakumeen transmisio-bide horiek ere baloratzen dira. Bestetik, atzealde honetan emakume irudiak ageri dira, zehatzago emakumeak ia-ia larru gorritan ageri dira, kulero eta bularretakoak dituztela. Baina, erabiltzen den perspektiba da kontuan hartu beharrekoa. Perspektiba behetik gorakoa da, alegia, goian kokatzen da emakumea, eta begiratzean duena behean dago. Gainera, akerraren gainean jarritako emakume biluziaren irudiak ere, emakumeari leku garrantzitsua ematen zaiola aldarrikatzen da, sorginen tradizio hori gogora ekarriz, eta sorginen irudi hori goratuz.
Azalari begiratu baino ez dago, Isturitzetik Tolosan barru poema liburuan paperaz gaindiko euskarrien aldarrikapena egiten dela ikusteko. Poema liburu honetan hitzaren garrantzia aldarrikatzen da, baina hitzaren dimentsio guzti-guztiei erreparatuz (dimentsio akustikoa, dimentsio fisikoa, dimentsio soziala, dimentsio geografikoa). Horregatik, hitzaren dimentsio guzti horiei erreparatzen diolako, eta hitz idatziaren gailentasuna alboratzen duelako, poema-liburu honetan ahozko tradizioari lotzen zaio, eta tradizio hori erabiliz euskaldun fededun diskurtsora lerroturiko identitatea eta tradizio literarioa ukatu egiten du. Baina, elizaren botere hori salatzean, eta euskalduntasunaren ikuspegi hori salatzean, areago darama emakumearen egoeraren salaketa ere. Honela dio:
“harrarentzat hautsi gabeko anka
harrarentzat garbitasuna
harrarentzat egin duzun bertutea
ezataz”
Honela, euskaldun fededun ikuspuntuak emakumeari ematen dion lekua zein den salatzen du, arrarentzat bizi behar hori salatzen du, arrarentzat bertutetsu izan behar hori.
Bestetik, pertsonen lanarekiko morrontza salatzen duenean ere, areago darama emakumearen egoeraren salaketa. Hala dio gizonaren egoeraz, “nork lotu zaitu etorkizun gabeko gurdi horreri?”. Baina, emakumea eta lanari buruz hitz egitean, honela hitz egiten du, egoera muturrera eramanez:
“nere ama hil zait
lanak itota.
Lanaren amoreagatik
Hil zait
Zertarako dan bizitza
Jakitera iritxi gabe.
Izeba ere hil da.
Era berdinean
Hil da izeba”
Honela, emakumeak lanez ito eta hil egiten direla adierazten da, emakume hauek ere lanarekiko duten morrontza ere salatuz, eta ez bakar-bakarrik lantegiko lanarekiko morrontzaz hitz eginez (Arestiren modura).
Gainera, badu poema eder bat Bermeoko sareina bati eskainia, emakumeen langintzei ere espazioa emanez liburuan. Oso-osorik bertaratzea erabaki dugu, jakina, sareak egiten ari garen honetan, langintza horren omenezko opari gisa:
“urrun jartzen dun begia
burua jasotzean
eta zein hurbil
hire eskuetako beharrari jostean.
Txoriño bitxiak deitzen ote diñate
Atzerrietako berriak
Belarri ondora kantatuz.
Berriei irrifar,
Ametsaren bat…?
Hasbeherapenen bat…?
Banan, hik
Lanari
Eskuetan darabilkinenari
Jarraitu dion.
Bizitzaren gauza ezezagunak…
Halaz eta ere
Hireak diranez
Hirean iraun dun.
Bermeoko kaian sare konponketan zegoen neskatxari”
Beraz, oraindik ere gaurkotasun handia duen liburua dugu, irakurketa berrietarako fresko-fresko duguna, eta euskal literaturaren tradizioa berrirakurtzeko kontuan hartu beharrekoa.