Bi munduz haratago: Monique Urzaren idazkera “Oroitzapen urdin iluna”-n
2008/01/25 Utzi iruzkina
Elixabete Ansa
Monique Urza dugu euskal migrazioari buruz idazten duen lehen emakumea.
“Your body, your body that was old and good, it has been the thread. By which we have made our way through the labyrinth of the twenty years that were to come, that have come.”— The Deep Blue Memory
Zure gorputza, zure gorputz zahar eta ona, hari bat izan da. Zeinek lagundu zigun etortzear zeuden hogei urtetan izango genuen, eta izan dugun, nahastea bizitzen [Elixabete Ansaren itzulpena].
Hitz hauek Oroitzapen urdin iluna [Itzulpena: Haritz Monreal; Donostia: Utriusque Vasconiae, 2004] liburuko narratzaileak bere amonari zuzendutakoak dira. Monique Urza dugu liburu honekin euskal migrazioari buruz idazten duen lehen emakumea. Bera baino lehen, Robert Laxalt –Moniquen aita– dugu, Laxalt familiaren lehen emigranteen historioa kontatzen duena “Sweet Promised Land”-en (1957). Robert Laxalt eta Monique Urza ez dira euskal emigrazioari buruz idatzi duten bakarrak. Hor ditugu beste aldi batean aztertu ahalko ditudan Jon Andoni Irazusta –“Joañixio,” 1946; “Bizia garratza da,” 1950, Nemesio Etxaniz –“Lur berri bila,” 1967–, nahiz Monique Urzaren garaikideak diren Frank Bergon –“Shoshone Mike,” 1987; “Wilde Game,” 1995– nahiz Martin Etchart –“The Good Oak,” 2005–, besteak beste. Hauek guztiek Euskal Herritik at izandako bizitza kontatzen dute, bai beraiek nahiz beren familiek atlantikoaren beste itsasertzean izandako esperientziak.
Saiakera honekin, lehenik, euskal diasporak emakumeekiko izan dituen bizpahiru berezitasun aipatu nahiko nituzke, eta segidan, saiakera honi hasiera eman dion epigrafean agertzen diren hiru hitz hauen azterketa sakonagoa azaldu nahiko nuke: “gorputz”, “laguntza” eta “nahastea”. Hiru hitz hauek, izan ere, Urzaren liburua laburbil dezakete. Gai hauek estilo berezi batean azaltzen dizkigu Monique Urzak. Saiakerari bukaera emateko liburuaren formari buruzko zenbait ezaugarri aipatuko ditut.
Gloria Todoricagüena dugu, azken urteotan, William Douglas eta Xavier Medinarekin batera, euskal diaspora sakonki aztertu duen jakitun esanguratsuenetariko bat. Bere Identity, Culture, and Politics in the Basque Diaspora liburuan, zera komentatzen du: “Emakumeak ezkutatuak izan dira migrazioen ikerketetan” (Elixabete Ansaren itzulpena, 142). Hutsune hau oso gutxik bete dute. Nemesio Etxanizek, “Amariketan galduak” ipuinean emakumea du protagonistatzat, baina, horretaz gain, ez dugu beste idazlanik izan euskal emakume emigranteei buruz. Hau kontuan harturik Monique Urzak Oroitzapen urdin iluna-rekin hutsune garrantzitsu bat betetzen hasteko pausoa ematen du.
Todoricagüenak azaltzen digu, nola AEB-etan, nahiz Australian, non euskal emigranteek kulturalki hizkuntza eragozpen handia zuten, emakumeek gizonek baino esperientzia bakartiagoa bizi zuten, autoestimu baxua jasanez eta beren balio soziala eztabaidan jarriz (143). Izan ere, gizonek etxetik kanpora lan egiten zutenez, atzerriko hizkuntza ikastera behartuak ziren eta era berean, gizarte berrian integratzeko aukera gehiago zituzten. Emakumeak, aldiz, etxean gelditzean, beren ingurunearekiko isolamendu bizia jasaten zuten. Bestalde, beren aberriarekiko erlazioa kontuan harturik, bai gizonak nahiz emakumeak bizitza hobeago baten bila ateratzen ziren, beren herrian jasaten zuten zapalkuntza politiko, ekonomiko nahiz sozialetik urruntzeko asmoz. Emakumeek gainera, beraiei bakarrik egokitzen zitzaien zapalkuntzatik urruntzen ziren, eta mundu berrian ekonomikoki nahiz sozialki egoera on batera iristen zirenean, ez zuten Euskal Herrira bueltatzeko gizonek hainbat gogo izaten (145) – tenka hauek esanguratsuak dira oso Etxanizen “Ameriketan galduak” ipuina aztertzerakoan.
Monique Urza ez dugu euskal emigranteen lehen belaunaldikoa, beraz, bere ahotsak ez du belaunaldi hark jasan zuen isiltasun soziala zuzenki betetzeko balio. Hala ere, Oroitzapen urdin iluna liburuak nolabaiteko geneologia bat marrazten du, zeinetan amona-izeba-iloba elkartzen dituen haria nabari den. Liburuan agertzen den leitmotiv-a dugu hurrengo esaldi hau: “Amona, leihoa zegoen iskinean, isil-isilik.” Isiltasun honek gauza bat bakarrik du ikusgai, amonaren gorputza, eta hori da aukeratutako epigrafeak dakarkigun lehen hitza. Emakumeen geneologia bat marrazten da amonaren gorputzetik hasi, Californiako hondartzan aurkitutako izebaren gorputzarekin jarraitu eta narratzailearenganaino. Hitzek errealitate mugatu bat islatzen dute euskal emakume emigranteen historian, Todoricagüenak azaldu digunez. Beraz, hitzak falta direnean irudikapen grafikoagoa duen gorputza dugu historian zehar emakumeen ahostzat har dezakeguna. Aitonaren hitzak narratzailearen aitak idatzitako liburu urdin batean agertzen dira. Aitonak, beraz, badu ahotsa. Amonaren ahotik, aldiz, ez dugu hitz bat bera ere entzuten; hala ere, erraz irudika dezakegu amona familia osoa elkartzen denean, bera baita zirkulu forma duen mahai familiarrean kafea zerbitzatzen duena, eta nahiz eta isilik egon, familiaren elkarrizketa nahiz dinamiken lekuko dena.
Isiltasun antzekoa jasandakoa da bigarren belaunaldiaren parte den Sondra izeba. Haren hitzak entzuten dira, berandu ordea. Laster komentatuko dudan ezbehar bat dela eta, Sondrak bere buruaz beste egiten du. Bere ahotsa gorpua aurkitu ostean entzuten den kasete baten bidez datorkigu: ez dugu ahots idatzirik oraingoan ere, baizik eta ahoz transmititzen den ahotsa kasete baten bidez.
Hirugarren belaunaldian dugu emakumearen ahots idatzia, narratzailearen bidez, eta bere idatzien bitartez aurreko belaunaldiekin erlazio bat marrazten duena – denak dira emakumeak eta emakume bezala subalternotasun (edo presentzia izkutatu) bera jasan dute euskal emakume emigranteen historian. Orain, hirugarren belaunaldiarekin, subalternotasun horretatik aldenduz, badute beren irudikapen bat, narratzailearen eskutik datorkiguna.
Emakumeen hari hau jarraituz, “laguntza” hitza aipatu nahiko nuke. David Ríok zuzen azaltzen duen bezala, narratzaileak berak (eta berarekin aipaturiko emakumeak) bere familia/komunitatearekin dituen tentsioak dira liburuaren beste konstante bat: indibiduo vs. komunitatea, amona/izeba/iloba vs. familia/gizonen ingurua. Laxalt familiak, amets amerikarra modu bikainean egin duen familia da. Esku hutsik Nevadara etorri eta ardi zainketarekin aurrera ateratakoa. Bigarren belaunaldiari dagokionez, AEB-n heziketa osoa izanda, lanpostu onak dauzkate: gizonen artean idazle bat –narratzailearen aita– daukagu, politiko ospetsu bat eta abokatu/literatura kritiko bat; alaba bakarra da, dendaria. Oroitzapen urdin iluna-ren hiru laurdenak aita idazle eta osaba politikoaren oroitzapenek osatzen dute. Bigarrenak ospe handia izan eta Washington-eraino iristen da. Horretarako, kanpaina elektoralean narratzailearen aitak idatzitako liburu urdina erabiltzen da honen, Luke osabaren, ospe ona zabaltzeko. Familiaren bizikera pertsonalak publiko egiten dira interes politiko kontserbadoreengatik. Familia beraz, interes politiko batzuen oinarri bihurtzen da eta bertan, Sondrari gertatzen zaion bezala, indibiduoa ez da guztiz aske bizi; familia interes politikoetatik sorturiko sare publiko baten biktima bihurtzen da. Sondraren ustez laguntzat zuen gizon bati kontatzen dizkio bere anaia Luken gorabehera politikoak. Aitorpen honek Luken karrera politikoa kolokan jartzen du. Bere “okerraz” ohartzerakoan, Sondrak bere buruaz beste egiten du, kaseta batean uzten duelarik bere indibidualitatearen aldeko manifestua.
Ezbehar hau dugu liburuko “nahastea,” narratzailearen ustez amonak argi ikusten zuena baina espresatu ezin zezakeena. Indibiduo eta familiaren tentsio honek alde batetik emakumeen diskriminazioa islatzen du, gizonen ahotsez osatua den komunitate batean emakumeak pairatu behar duen diskriminazioa. Eta bestalde, biek, gizon nahiz emakumeek jasotzen duten herentzia batetik ezin aldentzeak dakarren indibiduoaren marjinalizazioa.
Azken hau, AEB-ko politikarekin loturik egoteaz gain –goian aipatu dudan bezala–, euskaldun izateak suposatzen duen herentziarekin ere zerikusia duela deritzot. Urzaren liburua oroitzapen kate bat da, non liburuko atalek oroitzapen desberdinak azaltzen dizikion irakurleari. Eleberriko atalik luzeenak Euskal Herrira garamatza, Donibane Garazira, narratzailearen aiton-amonen aberrira. Atal honek “Zitadela” du izena. Bertako esperientziak narratzailearen deskribapen luze batekin hasten dira eta segidan, Donibane Garazin narratzaileak ikusten dituen baserri, frontoi, txistu, nahiz festetako janzkera eta dantza tradizionalak aipatzen dira. Leku eta erritu hauek narratzailea euskal kolektiboarekin batzen dute eta badirudi, bere oroitzapen hauekin, nolabaiteko errekuperazio lan bat jartzen duela martxan; Ameriketan hain biziki izan ez ditzakeen esperientzien errekuperazio bat. Hala ere, leku eta erritu hauek deskribatzeaz gain, beste irudi batek izango du garrantzi handiagoa narratzailearen baitan: atalari izena ematen dion zitadelak hain zuzen ere. Honen deskribapenak zera dio:
“[…] there was an oldness that was as dense as the earth, rounded, sheltered. It was an oldness altogether different from that sense of two thousand years that infused the view of the Citadel from the green, sunlit expanse of the esplanade. It was far older than two thousand years, far newer, unrelated to two thousand years or a million years. It attracted us in the way that playground attracts a young child.” (55)
[…] “bazegoen lurra bezain lodi zirudien zahartasun bat bertan, borobildua, babestua zirudiena. Zahartasun hura desberdina zen belarditik ikusten zen zitadelan nabari ziren bi mila urteak baino. Bi mila urte baino askoz zaharragoa zen, askoz berriago, zerikusirik ez zuena bi mila edo bi miloi urterekin. Gu erakartzen ginduen jolaslekuak umeak erakartzen dituen bezala”. (Elixabete Ansaren itzulpena, 55)
Zitadelak narratzailean esnatzen dituen sentsazio hauek Euskal Herria eta AEB-ren arteko komunikazioa irekitzen dute, izan ere, liburuari hasiera ematen dion atalak –Nevadako aiton-amonen etxeko mahai baten ingurua– sentsazio berdintsuak gogorarazten ditu:
Under Grandma’s dining room table it was dark and warm like the earth. The legs of the table were deep brown and thick. They were woven among one another, like the limbs of a jungle, leading everywhere and nowhere, within a circle. We played in them silently timelessly. The top of the table Grandma would have covered with a round tablecloth of white lace. She would set white, gold-rimmed cups and saucers around the circle, the cream and sugar in the center. (3-4)
“Amonaren salako mahai azpia iluna eta goxoa zen, lurra bezala. Mahaiko hankak marroi ilun eta lodiak ziren. Bata bestearekin lotuak zeuden, oihan baten gorputzadarrak bezala, edonora eta inora zeramatzatenak, zirkulu baten barruan. Bertan jolasten genuen guk isil-isilik, denboraren zentzurik gabe. Mahai gaina amonak estalia zuen zirkulu forma zuen maindire zuri batekin. Urre-ertzeko katiluak eta platertxoak jartzen zituen borobil batean, esnea eta azukrea erdian”. (Elixabete Ansaren itzulpena, 3-4)
Atal honek Nevadan, aiton-amonen etxera eramaten gaitu, beraz, esan genezake, bai Euskal Herrian, baita AEB-n ere, narratzaileak sentsazio zirkularra nabari duela.
Komunitate diasporikoak aztertzean, Todoricagüenak irudi bat aipatzen du euskal etxeetan maiz errepikatzen dena: Gernikako zuhaitzaren irudia. Oroitzapen urdin iluna-n aldiz, zuhaitzaren aurkakoa den zirkulu hau da esanguratsua. Zuhaitzak, Deleuze eta Guattari filosofoen esanetan, herentzi bertikal, patriarkal eta hierarkikoa irudikatzen du, non batetik bi berdintsu agertzen diren. Euskal diasporan beraz, zuhaitzaren garrantzi honek zera irudikatuko luke: Euskal Herri “bat”-etik, bi atera beharra (Euskal Herria eta Euskal Diaspora), erlazio binario eta bertikal batean. Erlazio hau, Deleuze eta Guattari-ren esanetan ez da erlazio naturala. Haien ustez:
Nature doesn’t work that way; in nature, roots are taproots with a more multiple, lateral, and circular system of ramification, rather than a dichotomous one. […] The world has lost its pivot: the subject can no longer even dichotomize, but accedes to a higher unity, of ambivalence or overdetermination, in an always suplementary dimension to that of its object. The world has become chaos. (5-6)
“Naturak ez du horrela funtzionatzen; naturan, sustraiak modu multiple eta zirkularrean eratzen dira, erlazio dikotomiko batean eratu ordez. […] Munduak bere ardatza galdu du: subjektua ezin daiteke gehiago dikotomizatu; anbibalente nahiz tinkoagoa den unitate gorenago batera zuzentzen da, dimentsio gehigarri amaigabe batean erlazionatzen den objetuarekiko. Mundua kaosa bihurtu da”. (Elixabete Ansaren itzulpena, 5-6)
Subjektu berrien erlazio zirkular hau izan daiteke Urzaren narratzaileak Euskal Herriarekin eta bere familiarekin izan nahi duena: erlazio autoritario, patriarkal bat izan ordez, bi edo subjektu gehiagoren erlazio rizomatikoa, non batek ez du bestea errepikatzen, elkar gehitzen eta aberasten baizik, bakoitzak duen partikulartasunekin. Erlazio honek ez ditu ezaugarri batzuk besteen kalte goraipatzen. Aldi berean, erlazio honek ez du inolako sexu bereizketarik egiten. Horrela, narratzaileak bere seme-alabak ikusi (euskal inmigranteen laugarren belaunaldia) eta hauek beren famili anahiz euskal herentziarekiko erlazio irekiagoa aldarrikatzen du.
Eta nola, zein errekurtso erabiltzen ditu Urzak gai hauek guztiak espresatzeko? Sareinakeko “Metodologia feministan” azaldu dizuegun teknika dugu: lehen pertsonan espresatzen den narratzaile autodiegetikoa, tonu intimista bat sortuz. Bada gehiagorik ere. Monique Urzaren narratiban ezaugarririk aipagarrienetakoa, erabiltzen duen literatur genero hibridoa litzateke, izan ere, bere narratiba erdibidean aurkitzen da prosa eta poesiaren artean. Horretaz gain, azaldu dugun gai zirkularra dela medio seguraski, bere idazkeran errepikapen zirkular asko nabari dira: aitaren liburu urdinaren aipamenak, amonaren mahaiari erreferentziak, Euskal Herriko belardien aipamenak, eta abar. Lehen pertsonak eskaintzen duen tonu intimista idazkera poetikoarekin lotuz ahozko ohitura bati dei egiten diola dirudi. Erabilitako genero hibridoak ahozko ohitura honekin dialogatzen du. Gai zirkularra inkorporatzeaz gain, badu Urzak idazkera linearrari uko egiteko beste ezaugarri batzuk ere. Orriak ez daude era tradizionalen enumeratuak. Kapitulu bakoitzak bere izenburua du eta euren barruan kopuru desberdineko azpiatalak aurkitzen ditugu enumeraturik.
Oroitzapen urdin iluna liburuak bi mundu darkarzkigu gogora: Euskal Herria eta AEB-tako mendebaldea. Era berean eta mundu hauetatik haratago, emakume baten esperientzia pertsonala dugu hizpide, emakume batek kolektibo batean duen ahotsa eta kolektibo hori eraldatzeko duen zeresana. 2004ean liburuak bere itzulpena izan zuen euskarara, oso erabaki ona nire ustez, izan ere, liburu honek badu zer esanik gaurko Euskal Herrian bizi dugun komunitateari buruz. Eta azkenik, AEB-ra etorri ezin daitezkeenei, Donibane Garazira bixitaldi bat egiteko gonbidapen ezin hobea proposatzen digu liburuak; ea denon artean narratzaileak zitadelan nabari duen esperientzia zirkular hori suma dezakegun.
Aipaturiko liburuak eta pare bat bitxikeria:
Deleuze, Gilles and Félix Guattari. A Thousand Plateaus. Capitalism and Schizophrenia. Trans. By Brian Massumi. Minneapolis: U of Minnesota P, 1987. 3-25.
Laxalt, Monique. Oroitzapen urdin iluna. Itzulpena, Haritz Monreal. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2004.
Río Raigadas, David. “Family Ties in Contemporary Basque American Fiction.” Eusko Sare, Maiatzak 26 (2005): http://www.euskosare.org/komunitateak/ikertzaileak/ehmg_2_mintegia/txostenak/family_ties_contemporary_basque_american_fiction
Todoricaguena, Gloria. Identity, Culture and Politics in the Basque Diaspora. Reno: U of Nevada P, 2004.
Urza, Monique. The Deep Blue Memory. Reno: U of Nevada P, 1995.
Bitxikeria bi!
a) Ikusi Donibane Garaziko zitadelaren argazki eta historia labur bat hemen:http://gaztea.euskonews.com/0421zbk/gaia42106.html
b) Monique Urzari elkarrizketa: Elustondo, Miel. “’Deep Blue Memory’ neure buruagatik eta hurrengo belaunaldiagatik idatzi nuen.” Berria, Otsailak 7 (2004).
euskal diaspora
xme — 2008/01/25 21:33
Aurrekarien artean kontuan hartzekoa, Xabier Montoiaren “Baina bihotzak dio” liburuan, “Halifax” ipuina, Markina aldeko familia bat Australian emigrante, 50-60ko hamarkadetan, eta emakumearen ikuspuntuaren aldetik oso esanguratsua, ez noa arrazoiak azaltzera baina, ipuinaren irakurketaren misterioa ez apurtzearren.
Milesker!
Eli — 2008/01/27 20:12
Eskerrik asko datuagatik!
arbolak irauliz
Iratxe Retolaza — 2008/02/06 10:53
Irakurria nuen “Oroitzapen urdin iluna”, euskarara itzuli zenean, eta argigarria izan zait zure irakurketa, Atlantikoaren beste aldetik egindakoa, eta amonaren irudi isila ulertzen laguntzen duena, besteak beste. Bestalde, zure irakurketak ere gogora ekarri dit beste testu bat, Atlantikoaren alde honetan sortua, eta arbola zaharrak iraultzeko gogoari ere erantzuten diona. Hona hemen 1998. urteko Irun Hiria Literatur Saria irabazitako Isabel Díaz-en “Ontzi iluna” (horra!!!) poema-liburuko ale horixe:
HASIERAN ONTZI ILUNA ZEN
Usteldu egin da arbola
eta honen gainean eraikitako
sinismen eta balore sistima osoa
-haiena zen muntaia, haiena, ez geurea-
adimen gutxienen esku
horren hazien zainketa
eta guk itsututa antzera
haren hostoen itzalean
geneukalakoan babesa.
Nik errefusatu egiten dut
osoro eta goitik-behera
Aintzin hastapenetatik
bilakatutako
bertikaltasunaren mamia.
Ni ez naiz lore eder bat
ezta urso zuri polita
izan ninteke ordea, izarra
betiere irrifarre azulekin
zerikusirik baleuka
baina honetan ez datza gakoa
izarra: aho biko zilarrezko labana
urrutiko gabinet hotza
atzemateko ezintasunaren
islada
urrunegia eta hotza.
Urruntasuna bai
ezin imajinatu noraino
hel daitekeen gure bi munduen
arteko hutsune zabala.
Marfilezko dorreak ez
ontzi ilun bat.
Hasieran ontzi iluna zen
gero marfilezko dorreak
Babelgoa ere eta bestelakoak oro
geroxeagokoak dira.
Jabego pribatua, premua eta
haien antzeko jaungoiko arra
elkarren eskutik etorri eta
per saecula saeculorum
zama haundi eta astun bat bezala
lepoan daramatzagu arrastaka.
Hasieran ontzi iluna zen.
Isabel Diazek dio “hasieran ontzi iluna zen”, eta mahai-azpiko iluntasun eta babesean zeuden haurren irudia ekarri didate gogora, Isabelek ere arbola egitura bertikalarekin lotuz.