Gosegarri erotiko gisa

Josune Muñoz

Gaurko sarrera hau gosegarri bat baino ez da, aperitifa. Oraindik lanean ari gara XX. mendean zehar euskal emakumeok sortu dugun poesia erotikoa bilatzen, batzen, miatzen, aztertzen… 2009ko otsailan plazaratuko den antologia sortzeko enkarguan.

Irakurri dugu, bai, irakurri, 60 liburu baino gehiago, eta ezagutu dugu, bai, ezagutu, 50 sortzaile baino gehiago: mila poema, hamaika irudi poetiko, makina bat proposamen estetiko, gaur arte batera argitara eman ez direnak.  Prestatzen ari garen antologia honen harrituko gaituzten datuak aurrera ekarri nahi dizkizuegu: bitxikeriak, anekdotikoak, galdera batzuri erantzuna ekartzen dietenak, alegia noiz, non eta nork erabili, agerrarazi zuen euskal literaturan KLITORI hitza estreinakoz?  Zenbatetan  irakurri, aurkitu dugu ORGASMO hitza?  Ugariak dira poema erotiko LESBIANOAK? Idazle, emakume hauek zelan  esaten, adierazten dute erdarako “Correrse”ekintza gozagarria?  euskal emakumeok MASTURBATZEN gara?  NINFOMANIK al dago?

Funtsezko galderei ere ihardetsi nahi diegu, eta morboaz gain zeuen jakin grinari dastatzeko, gozatzeko, asetzeko datuak, gogoetak eta, oinarrizkoena, poemak  ekarriko dizkiogu Durangoko azokako haizeak jo eta gutxira. Saiatuko gara euskal emakumeok sortu dugun poesia erotikoaren korpus sakona eskaintzen, eta honen bitartez gure poesia erotikoaren kronologia, historia, ezaugarriak, itzalak, hutsuneak eta abarrak eta hostoak eta niniak ekartzen.

Dena dela, Igande honetan, urriak  19, Martiniaren aurretik, gosegarri gisa,  ordu batean Bilboko Arenalean, POESIA ASTEAn zehar garatuko diren ekitaldien artean,  POESIA EROTIKOAREN IRAKURKETA entzuteko parada izango duzue. Hegoamerikako eta Euskal Herriko poesia erotikoa irakurtzen egongo gara Ekuadorreko Soledad Jácome , Kubako Tadeo Tapanes, Edorta Jimenez eta laurok.

Irakurriko den guztia ez dugu hona ekarriko, bai, ostera, euskal emakumeen poema erotikoak. Egileen jaiotze urtearen arabera, kronologikoki  antolatu ditugu.

On egin, baina gogoratu gosegarri bat baino ez dela, beraz,  gorde gosea otsailerako.

AMAIA LASA (1947)

Bere bildumatik  Geroaren aurpegia EHU. 2000.

Poemak 70 eta 80 hamarkadetan argitaratu ziren.

 

EGUN BATEAN MARI SORGINARI

Suzko emetasuna piztu zitzaion

Bero beroa,

Oso indartsua.

 

Haurtzaroan gauza gaizto bat bezala

Erabili zuen:

Haiek zikina zela zioten

Eta betiko lotarazi zuen,

Zenik ere ez jakiteko.

 

Mari Sorginaren emetasunak

Urte luzeak lozorroan zeramazkien,

Gorputzak mugimendu gabeko aire triste bat dantzatzen zuen

Hoztasun urdinean.

 

Gau batean jolas batean sartu zen,

Eta aho batek bere gorputza laztandu zuen,

Iluntasunaren itzalean.

 

Mari Sorginaren emetasuna lozorroan zegoen,

Esnatzera doa:

Beltza gorri bihurtu zen,

Eta jolaseko jostailuak,

Ez ziren aurrerantzean zikinak izan. (61. G.A.)

 

OTOIKA

Oihuka, sexuarekin

Sexuaren ahotsa isiltzeko,

Uneak igaro ziren,

Saxoa isildu zen,

Eta sexua oihuka hasi zen,

Eta oraindik ez da sexua isildu. (G.A. 63)

 

ATZO, BI

Gizona eta andrea

Biek, maitasunaren indarrez

Gorputzak elkartzen,

Amodiozko dantzan,

Burruka dantzan,

Grina guztiaren asetasunean,

Orduak igaro ziren,

Gutiziak asetu ziren,

Eta amdiozko besarkadak

Pixkanaka, lasaituz joan ziren (GA, 89)

 

ITXARO BORDA (1959)

Krokodril bat daukat bihotzaren ordez  Susa. 1986

 

Milia Lastur revisited…

I

Hilhotzen karrasiak josirik ahoan

nola aurkituko dun hire sokorria?

maiteko haut Milia ez hadila joan

hator edan dezagun ardao gorria…

 

baratz aberatsetan ebatsi sagarrak

gordeko ditinagu bide bazterretan.

ahantz oiti Milia sarraski zaharrak

eta suaren kantak bide hats erretan.

 

belar bustiek egin maitasun ohantzan

etzanen gaitun gero biak bihotza

gauero zazpi itzal ilusteko dantzan.

 

non dago harria? non dago lur hotza?

eresi hark ziona jartzeko zalantzan

maiteko haut Milia ez hadila lotsa… (71.or)

 

Noiztenka                 Maiatz. 2007

 

MILIA LASTUR ON THE ROAD

II

Hire larru izerdiz hantua

milikatuko deat

lur azala euriz

itotzeraino

 

negarrez hasiko haiz

maite naukala

erranen didak

belarrira.

 

isilik egongo nauk

beste nehork maitatu ez

neuen bezala

laztanduko nauk

gero…   (90.o.)

 

III

zure sahetsean

ibiltzen naizenean

hatsa luzatzen zait.

ezpainak lotzeko

eskuak tinkatzeko

zangoak korapilatzeko

azken batean

gorputzak josteko

gutizi hurbila daukat.

 

zure sahetsean

hiltzen naizenean

hatsa laburtzen zait.

ezpainak zauritzeko

eskuak larrutzeko

zangoak hausteko

azken batean

gorputzak errausteko

gutizi urruna daukat.

zure sahetsean

ibiltzen eta hiltzen

naizen bitartean

bizi nahi dut bizi…


MEDEAREN IRATZARTZEA

VIII.

                Elektrari gustatzen zaio

ohe zinpurtuaren hedaduran

Medea lo ikustea,

Eleka entzutea,

haren isiltasun misteriotsuen

zulatzen saiatzea

eta gauez orditzen denean

begiz segitzea,

noraino joan daitekeen

galdezka.

besarkatzea.

ferekatzea eta artizarrak

azken distira irenstean,

Medearen aldamenean

Luzatzea.

Maitasunarekiko beldurrik

ez dauka gehiago,

Delostik datorren herioaren

untzia ez da ageri

eta Medearen saihetsean

zahartzen dela

itxuratzen du,

nor-nori-nork aditzaren

harilka dakarren

balizko jabetasunaz

axolatu gabe.   (91. or.)

 

TERE IRASTORZA(1961) –

Osinberdeko khantoreak   Pamiela. 1986

 

NEGUA bazetorren

Jantzi dinat ohea,

Badakin

Hobe dun beti ere manta ona

Amante txarra  baino.

(50.orr)

 

Derrotaren fabulak   Pamiela. 1986

 

ORATUKO zaitut

Galtzetorratzek zure gorputz poroak

Behatzek jertse haria bezala

Oratuko zaitut.

(37.orr)

ZILBOR gainean behar nituen bere ileak

Gauak elerik ele aletu

Eta behatzak diti gorrietan

Noiza

Goizatzen sentitzen.

(40.orr)

 

MIREN AGUR MEABE (1952)

 

Azalaren kodea               Susa. 2000

 

MEMORIA EZ GALTZEKO OHARRAK- 3

 

Euria ai zuen nire klitori gainean.

Tximistak lir-lar zetozkizun paparrera:

Odoletan zeundela ziriduen.

Baina itzalak ziren,

Azalaren lautadara etzatera etorriak.

Zure sexuak kearen usaina zuen,

Nabarra eta zaharra.

Aldaz, ni urdina omen nintzen

Eta oxigenoa lapuru zenidan

Neure zulo arrosetatik.

Zure hatz marroiak nire baginan,

Udagoieneko adar zurrunak.

Paperezko  zapia atera zeneuen, eta ez dakit nondik,

Eta autoaren lehiatilatik bota zenuen,

Umel eta zimur.

Bularrak lehertu gura nituen.

Euria ari zuen nire klitori gainean.       (14. Or.)

 

 

ANTSIEN OHARRAK-3

Bular-mahatsak bustirik dauzkat.

Zeuk milikatu dizkidazu, kiribilka, kurubilka.

Nire bular-sagarrek ernamuinak dirudite:

Erronka egiten diote aireari apurtu baino lehen.

Hozkaturik ditut bular-gereziak:

Urrezko sustrai bet errotu dideazu sabelean.    (19. Or.)

 

Amoniako-zaporea dastatu nahi ez eta

Ahoa erretiratzen dut zure sabelpeko itsasgoratik.

Eldarnioaren zurrunbiloan uzten zaitut,

Nire gorputzaren ohol blaituei lotuta.

 

Laster, olatu bi hasiko dira nahas-mahasean korrika:

Batak zure izena dakar apar gainean;

Besteak  neurea, apar azpian. (61.or.)

 

SONIA GONZALEZ (1977)

Sagarroiak                                       

Felipe Arrese Beitia Saria 2001 Euskaltzaindia, 2002

 

DESIRA PLAZER

Helduko da eguna

Desirak endregatzeari utzi eta

Elkarren begietatik zintzilik

Mundu ziztrin hau ahazteko bidaian abiatuko garena

Egun horretan

Ezpainak ikutuko dizkidazu

Bero daudela ziurtatzeko,

zureetan pausatuko duten musua ere

bero izan dadin.

Eskua zamatik behera irristatuko didazu,

kamiseta peko bular handigura

harrotzen somatzen dudan bitartean,

ez dakizu zenbat denbora

itxaron dionzure ezinegona…

gonapetik, mendietan gora

zure ferekaren irrikaz

samurtzen den haragirantzz,

hotzikara bat,

hatzamar ausart batek

bidea egingo du,

izerdi tanta bat,

gerrikoa askatu,

feromonek 200km orduko abiaduran

odoletik bueltaka

poroetatik ihes egingo dute,

hasperen bat,

izkutuen gordetako lizunak oro

isuri egingo dira

nireak zugan

zureak nigan

auskalo norenak nogan

baina estu

arnas estua

eta ohiuak

eta arnas ere estuagoa

eta azken grina uholdea

eta oihurik garrasiena

 

eta desira plazerbihurtuko da      (54-55. or.)


DIPSOMANIA

                                                               Botilaren bihurguneak maiteago nituela

                                                                                                              Aurpegiratu zidan,

                                                                                              berarenak baino maiteago,

                                                                                                              eta, antza, egia zen.

                                                                                                                             PADDY REKALDE

 

Bere hitzen txanpan indarra

Bere musuen ardo gorria

Bere izerdiaren garagardo mikatza

Bere  malkoen ginebra hutsa

 

Bere hankartartearen ron zuria     (56. or.)

 

UTZIDAZU AGINTZEN

Utzidazu agintzen,

jar zaitez nire menpe,

laga zaitez nire ordenuetara,

utzidazu mendez emakumeoi ostutako boetrea

ohean behintzak berreskuratzen.   (58. 0r.)

 

Poemak Amniotikoak

Irun Hiriko kutxa literatur saria 2005     Kutxa 2006

 

NORBERA HARRO SENTITZEKO MANERAK

Guztatzen zait ohera

Zakila harroturik hurbiltzan denean.

Badakidalako

Erekzio horren arrazoia

Ni neu naizela.

 

Eta ez dago berbaz ezer esan beharrik.

Dena dago

a-r-g-i

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: