Mariasun Landa: “Literaturan hastear nagoela iruditzen zait”
2008/08/05 Utzi iruzkina
Aspaldian genbiltzan Mariasun Landarekin hitz egin nahian, eta azkenean, berak antolatutako festak, nahiz eta aldameneko gelan izan, Zemoriya kalera eraman gaitu. Mariasun bere niaren bila abiatu zen Paris aldera, eta han unibertso handi batekin topo egin zuen. Gu, ordea, Landaren ni handi horren peskizan arrimatu gara, 10 galdera otarrean, Zurriolako kaskora, eta oso ondo topatu dugu. Aitortu digu, oro har, orain askoz hobeto dagoela lehen baino. Urteak pasatzeak gauza on asko ekartzen dituela esan digu, aipatzen ez diren gauzak, betiere, osasuna eta edertasuna direlako aipatzen direnak. Norberaren burua gehixeago ezagutzeak umilago eta lasaiago bizitzeko parada ematen duela aipatu digu. Eta hori dena diogu Mariasun Landak azken liburuarekin aspaldian zorretan zuen zerbait bete duelako: bizitzan atzera begiratu eta zentzua eman bizitakoari. Paul Ricouer eta beste hainbat filosofok diote bizitza kaosa dela, eta narratibitateak ematen diola kaos horri egitura.
Bere etxean, siestarako tenorean, hartu gaitu. Mariasunek ez omen du etxearekin jende gehienak duen maitemin sakrosantua, maite maite bai, baina izugarri estimatzen omen du hotelek ematen duten mugimendua ez ezik anonimatua ere. Baina bakoitzaren etxeak asko esaten du jabeaz, eta prestatu digun kafeak, galleta goxo minimalistek eta oparitu dizkigun liburu sinatuek asko adierazten dute idazle horren azpian dagoen elefante txori bihotza handiaren izateaz. Etxea ez da arrunta, Errusikarentzat aproposa, jauziz jauzi igo behar baitira bizitzaren kontinente guztiak. Tontorrean, logelarako bideetan, eskailera-buruan, minimalismoa hautsi eta irribarrea sorrarazten dizun gizon bat: Woody Allen. Amak esaten omen dio Mariasuni ea noiz kendu behar duen gizon hura handik.
1. Esan ohi da idazleak gailur poetikoa ematen duenean autobiografiei, edota bere poetika ulertzeko lanei ekiten diola. Festa aldameneko gelan liburuak hori asebete nahiko luke?
Nire abiapuntua ez da hori izan. Genero memorialistikoa: biografiak, autobiografiak, gutunak, egunerokoak… oso gustukoak izan ditut eta nire formakuntzan ere eragin handia izan dute, Isadora Duncanen eta Simone de Beauvoirren memoriak eta beste idazleenak. Nik ere antzeko zerbait egin nahi nuen.
Bestalde, liburu honen beharra bizitzarekin, adinarekin lotuta ikusten dut; izan ere, iristen zara bizitzaren adin batera (bakoitzak jakingo du zein) iruditzen zaizula bizitzaren bukaeraren hasieran zaudela eta atzera begiratzen duzu eta zentzua eman nahi diozu bizitutakoari. Behar oso arrunta da, gizabeharra, norbaiti norberaren bizitza kontatu. Paul Ricoeur eta beste filosofo batzuk aztertu dute nola gure bizitza kaosa den eta narratibitateak ematen dion kaos horri egitura. Gaztetatik beti eraman dut egunerokoa. Eta beti izan dut gogoa Parisen bizitutako lehen urte horren inguruan narrazio autobiografiakoa egitekoa. Testu autobiografikoak idazteko askok eta askok haurtzarora jotzen dute, nik haurtzaroa kudeatua dut haur literaturaren bidez, aldiz, gaztaroaren hastapenak neuzkan gustuko. Eta zergatik Pariseko lehen urte hori? Iruditzen zitzaidalako bazituela aski elementu narratibo politak: etxez etxe, chambrez chambre; garai hartakoak nolakoak ginen kontatu; zer aurkitu genuen hemendik kanpo. Belaunaldi baten argazki moduko zerbait egin. Eta lortu dut, jende askok esan dit gogorazi diodala etxea utzi eta hegan egitea zer den.
Hortik aparte, desafio dezente ere baditu liburu honek niretzat: memoria landu beharra, egunerokoa, gutunak; idazle bezala probatzea, Krokodiloa ohe azpian idatzi ostean beste zerbait idatzi nahi nuela argi nuen; testu luze bat idaztea tentsio narratiboa mantenduz: erritmoa, fintasuna, ironia; zutaz hitz egitea, utzi neska izan zen horri hitz egiten, baina, era berean, zaren emakumearen ikuspuntutik ere zertzelada batzuk sartuz. Beharbada hori da gehien kostatu zaidana, 19 urteko neskak idaztea, baina 58 urtekoa dago beti esaten hau ez zen horrela, bestea ez dakit zer. Hor borroka bat dago ahots narratiboetan. Ahots narratiboa neska gaztearena da baina tarteka emakume helduak esaldi batzuk, neurtuak eta zainduak sartzen ditu, distantzia eta perspektiba mantentzeko. Oso pozik nago, ondo edo gaizki, baino egin dudalako.
2. Bestalde, ez da izango denboraren joanean aldaketarako edota zerbait berria, freskoa, egiteko gogoa sortzen dela? Beti esan duzu helduentzat idaztea interesgarria iruditzen zaizula. Erdaraz egin duzu gainera. Genero berri eta irakurle berrien bila ez zinen bada abiatuko? Nola imajinatzen duzu Festa aldameneko gelaneko irakurlea?
Txan Fantasma, Iholdi, Galtzerdi Suizida, Krokodiloa ohea azpian. Bidea egina bezala ikusten nuen haur literaturan eta, aldiz, bestelako desio batzuk betetzeke. Irakurlegoa zabalagoa? erdal, euskaldun, emakume, gizonezko, ez dakit. Joan naiz idazten istorio hori, gehiegi pentsatu gabe, nartzisismo osoz. Irekitzea zen helburua. Badago sufrimendu handia, baina plazer handia ere: irakurlea interpelatzea, erantzunak berehala jasotzea. Autobiografiak feedback hori sortzen du, nik hau egin nuen eta zuk? Harrera aberatsa du.
3. Liburuaren esanahi edo sakoneko baloreetara jo eta zu zaude. Zu hori narratibaren bidez Errusika, Elefante Txori bihotza, Iholdi bilakatu dira. Baina, liburu hau utopiaz, bizitza idealizatuaz ari da, aldameneko gelan bakarrik gauzatzen diren gauzez. Galtzerdi suizidak, Errusikak, Txan fantasmak utopiatik gutxi dute ordea, errealitateari eta bizitzari etorri bezala heldu eta buelta ematen diote eta. Zure poetikan utopiatik errealitatetik baino gehiago dagoela esango nuke.
Errusikak eta Galtzerdi Suizidak, biak protagonista horrekin gauza asko dute komunean: utopiatik, inkonformismotik. Galtzerdi suizidak heriotzarekin jokatzen du. Nigandik oso gertu daude. Protagonista horren ezaugarrietako bat insatisfakzioa da eta insatisfakzio honek eramaten du pentsatzera festa beti aldameneko gelan dagoela. Nahi du eta hurbiltzen da, baina, hor ez dago berak nahi duena. Insatisfakzioa oso gauza ezkorra izan daiteke samintasunera eraman zaitzakeenean, baina bestela, bizitzaren motorra izan daiteke aurrera egiteko. Beti aurrera.
4.- Garai hartan idazle izateko Parisera joan behar al zen?
Garai hartan zulo horretatik atera behar zen. Paris zen denok desiratzen genuen lekua, eskolan frantsesa ikasten genuen eta ez zegoen hain urrun. Gaur egun ez daukan prestigioa zeukan: musika, zinema. Ikaragarria da 40 urteetan zenbat aldatu den eta historian zehar ez da ezer. Han ezagutu nituen hainbat gauza berri: rabanitoak, gizonezkoak erosketak egiten, karritoak. Mila gauza txiki. Liburu honetan ere gauza txikitara jo dut. Ez nengoen mundu handi horretan. Ni gauza txikitan nengoen. Ni gauza txikiekin ari nintzen bitartean De Gaullen heriotza, eta Vietnamgo bakea sinatu ziren Parisen eta lekuko izan nintzen, nolabait esatearren.
5. Ni baten bila joan eta unibertso batekin aurkitu. Parisek, Simone de Beauvoir ez ezik, filosofia, kultura, hizkuntza eskaini dizkizu.
Ni oso frankofiloa naiz. Iruditzen zait kultura frantsesa nire tamainan ikasi nuela. 76-77 arte erdal literatura baino askoz gehiago jarraitzen nuen frantses literatura. Orain beharbada eman da separazioa. Gazte garaian frantses musika eta zinema ere gehiago kontrolatzen nituen. Lau urte dezente da eta zu gaztea eta irekia bazara. Han bizi eta hango kulturara erabat inpermeable ziren asko ezagutu nuen. Bestalde, ni beti oso kuriosa izan naiz, ikusi egon, galdetu… maiatzaren 68 ez zen kasualitatez Parisen izan. Nik unibertsitatean izpiritu hori jaso nuen. Ez genuen azterketarik. Kontrol jarraia hor ikasi nuen eta gaur egun nire klaseetan kontrol jarraia aplikatzen dut.
6. Beste nonbaitera joango al zinateke beste zerbaiten bila?
Ezin da errepikatu, gazte zara behin. Denboraldi baterako joango nintzateke, gainontzekoan, jaiotako lekuan hil nahi dut. San Frantziskoko Nebadan, Renon izan naiz udaberrian eta hantxe egingo nuke nonbait egitekotan denboraldi bat. Berekin ditu ongizate sentimenduak, itsasoa, estetika, tenperatura, usaina. San Frantziskon batzen dira, gainera, nire oraina eta iragana. Garai hartako hiri magikoa zen: hippie mundua, musika. Izpiritu horrekin bat egina nengoen nahiz eta errealista izan. Oso europarra iruditzen zait, irekitasuna handia du nahiz eta tradizio handikoa izan. Ahal izango banu egonaldi luzea, urte batzuk, hantxe egingo nituzke.
7. Zer falta zaio Mariasuni literaturan?
Literaturan hastear nagoela iruditzen zait. Oraindik frogatzekotan nago zer den jaiki, gosaldu, bueltatxo bat eman eta egunero-egunero idaztearena. Orain arte beti konpaginatu behar izan dut irakaskuntzarekin, nahiz eta inork ez nauen behartu, ezta ekonomikoki ere. Egunero-egunero idaztea baino lehenagoko mila gauza ditut bizitzan. Emakume gehienok, gainera, frente pilo bat ditugu: domestikoak, familiarrak, laboralak. Hiru edo lau ordu egunero-egunero idaztea hori lortzea nahiko nuke. Uste dut noizbait lortuko dudala, frente familiarrak aldatzen joaten dira. Beste gauza bat izango litzateke ezetz esaten ikastea. Zerrenda bat erakutsiko nizuke besteek eskatutako gauzekin, hau idatzi, bestea egin… Bizitza minimoetara errudizitu: seme, guraso. Bi hitzetan idazle profesionala izatea. Jende honek ezetz esaten daki. Egunero-egunero idazten jarri eta ordu gehiago dedikatu, idazteak dakartzan penalitateak eta bakardadeak sufritu, ospa egiteko aitzakia guztiak ekidinez. Idaztea, mila bider esaten dugu, oso gogorra da.
8. Baina idazle izateak, mila konpromiso ditu berekin: bidaiak, kongresuak, aurkezpenak, azokak… Horrek ez al dakar nekea berekin?
Konpromisoak moztu daitezke. Baina horrek ere alderdi liluragarria dauka. Jartzen zaitu esperientzia berrien aurrean. Sari Nazionalarekin (Krokodiloa ohe azpian, 2003) ezagutu nuen kanporatzea, eta oso esperientzia polita izan zen. Neure burua modu ezberdinean ikusi nuen. Ataka zailetatik ondo ateratzen ikasi nuen, politena ikastearena da. Gauza berri bat da esperimentatzea, zoritxarrez, errepikatzea izaten da ohikoa. Errusikak ere bere burua hor probatu behar izan du, jende askoren aurrean hitz egin. Kanporatzea, txanpon baten bestea aldea da. Gaur egun beharrezkoa da. Baina modu orekatuan egin behar da, idazten den neurrian kanporatu behar da. Idaztea baino eskergarriagoa da kanporatzea, jende berria ezagutzea, esperientzia berriak…
9. Idazlea izateaz gain, literaturaren didaktika irakasten duzu unibertsitatean.
Azken urteotan unibertsitatean nabilenetik askoz hurbilago nabil literaturatik, horregatik ez dut utzi nahi irakaskuntza. Oso leku aproposa da ditudan esperientziak besteekin konpartitzeko: literatur tailerrak, haur eta gazte literatura. Alde horretatik oso gustura nago, nahiz eta nekatuta nagoen. Feedback handia izaten da batzuetan, alderdi hori oso modu koherentean ikusten dut nire idazte lanarekin.
10. Zer falta zaio euskal literaturari oro har eta emakume idazleak, gaurkoak, nola ikusten dituzu zuek bizitakoa kontuan izanda?
Irakurlegoa. Galdetu behar diogu gure buruari zer gertatzen zaion gazte askori liburu bat atseginez ez hartzeko. Bestalde, literatur sistema hainbeste aldatu da. Literatura ondare kulturala izatetik ondare komertziala izatera pasatu da. Liburua kontsumo objektua bihurtu da. Egilea eta hartzailearen artean harremana erabat aldatu da, liburuak ez du bizitzarik; etengabe ari dira liburu berriak atera nahian. Nire kasuan behintzat denbora behar dut. Gure literatur sisteman eta ingurukoetan trepidentzia ematen da. Irakurlegoa non dagoen? Itxoin egin beharko da, hori 30 urteren bueltan ez da posible. Bestalde, globalizazio mugimendu orokor baten aurrean gaude. Irakurtzea, gainera, lana da. Irakurtzeko lana egin behar da, deskodifikatu egin behar da.
Emakume idazleen inguruan ez daukat hausnarketa handirik. Itxurari jarraituz emakume idazle dezente plazaratu da. Eta hori itxaropentsua da. Baina uste dut ez zaigula ahaztu behar, guri ere, genealogian kate maila bat garela. Guk idatzi genuena beste batzuei esker izan zela eta gazteek idazten dutena ere beste batzuei esker dela, eta batzuetan jende gaztearengan ematen da, gugan ere emango zen, mundua gurekin hasten denaren irudipena, eta ez da egia. Guk zor diogu, ez euskal emakume idazleei, sufragisteei lehenengo omenaldia, Virginia Woolf eta mila emakume idazleei posible egin dutenak guk idatzi ahal izatea. Ez dago konparaketarik bi belaunaldien artean. Ikastola haietatik 3. munduko eskola haietatik, lizentziatura osoa euskaraz ikasteko aukera historikoa izatera pasatu da.
Emakumeek, bestalde, beti asko idatzi dute. Betiko galdera izan da zergatik emakumeek ez duten gehiago argitaratzen. Hori izango litzateke galdera. Hor topatu dira beti gizonezkoen sareekin. Ez dakit, oraindik gizonezkoetan eskuetan dauden. Atmosfera aldetik ondo ikusten da emakumeak argitaratzea. Halere, pentsatzen dut emakumeek zailago dutela argitaratzea, iruditzen zaidalako barne sare horiek mutilenak direla. Idazleak idazten duenetik irakurleak irakurtzeko sareak oso inportanteak dira, horregatik du Sareinak duen garrantzia.
Gema Lasarte
Erantzunak:
anamari — 2008/08/28 09:38
orain unibertsitatean irakasle baina lehen hezkuntzan ere aritu zen, eta garai hartan ni bere ikasle. helduek esaten ziguten “helduak zaretela askotan gogoratuko zarete mariasunekin, ez da erraza izango irakasle hobeagorik aurkitzea” eta nire kasuan halaxe izan da, askotan gogoratu naiz berarekin eta bere istorio liluragarriekin. mila esker mariasun
Arrate — 2009/01/22 19:37
“…Hemen nago berriro irakurle !!!Tarte batean, sareinan sartu barik ibili eta gero, hemen nago zuei erantzuteko prest. Batik bat, erreferentzi literario ospetsu eta garrantzitsu hau aurkezteko amoz.
Bere azken Liburua, irakurri dut, Maiatza honetan , eta bene benetan, oso estimulagarria iruditu zaidala. Bestetik, Mariasun irakasle izan nuen, Magisteritzako Goi eskolan, eta ezagutu dudan irakasle jakintsuenetarikoa eta osotuena literatur gaitegietan, izateaz gain, hizlari fina dugu. Irakastearen plazerra eta konplazentzia oso uztartuak ditu. Berak, literaturgintzaren xarma eta grina sortzen duen, emakume modernoa dugu, aktualki. Literatura orohar, Euskalduna zein beste herrialdekoa ezagutzen duenetako bat izateaz gain, transmititzen eta komunikatzen oso iaioa iruditu zitzaidan. Bere liburuan dioen gisara, gaztetan Frantzian jasoriko ikaskuntza du erro errotik, testuinguru eta bere, errealitatean oso barneratua.
Gazte garaiko irakaspenak, asko markatzen gaituela esan beharra dugu. Eta ez da kasualitate hutsa. Neuk, unibertsitatea hasi aurretik ere,udaran atzerrira jo nuen. Alemaniara, hain zuzen ere. Eta garaiak, Berlineko paretaren haustura izan zeneko aldia ezagutu nuen. Txit liluragarria. Gaur egun, gomendatuko nuke, bati baino gehiago, bidaiatzearena. Baina, badakit europearrak gehiago mugitzen direla, gu baino, diru laguntzak benetan dituztelako. Baina, ahal baduzue, abentura bat da eta guztiz bizia. Garai, hartan Simone de Beauvoir.en liburua nuela, iritsi nintzen Alemaniara. Kasualitatez, nire lehengusinak, ” Los mandarines ” liburua oparitu ninduen. Orduan, ez zegoen itzulita, akaso orain ere. Bainan, oso bikaina egin zitzaizkidan liburuen pasarteak. Irakur erraza eta historikoki, Simoneren ” opera prima”takoa dena. Orduan, Alemaniako klaseak hartzen hasten genuen gosaria eta gero, eta Berlineko hizkuntzen eskolara heldu aurretik, metroak baziren iragarkietako ohol handiak. Baina, garai hartan, Berlin zatikaturik zegoen hiri magikoa zen. Eta geuk, goizero goizero, txuri beltzezko Emakume handi bat genuen, pare parean, eta honela metroa iritsi orduko joaten ginen hizkuntz eskolara. Halako batean, beste kale, metro,…edo iragarki oholetan, Claudia Sheifer,…eta honelako modeloen argazkiak zeuden bitartean, otu zitzaigun, geure hizkuntz eskolako irakasleari galdetzen zein ote zen, emakume galanta hura. Eta hara non, eta simone Beauvoir handia zela. Ikaragarria, hiri berean, mende hasieran eta kalea gurutzatuz gero, 1992ean zeundela bizitzea. Kontuak kontu, Mariasunek bere azken liburu horretan, bidaltzen digun mezua oso aberasgarria deritzot. Eta liburua, bi egunetan irakurtzeko moduakoa. Hori bau, neu oporretan nengoen orduan, eta akaso orain zaila zaidan bezala irakurtzea liburuak dugun erritmoa dela eta,…ona iruditu zitzaidan…”