Eliztar katoliko gehienak emakumeak dira. Nolatan?
2008/12/08 Utzi iruzkina
Onintza Irureta
Dolores Juliano antropologoak Plazandreokek antolatutako hitzaldi sortako bat eskaini zuen Donostian, azaroaren 28an, “Sistema patriarkala eta erlijio politeista eta monoteistak” izenburupean. Saiatu zen azaltzen eliza katolikoa misoginoa eta matxista izanda, nola gerta litekeen hainbeste emakume eliztar izatea.
Argi utzi zuen gauza bat. Jendarteak dira matxista, misogino edo maskulinizatuak. Horren ondorioz dauzkagu jainko maskulinoak, erlijio matxistak. Gogoan ez dudan norbaiten hitzak hartu zituen hori esplikatzeko: “Jainkoa maskulinoa den jendarteetan gizona jainkoa da”. Julianoren ustez, kontua ez da aztertzea erlijioak nola eragiten duen jendartearengan baizik eta jendarteak nola eragiten duen erlijioarengan. Arazoa ez da erlijiosoa, soziala baino. Jendeak ezagutzen ez dituen eta frogatu ezin dituen gauzak ezagutzen duenaren arabera interpretatzen ditu, bere hitzetan esanda “lo del más allá se explica con lo del más acá”. Jendearen hiriak jainkoaren hiria sortzen du eta pertsonen hiria den bezalakoa izatea justifikatzen du gero jainkoaren hiriak. Erlijio monoteista eta politeisten adibidea jarri zuen horretarako. Jendarteak deszentralizatuak baldin badira erlijioak politeistak dira. Naturarekin harreman estua duten jendarte deszentralizatuek jainko bat baino gehiago dute. Juduek berriz, jainko bakarra dute; jendarte eredua zentralizatua den seinale. Julianoren ustez, eredu erlijiosoak gehiago esaten digu jendarte baten egituraz, jainko horren existentziaz baino.
Sarrera mamitsu eta argigarria egin ondoren esan zuen ez zitzaiola interesatzen emakume biktimaren kontzeptua hartu eta jira-biraka ibiltzea. Hausnarketa interesgarria hauxe omen da berarentzat: Zergatik dira emakumeak katolizismoa moduko erlijio monoteista matxistaren jarraitzaile gehienak. Bere ustez, emakumeek hala erabaki badute arrazoi onak dituztelako izango da. Arrazoi horietako batzuk azaltzen saiatu zen:
-Eliza katolikoaren diskurtso teorikoa monoteista izan da, baina praktika politeistak jarri zituen abian aspaldi. Emakumezko zein gizonezko santuak sortu zituen eta esate baterako, Ama Birjinaren figura asmatu zuen. Elizak emakumearen beharrak asetzeko nahiarekin sortu zuen Ama Birjinaren figura.
-Erlijioak funtzio soziala ere betetzen du. Emakumeak etxean sartuta egon diren garaian erlijioa izan da kanpora irteteko aukera onartu bakarra.
-Konfesatzeko apaiza zeukaten. Tratu txarren kasua ipini zuen Julianok, makina bat emakumek apaizari aitortuko ziolako senarrak gaizki tratatzen zuela. Beste kontu bat da, bere ustez, egoera horri aurre egiteko apaizak zein aukera ematen zion.
-Garai batean emakume alfabetatuak oso gutxi ziren eta ikasteko aukera bakarretakoa moja sartzea zen.
XX. mende erdira arte emakumeak eliza katolikora hurbiltzea uler daitekeela uste du Julianok. Ordura arte bai, baina orain? Emakume tradizionalarentzat abantaila zirenak orain ez dira. Elizak eliztarrak galdu nahi ez baditu espabilatu egin beharko du, jendartera moldatu beharko du.
Hasierakoarekin bukatu zuen hitzaldia: ez da erlijioa aldatu behar dena, jendartea aldatu behar da, eta ondoren, ezinbestean aldatuko da eliza.