Zein da zure utopia?

Sareinak

Azken Larrunen (Argia aldizkariarekin batera heltzen zaigun “gehigarri” moduko aldizkaritxoan) etorkizuneko Euskal Herri amestuari buruz galdetu ziguten Sareinoi eta hona hemen erantzun genuena. Zerbait gaineratu edo aldatu nahi?
AMESTEN DUGUN EUSKAL HERRIA FEMINISTA

Ezer esan baino lehen, amesten dugun Euskal herria feminista emakume askoren amets kolektiboa dela azpimarratu behar dugu, hori dela kausa idatzi dugun askoren arteko artikulu hau, taldeka amesten, eztabaidatzen eta lanean aritzen baikara.
Ba, egia esan, geuk amesten dugun Euskal Herria, feminista baino postfeminista da, feminismoa gaindituta egongo bailitzateke. Hau da, teoria feministek proposatzen dituzten jendarte aldaketak arlo guztietan ezarrita eta onartuta egongo lirateke. Hau argitu ondoren, esan behar dugu amesten dugun Euskal Herri postfeministan egongo ez litzatekeena dela gure ametsak gehien pizten dituena. Bagara, ostera, patriarkal ez den Euskal Herri guztiz berria irudikatzeko gai? BOTEREA ardatz nagusitzat ez duen jendarte bat? Patriarkatuak gure irudimena guztiz idortu ez duelakoan badoaz irudi berri batzuk…
Etxetik irtetean edo etxera bueltatzean ez genuke begiratuko atarian dagoen txoko ilunean itzal mehatxugarririk dagoen, kaletik ibiltzean eta terraza baten aurretik igarotzean ez genuke begiluzeen errepasorik arnasari eutsiz jasan beharrik, ikastetxera edo lanera ailegatzean ez genituzke leku periferikoak bakarrik edukiko aisiadirako, ezta jarrera erasokorra eta lehiakorra derrigorrez izan beharko, ezindu intelektual eta fisiko edo ume handiaren sentsazioa ere ez litzateke egongo gugan, isilik geratzeko beharrik ez genuke sentituko, autoritatea edo boterea besteak duela pentsatu ere ez genuke egingo. Norberak bere identitatea aukeratu eta eraikitzeko askatasuna izango luke eta sexualitatea bizitzeko aukera aniztasuna egongo litzateke.
Ez genituzke ikus-entzunezkoetan emakumeak soilik “lorontzi” edo objektu sexual moduan ikusiko, ezta normala eta anormala kontzeptuak erabiliko, hitz egiterakoan emakumearen presentzia eta irudi femenino positiboak erabiliko genituzke ahotan eta tradizioaren izenean inposatutako kateak apurtuta egongo lirateke aspaldian. Tabernetan adin, genero eta kultura desberdinetako pertsonak egongo lirateke ligatzen, dantzan, kantuan, eta kalea eta gaua seguruak eta atseginak izango lirateke denontzat.
Telebista guztiak apurtu eta kaleen artean mila gune sozial izango genituzke solasaldiak izateko, irakurketak egin eta konpartitzeko, geure ahotsa ozenki zabaltzeko. Beno, eta behin suntsitzen hasiz gero, dendak, kontsumismo eta materialismo kateak hautsiko genituzke, hitz batekin, keinu batekin, kantu batekin, marrazki batekin, dantza batekin… AEBtik urrundu fisikoki eta ideologikoki.
Bestearen (gizonaren, erbesteratuaren, bizilagunaren, aita/amaren, etab.) singularitatea ikusi ahal izango genuke, bere ahotsa entzun, azala ikutu eta sentitu,… eta kontzientzia indartsu horrekin biziko ginateke, irribarre txiki eta sakon batekin beti. Eta etxeko ispilu narzisista guztiak ura bezala urtu eta desagertuko lirateke. Gure izena ez genuke hainbeste papel burokratiko nahiz auto-erreferentzialetan jarri beharko, huts-betearen izena izango genuke, non Joxe eta Miren izaki bera izango litzateke.
Begiraden Euskal Herria izango genuke, milaka begi nini ezberdinez elikatua. Itxurek baino begirada konplizeek eta irribarre alaiek gehiago balioko lukete. Euskal Herri alaia eta soziala, muga pertsonalik gabea eta aniztasuna balore garrantzitsutzat ulertzen duena.
Kalea elkar aurkitzeko gune bilakatuko litzateke eta ez elkar aztertu edota presaka elkarri begiratu gabe gurutzatzeko.
Familia edota bikote (hirukote, etab.) eredu anitzak ohikoak lirateke eta kalean lasaitasunez gurutzatuko ginateke, nor bere identitatearekin gustora eta askatasunez biziko litzatekeelarik.
Botere eremu zentralizaturik ez legoke, herriak izango luke boterea eta horretarako hainbat eztabaida, ikas eta sormen gune berezi izango genituzke.
Eta seguru aski txiki-txikitatik beste aitormen eta heziketa jasoa izango genituzke eta betirako lurperatuak gutxiago izatearen konplexuak. Eta jakina, berdin horniturik berdin jokatzera derrigortuak egongo ginateke amatasunaren eta zaintzaren errepublika konpartituan. Eta horrek askatasunaren estatusa emango liguke are eta berdinago edota ezberdinago izateko, baina beti ere hautuen aurrean. Bada gauzak horrela, idazteko, pentsatzeko, gozatzeko, hitz batean, historia beste modura eraikitzeko eta kontatzeko aukera izanik gure herri honi beste herrialde bat eranstea proposatuko nuke. Zortzigarrena, Oh!ama: Ameslari, desherriratu, leku guztietan gaizki ikusitako elbarri, zahar, gizen, itsusi, emakume, etorkin, langabetu… guztientzako paradisu. Euskal Herri Feministaren zortzigarren herrialdean Oh!ama, Obabatik paseran, Osamak eta Obamak arrotz diren deslekuan…
Eta guzti-guzti hau ez da utopia, guztion artean egin baitezakegu…
… Josune, Amaia, Ainhoa, Ainara, Gema, Iratxe, Eli, Elena, Lutxi, Pilar, Karmele, Mikel, Ana, Eneko, Isa, Jabi, Miren, Lukas, Nekane, Edu, Garbiñe, Iban, Marije, Sorkun, Ander, Patri, Lurdes, Goizalde, Aitor, Begoña, eta abar luze bat.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: