Beatriz Preciadoren harira Argia aldizkarian

Onintza Irureta

Argia aldizkariko iritzi sailean eta Preciadoren lan bati erreferentzia eginez identitatearen zirrikituetatik buelta bat eman dute azken asteotan.

Argia aldizkariko Ttakun (h)errenka sailean, azken hilabeteotan, hiru iritzi emale txandakatu dira astero (Katixa Agirre, Ur Apalategi eta Juanjo Olasagarre). Agirrek Kaka, txiza eta ispilua artikuluan (abenduak 14, 2.163 zbk.), Olasagarrek aurreko astean botatako amuari heldu zion. Izan ere, Olasagarrek artikuluan aipatu zuen Txinako komun publikoetan besteen ondoan egin behar omen dela kaka. Hari horri tiraka Beatriz Preciado filosofo queeraren artikulua ekarri zuen gogora Agirrek. (Artikulu hori, Generoa eta zaborra. Pixa egin/Kaka egin. Maskulinoa/Femeninoa izenburuarekin euskaratuta dago blog honetan, Sareinaken).

Agirreren pasarteak dira ondokoak:

Zera esaten du [Preciadok], argi eta garbi: komun publikoak genero zainketarako kabinak direla. Alegia, premia fisiologikoak bultzatuta baino gehiago, geure generoa konfirmatzeko premiak bultzatuta jotzen dugula komun publikoetara. Boutade bat dirudi, baina adi.

Alde batetik, generoaren arabera klasifikatzen zaituzte –G edo E, praka edo gona, kapela edo pamela, bibotea edo ezpain-margoa– eta beti egongo da norbait ate zuzena aukeratu duzun edo ez zainduko duena, eta atentzioa deituko dizuna transgresioren bat bururatzen bazaizu (esperientziaz dakit hori). Gizon edo emakume gisa dagokizun espazioaren ezaugarriak ere desberdinak izango dira kasuan kasu.

Hurrengo astean (abenduak 21, 2.164 zbk.), Ur Apalategik Erakutsi/Gorde artikuluarekin segi zion Agirreri. Garena erakutsi behar al dugu ala gorde? galdetzen zuen Apalategik. Bere ustez, normaltasunean kokatzen gaituzten ezaugarriak erakusgarritzat jo ohi ditu gizarteak eta aldiz, anormaltasunean kokatzen gaituzten ezaugarriak gorde behar izaten dira, ordena publikoa ez uhertzearren. Hona gogoeta gehiago nortasuna erakutsi/gorde dilemari jarraiki:

Baina nortasunaren erakusketa estrategikoki baliagarria dela ukatzea ezinezkoa bada, halaber ezin esan dezakegu ez dela une batetik aurrera kontraproduktiboa ere bihurtzen, eta apika etikoki eztabaidagarria. (…). Alde horretatik begiratuta Euskarari bai bezalako kanpainek dudakor uzten naute. Irudika ezazue Homosexualitateari bai kanpaina bat, homosexualak beraien homosexualtasuna erakustera bultzatu eta gay friendly direnak publikoki sarituko lituzkeena? Nik ez daukat ezer euskara edo homosexualitatearen aurka, baina beharrezkoa al da, erosoa al da, garenaren erakusketa sistematiko eta antolatua? Ez da erraza, ikusten denez, oreka aurkitzea neurri berean bortxatuak izan daitezkeen klandestinitatearen eta erakusketaren artean. (…) Tamalez, askotan behartuta aurkitzen gara gure nortasuna exhibitzera, ezinbestean, bere biziraupena segurtatzeko bide bakarra delako. Anormalaren patua dateke.

Juanjo Olasagarre (abenduak 28, 2.165-66 zbk.) Piedra y camino artikuluan Preciadoren liburuaz aritu zen:

Nik Katixak aipatu Beatriz Preciado eta bere iraultzaren kontzeptu transgenerikoari buruz hitz egin nahi nuen. Bere Testo Yonquin egiten duen gure gizartearen analisi zorrotza goraipatu nahi nuen, nahiz eta erabat bat ez etorri. Gizarte hau eraldatzeko bihurtu nahi gaituen halako terrorista transgeneroen teoria azaldu nahi nuen eta alde geopolitikoa bazter uzten duela (zer inporta zaio Etiopian gosez hiltzen ari den bati generoen eraikuntza) kritikatu. Azken boladan irakurri dudan libururik kitzikagarriena izan dela aitortu nahi nuen baina karaktereek agintzen dute.

Olasagarre idazteko tokirik gabe geratu zen eta Agirrek bere txanda baliatu zuen (urtarrilak 11, 2167zbk, idatziz bakarrik oraindik) testosteronaz hitz egiteko. Artikuluak horixe zuen izenburu: Testosterona. Beatriz Preciadoren Testo Yonqui liburuaz ari zen, hark testosteronarekin izandako esperientziaz. Gero, Agirrek bere esperientzia kontatzen du:

Neu ere iraultzaile transgeneriko sentitu nintzen dermatologoarenera joan eta medikuak nire akne kronikoaren arrazoia aurpegiratu zidanean: testosterona gehiegi. Gehiegi zeren arabera? Emakumeek izan beharko luketen mailarekin konparatuta, noski. Neuk ere izan dut nire abenturatxoa testosteronarekin, eta dagoeneko esan dut zeintzuk izan diren ondorioak: grano mordo bat aurpegi eta bizkarraldean. Horregatik, barkatu, Beatriz, baina ni ez naiz testosterona ‑gehiago‑ probatzera animatuko. Iraultza trans eta queer guztien lotsa izango naiz, baina nire irudiaz bizi naiz, eta zaindu beharko, zer nahi duzue.

Hiru iritzi emaleren sokan Ur Apalategik agur esan du eta Eider Rodriguezek hartu du txanda. Badakigu datorren astean (urtarrilaren 18ko zenbakian) Eider Rodriguez estreinatuko dela eta badakigu Beatriz Preciadoren hariari helduz hasiko duela Ttakun (h)errenkako ibilbidea. Beraz, badirudi apurka-apurka queer teoria euskal plazan ere sartzen hasi dela. Ikusiko ditugu honen ibilbidea, bilakaera eta ondorioak.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: