Granadako jardunaldi feministak (I)

Amaia Alvarez Uria

Granadara joan ginen aurreko asteburu luze honetan. Ez, ez gara egon Alhambran, ezta eskiatzen ere. Jardunaldi feministetan egon gara! Jarraian kronika kolektiboa duzue.

Ostiral gaua autobusean pasatu eta gero zombie koadrilla bat agertu zen akreditazio bila erdiguneko jauregi batean. Ongi etorri esan ziguten hormetako kartelek eta Euskal Herria kartelaren azpian banatu zizkiguten karpetak. Hasiera ekitaldia oso beroa izan zen: jende guztia gogotsu heldu zen eta txalo zaparradak hitzekin eta irudiekin tartekatu ziren hiru egunetan zehar.

Feministen familia handian dauden belaunaldi eta politika desberdinak irudikatu zituen Isabel Franc komikigile katalanak bere sarrera-hitzaldian. Ezagutzen zituen ama eta alaba batzuen arteko eztabaiden berri eman zigun: bata berdintasuna eta diferentziaren feminista eta bestea feminista queera. Ez zen fikziozko istorioa kontatu zuena, besteak beste, gosarietan izan genuelako horren isla-edo, ezta ama? J

Jan eta lo, potolo esaten du esaerak. Gure kasuan ez. Bazkarirako angloen luntxa egiten genuen eta gero tokatzen zena afaldu. Beti bezala, begetentzako aukerak urriak ziren: bazkarian kantitate gutxi eta afarian aukerarik ez. Feminista beganoaren bluesa idatzi beharko dugu egunen batean 😉 Honekin batera To be or not to be edo sozializatu ala lo egin esan beharko genuke. Hitzaldi eta mahai-inguruen artean ez zegoen tarterik eta horren ondorioz jendearekin egoteko iluntzera itxaron behar genuen. Lo gutxi beraz.

Jardunaldi hauetan 4000 feminista elkartu gara eta igandean Granadako kaleak okupatu genituen manifa erraldoi bat eginez. Ez zaretela enteratu? Ez da harritzekoa! Komunikabideak ez ziren arrimatu, antza, ez da izan kontatu beharreko berria. Beti bezala mugimendu feministaren jardunari ezikusiarena egiten zaio edo baztertu edo modu negatiboan agertu. Bertara joan zinetenetzako proposamen bat daukat: Bidaliko ditugu gure kronikatxoak egunkari guztietako “Zuzendariari gutuna” atalera?

Jorratutako gaien artean sexu eta genero identitateena izan zen ikusgarriena. Queer, lesbiana eta trans hitzak behin eta berriro entzun ziren han eta hemen. Atzera begiratu genuen mugimendu feministaren etorkizuna eraikitzeko “Orain eta hemen” izenburua zuten jardunaldi hauetan. Feminismoak daudela argi geratu zen, baita denak elkarrekin gaudela eta norabide berean goazela, bakoitza bere moduan ibiltzen bada ere.

Larunbatean desira lesbiarra aldarrikatuz hasi zen eguna, igandean mugimenduaren analisia eta erronkei buruzko hausnarketa egin eta performance batzuk ikusi genituen, astelehenean harremanei buruz hitz egin eta jaiarekin amaitu genuen. Ondorioak bueltako autobusean atera genituen mikrofonoaren laguntzaz eta aurrera begirako planak egin genituen.

Oso hunkigarria izan da asteburu honetan bizitakoa, oso berezia. Hori dela eta oso zaila izan da mundu errealera bueltatzea. Baina argi ibili! Energia, ilusio eta planez gainezka etorri garelako bueltan. Adi egon! Begizuloen gaineko begietako distira bereziak eta elkarri tarteka egindako irribarre txikiak salatuko gaituzte.

Erantzunak

isabel — 2009/12/14 10:38

Alaba maitea,

Isabel Francen aurkezpena gustatu zitzaizun, ezta?
Boterez eta energiaz puztuta bueltatu naizela aitortzen dut, autobuseko 12 orduak eta lanera eta militantziarako buelta eta gero oraindik irauten duena (larunbatean hiru manifatan egon nintzen: atzerritarren legearen kontra SOS arrazakeriak antolatutakoa, Aminetu Haidarren bahiketari amaiera emateko egindakoa eta aldaketa klimatikoarena).

Ia 4000 emakume, 400 Euskal Herritik. Gogoeta egin dugu elkarrekin teoria eta praktika feministaren erronka zahar eta berriei buruz, identitateei eta emakumeen eta feminismoen aniztasunei buruz, queerrak, butchak, transak, ingelesak, salvadorrekoak, etorkinak, ijitoak, prostituzioa, indarkeria, abortoa, zaintza legea, hezkidetza, sexua, klasea, arraza, sexualitatea, gorputzen eta generoen eraikuntzak, memoria historikoa… gure Josuneren komiki tailerra ere egon da eta!

Honi gehitu nahi diot feminismoak harremanetarako, eraldaketarako askatasun eta elkartasun espazioak direla “Denak gara Nagore” esaten dugunean bezala, edo Granadako fakultateko atean eguerdian egin genuen Aminetu Haidarren aldeko kontzentrazioan. Baita transexualak, maskulinitate alternatiboak, binarismo hautsia eta oro har, arau heteropatriarkala urratzen duen guztia.

Bukatzeko ezinbestekoak diren bi liburu, irakurterrazak eta umore ona dutenak: Dolores Julianores Excluidas y marginales eta Itziar Zigaren Devenir perra.

Muxuak,

Isabel

Hizkuntza berriak, hitz berriak

zuhaitz — 2009/12/14 15:59

Han egon ginen egon behar genuenak eta ezin zutenak joan ere, arrazoi ezberdinengatik han egon ginen, borroka feministak hainbat aurpegi dituelako, hainbat bihotz, hainbat izaite… hiztegi berriztuarekin etorri gara, oraindik ere egokitzapen prozesuan bagaude ere, aberasturik itzuli gara. Joan ginenean baino jantziagoak, eta hori han izugarrizko hotza egiten zuela! Jantzirik etorri gara, jantzi mota ezberdinekin, bata bestearen gainean ipini doguzanak, baina ez dira estutzen, itotzen gaituzten jantziak, hauek geureak dira, anitzak, gure neurrikoak. Hiztegi berrien aitzakiaz, hizkera ezberdinen aldarrikapena egitea dagokit, bide berrietatik ibiltzeko ohitura honek, bidean topatutako harrien azpian begiratzeak, zuhaitzen adarretara igotzeko ohitura honek, bestelako eremuetara eramaten nauelako, sistema patriarkaletik kanpo geratzen diren kodeak ditudalako gustoko, arte ekintzailea aldarrikatzen dut, politikoa ere badelakoa eta sistema honetan bizirauteko beharrezkoa delako, eman diezaiogun eguneroko bizitzan tarte bat arte ekintzaileari, danak garelako artistak, danak izan gaitezkeelako sortzaileak.
Ondo segidu
Zuhaitz

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: