Granadako jardunaldi feministak (II)
2009/12/11 Utzi iruzkina
Gema Lasarte
1979an idatzi zuen euskal literaturan lehen eleberri garaikidea Arantxa Urretabizkaiak. Arantxa ordurako feminismotik aski elikatua zen eta sortu zuen nobela ere halakoxea izan zen: intertestuak feminismoari egiten zion aipamen esplizitua, horren lekuko. Gure nobelagintzak ezagutu duen lehen pertsonaia femenino protagonista sortu zuen Urretabizkaiak. Ama bat.
Ama hura senarraren abandonua gainetik ezin kendurik, eta bere identitatearen inguruan galdezka zebilen. Semea, bizitzan aurrera egin beharra. Eta Arantxaren lehen liburu zoragarri hura irakurtzen ari ginela Granadan estatuko jardunaldi feministak egin ziren. Ez dut gogo egin beharrik ere zertan ariko ziren eta zeintzuk izango ziren gaiak, seguru nago, Urretabizkaiak ukitu zituen gaiak hantxe egongo zirela: identitatea, berdintasuna eta diferentziak, estrategiak. Eta 30 pasatu direnean eta gurera Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Karmele Jaio, Irati Jimenez, Uxue Alberdi, Garazi Goia, batzuk aipatzearren, aski gazteak etorri berri zaizkigu, beste kezkekin, beste gogoetekin. Garazik abandonuari helduko dio, baina abandonua gaindituko du, Jaiok, Jimenezek, Alberdik memoriari erreparatuko diote. Identitatea, memoria, ironia. Horiek gure literaturan 30 urte eta gero emakumeen emariak, zer edo zer aipatzearren. Ahaztu gabe, egun batetik bestera Urretabizkaiak ekarriko diguna, izan ere Koaderno Gorri hura idatzi zigunetik esperoan baikaude zer kontatuko digun luma zorrotz kiribil bezain sakonak. Esperoan gauden horretan ahaleginduko gara 2009ko estatuko jardunaldi feministek eman dutena edo iradoki digutena kontatzen.
Mariana Pineda, Granadako Emakumeen Asanbladak, antolatu zuen jardunaldia eta egiari zor ezin txukunago antolatu ere. Leku aproposak lau mila emakume errenditzeko. Unibertsitatean gela guztiak eta Kongresu eta Kirol Jauregiak guretzat. Lan orduekin etenik ez egiteko bazkari legeak eskura eskatu ahala, eta gainera, hiru egun horietan parrandara edota Alhambra bisitatzera eskapatu nahi zuenak bertatik bertara dena. Beraz, kokapena eta espazio kudeaketa ezin hobea Granadako emakumeek paratu zigutena. Milaka emakume hitz egiteko, gogoeta egiteko eta estrategiak markatzeko gogotsu; zientoka gai, mahai-inguru, mintegi tailer eta hitzaldien artean.
Hemendik aurrera lehen pertsonan idaztea tokatzen zait, izan ere, gaiak aukeratzeko orduan hautu pertsonala egin baikenuen Sareinakeko kideok han. Nik Identitate sexualak eta generoa, gorputz sexutuak eta politika feministak, ekofeminismoa eta amatasuna, aukeratu nituen besteak beste.
Elbira Burgosek esan zigun desira Mendebaldean zoriontasunaren paradigma dela. Txikitatik preparatuak omen gaude gizonezkoaren desiraren objektu izateko. Desirak, halaber, leku ezin inportanteagoa okupatzen omen du eta balorea emateko tokia omen, boterea eraikitzeko gunea. Gizonezkoek desira modu dinamikoan eragiten dute, emakumeok aldiz , ez dugu desirarik, bideratu besterik ez dugu egiten. Eredu honen logika apurtzean legoke, Burgosen iritziz, iraultza. Emakumeon desira birbideratuz emakumeengana. Emakumeok desiraren subjektu bilakatu eta bidenabar heterosexismoa eta sexismoa, hezkuntzarekin pakete berean datozkigunak, birbideratu. Emakumeei desira emanaz boterea ematen diegu. Nahi den bezala uler daiteke Burgosek iradokitakoa, eta oker ez banago Judith Butlerrek esandakoa, nire ustez lesbianismoaren aldarria izan daiteke.
Topaketa hauek lesbikotik asko izan zuten, izan ere, Judit Butler Jainkosa bilakatu zen hainbat hitzalditan, Jainkosa zaila, izan ere ez baita irakurterraza emakume honen literatura. Lesbianismotik abiatuta eta identitate disoluzioen inguruan asko entzun genuen. Asko entzun genuen Beauvoirrek esandako hura “emakumea ez dela jaiotzen egin egiten dela baizik”. Identitateak ere eraiki egiten omen dira eta hartara bio-emakumeak gizonezko bilakatu daitezke edota bio gizonezkoak emakume, transfeminismoa gurera ekarriz: beste identitate berri bat. Identitate dantza honetan maskulinitate femeninoa ere mahairatu eta aldarrikatu zen. Beraz generoak solapatu, nahastu eta berriak sortu ziren queer teorian ondo sakonduz. Esan behar dut ez dela batere erraza identitate aniztasun honen zabaltasuna bat-batean hartzea, baina iraultzaile bezain erakargarria dela feminismoarentzat, izan ere, paradigma matxistak binarismotik eta dikotomikotik gehiegi irakatsi baitigu.
Hori izugarri aberatsa iruditu zitzaidan bezala ekofeminismoaren mezuarekin kezkatuta geratu nintzen. Amatasuna genuen aztergaia eta beti interesatu zait ekofeminismoa feminista ez ezik ekologista ere bainaizelako eta oso kezkatua nagoelako gure hurrengo belaunaldiei utzi behar diegunarekin. Izan ere, gu hildakoan beste batzuk bizi behar baitute. Eta hitzaldira hantxe joan nintzen eta harri eta zur geratu nintzen amatasunaren ikuspegia azaldu zutenean. Amok, amatasun uterinoa bizi behar omen dugu modu ezin sakonagoan, titia umearen gerorako traumak ekiditeko lokarri ezin inportanteago omen. Amari tokatzen omen zaio umearekin egotea aitak ez baitu inondik ere amaren funtzioa betetzen. Baina, amatasuna ere erabat aldatu da, dagoenekoz ama-biok ez dira denak. Ume adoptatuak daude, homosexualek, transek ere umeak dituzte. Denek ez dute titia ematen. 30 urte pasatu dira, dagoenekoz doktoreak edota doktore gaiak gara, espazioak okupatzen ari gara, baina halere, prekarietatea gure etsairik nagusiena da. Amatasunak izugarri murrizten dizkio gure identitate eraikuntzari aukerak. Umeak hazi eta joan egiten dira. Eta gero zer? Ekofeminismoaren filosofia interesgarria da, baina amatasunarena, nire ustez, 30 urte atzera egitea da. Argi dago umeak eurekin gozatzeko eta disfrutatzeko ekartzen direla, ekartzen badira, baina hori nire ustez ez da amaren egitea, baizik eta bikotearena, komunitatearena…