Desirak eta plazerrak (I)

Liburuaren azala.

Liburuaren azala.

Euskal poesia erotikoaren antologia bat -geroago Desira plazer (Txalaparta, 2009) liburua izango zena- paratzeko lanean parte hartzea eskatu zidatenean, adostu behar genuen lehendabizikoa poemak sartzeko irizpidea izan zen. Honela, poema bat liburuan sartzeko, gaia erotikoa izan behar zuela erabaki genuen, ezplizitu zein inplizitoa erotismoa den bezalaxe. Neuri emakumeen poesia arakatzea eta proposatzea eskatu zitzaidan eta horretan jardun nuen.

Gaur, poema guztien artean eratzen den lurralde poetikotik hobeto bidaiatzeko mapa bat ekarri dugu blog honetara. Parentesi artean agertzen diren zenbakiak liburuaren orrialdeak dira.

Antologia hau paratzeko, eskatutakoa betetzeko Sorne Unzuetarekin hasi eta Usua Frutosekin bukatu genuen, gutxienez 30 egile arakatu genituen. hamarkadaz hamarkada:

70ak: Amaia Lasa eta Arantza Urretabizkaia

80ak: Tere Irastorza, Maripi Solbes, Itxaro Borda, Gema Lasarte, Amaia Iturbide, Mari Jose Kerexeta, Henriette Aire, Arantza Aldalur

90ak: Itxaro Borda, Amaia Iturbide, Arantza Etxeburua, Maite Urkia Inza, Mirari Garcia de Cortazar, Miren Agur Meabe, Pili Kaltzada

2000tik aurrera- Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, HATSAren poesian: Maripi Solbes, Amaia Lasa, Yolanda Arrieta, Bego Zestau, Ima Zestau, Amaia Zubiria, Nagore Etxabe, Miren Ibarluzea, Usoa Frutos… Castillo Suarez, Ixiar Rozas, Mikelazulo Elkarteakoak (Garazi Urdanpilleta, Ane Gojenola,) Ana Urkiza, Sonia Gonzalez, Isabel Iturbe, Ines Goikoetxea, Katixa Agirre, Leire Bilbao, Aintzane Galardi, Goizalde Landabaso, Karmele Igartua.

Beltzez agertzen diren izenak antologiatik at geratu direnak dira. Tamalez, proposatu nuenaren %30 kanpoan geratu da.

Poemak eta egile kopuruei erreparatzen badiegu aurreko hamarkadak nolabaiteko hasiera, beroketa izan da, benetako boom-a XXI mendearekin batera eman baita. Egile gehienetan poema erotiko bat baino gehiago topatu dugu baina badaude gailentzen diren izenak: Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Miren Agur Meabe, eta Sonia Gonzalez.

Egile bakoitzak bere nortasun poetikoa du, jakina, ezaugarri komunak badaude ere. Emakume batzuk naturaz baliatzen dira metaforak sortu orduko (112, 188, 189). Beste batzuk, ostera, urbanagoak dira,Sonia Gonzalezenak, adibide baterako.

Sexuari kalitatea eskatzen diogu kantitatea baino, eta plazerraren aldarrikapena nabaria da. Euskal emakumeok gozatu nahi dugu, aktiboak agertzen gara gure desioetan, beste batzuetan esperoa, zain egotea edota ezintasuna agertu arren (23, 41).

Emakumeen mundua, errol-banaketaren arabera egokitu zaizkigun esparrua edota lanak poemetan agertzen dira, eta amodioa egitea jostea, edo brodatzearekin konparatu izan da (41, 67), pegatzearekin ere erkatu dugu (39, 224)…

Halere, sexuari, erotikari dagokionez, hasieratik, hiztegi, lengoaia, kode baten falta eta bilaketa somatzen da. Liburu osoan zehar,eta baita egungo poesietan ere, badago identitaren bilaketa etengabea. Hainbat poematan emakumeak ispilu baten aurrean agertzen dira (216, 253), emakumeek beren buruen isla izan nahi dute, eta ez gizonen desira- begiradena.

Gehienetan poemak zuzenak, errealistak dira, emakumeok haietan errez identifikatzekoak. Alta, hamarkadaz hamarkada komentatu beharko genuke sakonago azaltzeko.

Harrigarria da antologiaren hasiera, Amaia Lasaren poemak, alegia. Amaia Lasak desirari izenak, berbak ematen dizkio. Bere poemen indarra eta ezplizitutasuna berriro topatzeko Miren Agur Meabe eta Sonia Gonzalezen lanak plazaratu arte itxaron behar izan dugu. Amaia Lasak emasabeleko lengoaia eratzen du. Antologiaren hasieratik, 70 hamarkadatik, emakumeek argi adierazten dute jendarteak onartzen duen desiraren norabide bakarra zein den: Gizonek emakumeak desiratzen dituzte. Amaia Lasak emakumeek jasotzen dituzten tabu/aginduak oso argi adierazten dizkigu (28). Oso ausarta izango da bere proposamenean: Lesbianak egitea.

Hamarkadek eta Antologiak aurrera egiten duten heinean desiraren beste norabide batzuk azalduko dira, batez ere emakumeak gizonak desiratuz. Honela, zain egotetik (desira jasotzetik) sexua eskatzera, bilatzera eta bideratzera aldatuko da, apurka apurka. Tere Irastorzak gorputz sexudunari izenak eta berbak ezarriko dizkio lehendabizi, bide honetan apurtzaileenak Miren Agur Meaberenak, baina, bereziki, Sonia Gonzalezenak izan direlarik.

Amaia Lasak ireki zuen atetik beste emakume gehiago sartuko dira. Poema lesbiko gehiago topatuko ditugu: Itxaro Borda,(63-67) Karmele Igartuak… eta Mari Jose Kerexetak Saphori emango diote berba (78).

Gogoratu Queer irakurketak eta hausnarketek aldarrikatzen dutenaren arabera beti dagoela poemak beste era batean irakurtzeko aukera. Dakigunez, gure hizkuntzan, hikaren bitartez ezplizitoki ez badugu markatzen ez dugu generorik. Honen ondorioz, generoa ez bada agertzen poema gehienak hetero zein homoak izan daitezke. Gai honen harira, izugarri gustatu zaigu eta baita estimulatu ere Eta Zergaitik ez?… Sigrid  1983koa den poesia liburua. Liburu hau talde baten izenpean argitaratu zen, Ramon Agirrek, Eneko Olasagastik, Maripi Solbesek eta Gorka Setienek sinatu baitzuten. Ez dugu poema bakoitzaren egilearen oharrik, edozein poema edozeinena izan daiteke, identidadeak ez dira argitzen, oso “transgenero” izatea lortuz. Liburu hau berreskuratu eta hobetu aztertu beharko genukeela uste dugu.

70 hamarkadan, Amaia Lasak erabiltzen duen tono altua, aldarrikatzailea eta hizkera ezplizitoa, adibidez, geroago galtzen da eta 90 hamarkadaren bukaera arte ez da berreskuratzen., Miren Agur Meabek eta Sonia Gonzalezek ekarriko zuten hizkera ezplizituaren bitartez.

80 harmarkadan, Amaia Lasaren ahotsa isilduko da eta beste batzuek hartuko diote lekukoa: Tere Irastorzak, Maripi Solbesek, Itxaro Bordak, Amaia Iturbidek, Mari Jose Kerexetak eta Arantza Aldalurrek, besteak beste. Poeta hauen lanek emakumeen erotika eraikitzeko adreiluak ezarriko dituzte, gai, zehaztapen edo aukera berriak sortuz, Itxaro Borda eta lesbianismoa adibide argienak direlarik. Tere Irastorzak eta Amaia Iturbidek ausentziaz eta zailtasunez hitz egingo digute.

Urteak joan urteak etorri, 90 hamarkadaren bukaeran poema trinko, askotariko eta  konplexuak ekarriko dituzte ohiko poetek eta berriek, Mirari Garcia de Cortazarrek eta jadanik aipatu dugun Miren Agur Meabek. Hamarkada bukaeratik aurrera HATSA POESIA egitasmo eta poesia bilduma abian jartzen da. Urtero argitaratzen den bere bilduman aspaldiko egileak,Amaia Lasa edota Maripi Solbes adibide bi jartzeko,  lanean aurkitzeko parada pozgarria izan dugu edota bere arlo poetikoan ezezagunagoak zirenak, Yolanda Arrieta edota Amaia Zubiria kasu. Bilduma honekin batera XXI mendera heldu gara, poeta berriak argitara emango dituena: Castillo Suarez, Ixiar Rozas, Ana Urkiza, Sonia Gonzalez, Isabel Iturbe, Ines Goikoetxea, Aintzane Galardi, Goizalde Landabaso, Karmele Igartua…

Hauen artean Sonia Gonzalezen lana gailentzen da, gure ustetan, dakarren tono-aldaketa dela eta. Bere poemetan desioa edo plazerra inoiz baino ezplizitoago irakur dezakegu. Bere poemategietatik dabilen punk-rock ikutu gazte eta berriak haize freskua ekarri du gure poesiara, bestalde umorea ez zaio falta egile honi. Egungo harremanetan sexuak duen indarra, garrantzia itzelekoa dela erakusten digu. Hala eta guztiz ere, emakume ausart hau oraindik agintzeko baimena eskatu beharrean agertzen da, eta Castillo Suarezen hainbat poematan gizonak emakume ziur eta aktiboen beldur agertzen dira, tinko dirauen joera begi-bistan utziz. Oraindik badaude apurgaitzak diren ohiturak, joerak eta erak. (jarraituko du)

Josune Muñoz

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: