“Desira desordenatuak” liburuaren aurkezpenaren kronika

Onintza Irureta

Gasteizko Gora tabernan, azaroaren 2an, aurkeztu zen liburua. Garagardo, ke eta gosea egiteko txokolate eta fruitu lehorren artean, euskal literaturako queer begiradak astindu zituzten, Txikik, Amaia Alvarez Uriak, Kattalin Minerrek, Angel Errok eta Gema Lasartek. Aurkezpenaren ondoren, Gora tabernatik El Parral tabernara egin genuen salto, poesia errezitaldia baikenuen zain.

Etxeko apalerako liburua

Txikik liburuari buruzko hainbat hausnarketa orokor egin zuen eta horietako hiru ideia azpimarratuko ditugu:

– “Desira desordenatuak” da Durangoko Azokan ikusi nahiko nukeen liburua.

– Azalean bi gizon ageri dira. Ez nau harritzen, hori delako Euskal Herrian dugun argazkia.

– Liburu hau, agian, lehenengo pausoa izango da.

– Gure etxeko apaletan eduki beharko genukeen liburua da.

 

Sugerentziak, eta ezer gutxi gehiago

Gema Lasartek hartu zuen hitza ondoren, eta euskal literaturan harreman lesbikoak bilatzen hasi eta Laura Mintegiren “Nerea eta biok” eta Julen Gabiriaren “Connemara gure bihotzean” liburuak aurkitu zituen. Ingurukoak ordea, hasi zitzaizkion esaka: “Baina hor duzu Morilloren ‘Ortzadarra sutan’ liburua ere”. Gemak behin eta berriz irakurri du liburua eta hala dio, “eta non dago hor queer begirada?”. Besteen erantzuna: “Irakurtzen jakin behar da”. Gemaren ustez zaila da harreman lesbikorik ikustea liburuetan, Mintegiren liburuan bezala, askotan pintzelada xume eta sinpleak ageri direlako, zeharka esandakoak. Harreman horiek isolatuak eta deskontestualizatuak ageri dira, sugerentziak dira, liburuko esaldi bakarrean esan daitezkeenak. “Hori da errealitatea, ez dago besterik”. Esaten ez direnak esaten direnak baino ugariagoak dira. Ez zaio ahaztu Itxaro Borda aipatzea, bai eleberrigintzan eta bai poesian, muga guztiak hautsiz; periferiako emakumeak agertuz eta queer pertsonaiak sortuz aritu baita, zeharka esandakoetatik eta sugerentzietatik harago joanda.

Ez dagoela literatura les-gayrik?

Angel Errok, liburuko beste egileetako batek, galdera hori bota zuen eta berak erantzun: “Bai badago”. Horren adibide liburuan berak jaso duen “Anatomy lecture. Gay poesiaren antologia bat”.

 

Baladak, nobelak, ipuinak eta Itxaro Borda

Amaia Alvarez Uriak, Sareinak-eko lau kidek idatzitako artikuluak aurkeztu zituen, hala nola, Josune Muñozek idatzitako “Begiradak. Baladak eta lesbianismoa, a ze parea…”, Gema Lasarteren “Geografiak. Harreman lesbiarrak nobelagintzan: ‘Nerea eta biok’ eta ‘Connemara gure bihotzetan”, Iratxe Retolazaren “Begirada lesbiarrak Itxaro Bordaren nobelagintzan” eta Amaiak berak idatzitako “Irudiak. Lesbianismoa euskal ipuingintza garaikidean”.

 

Literatura irakurketa politikorako aitzakia

Kattalin Miner Virginia Woolfen “Orlando” liburuaz aritu zen, bere ustez “queer begiradarena, performancea, ez dira gaurko kontuak, generoa beti izan da oso malgua. Kontua da orain politikoki errebindikatzen dugula, baina literaturan hor egon da”. Adibide gisa aipatu zituen “Orlando” eta Uxue Apaolazaren “Bueltak” ipuina.

 

Herritik hirira ihesi?

Liburuaren aurkezpena bukatuta eztabaidarako tartea izan zen eta bi gai jarri ziren mahai gainean. Lehenbizikoan planteatu zen irainari aurre egiteko herritik hirira alde egitearena. Txikiren ustez, bada ihes egiteko modu bat herritik hirirako bidea egitea, baina ihesi joateko beharrik izan gabe ere, herriak aukera gutxiago ematen ditu, lesbiana gutxi direlako, ingurune bat behar eta ez duzulako. Aipatu zuen, adibidez, halako ekitaldiak izateko aukerarik ez legokeela herrietan. Kattalin Minerrek berriz, argi utzi zuen herrian inguru politikoa izanez gero, alegia, feminista eta lesbiana politikoak egonez gero, ez legokeela hiriaren beharrik, eta gainera, gerta zitekeela hirian bertan isolatuta egotea. Angel Erroren iritziz, hiria askatasun gunea da, hor badira gay ereduak, eta guk txikiak izanik, kanpoko ereduak begiratu beharko genituzke, ez dago zertan hemengo gay eredu bat sortu beharrik.

 

Zein abizen jarriko diogu euskal literaturari, les-gay, queer, trans?

Alegia, hitz-termino-kontzeptu festan nola deituko diogu euskal literaturari eta nolako terminologia erabili behar da literatura egiterakoan? Kattalinen ustez, terminologiarena egiteko dagoen kontua da, printzipioz ez da asmatzearen aldekoa. Txikiren aburuz, Euskal Herria irlatxo bat da, gayak eta lesbianak daude, dikotomia da nagusi eta atzean geratu gara. Iratxe Retolazak aipatu du nola gero eta gehiago ari diren idazleak euren lanetan genero ez markatua erabiltzeko ahalegina egiten.

 

Liburuaren aurkezpena amaituta, El Parralen Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Mikel Ayerbe, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Kattalin Miner zain genituen poesia errezitaldia eskaintzeko. Hausnarketarako beste aukera bat, eta nola ez, umorerako.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: