Ezin esanezko beldur bat

Egilea: Jon Mirande

Liburua: Haur besoetakoa

Urtea: 1970

Argitaletxea: Lur

Iruzkingilea: Josune Muñoz

Gaur, literatur-kritikari gisara natorkizue. Literatur-kritikariok era askotako testuen iruzkinak egiteko tresneria dugu. Herri-ipuinak, poemak, errelatoak edo ipuin literarioak nahiz eleberriak iruzkintzea da gure lanaren zati handi bat. Literatur-kritika feminista egiten dugunok, gainera, ohiko tresneriari teoria feministak ematen diguna gehitu ohi diogu; edozein testu motarekin erabil daitekeen teoria. Emakumeek zein gizonek sorturiko testuak aztertzen dira kritika honen barruan eta gaurkoa, espero dut, horren adibide erraza eta argia izatea.

         Lehenago tresneria aipatu dut. Zazpi dira kritikook testu narratiboak arakatzeko, iruzkintzeko erabiltzen ditugun tresnak: Gaia, ahots narratiboak, pertsonaiak, lekuak, denborak, egitura eta estiloa, alegia. Eskanerra bezala pasatzen ditugu testu osoan zehar eta kausitzen dugunaren arabera sortzen eta egokitzen ditugu gure iruzkinak. Eskaner mota asko erabiltzen ditugunez, gehienetan, kritikook ez gatoz bat, ongi dakizuenez.

         Gaur dakargun lantxo hau burutzeko zazpiak erabili ditugu, baina gure parte hartzearen denboraldia neurtu eta mugatu behar dugunez, arratsalde honetan batez ere hiru hartuko ditugu aintzat: GAIA, AHOTS NARRATIBOA eta PERTSONAIAK, lehengo hirurak, hain zuzen.

         Gaiarekin hasita, GAIA, istorio osoan zehar, benetan, sakonean kontatzen dena dela gogoratu egin behar dugu, baina… ondo gogoratzen dugu Haur besoetakoa liburuan kontatzen dena? Noiz irakurri genuen? Noiztik ez dugu berrirakurri? Ez dudanez uste atzo edo herenegun irakurri edo berrirakurri genuenik, erabaki dut gaian, (gaietan, hobeto esanda) sartzeko Haur besoetakoa liburuaren argumentua gogora ekartzea; gaiak, ahots narratiboa eta pertsonaiak txirikordatuz.

Eleberriaren protagonista etxondo zahar baten jabe eta leinu ohoragarri bateko seme bat da (14 orr.)[1]  Hogeita hamar urteetara heldurik eta beti ere lan egin gabe bizi izanez, gurasoek utzi zioten diru apurra xahutuz, ardura handirik gabeko bizimodua daramana eta ez daki bere egiazko nortasuna non dagoen, ezta zer eskatzen dion eta bere bihotzak zer nahi duen ere (15 orr.). Gure protagonistak, batzutan mundutik erretiratzeko edo bere buruaz beste egiteko fantasiak izan dituen eta asko edaten duen gizon honek (21 orr.) errukiz hartzen du bere hamaika urtetako haur besoetakoa etxean. Denbora gutxiren buruan, neskatoa gizonaren obsesio bilakatuko da.

Haur besoetakoa etxean duenetik, haur horren gorputzaren lorpenenean eta  jabetzean bildu ditu bere pentsaerak eta indarrak, bere eguna eta gaua. Lorpen eta jabetze hori sexuala da zeren gizon honek sexualki desiratzen baitu hamaika urtetako ume-gorputza (26-7 orr.). Emakumeak desiratzen ditu baina, aldi berean, gorrotatu eta mespretxatu egiten ditu. Haren aburuz, emakume guztiak berdinak dira, higuingarriak (27 orr.), baina sentimendu honen barruan dagoena emakumeekiko beldur handia da, geroago ikusiko dugunez. Emakume gazteek duten indarrak, edertasunak eta heldutasunak beldurtzen dute, haien gaztetasuna, edertasuna eta sentsualidadea haien boterea dela uste baitu. Botere horren beldur da. Beraz, ume baten gorputzak, botere hori ez duenak, ez du beldurtzen. Ez da heldua, ez dio nazkarik ematen. Gauero, lo eragiteko sendagaia eman ondoren, neska lo dagoelakoan, gizonak neskatoaren gorputza musukatzen, laztantzen, bortxatzen du, sarketatik ez badio egiten ere. Neska barik neskaren haurtasuna desiratzen du eta haurtasun hori bukatzearen, GERO horren  beldur da (25 orr.).  Gero horretara hel ez dadin hiltzeko prest dagoela dakigu orrialde berean, “Hobe litzateke, bai, orain hil balekit” (25 orr.). Bi orrialde geroago “…eta haurtasuna bukatuko denean (…) haren ordez, emakume baten espiritu huts eta itsuak so eginen zion… Nazkagarria! Hobe litzateke bai oraintxe hilko balitzaio, bere haur-emetasuna orbandu gabe zeukala, bihotzean zauri sendatu ezin bat utzi behar bazion ere”. 27. orrialdean gaude eta neskatoa hiltzeko pentsamendua birritan entzun dugu, jada.

Theresa, neskatoa, oso egoera ahulean dago. Gurasoak galdu ditu, defendatu edo gorde dezakeenik ez du. Badaki gizona ezkontzeko zorian dagoela eta berriz ere etxe eta familiarik gabe geratzeko beldur da. Ez du etxetik joan nahi, gizonak gordetzea nahi du. Garbi esan dio 29-30 orrialdeetan. Eta garbiago 39an: “Bai, hala izanen zela, hala aginen zuela zin egiten zion Theresak-zernahi eginen zuen etxean egoteagatik!

Theresa ondo konturatzen da bere aita besoetakoak nahi duena bere gorputza dela eta hasieran emateko prest dagoela dirudi, baina Theresak badu EZIN ESANEZKO BELDUR BAT (65 orr.). Neskatoak ez daki sexua zer den, baina beldur da. Ezin du esan zein den beldur hori, hamaika urte baino ez du, eta oraindik ez da psikologikoki gai beldur abstraktoak adierazteko. Beldurra eta lotsa izateaz gain, maitasun eta laztanen beharra ere badu, eta gizonak bere gaueko musu eta laztanak maitasuna direla sinestarazten saiatzen da.

Bi pertsonaia hauen artean ez dago parekotasunik. Hasieratik gizonak botere-harremana ezarri du bien artean. Gizonak leinua, etxea, dirua, adina eta sexuaren ezagupena du. Neskatoak, gizonak biziki desiratzen, nahi duen ume-gorputza baino ez. Hartu-emona erabat desorekatua da, neskatoaren kontra doa.

ISABELA, gizonaren emaztegaia, emakume polita da, nahiko aberatsa eta senitarte onekoa (42 orr.). Ez dugu zuzenean ezagutzeko aukerarik, ez du hitzik hartzen, gizonaren begietatik erakusten da. Baina badakigu, jakin, emakume horrek zer nahi duen badakiela: gizonarekin ezkondu nahi du. Senargaiaren eta haur besoetakoaren arteko harremanaren alde ilun eta lizunaz konturatu da eta bere etorkizunetik, sortu nahi duen familia eta etxetik urrundu nahi du neskatoa, haren presentzia oso arriskutsua izan daitekeelakoan. Bere lurraldea denfendatu nahi du.

Gizonak hasieratik zalantzak zituen emaztegairen harremanekiko, baina orain Theresa beraren bizitzan eta beraren etxean dagoenetik Isabela neskatoaren gorputza lortzeko bidean oztopo bat baino ez da.  Ez du berarekin jarraitu nahi, baina ez dauka indar, ausardia edota heldutasun nahikorik harremana bukatzeko. Era helduan mozteko gai ez denez, Isabelari leporatzen dio bere ahultasunaren jatorria (44 orr): “zergaitik egon ote zen Isabelarekin? Sentsualitate izendun or-eme higuingarria izan zen kausa…” Halere, bere gorputzaren sentsualidadeak erakartzen du oraindik. Isabelarekin harreman misoginoa du. Gizonarentzat Isabela “neska apain-dotore, adimen-huts eta modari jarratzaile” (43 orr.) bilakatu da eta nazka ematen dio.  “Misoginia in Crescendo” kausituko dugu Isabelari dagokionenean. “Begiratzen ziolarik, zakur-eme bat orkara gogoratzen zion senargaiari eta, nardaz beterik, soa inguratu zuen haren aldetik” (42 orr.) “…errukirik gabe ohartuz haren larruaren zimurtxo bakoitzari, haren begipetako beltzari, haren irri-egite inozoari, gehiago ez zuen ulertzen zergaitik gau bakar bat ere galdu zuen sekulan, gorputz ikol horretatik atsegin apur bat atera nahirik” (44 orr.) Txakur batekin konparatuko du berriro (45 orr.) eta geroago andregaia eta neskamea berdinduko ditu.  Emakume guztiak berdinak dira (45 orr.).

Isabela etxera etorri da ezkontza-antolaketarako azkenengo xehetasunak berarekin zehaztera. Gizonak zer egin ondo ez dakiela, bere gelara eramaten du larrua jotzera. Baina ezin, emakume gazte, eder eta osasuntsu horren gorputzak “erdeinua eta nazka” ematen dio, “higuinez eta gorrotoz” begiratzen dio (46 orr.). Geroago, laztantzeko unea heltzen denean ”gorale bat zuen. Isabelari zerion usain okaztagarria ahora zetorkion, haren biloetatik, haren besapetik, haren sabeletik, gorpu hil baten usaina izan bailitzan” (47 orr.) Topaketa sexuala aurrera doan heinean nazka hori ikara dela konturatzen gara: ”Aske zuen eskuaz xukatu zuen bekokitik isuritzen zitzaion izerdia. Ikara zen. Egartsu zuen.”(47 orr.) Misogino orok emakumeak gorroto eta mespretxatzen ditu emakumeen beldur ikaragarria duelako. Theresa, ordea, ez da emakumea eta ez du beldurtzen.

Gizon ez heldu, alkoholizatu eta misogino horrek badu nortasun sadikoa ere. Emakumeak kaltetzea, jotzea du gustoko. Bere buruari aitortzen dio gustura joko lituzkeela andregaia, neskamea, neskatoa torturatu…  eta askotan emakumeak hiltzeko fantasiak adierazten ditu.

Koitoa ez da bukatzen, Isabela Theresa atearen beste aldean dagoela oharturik, heldu eta eskaileratara eramaten du. Isabelaren haserrea bada behar zuen aitzakia; eztabaida gogor baten ondoren, gizonak Isabelari jipoi basatia ematen dio (51 orr.). Isabela ohean, odolosturik uzten du Theresaren bila joateko. Theresari “Isabela gaiztoa” gehiagotan ez dela egongo, aurrerantzean beraiek bakarrik egongo direla zin egin eta gero,   etxera ekartzen du bueltan (53 orr.). Jipoi ikaragarri horren ostean, damutua baino indarberritu eta boteretsuago sentitzen da (54, 56 orr.). Isabelak itxura eta ohorearekiko kezka handia adierazten du eta  herritarren multzo kontserbatzailearen adibidea da. Emaztegai ohia Theresarekin eduki nahi duen harremanerako oztopoa ez denetik aurrera, gizonarengan areagotu egiten da tratu-txarretarako joera. Hortik aurrera, liburuak tratu txar psikologikoen deskribapen zehatza eta lortua egiten du. Tratu-txar psikologiko horiek neskatoaren nortasuna eta nahia menperatzea dute azken helburu,  gizonak nahi duena egitera behartzeko.

Lehen urratsa: neskatoari entzun eta lagun diezaioketen pertsonengandik urruntzea, Theresa isolatzea.  Neskatoa ikastetxetik ateratzea deliberatzen du “haren irakasle, haren maisu, haren agintari bakarra  izateko (55 orr).

Bigarrena: neskatoa ez dagokion rolean ezartzea. Bere emaztea bihurtzen du, etxeko ardurak ematen dizkio eta bere ohean sartzen du. Rol horrek hainbeste desiratzen duen harreman sexual osora hurbiltzen du Theresa.

Hirugarrena: itxuraz galderak diren aginteak egitea. Erantzunak inplizitoki dakartzaten galderak dira. “Gaurgero, Theresa, ene gelan egonen haiz, enekin lo eginen dun gauero. Nahi dun?”(64 orr.). Geroago  galderak eta aginteak nahastea, horretan ere neskak gizonak nahi duena egin dezan, baina neskaren nahia egiten ari dela itxura emanez “Ia entzun ez zitekeen boz txiki batekin “bai” ihardetsi zion haurrak, baina gorritu zen”(64 orr.)

Laugarrena: gizonak erabaki guztiak hartzea: “hemendik aurrera, nik aukeratuko dizkiodan jantziak jantziko ditu Theresak, nik aukeratuko dizkiodan liburuak irakurriko ditu…” (64 orr.)

Bostgarrena: xantaia emozionala: ”Gogora haiteke min ematen didanala enetzat lotsarik erakusten dunan bakoitzean –eta hasi zen Theresaren soinekoa eranzten” (65 orr.).

Halere, ez du lortzen. Neskak ez du nahi. Neskatoak adierazten dituen lotsa eta beldurra handiegiak dira gizona ez ohartzeko, ia negarrez dago. Gizona errukitzen da, ez du bortxatu nahi. Itxaron egingo du, baina Theresaren une ahul eta larria bai erabiltzen du bere menpean ezartzeko: “ Oraindanik ni izango naun hire irakasle bakarra; nik dinat irakatsiko ikasi behar dun guztia, eta eskolan besteengandik ikasiak oro ahaztu beharko ditun… Eta gaurgero, Theresa, ni izanen naun hire aita eta ama, hire senide eta ahaide, hire lagun bakarra. Nahi dinat enekin baizik ez hadila ibil, ez dinat nahi nitaz kanpo beste ezagunik izan dezanan… Zin egiten didan enekin bakarrik egonen haizela beti?” (66 orr.). Primeran laburtzen du goian aipatutako guztia.

Liburuaren pasarte horretan, hasieratik berba egin digun narratzaile orojakileak gertatzen ari dena azaltzeko sentsibilitatea aldatzen du. Une hori heldu arte, narratzaile orojakileak gizonarengandik oso gertutik hitz egin du, hain hurbil ezen batzuetan anbiguotasun handia izan dugun eta askotan ez dakigun ondo berbak, pentsaerak norenak ziren. Deskribatzen ari garen pasarte horretan, bere sentsibilitatea, bere tonoa aldatzen du eta lehengo aldiz, neskarekin errukitzen da: “Negarrak hurbil zituen gaixoak” (66 orr.) eta menperatze eta botere jokoa zehatz-mehatz adierazten digu: “Gizonak musu bat eman zion ezpainetan, saritzat gerorako agintze bat zen musu hori bera” (66 orr.). Narratzailea neskarengana hurbiltzen da eta, estreinakoz, bere nekeak, beldurrak eta zalantzak ezagutzen ditugu. “beldur edo nekaturik…baina sekula baino samurrago eta malguago izaten zen, bere buruari barkarazi beharrez.”(69) Narratzailea neskaren egoera larriaz konturatzen da, neska bera ere konturatzen delarik eta BEHARTUTA sentitzen dela jakinarazten digu.

Gizonak neskatoa erabat bere menpean duen une horretatik aurrera, eleberriaren intriga osoa neskatoak sarketa onartzen ari delako itxura duen bortxaketa jasoko duen ala ez, gizonak nahikorik itxarongo duen ala bere obsesio eta desirak gailenduko diren eta zuzenean bortxatuko duen kezketan biltzen da. Jakin-mina biltzeko era nahiko perbertsoa, gure ustetan.

Orain, gizonak neskatoa kontu handiagoz tratatzen du neska, baina horrek ez du neskatoaren beldurra eta egonezina arintzen, lasaitzen. Badakigu etxera heldu zenean zituen amets gaiztoak dituela oraindik (73 orr).

Hilabeteak igarotzen dira eta egoerak berdin jarraitzen du. Neskatoaren biluzteko lotsak jarraitzen du eta baita gizonaren errukiak eta lotsak ere (75 orr). Uda heltzen denean, hondartzara joaten dira eta han, Theresak zoraturik entzuten dituen ipuin ederrak kontatzen dizkio gizonak (76 orr) Arimaren sorterri den gazteen lurra aipatzen dio eta bertan Theresa printzesa eta agintaria izango dela (76 orr.). Hondartzan, nahiz eta beraiek bakarrik egon, lotsatzen da halaber, eta askotan kezkaturik, irribarrerik gabe, hitzik gabe egoten da (77 orr.) baina saiatuko da gainditzen aita besoetakoari atsegin ematearren.

Bien bitartean, gizonak bere pigmalion lanari ekiten dio. Gizonaren urtebetze egunean, Theresak erretratu bat oparitzen dio. Bere kontrolpetik kanpoko zerbait gertatu dela harriturik eta haserre, ia non lortu duen galdetzen dio neskari baina berak ez dio esan nahi. Lehengoz ezetz esatera ausartzen da. Orduan gizonak indarkeri-bidera jotzen du, haurra hartu eta mintzen du, jotzeko zorian dago (81 orr.). Gizon horrek ez du ezetzik onartzen, eta neskatoa jotzeko prest agertzen da. Jeloskor eta atsekabeturik, neskatoari agintzen dio margolariari etxera etor dadila esateko. Margolariarekin elkarrizketatu ondoren, bere zeregin eta botererako mehatxurik ez dela ziurtaturik beste erretratu bat egin diezaiela eskaten dio.

Orain 84 orrialdean gaude, eleberriaren hiru lardenak iragan dira eta gizonaren desira gero eta menperaezinagoa da. Patzientzia bukatzen ari zaiola ematen du: “noiz ezarriko zuen haragi eta arima…”(84 orr.) baina ez, oraindik neskatoa mintzeko beldur da gizona.

Bitartean, Theresa isolatzeko prozesua aurrera doa (86 orr.) Kaleratzen du, baina inorekin harremanik izan gabe; duten harreman berria ikusi nahi duenari erakusteko kanporatzen du, horrek duen arriskuari muzin eginez. Bazkaltzera, afaltzera, parkera doaz baina, biak bakarrik, Theresa gehienetan isilik.

Mantentzen duten harreman bakarra margolariarekin dutena da, zeina noizbehinka afaltzera doan. Egunak aurrera doaz eta, egun batean, gizonaren eta Theresaren ahaide bat etxeko atean agertzen da. Gizonak gorroto du, lehertu nahi du bere indarraz eta ankerkeriaz gizarte burges, txiki estu eta zikinaren adierazlea delako (89 orr.). Ahaideak Theresa ikastetxe batera eramango dutela ohararazten dio, hamar egun barru bueltatuko dela Theresa berarekin eramateko, hark nahi eta nahi ez, eta indarrez eraman behar badu, indarrez eramateko prest dagaela mehatxatzen du. Gizonak ezetz esaten dio eta joko duela ematen du… baina ez. Emakumeak hain erraz jipoitzen duen gizona ez da ausartzen beste gizon bat (bere parekoa) jotzen. Badaki ez duela hain erraz lortuko beste gizon bat indarkeriaren bitartez menperatzea. Badaki besteak legearen indarra eskuetan duela eta ez duela dudarik izango arma horretaz baliatzeko. Ez du garaitzeko aukerarik. Edateari ematen dio eta neskameaz gogoratzen da. Neskamea izan da salataria, ez haien ateraldiak edo haien joan-etorriak. Neskamea emakume zaharra da, familiaren zerbitzuan urte luzeetan egon dena. Hasieratik konturatu da gizonaren azpijokoaz eta batere ados ez dagoela adierazi dio era isilean, gizonari beldur handia baitio. Emakume ahula eta botere bakoa da. Gizonak badaki neskameak bai menperatuko duela indarkeriaren bitartez. Zaldietarako larruzko zigor baten bila doa. Alkoholak bere sadismoa pizten du “Atso zantarrak ez zuen ahaztuko. Oraintxe zen haren aldi izanen” (95 orr.) “Atsegin igurikor batez gainezka zeukan bihotza” (96 orr.) Neskamea zigorrez astintzen du eta etxetik botatzen du, urte luzeetan etxean egondako neskamea etxetik botatzen du, kupidarik gabe. (97 orr.). Indar-erakusketa horrek on egiten dio gizonari. Indarra ematen dio duen arazoari aurre egiteko. Handik gutxira badu plana prest: “Beldurgarria zen bai… bazekien haurra edonora jarraikiko zitzaiola…(98 orr.)

Neskatoa eskolatik heltzen da eta gizonaren egoera ezohizkoaz eta sofrikariozkoaz oharturik, gauean laztandu egiten du gizona. Narratzaileak berriro Theresarekin errukitzen da: “Gaixoak jakin balu gizonaren gogoak zerabiltzan asmo kiratsen berri,  beti barruko begiez zekusala Zoriak utzi zien ihesbide bakar hura! ” (100 orr). Biharamunean, bezperan gertatutakoa neskari kontatu ondoren zer egingo duten galdetzen dio eta neskak erantzuten dio joan baino nahiago duela hil (105 orr.). Theresak uste du heriotza ezagutzen duela liburuetan irakurri duelako. Hiltzeko beldur ez dela dio, gizonak neskatoaren aurpegian beldurra ikusi arren. Neskak heriotza transitoa bailitzan hartzen du, behin igaroz gero betikotz biak elkarrekin egongo direla ziurtatzen duena. Gizonak bere fantasia eta ipuinetan miresten duen Gazteen Lurraz gogoratzen da eta, ohiko denez, itsasora joango direla esaten dio neskatoari. Baina gizona beldur da (108 orr.). Beldur latza du, berak bai baitaki heriotza benetan zer den. Koldarra da eta plana aurrera eramateko zama eta gida Theresari ezartzen dio, berak edateari ematen dioen bitartean. Itsaso aldera ibiltzean, neskatoari ipuinen mundura, geroko zorion lekura doazela iruditzen zaio. Theresa aurrera doa lehena… “Theresa orain gidari bai… haren nahi gurena egin zedila!” (112 orr.)   Baina gertatuko dena gizonak hasieratik nahi zuena lortuko duela da. Eta Deusik ez esateko, beldurik ez izateko, sinbolo bat baino ez dela” esan ondoren gizonak itsasoaren aurrez aurre hartu egiten du (113 orr). Lortu du, Theresaren birginatearen jabe da. Gertatu da, azkenik, hil baino lehen bortxatu du, ez indarrez, ez du behar izan, egoerak berak lagundu dio, neskak azkenik onar dezan.

Itsasoratzen dira. Theresa ez daki ondo igeri egiten. Gizonak laguntzen dio, baina erdi mozkorturik dago oraindik, eta itsasoak neska eramaten dio aldetik. Orain beldur handia du Theresa benetan hiltzeko, damutu da, benetan maite duela konturatu da eta ez du nahi ez Theresa ez bera hiltzerik. Orain itxaroteko prest dago, neskatoak adin nahikorik duenean ezkontzeko prest dago… “Theresa bizi behar zen, bai, haren bizia izatekotz!” (117 orr.) baina Theresarenganaino heldu denerako konorte-galduta eta erdi itota dago. Gizonak ez du indar nahikorik hondartzaraino eramateko, uhin handi batek kolpatzen ditu, gizonak konortea galtzen duelarik.

Txalupak eta igerilariak beranduegi heltzen dira Theresa salbatzera. Hondoratu da, eta ez dute bere gorpua aurkitzen. Gizona bai, salbatu eta lehorrera eramaten dute. Poliziek etxe on bateko semea dela jakinda, ez dute atxilotzen. Haren etxera eramaten dute. Biharamunean etorriko dira galdeketa egitera. Alta, aurrea hartzen die eta bera doa komisaldegira. Bere erara kontatzen du “ezbeharra” eta salbatzeko ahaleginak egin zituela ikusi zuten lekukoak daudenez, zalantzan, baina aske uzten dute, dena argitu arte herrian geratzeko agindupean. Margolariaren etxera abiatzen da eta haien maitasunaren istorio osoa, deus isildu gabe kontatzen dio erabat apainduta, edertuta. Orain Theresak berari begira dagoela diotso “Sartaldeko ur-jausi irrikatuetan, beti haur, beti urre, beti elur izanen zen printzesa bat, loreen eta kristalezko abardun sagarrodoen artean…” (121 orr.) Bukatutakoan margolariaren etxetik alde egiten du. Itsasora doa bere buruaz beste egitera. Bigarren horretan lortzen du bere helburua eta ez dute haren gorpua aurkitzen.

Narratzaileak margolariari ezartzen dio eleberria bukatzeko lana. Esaten digu non dauden: Pedofiloen paradisuan, Gazteen lurrean. “han, undina eta itsas nesken artean, igurikitzen baitzuen haurrak, bere gorputz eta arima berriz bat eginen eskaintza han egitera gerturik. Beti iraunen zuen eskaintza bat”.

Lagunik, gerorik, ametsik ez duen margolariak ez daki ondo zer egin behar duen. Bere bakartasunean mendekua hartu? Ez du botere nahikorik. Margolariak miresten ditu  bi maitaleak, haien arteko harremana mirari bat zela iritzita. Berak beste Theresa bat nahiko luke, baina (123 orr)… erabakia hartzen du. Margoztu egingo ditu elkarren besoetan, haien elkar-maitatzea gomutatuko duen irudia sortuz (123 orr.). Negarrez, taberna batera sartzen da bere amets etsigarria alkoholean itotzeko. Finito. Honaino argumentua, eleberria.

       Liburuaren irakurketa bukatutakoan, jaso nuen zirrara oraindik handiegia zitzaidan eta, liburua eskuetan nuela, atzeko azalari erreparatu nion. Gabriel Arestiren hitzak zeuden han: “Gaiari buruz, berriz ere, euskaldun prestu, ongi-pentsatzaile eta kristauari hain izugarri iruditzen bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amodio horiek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestoak ez duela lekurik hartzen, libidoaren indarra absente dagoela bertatik, gure erromantikoen denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amodiak ez zirela garbiagoak izan”  eta beherago “Obra hau, libertateari eskainitako kantu bat dela; gezurra badirudi ere”  Bada bai, gezurra iruditzen zait, niri behintzat.

         Nik, euskaldun ez-prestu, txarto-pentsatzaile eta  agnostikotzat dut nire burua, eta amodio horiek lizunak, desordenatu eta desonestoak direla uste dut, eta baita libidoaren indarra eleberriaren tramaren bultzatzaile nagusietariko bat dela.  Miopea naizela bistan dago eta oso, gainera, ezen ez dut ikusten ezta amodio istorioa ere ez.  Nik pedofilia istorio latz eta tristea irakurri dut. Gizon misogino, sadiko eta erasotzaile batek neskato batekiko duen sexu-obsesioaren istorioa, bien heriotza dakarrena.

         Miranderen lana defendatzeko unean, Arestik Miranderen adierazpen-askatasunaren defentsa eta protagonistaren libertatearen defentsa nahasten dituelakoan nago.

         Arestiren irakurketa eta iruzkina eta nireak ez datoz bat, bistan da. Baina zerbaitetan bai gatoz bat; Mirandek lan bikaina sortu zuen eta Haur besoetakoa euskal klasiko bat da. Eta klasikoen ezaugarri nagusia etengabeko irakurketa gaurkotuan badatza, egin dezagun egungo irakurketa.

         Egun, misoginia, pedofilia eta tratu-txarrak, fisiko zein psikologikoak, oraindik ere, arazo larriak dira. Gai horiek guztiak Haur besoetakoa liburuan,  era argian agertu ere agertzen dira, adierazi dugun bezala.

         Erabil ditzagun, bada, ezbaiak sortzeko, sentsibilitate berri, gaurkotu bat eraikitzen hasteko, hots, Haur besoetakoa liburuan gai latz eta gordin horiek hain eder eta ongi azaldurik, deskribaturik agertzen diren pasarteak identifikatzen hasteko edo hobetzeko, adibide garbiak jartzeko (gogoratu tratu-txar psikologikoen prozeduraren deskribapen lortua, adibide baterako) Haur besoetakoa, horretarako (eta beste zeregin batzuetarako, jakina) liburu aproposa eta bikaina baita.

         Honaino gure irakurketa, iruzkina eta proposamena. Espero dugu geroago zuekin komentatzeko eta eztabaidatzeko parada izatea. Mila esker zuen arretagatik eta gero arte.

Josune Muñoz

Advertisements

One Response to Ezin esanezko beldur bat

  1. garazi says:

    Fernando Aramburu, El Munduko artikulugileak, bere blogean, bere liburuaren aurpezpenaren ondoren:

    “Me flanquearon hembras a la mesa. Estaba, pues, como en casa. Es que congenio con el rebaño cuando es bello y huele bien.”

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: