V. urteurrenaren kronika
2012/04/07 Utzi iruzkina
Sareinaken V. urteurrena eta Iruñerriko txoko feministaren hasiera
Kaleetan jendea geldian, eguzkitan goxo trago bat hartzen, Iruñako Alde Zaharrean gaude, Nabarreria kalean. 16. zenbakira gerturatu gara, eta eskerrak zenbakia dakigun, egoitzak ez baitauka inolako izenik. Dena dela, badakigu nora gatozen, Iruñerriko txoko feminista da, oraindik ofizialki inauguratu ez den egoitza. Talde feminista askok hartu du parte elkartzeko eta borrokarako gune hau sortzen: Andrea, Bilgune Feminista, Emakume Internazionalistak, Lumatza, Remigias, Hagin, Atarrabiako Feministak, Donibaneko Feministak eta Txantreako Talde Feminista. Sareinaki aukera aproposa iruditu zaio oraintxe ateak zabaldu dituen etxean taldearen V. urteurrena ospatzea.
Talde polita elkartu gara. Hasieran, Lumatzako Josunek txoko feminista bera aurkeztu du, nola ez, eta ondoren Orreagak Sareinak taldearen berri eman du. Eta segidan Sareinaken V. urteurrena ospatzeko aitzakian prestatutako gogoeta-irakurketa saioari heldu diogu: “Patriarkatua hil da eta ez naiz ni izan”. Onintza
Deustu, Orereta, Gasteiz, Zarautz eta… Iruñea. 2012ko martxoaren 31n elkartu ginen Nafarroako hiriburuan Sareinak taldearen 5. urteurrena ospatzeko. Hasieran web orriaren aurkezpena egin genuen, bloga utzi eta web orrira salto egin dugulako! Jarraitzeko “Patriarkatua hil da eta ez naiz ni izan” mahai-ingurua egin genuen eta patriarkatuari buruz hitz egin genuen: zer den, zein izan den bere bilakaera eta feminismotik bere heriotzari buruz esandakoak aletu genituen. Hori egin ostean, artea, literatura eta poesiari begiratu genien eta haien heriotzari buruz esandakoak partekatu. Hori egiteko moduak konparatu genituen eta horretarako poema irakurtalditxoa tartekatu genuen, mahai-inguruari akabera debatetxoarekin emanez. Afari-luntxa eta kantautorea ere izan genituen, Aran, Lila Downs, Zea Mays edo “Erribera” elkarrekin kantatzeko aukera eman zigun honek bere ahots eta kitarraren laguntzarekin. Iruñeako txoko feminista berria estrenatu genuen modu honetan, giro ederrean, barre, dantza, kantu eta hitz egiteko aukera izan genuen eta oso ondo pasatu genuen. Informazio gehiago izango duzue laster web orri berrian (www.sareinak.org) bideoak eta argazkiak ipintzen ditugunean. Eta patriarkatua argi ibil dadila, bere heriotzaz hitz egiten ari gara eta… Amaia
Bost urte joan dira eta bost urte horietan denbora ez da geldirik egon, ezta urrik eman ere, urrutira joan gabe Euskal Herriko egoera politikoa zertxobait aldatu da eta krisiak gogor jo ditu gure ateak. Feminismoak sekulan baino leku gehiago du eszenatoki hautsi eta era berean konpondu behar honetan. Bost urte hauetan Sareinak Feminismo Literarioen erreferentzia bihurtu da: irakurtalde mugikorra martxan jarriaz, mahai inguru ezberdinetara literatur irakurketa berriak proposatuz, bakoitzak berean feminismoak eta literatura eguneroko jardunean uztartuz, hitz batean, dagokigun hitzari dagokion kolorea eta tempoa jarriz. Eta hori egiten jakin dugu bost urte hauetan. Elkarrekin, banaka, etenik gabeko jardunean eta beti ere xamurtasunak ematen duen babesaren arrimu feministan. Eta publikora begira nahiz erraietara eginiko lanaren ospakizun gozoa izan zen feminista nafarrek ospatzeko aukera eman zigutena joan den asteburuan Nabarreria kalean, emadako aukera eta elkarrekin konpartitu genuena, literatura eta musika bidelagun. Elkarrekin, hitz neurtuekin, elkarren errespetuan eta elkar jantziz egin ditugu bost urteak sarean eta Euskal Herriko hainbat txoko ezberdinetan. Hitz egin dugu eta batez ere algara gozoak bota ditugu. Ainara, Onintza, Josune, Iratxe, Amaia… Bidaide atseginak!!! Asko daukagu egiteko eta, batez ere, desegiteko. Bost urte hauek abiaburua besterik ez dira izan… Gema