Badator hurrengo irakurle taldea: ALUKERIAK!

Apirilaren 27an eguerdiko 12etan Gasteizko Judimendi auzoko AEKn (Jose Mardones kalea, 8) aluari buruzkoak aletuko ditugu.

Hurrengo liburuei buruz hitz egingo dugu:                                                                                                                                                                                           la revelacion

yo amo

Iratxe Esnaolaren “Klitori maitea” gutuna ere izango dugu bidelagun.

ZATOOOOZ!!!

Maiatz-eko emakume idazleen harian

IrudiaElurra mara-mara ari zuela bildu ginen Baionako Euskal museoan zapatuan. Errepaso ederra eman zuten Itxaro Bordak, Marikita Tambourinek eta Amaia Lasak, Josune Muñoz gidari zutela. 1981eko sorrera hura nola izan zen, emakumeen lanak nola bereziki sustatu diren, nola Maiatz plaza irekia izan den edonorentzat, eta laudorioak Luzien Etxezaharretarentzat, eta gogoan Helena Etxekopar-Etxart.

Sareinaken VI. urteurrena larunbat honetan Baionan!

Sareinakek beste urte bat bete du eta zuekin ospatu nahiko genuke!!
Aurten gure ospakizuna Baionako Euskal museoan egingo dugu, mahainguru interesgarri batekin hasita:
VIurteurrena
“Maiatz, euskal emakume sortzaileen leihoa”
Moderatzailea: Josune Muñoz
Eta ondoren, elkarrekin ospatzen jarraituko dugu!!
Gonbidatuta zaudete!

Josune Muñoz: “Objektibitatea da emakumeok desautorizatzeko erabiltzen duten tresna”

Argazkilaria: Dani Blanco

Uxue Alberdik elkarrizketa interesgarria egin dio Josune Muñozi Argian. Hemen duzue interneteko bertsio luzea eta baita paperekora lotura ere.

“Emakumeen bizi-esperientziei buruzko tabu batzuk komikien bidez argituko dira”

Uxue Alberdi

… handitzen zarenean ikasiko duzu isilik egoteak ze min egin digun…

Euskal filologia unibertsitatean ikasi zenuen. Nondik jaso duzu formakuntza feminista?

Autodidakta izan naiz. Ni aspaldiko feminista naiz eta garai hartan Euskal Herrian ez zegoen ikasketa feministak egiteko aukerarik. Londresen eta AEBetan bakarrik eskaintzen ziren ikasketa feministak, eta nik ez nuen haraino joateko modurik. Etengabeko autoformakuntza izan da. Ikaragarrizko hutsunea zegoen, eta formakuntza hori Euskal Herrian eskaintzeko beharra sentitu nuen. Horregatik sortu nuen Skolastika eta horregatik eskaintzen dut literatur kritika feministan trebatzeko mintegia. Nola egin dudan formakuntza hori lortzeko? Asko irakurriz, are gehiago pentsatuz, ondorioak ateraz, aplikatuz, frogatuz… Zorionez, ikasitakoak berehala frogatzeko aukera izan dut. Oso azkar hasi nintzen idatzitako eta pentsatutako guztia praktikan jartzen, eta feedbacka izan dut beti. Nire ibilbidea teoriko-praktikoa izan da. Teorizatze prozesu luzea izan da, baina praktikan ipintzea izan da gehien aberastu nauena. Betidanik ikusi dut jendartean bazegoela teoria feministak jasotzeko gogoa, eta hortik nire egungo ibilbidea. Skolastika 2004an jarri nuen martxan, baina aurretik 6 urte gehiagoko esperientzia nuen, Skolastika ordura artekoari marko bat jartzeko abiatu nuen. Hau sortu arte ni joaten nintzen kanpora, jendearen bila, baina Skolastika martxan jarri nuenetik hau da topagunea, eta ikasleak, interesdunak hona etortzen dira. Hau egunero zabalik dagoen lekua da, gune bat, aukera bat. Lehen kontaktua ni nintzen, baina orain badago espazio bat, liburutegi berezitua, egitasmo bat.

Post hau irakurtzen jarraitu

Itziar Ziga: zakur emearen uluak

Argazkilaria: Alex Larretxi

Bere lehen liburuaren aurkezpena egin zuen Gasteizen eta elkarrizketa egiteko aprobetxatu genuen…

«Feminitate hitzari alergia harrigarria diogu feministok»

Devenir perra (zakur eme bihurtu) liburua idatzi du, feminista femenino eta antipatriarkalak existitzen direnez, beharrezkoak direla aldarri egiteko. Erosi bezain pronto puskatu zaion koroa jantzi du, sos gutxiko glamourra argazkiko lehen planoan ateratzeko.

Errenteriarrak (Gipuzkoa, 1974) Iruñearako bidea hartu zuen aitaren autoritatetik ihesi. Amari tratu txarrak ematen zizkion aitaren atzaparretatik ihesi. Iruñean Elizaren autoritatea ezagutu zuela dio. Bederatzi urte egin ditu Bartzelonan, askatasunean, eta Iruñeara itzuli da. Espainian zehar dabil Devenir perra liburuan kontatutakoak lau haizetara zabaltzen. Ez dakigu noiz errendituko den, bigarren liburua atera berri baitu: Un zulo propio (norberaren zuloa).

Alaska abeslariaren liburua: Transgresoras, las mujeres que cambiaron su mundo, Urratzaileak, euren mundua aldatu zuten emakumeak.

Alaska feminitatearen maitale handia da eta kexu da uste duelako feminismo hegemonikoak (nolabait esatearren) trabestien eta transexualen ekarpena galdu duela feminitatea berrasmatzeko.

Garai hartan king tailerrak egiten ziren, maskulinitate performatiboaz asko hitz egiten zen, eta nik nioen: “Non arraio dago feminitate performatiboa?”. Feministok alergia harrigarria diogu feminitate hitzari, logikoa da, ziria sartu digute emakume generoaren kontuarekin, dena da negatibotasuna eta gutxiagotasuna.

Badago ordea bestelako feminitatea, grinatsua, parodikoa, teatrala, puta eta antipatriarkala. Hori existitzen da eta oso beharrezkoa da. Beharrezkoa da existitzen delako.

Post hau irakurtzen jarraitu

Feminismo marxista korronteko kide bati elkarrizketa

Feminismoen historietan berdintasunaren, diferentziaren eta marxismoaren korronteak ekarri ditugu orain arte: teoria laburtuta eta EHn korronte horretako kide banari elkarrizketa. Hona hemen hirugarren testigantza.


Pilar Etxaniz. Zutik. Aralar

Post hau irakurtzen jarraitu

Uxue Alberdi: “Burusoiltzea gai unibertsala da, baina depilazioa emakumeen kontua”

Uxue Alberdi

Uxue Alberdirekin izan gara. Uxue idazle bezala dugu ezagunago, baina saltsa askotako perrexila dugu neska. Bertsolaritzan ere badabil, eta hortaz mintzatu gara berarekin. Izan ere, Bertsolari Elkartea kezkatuta dabil generoaren kontuarekin, eta zeregin horretan aurkitu dugu Uxue. Emakumeak bertsolari, plaza-emakumeak, gure intimitatea non geratzen den, emakumeon umorea zein den… eta horrelakoez aritu gara, isiltasun ozenetik atera berri den emakume bertsolarien gaiaren ingurumarian.
1.- Nolatan sortu zen elkartean generoaren inguruan zerbait egiteko beharra edo kezka?

Elkartean baino lehen emakumezko bertsolariengan sortu zen kezka. Orain hamar bat urte edo Maialen Lujanbio, Estitxu eta Ixiar Eizagirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Estitxu Arozena, Iratxe Ibarra… talde polita ari zen bertsotan, eta kezka komun batzuk zituztela jabetu ziren. Haien kezkak, ilusioak, pentsaera… hurrengo belaunaldietara ere transmititu da, eta emakumezko bertsolari gehiago garen heinean, generoaren gaiak gero eta pisu handiagoa hartu du gure artean.

Elkartean ikusten zuten emakumezko batzuk kezka hauekin genbiltzala, ohartzen ziren “krak” batzuk sentitzen genituela, eta haiek ulertu nahian hurbildu dira gizonezko batzuk. Gizonezko gehienek ikusten zuten emakumeek bazutela zerbait, baina ez zuten zerbait hori identifikatzen. Orain, generoa lantzeko taldea sortu da Elkartean, denon kezkak konpartitzeko, generoak nola eragiten digun aztertzeko: kantatzerako orduan, bertso saioak antolatzean bertsolariak hautatzerako orduan, Elkarteko aginte edo lan postuetarako jendea hautatzerako orduan… Zeharlerroa da, beste alor guztiak ukitzen dituena, eta landu egin nahi dugu.

Post hau irakurtzen jarraitu

Mariasun Landa: “Literaturan hastear nagoela iruditzen zait”

EIE-tik hartua

Aspaldian genbiltzan Mariasun Landarekin hitz egin nahian, eta azkenean, berak antolatutako festak, nahiz eta aldameneko gelan izan, Zemoriya kalera eraman gaitu. Mariasun bere niaren bila abiatu zen Paris aldera, eta han unibertso handi batekin topo egin zuen. Gu, ordea, Landaren ni handi horren peskizan arrimatu gara, 10 galdera otarrean, Zurriolako kaskora, eta oso ondo topatu dugu. Aitortu digu, oro har, orain askoz hobeto dagoela lehen baino. Urteak pasatzeak gauza on asko ekartzen dituela esan digu, aipatzen ez diren gauzak, betiere, osasuna eta edertasuna direlako aipatzen direnak. Norberaren burua gehixeago ezagutzeak umilago eta lasaiago bizitzeko parada ematen duela aipatu digu. Eta hori dena diogu Mariasun Landak azken liburuarekin aspaldian zorretan zuen zerbait bete duelako: bizitzan atzera begiratu eta zentzua eman bizitakoari. Paul Ricouer eta beste hainbat filosofok diote bizitza kaosa dela, eta narratibitateak ematen diola kaos horri egitura.

Bere etxean, siestarako tenorean, hartu gaitu. Mariasunek ez omen du etxearekin jende gehienak duen maitemin sakrosantua, maite maite bai, baina izugarri estimatzen omen du hotelek ematen duten mugimendua ez ezik anonimatua ere. Baina bakoitzaren etxeak asko esaten du jabeaz, eta prestatu digun kafeak, galleta goxo minimalistek eta oparitu dizkigun liburu sinatuek asko adierazten dute idazle horren azpian dagoen elefante txori bihotza handiaren izateaz. Etxea ez da arrunta, Errusikarentzat aproposa, jauziz jauzi igo behar baitira bizitzaren kontinente guztiak. Tontorrean, logelarako bideetan, eskailera-buruan, minimalismoa hautsi eta irribarrea sorrarazten dizun gizon bat: Woody Allen. Amak esaten omen dio Mariasuni ea noiz kendu behar duen gizon hura handik.

Post hau irakurtzen jarraitu

Haserrearen begirada

Amaia Alvarez Uria

Hogeita hamar urte

Aurreko astearen hondarrean Xabier Arakistainek eta Maura Reillyk komisariatutako arte feministari buruzko erakusketarekin lotutako jardunaldiak egon ziren Gasteizen. Bai Montehermosoko kulturunean dagoen erakusketak baita jardunaldiek ere izen bera dute: Haserrearen begirada/La mirada iracunda. Izen hau Amelia Valcarcelek erabili zuen 1996an idatzi zuen La política de las mujeres liburuan. Bertan emakume askori gertatzen zaiena azaltzen du izendapen honen bidez; emakume hauek euren bizitzako lehen hogeita hamar urtetan bizi izan dira “berdintasunaren lilura” barneratuta eta halako batean lanean aurrera egiteko oztopoa aurkitu dute: “kristalezko sabaia”. Momentu honetan konturatzen dira errealitatean “desberdintasun” egoeran daudela eta haserre erantzuten dute. Hau artistei ere gertatzen zaie eta hori erakutsi nahi izan dute bi jarduera hauetan.

Jardunaldietan ikusi eta entzun ditugunetatik bi kontu azpimarratuko nituzke: alde batetik arte feministaren sorrera edo loraldia egon zela duela hogeita hamar urte baino gehiago AEBetan eta harrigarria da gaur arte itxaron behar izana Arakisen eskutik Euskal Herrian hau ezagutzen hasteko (hemen izan diren erakusketa handienak edo ezagunenak aipatzearren aurreko udan Bilbora Kiss kiss bang bang ekarri zigun Arakisek, blog honetan bertan egin genuen kronikatxoa, eta urtarrilaren amaieran Gasteizen aurkeztu berri digu orain komentatzen ari garen Haserrearen begirada). Arte feministaren ale batzuk ezagutzeko aukera izan genuen aurreko asteko hitzaldi sorta honen bidez (AEBetatik eta Europako herri batzuetatik etorri ziren artista batzuk euren lanaren berri ematera eta panorama anitza eta iradokitzailea egin ziguten belaunaldi eta jarrera desberdinetako hizlariek).

Beste alde batetik oso adierazgarria izan zen mugimendu feministaren azken aldiko kezkek igandean hartu zuten protagonismoa. Genero kategoriak ematen dituen arazoei buruz aritu ginen eta oso ondo adierazi zuten batzuek eta besteek honi buruz zuten ikuspegia (dauden abantaila eta desabantailak eta erabilera zuzen eta okerrak). Gai honek beste bat ekarri zuen berarekin, genero sistema gainditzeko azken proposamen multzoa den Queer teoria hain zuzen ere. Hemen ere kritikak eta arazoak planteatu ziren eztabaida apur bat berotuz. Azkenik postfeminismoari buruz ere bi hitz egin ziren, aurreko bi gaiekin kateatuta agertu zitzaigulako hau ere. Eta guzti hau ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz! (aldibereko itzulpengintzaren laguntzaz eta euskararen ausentziaz… ea hurrengorako hau hobetzen dugun!). Oso aberasgarria izan zen!

Beraz, jardunaldiak joan dira (erakusketaren katalogoan agertuko dira ponentziak etorri ez zirenentzat) baina erakusketa maiatzaren 4ra arte egongo da. Aurten hogeita hamar urte bete dituen sarein honek gonbidatzen zaituzte erakusketa hau ikustera eta arte feminista ezagutzera, baditu eta haserrearen begirada honek ikustea merezi dutenak.

Amaia

Bertan parte hartu zuen Lourdes Mendezi elkarrizketa egin zioten Berrian

Blogosferatik zuzenean… ptqk eta placida

This slideshow requires JavaScript.

PTQK edo Maria (Bilbo, 1976) eta Placida 2.0 edo Irene (Elgoibar, 1978) 2004 eta 2005 artean murgildu ziren blogosferan eta gaur egun eskarmentu handiko blogerrak dira. Artistak, feministak, saregileak, biek daukate asko kontatzeko eta oraindik ezagutzen ez badituzue hemen daukazue aukera.

Maria / ptqk eta Irene / placida

1. Sarea espazio askea da?

PTQK: Sarea ez da espazio askea, deszentralizatutako espazio bat da. Hau da, ez dauka hierarkia estatikorik eta eraldatzeko gaitasun mugagabea du lotura edo partehartze bakoitzarekin bere egitura aldatzen da. Izaki bizidun bat bezalakoa da, bere (informazio) jarioekin, bere eragile katalizatzaileekin (erabiltzaileak eta euren sareak) eta baita bere eragile kaltegarriekin (adibidez ezagutza eskuragaitz ipintzen duten jabego intelektualaren legeak edo interneten erabilera komertzialegia egiten duten korporazioen agerpena). Batzuetan honek askatasuna dirudi, baina ez da. Indar eta botere harremanak daude eta interes ekonomiko ugari. Meta-baliabide edo meta-euskarri bat dela hartu behar dugu kontuan, hots, baliabideen baliabidea, beraz, askatasun eremua baino gehiago boteregune bat da. Baina edonola ere liluragarria da.

Placida: Sarea, batez ere 90eko hamarkadan, baina orain ere, espazio aske eta alternatiboa izan da (eta da). Horren lekuko dira mugimendu ziberfeminista eta ziberkritikoak, hacker mugimendua, ziberpunka, komunikabide alternatiboak, e. a. Sareak, halere, badu beste aurpegi bat, aurpegi kapitalista eta biolentoa. 90eko hamarkada horretan “puntocom” guneak ikaragarri puztu ziren eta espekulazio handia izan zen; horren ondotik sareak bizi izan duen lehenengo krisialdi sakona iritsi zen. Horrez gain, pornografia konbentzionalak eragin handia izan du sarearen garapenean, adibidez pantailen erresoluzioa hobetzerakoan, irudi pornografiko edo erotikoak hobe ikusi ahal izateko. Azken urteetan, bipuntuzero weba indartu da eta suposatzen da boterea erabiltzaileok dugula, denak garela berdinak. Bipuntuzero herramintak testuak, argazkiak, bideoak eta audioak webean argitaratzeko aukera zabaldu dute, eta egun ia edonork igo ditzake edukiak interneten, komunikabide tradizionalen oinarriak kolokan jarriaz. Baina bipuntuzero tresna hauek badute beste aurpegi ilunago bat ere: ez da egia denok berdinak garela sarean; betikoek gero eta botere handiagoa dute. Konpainia handiak sareak duen garrantziaz jabetu dira eta han daude jada; Google eta Microsoft bezalako enpresa handiek sarea eta softwarea kontrolatu nahi dituzte, eta azkenean gu bipuntuzero webaren proletario bihurtu gara, Googlerentzat erregistroak sortzen. Wikipediako sortzaileak hitzaldi batean esan zuen Donostian: “milioika lagun ditut niretzako musutruk lan egiten”. Batzuetan askatu gaitzakeen herraminta hori bera da esklabu bihurtzen gaituena, eta sarearekin hori gertatzen dela uste dut.

Post hau irakurtzen jarraitu