Feminismoen historiak
2007/02/12 Utzi iruzkina
Iratxe Retolaza
Mugimendu feminista anitzen berri ematen duten hurbiltze-historikoak ez dira asko, eta ezagutzen ditugun gehienetan, mugimendu ezagun eta zabaldu horiexek dira behin eta berriro gogora ekartzen direnak, zertzelada orokorrak mugatuz, eta eztabaidagaiak bazterrean igaroaraziz. Zabaltzen dugun espazio honek, FEMINISMOEN HISTORIAK, izenburu ponpoxo bezain zamatsuz bataiaturikoak, feminismoaren historiarako hurbiltzea izateko asmoa du; zehatz esanda, feminismoa bere molde eta agerpen anitzetan ulertzeko saioa izango da, eta baita korronte horietariko zenbaitetan harrotu izan diren eztabaidagaiak hausnarketara ekartzeko gunea ere.
Are gehiago, feminismo horien historia idatzi eta berridazteko gunea izan nahi du. Baina, ez dugu feminismoen historietan barna bakarrik bidaiatu nahi, ez. Irakurle, zure laguntza behar-beharrezkoa dugu abiatu nahi dugun bidaia honetan ahalik eta ikuspuntu gehien biltzeko, ahalik eta ikuspegi historiko bete eta anitzena emateko. Baina, bidaia guzti-guztiek behar dute abiapuntu bat, abiatzeko portu bat. Bidaia guzti-guztietan beharrezkoa da lehen urratsak emateko gida-antzeko bat eskura izatea, urratsak noraezean ez emateko.
Amaiak eta biok, elkarlanean egin nahi dugun bidaia honetan lehen pausoak emateko, gida-liburu bat hautatu beharrean ginen, eta azkenean, Rosemarie Putnam Tong-en FEMINIST THOUGHT hautatzea erabaki genuen. Batez ere bi arrazoik eraman gintuzten gida-liburu hau aukeratzera: batetik, feminismoan askotariko joerak daudela ederki azalarazten duen liburua delako; bestetik, joera anitz horiek sailkatzeko edo antolatzeko ahalegina egiten delako. Dena den, liburu honetatik abiatuta mugimendu feministen joera eta korronte horiek azaltzeko ahalegina egitearekin batera, gune honetan ere Euskal Herrikoetara hurbiltzen ahaleginduko gara. Eta horretarako, izan ziur, irakurle, zure laguntza ezinbestekoa da, zure lekukotza, zure begirada.
Tongen liburuak aipaturiko korronteak eta Euskal Herrikoak uztartu ahal izateko, eta bien arteko elkarrizketa abian jartzeko, honako bide hau iruditu zaigu egokiena: lehenik, Tongen liburuaren atalen laburpenak eskainiko ditugu, atalez atal, korrontez korronte; bigarrenik, atal bakoitzaren azalpenaren ondoren, pixkana-pixkana Euskal Herriko mugimendu eta ekimenen berri emango dugu; azkenik, mugimendu hauetako protagonistei hitza emateko zabalduko da gunea, eta baita zuei guztiei hitza emateko. Guztion artean ikuspegi historiko hori aberastea eta osatzea da asmoa, ekin diezaiogun gogotsu!
Bestalde, ezin ahaztu sareko espazio honek literatura eta feminismoaren bidegurutzean haztaka ibiltzeko gogoari erantzuten diola, eta beraz, FEMINISMOEN HISTORIAK atal honetan ere, mugimendu feminista horietan kulturara eta bereziki literaturara hurbiltzeko egon diren bideen berri ematen saiatuko gara.