Ekialde Hurbila
2007/02/12 Utzi iruzkina
Josune Muñoz
Komunikabideetan behin eta berriro ikusi eta entzuten ditugu: Iran, Irak, Israel, Palestina, kurdistan, Turkia… suteak, emakume estaliak, gerla, petroleoa, area, istiluak… gure begietan beste irudi batzuk uzteko bidea, literatura, dudarik ez.
Poesia eta kaligrafia ederrenetako eremu horretan bi dira azpimarratzeko liburuak, biak ere ahozkoak jatorriz. Bata, AL CORAN, erlijio, kultura, gizarte eta zuzenbideari dagokiona, musulman kultura ulertzeko ezinbestekoa. Euskaraz itzultzeke dago. Bestea, askoz ere literarioagoa: 1000 gau eta bat gehiago. Euskaraz, dakigula, honen bertsio laburtuak baino ez daude; gehienak Patxi Zubizarretaren eskutik euskarara bilduak, eta 90eko hamarkadan kaleratuak: besteak beste, Ali-Baba eta 40 lapurrak, Aladin eta Sinbad marinelaren historia. Gazte literaturako sailean eta Pamielan argitaratuak. 2002koa da Mila gau eta bat gehiago (Erein) Halere, aspaldikoa da ipuin arabiarrak itzultzeko eta moldatzeko interesa eta lana. 80eko hamarkadakoak dira Patxi Ezkiagaren Ate debekatua (Erein), J.A. Ormazabalek egokitutako Zoritxarreko babutxak eta I. Mendigurenen esku plazaraturiko Arabiako gau ipunak, azken bi hauek Elkar argitaletxean plazaraturikoak. 1988an Txertoa argitaletxeak Hamahiru ipuin arabiar plazaratu zuen -Xabier Galarretaren hitzaurrea eta guzti- eta 1992. urtean Elkarrek Xerazaderen gauak plazaratu zuen, J.M. Olaizolak, Txilikuk, egokiturikoa. Liburu honetako istorio guztiek kontatzailearen izena dute, azkenean, XERAZADE ren garrantzia ez da ahaztu. Emakume gazte, lirain, azkar, ausart, kulturadun eta jakintsu honen lorpenak maiz aldarrikatzen dituzte bere kulturaren egungo emakume idazleek. Izan ere, haien liburuetan XERAZADEren figura historiko, literario eta feminista erabiltzen dute sinbologia eta inspirazio gisa. Gure kulturan haur eta gazte literaturarako egokitze ugariak testuinguruaren pobretzea eta galtzea ekarri du. Aberasteko, Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta), udan hil zen NAGIB MAHFUZ idazle egipziar oparoaren liburu bitxia proposatzen dugu. Abendutik irakur dezakegu Mirarien kalezuloa (Alberdania), Kairon kokatzen den eleberria; biak Patxi Zubizarretak bikain itzulitakoak, eta Mahfuzek Nobel saria eskuratzeko arrazoiak ulertzeko lagungarriak. Alde geografiko hau hobeto ezagutzeko bidaia liburu bi aipatu behar dugu: Ekialdeko mamuak (Elkar, 2002) liburuan Jon Arretxek Istanbuletik Teheranerainoko bere bidaia kontatzen digu. Baina baten bat gomendatzekotan, geuk, Amaia Elosegi eta Esther Mugertzaren Txirringaren aienean nahiago, bidaia 90eko hamarkadan egin bazuten ere, kontaketa zehatza eta sakonagoa da, hango emakumeen egoera hobeto ezagutu, ulertu eta kontatzen baitute. Bidaia-liburua baino kazetari-kronika dugu Joseba Iriondoren Palestina Hotela (Elea, 2003) liburua. Iriondok Irakeko gerlan berriemaile izan zeneko esperientziak isuri zituen arin eta, egunean ere, Iraken gertatzen ari dena ulertzeko estimagarria den tresna bilakatu da. Literaturara bueltatuz, guk ibilibide literario paraleloa proposatzen dizuegu. Beraz, TURKIAn hasiko gara, idazle bikain eta konprometitu honekin, Nobel saria eskuratzeko atean geratu ohi den idazle honekin: YASAR KEMAL, idazle Kurdo-Turkoa. Kemalek baditu Zanpa ezak sugea (Txalaparta, 1999) eta Ararat mendiaren sumina (Alberdania, 2003) euskaraz irakur ditzagun. Kurdoa ere bada Nire aitaren fusila liburuaren egilea, HINER SHALEEM. 2002an argitaratu zen euskaraz, J.K. Igerabidek itzulia. Liburu gomendagarria. Ezagutzeko aukeran ere, SIRIAko RAFIK SCHAMIren Eskua bete izar liburua (Elkar, 1992). Gazte literatura da, baina guztiok gusto-gustora irakurriko duzuelakoan gaude. Era berean, IRANeko SAMAD BERANGHIren umeentzako lan bat irakur dezakegu: Arrain beltz txikia (Txalaparta, 1993). Beranghiren liburuak oso xamur eta ideologikoak dira, gobernuaren ideologiaren kontra egiteraino; eta heriotza ekarri zioten. Ekialde hurbileko nortasun literarioa ez da ulertzen hango poesia bikaina kontuan hartu barik. Honen adibide klasikoa, persieraz, egungo IRANetik hau datorkigu burura: OMAR KHAYYAMen Rubiayatak XI. mendeko poesia laburra. Joxemari Iturraldek Ereinerako egokitu zuena 2001ean. Carpe vitam, noctem, vinum, feminas… aholkuak diren 170 lauko liriko eta errazak.
Eta emakume idazlerik ez al da? Ba, dakigunaren arabera hango emakumeak itzultzeke daude. Hurrengoan, emakume idazle horien izenak bertaratzeaz gain komentatu egingo ditugu. Zuen esperoan… Agur, edo haiek esan bezala, Shalam.
Gaurkoa, Ekialde hurbileko emakumeen literatura labur kontatzeko lana… Bai lana! Nondik hasi? Hasieratik? 1988tik, adibidez? Hango emakumeekiko jakinmin literarioa duela gutxikoa da, alegia, 1988tik datorkigu, Kenize Mouradek bere De parte de la princesa muerta (Muchnik) argitara eman zuenetik. Sherezade, sultanak, zapiak, haremak… Ohiko irudiei modernitatea gehitu zaie, egunean era askotako literatura sortzen ari direnak: jakintsua, historikoa, testigantzarena, aldarrikatzekoa, lirikoa eta gehienetan haien egoera misoginoa salatzekoa, Botaina Shaabanen *Mujeres árabes hablan de sus vidas* (Legado andalusí,2000) liburua adibide. Gaian sartzeko saiakera liburu batzuk oso gomendagarriak dira: Dujardin Lacosteren Las madres contra las mujeres (Catedra, 1993), Geraldine Brooksen Un mundo bajo el velo (Grijalbo, 1996), Irshad Manjiren Mis dilemas con el Islam (Maeva, 2004), Mª Dolores Masanaren Princesas del Islam (Plaza y Janés, 2004) edota Joan Venturaren El surco del labradoreta *La mujer según el texto del Coran* (Hergue, 2006).
Literarioagoak dira Sherezaderen Las mil y una noches (Destino, 1998), Historias de Mujeres sagaces (Ellago, 2005), Assia Djebarren Lejos de Medina (Alianza, 2004) eta antologia bat: *Escritoras árabes* (Icaria, 1999).
Idazleen izenak ekartzeko unean, SIRIAtik, poesiatik hastea erabaki dugu: Maram Al-Masri-kek Cereza roja sobre losas blancas (Lancelot 2003) liburu benetan bikain eta aparta sortu du, jende askori gustatzen zaiona. Poesia bikaina ere IRANetik Forugh Farrojzad famatuaren eskutik Nuevo nacimiento (Ed. Del Oriente y del Mediterraneo, 2002) TURKOA da Emine Sevgi Özdamar idazle benetan gomendagarria. Geuk bere El puente del cuerno de oro (Alfaguara, 2000) eleberria proposatzen dizuegu. Susan Samanci idazle KURDOaren liburu bakarra dugu, baina eder-ederra: *Helîn olía a resina (Txalaparta, 1999). LIBANOtik Hanan Al Shaykh, erotismoa, modernitatea, inmigrazioa, gerra… Bere Barriendo el sol de los tejados* (Etnicos del bronce, 2001) ipuin liburua euskaratu beharko genuke, dudarik ez.
Hala ere, zerrenda hau ez litzateke osorik egongo AUTOBIOGRAFIAK edota AUTOBIOGRAFIA LAGUNDUAK ez baleude; Hango emakumeen eguneroko egoera politikoa, ekonomikoa, juridiko eta emoziozkoa lehengo pertsonan kontatuak eta hobeto ezagutzeko ezinbestekoak. Guztien arteko aitzindariak: IRANetik Betty Mahmoodyken No sin mi hija (Plaza & Janés, 1991) eta ARABIA SAUDItik Jean Sassonen Sultana (Plaza & Janés, 1994) fundamentalismoaren gehiegikeriak salatuz. Geroago heldu ziren Soheur Khassoggiren Amira (Plaza & Janés, 97) Azar Nafisiren Leer Lolita en Teheran (ElAleph, 2003) Farah Karimiren El secreto del fuego (Espasa, 2006) eta, agian, zirraragarriena: CISJORDANIAtik, Souaden Quemada viva (Martinez Roca, 2002) ohoreko krimenen inguruan dagoen “zapia” altxatzeko behar-beharrezkoa.
Bukatzeko, normalean irakurtzen ez ditugun generoak ekarriko nahi izan ditugu: Marijane Satrapi komikigileak Persepolis (Norma 2004) lan originalarekin onespen, ospe eta sari ugari jaso ditu. Nuha Al Radíken Los diarios de Bagdad (Lumen, 2003) eta Thura Al-Windawiken El diario de Thura (Ediciones B, 2004) bakoitzak bere jendarte-mailatik, bere etxeko leihotik Irakeko gerra kontatzen digu, baina gerra hori ondoen kontatzen diguna Riverbend blogaria da. Interneten bidez sorturiko literatura interesatzen bazaizu bere Bagdad en llamas (Laertes, 2006) zure liburua da. On egin!