XV-XVI. mendeak: Negar eta Kexu kantak
2007/05/03 Utzi iruzkina
Josune eta Amaia
Gure liburuzainak XV eta XVI. mendeetako andra eresilariei buruz berba egingo dute oraingo honetan (gainera hasieran Iratxeren bisita izango dute). Haien elkarrizketa irakurri nahi duzu? Sartu liburutegian orduan…
A: Aupa neskak, zelan liburutegian? Jai eguna da eta!
J: Liburutegian beti ondo, liburuen artean beti lanean baina ondo.
A: Aurrekoan egon nintzen euskal abeslari batzuen letrak irakurtzen eta gogoratu nintzen Milia Lasturkoren eresiaren hitz indartsuekin.
MILIA LASTURKO
*Cer ete da andra erdiaen çauria? / Sagar errea, eta ardoa gorria. Alabaya, contrario da Milia: / Azpian lur oça gañean arria. Lastur-era bear doçu, Milia. / Ayta jaunac eresten dau elia, Ama andreac apaynquetan obia. / Ara bear doçu, Milia. lausi da cerurean arria. Eç dauco Peru Garciac bearric / Ain gah andia apucadua gatic. Ceruetaco mandatua içanic, / Andrarioc ala cumpli jasoric. Guiçon chipi sotil baten andra çan, / Ate arte çabalean oy çan, Guilça porra andiaen jabe çan, / Onrra andi asco cumplidu jacan. Arren ene andra Milia Lastur-co, / Mandatariac eguin deust gaxtoto. Cerurean jausi da abea, / Jo dau Lastur-co torre gorea, Eroan ditu ango jauna eta andrea, / Bata leen, guero bestea. Bidaldu dogu ceruetara cartea: / Arren diguela gure andrea. Mondragoeri artu deusat gorroto.*
I: Hara! Ni atzo Itxaro Bordaren Krokodil bat dut bihotzaren ordez poema liburua irakurtzen ari nintzela, “Milia Lasturko revisited” poema ederra topatu nuen… Indartsua, berrirakurketa probokatzailea!!!
A: Ez da hemendik egongo, apalen batean gordeta…
I: Bai, hemen dago. Hortxe doa:
Itxaro Bordaren “Milia Lastur revisited”
Hilhotzen karrasiak josirik ahoan / nola aurkituko dun hire sokorria? maiteko haut Milia ez hadila joan / hator edan dezagun ardao gorria… baratz aberatsetan ebatsi sagarrak / gordeko ditinago bide bazterretan. ahantz otoi Milia sarraski zaharrak / eta suaren kantak bide hats erretan. belar bustiek egin maitasun ohantzan / etzanen gaitun gero bi biak bihotza gauero zazpi itzal ikusteko dantzan / non dago harria? non dago lur hotza? eresi hark ziona jartzeko zalantzan / maiteko haut Milia ez hadila lotsa…
J: Kuriosoa eta pozgarria ere Ana toledok bere euskaltzain osoko kargua onartzeko diskurtsoan negar kanta baten hitza moldatzea eta erabiltzea: Oinetako lur hau yabilt ikara… Ozaetako Santxarena. Guzti honek esan nahi dau gure aurreko andreen lan literarioa hasi garela berreskuratzen eta erabiltzen. Berri on ona da.
*Onateko larra jabilt ikora, lau aragurek berean berala, Martin Bañez Ibarreta’n il dala. Artuko dot esku batean gezia, bestean suzi iraxegia: Erreko dot Aramayo guztia*
A: Ba Joseba Sarrionandiak ere aipatzen du Milia eta baladen hizkera bere Ni ez naiz hemengoa lanean. Besteak beste hurrengo hau esaten du:
Gaston Paris, Leo Spitzer eta bestek Erdi Haroko lirikaren erroak andereek eginiko udaberri eta dantza kantuetan aurkitu behar direla frogatu dute. Erdi Haroko lirika andereek egina zen hein handian, halan frauenlieder alemanak, cantigas de amigo galaikoportugesak, refrains frantsesak, daino lituanoak, edo khardja mozarabeak, edo andereen abotsetan imintzen zen betiere. Muwassaha arabeak, hain zuzen, jawari edo esklaboek kantatzen zituzten kalifen atseginerako, esklaba arrotzek gehienetan. Bada, Europako lirika zaharra andereena zen batik bat, eta bere kantuak ernalindar eta amodio festetakoak omen ziren, paganoak beraz. Erdi Haroko eliza dokumentuetan, berriz, behin eta berriro debekatzen ziren andere kantuak, pagano jatorrikoak eta lizunak zirelakoan. Baina tradizioa, andere lirika, andere eresien tradizioa ez zen han hemenka berandura rte amatatu, ez eta Euskal Herrian ere, Esteban Garibaikoaren testigantza haintzat hartzekoa bada.
I: Bai, ahozko tradizio horren oihartzuna eta lotura idazle askorengan antzematen da, baina, beharbada, Itxaro Bordak abiaturiko bide hori da oraintsu indartzen ari dena. Alegia, Josunek esan bezala, ahozko tradizio horretan andreen sorkuntzak ere bazuela lekua aldarrikatzearena.
J: Zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gehiago erabiliko dira ere. Aipatu ditugunak baino gehiago daude oraindik.
A: Bai, adibidez Debakoa zen Alosko Usoaren kanta:
Aita jauna neria / Gaztelan zanian Ixil askorik jaio zan / Alostorrian semia Eta ala ere ixilagorik / dago bakian Azitzen Zarautz aldian / gure jatorriaren loitukerian Ai au mindura beltza / ai, nire lotsa Alabak negarra eta / aitak lur hotza
A: Baina sorkuntza horrek mugak izan zituen, ezta?
J: Hasieran muga ez fisikoak: gaia. eresilariek oso negar-kanta onak, gogorrak eta salatzekoak egiten zituzten eta hau ez zen danen gustokoa izan. Geroago mugak fisikoak bilakatu ziren: ezin hilerriraino heldu, geroago ezin herritik atera, ezin etxetik atera, ezin kantatu… Batzuek bere lanbidea guztiz galdu arte.
A: Badagoz be bai lege edo debeku batzuk, ezta?
J: Foruetan agertu zirenak frogatzeko daude, honi gehitu behar diogu herri bakoitzean hartu ziren neurriak. Harrigarria da heldu zaizkigunak heltzea eta mendeetan zehar mantentzea. Miraria iruditzen zait.
A: Ba bai, ahozko tradizoaren biziraupena harrigarria da. Batzuk ahoz aho familian bazkalostean edo lan egiten zuten bitartean kantatzen eta kontatzen zituztenak eta beste batzuk besteen ahotik paperera jasotakoak.
J: Eta mantendu diren negar-kanten mezuak, hitzak, salaketa politikoak eta sortzaileen nortasun sendoa. Dana harritzekoa eta erabiltzekoa lehen esan dugun bezala.
A: Baina papera ahotsa baino garrantzitsuagoa da mundu honetako mendebaldean, ezta? Afrikan zahar bat hiltzen den bakoitzean liburutegi bat erretzen dela diote.
J: Gaur egun hori ez, beti. Gogoratu Erdi Aroan europa osotik zebiltzan juglarrak. pertsona horiek ahozko literaturaren altxorrean ikasiak eta adituak ziren. Kantak, ipuinak, mitoak, leiendak, historia… Era ezberdinetako ahozko materialak ezagutzen zituzten eta lekua, eguna eta ospakizunaren arabera moldatzen eta erabiltzen zituzten. Tamalez ohitura hori galdu dugu (bertsolariak eta ipuin kontalariak salbu). Afrikan,ostera, bizirik mantentzen da griot eta griottten buru eta ahoetan. horiek hiltzen diren bakoitzean liburutegi bat erreko bailitzan da, egia. Zorionez beraiek badituzte belaunaldi berriak eta ohitura mantentzeko kezka eta grina.
A: Bai, orain udako abestiak urtebete irauten du eta hori da daukagun ahozko tradizio bakarrenetakoa (haurren munduaz aparte, jakina!)… Zer gehiago kontatu ahal didazu negar kantei eta kexu kantei buruz?
J: Gehiago kontatzeko… Erdi Arokoak direla negar-kantak eta ondo azaltzen digutela goi-mailako emakumeen papera: gizonezkoak gerlan euskal herriko lurrak banatzeko guda luzean eta emakumeak hildakoak negarrez jasotzen, garbitzen eta dorrea/leinua defendatzen, beraiengandik espero zen paper soziala betetzen. Negar-kantek guda garaira eramaten gaituzte. Kexu-kantek bake garaira. orain banatutako lurrak mantendu, ziurtatu behar dira eta horretarako ezkontzak baziren tresna ezin hobea. Emakumeen ahotsak kontra entzuten dira negar-kantetan. Berriro ere azpimarratu behar dugu goi-mailako emakumeei buruz ari garela.
A: Aitzpea Goenagak idatzi zuen orain dela gutxi Santxa deitzen den antzezlana. Hor agertzen da orduko andere indartsu eta ez ohiko baten bizitza. Beste alde batetik daukagu alfabetizazioaren datua, garai hartan oso jende gutxik zekien idazten eta irakurtzen, horregatik zuen hain paper garrantztsua ahozkoak. XV-XVI. mendeetan hasi zen literatura idatzia gurean, beti ere jende noble edo elizakoaren artean. Adibidez Etxepare eta Lazarraga dauzkagu euskal literaturan: bata apaiza eta bestea eskribaua edo idazkaria…
J: Baina Lazarragarekin batera emakume baten izena aipatzen da, ezta?
A: Bai, Estibaliz de Sasiola.
J: Orain kontadazu zuk.
A: Oraindik ez dago probatuta ezta nahikoa ikertuta ere, baina bereak izan daitezkeen hiru maitasun poema agertzen dira Lazarragaren eskuizkribuan. Patri Urkizuk hitz egin zuen honi buruz azken Lapurdumen, 10.enean. Artikulu horretan agertzen da bere hipotesia, eta honekin batera galdera nagusienari erantzun posible bat: Zer ba agertzen dira beste idazle baten (Estibaliz de Sasiola beste idazle bat izatekotan) olerkiak Lazarragaren testuekin batera?
J: Ba ikertu beharko ditugu kanta horiek!
J: Inoiz entzun duzu “Ama saldu nazu behi bat bezala” kanta?
A: Bai, ze ba?
J: Hori dalako kexu kanta baten adibide bat, eta gehiago daude.
A: Ba beste batean erakutsiko dizkidazu, ados? Orain hobe dugu bazkaltzera joatea, ez duzu uste?
J: Ados. Portzierto! Birginitate kontuarena ere badago, ezkontza onetarako gizonezkoentzat hain beharrezko eta garrantzitsua zena.
A: Primeran. Zenbat ikasiko dogun gure berriketa hauetan, ezta?
J: Bai, hala uste dot. Beno ba. Goazen bazkaltzera!