Ez dut uste gaur egun -emakume idazlea- eta -emakumeen unibertsoa- esistitzen denik, inoiz esistitu bada
2007/06/17 Utzi iruzkina
Michigan State Unibertsitateko irakaslea dugu gaurkoan solaskide: Joseba Gabilondo. Berarekin argudioan, honako desafioa bota digu eta guk oso kontuan hartu: Desafio bat bota nahiko nizueke, eta nire laguntza eskaini era berean, izan ere, uste dut momentu honetan lagungarrien gerta daitekeena, euskal emakumezkoen literatur historia bat izango litzatekeela. Ez dut uste historia hau era fundamentalista batean idatzi behar denik, halako emakumezko nazionalismo separatista bat sortuz. Uste dut, historia honen bidez, emakumezko idazleak errebindikatu behar direla, baina era berean generoa, botere egitura bezala, aztertu, eta beraz, maskulinitatea bera aztertu, gizonek beren posizio unibertsala gal dezaten eta berauek ere gizabanako historiko bihur daitezen. Alegia historia honek ez luke “gutiengo” baten historia izan beharko (honek indartu baino ez baitu egiten “gehiengoaren historia”ren kontzeptu maskulinista) baizik eta euskal literatura berrirakurtzeko beste bide bat, aurrekoak bezain unibertsal eta “gehiengo”.
Euskal literatura zatiturik dagoela diozu, alde batetik, nazioa berriro ni fantasmatiko baten bidez kontatu nahi duen diskurtsoa dagoela eta, bestetik; ironia, kritika, auto-erreflexioa, desira eta globalizazioa jorratzen dituen literatur mota dagoela. Sailkapen horretan non kokatzen duzu egun emakume idazlea eta literaturak sorturiko emakumeen unibertsoa?
Zatiketa hori 90eko hamarkada hasierarako egin nuen bakarrik, hain zuzen postnazionalismo/globalizaziorako trantsizio garairako. Uste dut gaur gauzak nahikoa aldatu direla eta izpiritu ihauteriazko hori (Bakhtin) joan dela dagoeneko. Aldaketa historiko garrantzitsu batean zeinu baino ez zen momentu hori. Egun merkataritzak, promozioak, profesionalizazioak eta abarrek markatzen dute literatura. Dena den, hau da lehenengo aldia euskal literaturan horrenbeste belaunaldi batera bizi eta idazten ari direna eta beraz ez dago diagnostiko zuzen eta errazik egiterik -diagnostikoa ugaritasuna beraz ez bada. Ez dut uste gaur egun “emakume idazlea” eta “emakumeen unibertsoa” esistitzen denik, inoiz esistitu bada. Nere liburuan ere defendatzen nuen emakume idazle gehienek elkarrekin komunean zutena negatibitate/ezkortasun bat baino ez zela, “erbeste amatiarra” bezala definitzen nuena, eta ezkortasun hori ere ez zen unibertsala, Itxaro Borda bezalako idazleek (hegoaldekoa ez dena, literatura heterosexuala idazten ez duena) ihes egiten baitiote. Beraz zure galderari erantzunez, ez dago inon edota denean dago. Ez dut uste Itxaro Borda eta Jasone Osoro bezalako bi idazle errazki konpara daitezkeenik. Toti Martínez de Lezearen kasua ere badugu, gazteleraz idazten duen euskal (=basko) idazlea. Agian gaur emakume idazleek elkarrekin komunean duten gauza bakarra, “nortasunaren gaindeterminazioa” da. Alegia, ezin direla jada kasu isolatu bat edo bi bezala saihestu, baizik eta gizarte fenomeno garrantzitsu bat bihurtu direla, eta beraz orain fenomenoaren gaindeterminazioari eskapa egin behar diotela, beren idazle gizabanakotasuna edota indibidualitatea baietsiz. Alegia, “hara hor beste emakume idazle bat gehiago”ren gaindeterminazioari aurre egin behar diote. Euskal emakumezko idazleei buruz nire artikulua 1998an idatzi nuenean (“Del exilio materno”; nire Nazioaren hondarrak-en barneratu eta itzuli dudana hain zuzen), hain zuzen “euskal emakumezko idazle” kategoriaren existentzi-ez historikoa azpimarratzen nuen, izan ere eta agian Itxaro Bordaren salbuespenarekin, ez zen emakumezko idazlerik bere burua emakumezkotzat, zentzu politiko eta sozialean, identifikatuko zuenik; artikuluan horren arrazoi politikoak azaltzen saiatu nintzen. Are, emakumezko idazleei buruz idaztea “amerikarkeria” bat iruditu zitzaion kritiko bat baino gehiagori orduan alegia “bertan” egiten ez zen eta beraz “serioa” ez zen zerbait. Uste dut, eta hau ondo historizatu beharko litzateke, 90ko hamarkada arte, emakumezko idazle gehienek beren burua “euskaldun” bezala identifikatuko zuketela eta “emakumezko” kategoria, kanpotik ezarritako kategoria politiko ez-askatzailea (biologizante edota politiko zanpatzailea) bezala ulertuko zuketela, neuk bi idazlerekin izandako elkarrizketa pribatuak ditut buruan, baina honi buruz ere inkesta soziologiko-antropologiko feminista bat egin beharko litzateke; Ana Urkizaren elkarrizketa liburuak ere ildo honetatik jotzen du. Euskal literaturan, emakumeek 90ko hamarkada amaieraz gero heldu diote “emakume” kategoriari beren buruak definitu eta beren lanen alde politikoki borrokatzeko. Gutiziak, eta liburu horretara eraman zuten ihardunak, dira aldaketa horren lekuko. Hau aldaketa historiko handia da eta ez dut uste oraindik erabat ulertu eta hausnartu dugunik, izan ere, zentzu historikorik erradikalenean, ez dago “emakumezko euskal idazle”-rik” momentu hori arte. Kategoria hori harrez gero, komunikabideek, instituzioek, argitaletxeek eta abar nola erabili -edo kooptatu duten- da egun aztertu behar duguna. Garbi dago egun diferentzia hau onarturik dagoela -askok oraindik gaitzesten badiote ere- eta beraz ikustatu behar duguna kategoria honek lagundu ala kalte egin(go) dien emakumezko euskal idazleei. Hortik aparte, baina hau euskal literatura osoaren problema da, eta ez dut emakumeen aldetik erantzun desberdinik irakurtzen, literaturaren aburgesatzea dugu, alegia klase ertain zuriko pertsonaia oso aurresangarriak irakurtzen ditudala, beti ere angst edota kezka indibidual antzerakoekin. Uste dut gai hau dela aztertu behar dena. Hemen azaltzen dudana baino konplexuagoa dela dudarik ez dut.
Gizona bere bakardadean eta Hamaika pauso aztertzerakoan emakume euskaldunen eta kanpokoen arteko diferentziak agertu dituzu. Emakume euskalduna politikoki ez kastratua eta kanpokoa bezala aurkeztu dituzu. Sexualitateari dagokionez, euskaldunak amatiarrak eta kanpotarrak prostitutak. Lau kontzeptu oso ezberdin: batetik pertsonaia femenino positiboak (amak, ahizpak eta emazteak osatzen dutena), bestetik bestelakoak (prostitutak eta gizonezkoentzat objektu sozial ez diren pertsonaiak). Betiko sailkapen honi izate politikoa erantsi diozu. Euskaldunak politikoak dira. Uste duzu azken sailkapen honetan, emakumezkoen identitate politikoak talka egiten duela testuko pertsonaia maskulinoekin hetereglosia sortuz edota soilik gizonezkoek eraikitako emakumeen irudiarekin ari direla Atxaga eta Saizarbitoria?
Hasteko, eta nik dakidalarik inork ez du hau aztertu, oso harrigarria (eta analisia egin eta gero aurresangarria) da bi idazle hain diferentek politikari heltzean, eleberri historikoak idaztean, hain eszenatoki sexual antzekoak eta estereotipikoak idaztea. Beraz hemen konstante kultural oso garrantzitsu batekin topo egin dugu. Ez, zoritxarrez, euskal emakumeen identitate politikoak ez du talka egiten pertsonaia maskulinoekin. Honek frogatzen duen gauza bakarra zera da: idazleek ezin dutela emakume sexual eta era berean politiko bat idazteko, pentsatzeko, imajinatzeko indar eta ahalmen literariorik. Alegia, gizonezko pertsonaia heterosexualak emakumezkoari aurre egitean, bata ala bestea aukeratu behar dituen zalantza mitikoarekin egiten du topo eta ezin dio emakumearen galdera honi erantzunik eman. Hemen lakaniar ortodoxoek esango lukete hain zuzen hori dela emakumearen definizioa, baina hor ni erabat historizista naiz. Are, emakumea bihurtzen da, krisi politikoa gizonen artean konpon ezin daitekeenean, alegia, krisia gizonkiro konpon ezin daitekeenean, idazleak mobilizatzen duen lurralde berri, berriro ere emakumearen bestetasunaren aurka ideia hau berriz pentsatzeko. “Kanpoko” eta “etxeko” banaketak aldiz, azken batean, oraindik ere euskal imajinario maskulinoa (eta emakumezkoa ere kasu askotan) oraindik ere arrazista izaten segitzen duen seinale baino ez da. Hitz batean esateko, bi idazle kanoniko hauen emakumezko errepresentazioak patetikoak dira. EGANen datorren alean aterako den artikulu batean, Atxagaren analisia zabaldu dut, Soinujolearen semea aztertuz. Kasu horretan arrazismoa garbiago azaltzen da. Bi idazleei gomendatuko nieke, emakumearen ikuspuntutik eleberri luze eta konplexu bat idazteko. Hasteko gizonezkoei eta beren buruei buruz izugarri ikasiko lukete… emakumezkoei buruzko ikasketa… hori ez nago jada hain ziur.
Zeru horiekeko Irene politikoki ez da kastratua, amatiarra ere ez da, prostituta nik dakidala ere ez. Zalantzan jartzen dut emakumea denik. Irene zer da zuretzat? Atxagak Irene eta Carlosen (Gizona bere bakardadean) bidez bi pertsonaia zero graduan jarri zituen, biak ere iragana albo batera utzi eta etorkizunari esku hutsik eta iraganeko mamuekin aurre egin beharrean aurkitzen direnak. Diferentziarik ba al dago bi pertsonaia hauen artean?
Bai, handia. Baina suspentse pixka bat emateko asuntoari, esan dezadan dagoeneko Zeru Horieki buruz idatzi dudala eta beraz irakurleak artikulu hori letu beharko duela. Aipu bibliografikoa hau da: “Travestismo y novela terrorista: deseo y masoquismo femenino en la literatura vasca postnacional.” La balsa de la medusa 49 (1999): 45-76. (Berrargitaratua: El hispanismo en los Estados Unidos. Discursos críticos/prácticas textuales. Eds. José M. del Pino and Francisco La Rubia Prado. Madrid: Visor, 1999. 231-254.).
Euskal nazionalismoaren imaginarioak literaturan duen hegemoniaren ondorioz emakumearen figura bai heterosexuala, bai lesbikoa, bertakoa nahiz kanpokoa, ez direla errealitate sozial bezala esistitzen diozu. 1976tik 1995 arte amaren figura erdigunea izaten segitzen duela. Nolako ama da euskal literaturak irudikatu duena? Gustatuko litzaidake Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez nobelako Martzelinaz hitz egitea. Ama baino,ez al da ama kastrante baten semearekin ezkondutako emaztea?
Liburuan jaso dudan artikulu horretan, idazle heterosexualez ari naiz bakarrik. Itxaro Bordak idazten duena, adibidez, oso da diferente. Ez daukat hemen Hamaseigarrenean aidanez eta eskatu behar izan dut interlibrary loan delakoan. Kasu hauetan nahiago izaten dut eleberria berrirakurtzea erantzun aurretik. Beraz idatziko, liburua eskuratu eta berrirakurtzean. Hau promesa bat da.
Ama falikoaz, naturalaz eta etxekoandreetaz mintzatu zara liburuan, horiek direlako gure amak, zehazte aldera zer gehiago esango zenuke ama klase hauetaz.
Ez dut uste horiek gure amak direnik edota liburuan horietaz mintzatu naizenik berez. Alegia ez naiz ama erreal historikoez mintzatzen, baizik eta euskal literaturak errepresentatu dituenei buruz. Gizonek idatzitako errepresentazioetan (Atxagaren “Camilo Lizardi” eta Saizarbitoriaren bigarren eta hirugarren eleberrietan, adibidez), ama faliko kastrantea azaltzen dela esan dut. Eta adibidez, ez naiz mintzatu (Bordaren kasuan ezik) amak emakumezko idazleen lanetan duen lekuneaz. Bestalde baietsi dudana zera da, euskal abertzaletasunak emakumezko idazleak posizio horretara bultzen dituela. Gure amak ez dira faliko-natural-etxekoandreak bere hartan. Gure amak kontraesan sozial, kultural eta politikoetan eroririk, kontraesan hauei mila modu desberdinetan aurre egin dieten gizabanakoak dira. Eta zoritxarrez istorio askozaz kontraesankor eta historikoago hauek, istorio errealago hauek, ez dira oraindik beren konplexutasunean euskal literaturan askotan azaldu. Nahikoa da Ana Urkizaren liburua leitzea (Zortzi unibertso, zortzi idazle), idazle hauek gogoratzen dituzten amak zein desberdinak eta aberatsak izan diren ulertzeko (honek ez du esan nahi perfektuak edota modelikoak direnik). Uste dut, emakumezko idazleentzat aukera paregabea litzatekeela ama-alaba erlazioak, goiko behartze nazionalistetatik haratago, beren konplexutasun historikoan narratzea.
Borda migrantzia melankoliakoan, Oñederra harreman heterosexualen ezintasunetaz, Rozas fragmentazioan. Zertan ari dira zure ustez egungo emakume idazleak, euskaldunak nahiz kanpokoak, horkoak adibidez. Zuk diozu une batez, lekune nazionalista amatiarra onartzen badute beren buruarekiko erbesteratzen direla gurean eta bestela literatur sistematik at geratzen direla. XXI hasieran ere gertatzen da hori?
Nire liburuan, lehenago, Jasone Osoroz ere mintzatzen naiz. Egun emakumezko idazleak zertan ari diren jakiteko, Osoro genuke abiapuntu historiko berria, ez aurrerapen bat errepresentatzen duelako, baizik eta goian zuk aipatu dituzun banaketak (alegia idazle zaharragoei buruz liburuan azaltzen ditudanak) deuseztatzen dituelako, eta literatura erotikoa eta komertziala, halako malaise existentzialista batekin, konbinatzen dituelako. Osoro, aurreko idazleak ez bezala, euskal nazionalismoan barnera daiteke, bere komertzialtasunak kontsumoko literatura bihurtu duelako eta beraz nazionalismoa kuestionatu ere egiten ez duelako. Hauek hitz handiak badira ere, Osororekin euskal literaturara neoliberalismoa ailegatzen dela esango nuke. Katixa Agirreren ipuin liburua ere (Sua falta zaigu) oraintsu leitu dut eta hor Osororekiko jarraipena ikusten dut: tedium mundi oso sofistikatu, klase ertaineko, apolitiko eta global-neoliberal baten aurkezpena -honen sexu eta genero diferentzia bihurtzen diren arazo gehienei ematen zaien irtenbide bakar. Ez dakit literatura hau, guzti horrekiko protesta kalkulatu bat den, hain zuzen globalizazioak ekartzen dituen eskaera eta eskakizunak euskal nazionalismoarenak baino gogorragoak direlako. Uste dut, hau eztabaidatzeko berriz ere liburu hauek irakurri beharko nituzkeela. Lanok, era berean, halako ironia puntu fin bat ere badute, eta agian Jane Austenen bidetik ere ez diren abiatu galdetzen diot nire buruari. Era beran, alderdi oso garrantzitsu eta interesgarri bat topatzen diet lanoi: gizonaren eta maskulinitarearekiko lehen erreflexio jarraia. Alegia, lanotan gizonak subjektu unibertsal izateari uzten dio eta gizabanako oso mugatu eta partikular bihurtzen da -eta gizonei buruzko emakumeen lehenengo estereotipoak ere bertan irakurri ditut. Badakizu atzerrian bizi garenok beti ere atzetik ibiltzen garela eta beraz denbora gehiago behar dugula gauzak hausnartzeko -gero horko presiorik gabe analisi zuzenago eta kritikoagoak egiteko aukera izaten amaitzen badugu ere.
Uste duzu mende berri honetan indartu dela emakume idazleen presentzia euskal literaturan? Zerbait azpimarratzekotan zer azpimarratuko zenuke?
Bai, dudarik gabe. Are, liburuan azpimarratzen saiatzen naizen bezala, emakumezko idazleak eta beren literatura dira lehenak mende berriko literatura itxuratzen eta inauguratzen. Ana Urkizaren lana leituz garbi geratzen da, halere, emakumezko idazle denek nahi dutela errekonozimentu handiagoa eta are, kanpoko errekonozimentua. Mende honetan ikusta dezakegun fenomenorik interesgarrienetakoa zera izango da: euskal emakumezkoen literaturak errekonozimentu globala jasoko duen ala ez. Horretan guk akademikoek betebehar garrantzitsua dugu, izan ere, lagun egin dezakegu oso era efektibotan Euskal Herritik kanpo literatura hedatzen. Hemen AEBetan fenomeno berri eta oso baikorra ikusten ari naiz: jadanik doktoradutzako bospasei ikasle daudela euskal literatura aztertzen eta hedatzen. Orain dela gutxi Linda White eta neu ginen bakarretakoak. Eta badirudi jokaera honek segiko duela, beraz horkook ikasle hauei benetan atentzio berezia emateko erantzunkizuna duzue. Dena den, eta horko irakurle askorentzat hau ironia global ederra izango da: ikasle horiek guztiak espainiera edota hizkuntza erromantzeetako departamentutan baitaude.
Azkenik, emakumeen unibertsoa, imaginarioa, irudia, nahi duzuna; emakume-gizonezkoen sorkuntzatik, kritikatik deus ere aldatu al da? Zuk ondo esan bezala emakumezko idazleak eta pertsonaiak orain artean ahaztuta eta autobazterketan amaitu dute.
Bai aldatu da, eta neuk ere, nire posizio kritikotik, nire liburuarekin, apalki, hau azpimarratzen eta indartzen saiatu naiz. Alabaina arazoa -eta hori Lourdes Oñederrari buruzko kapituluan diot- bestelakoa da: literatura emakumezko fenomeno bihurtzen ari da, batez ere irakurlegoari dagokionez. Era berean literaturak berak sasoian zuen indar eta eragin sozial-nazionalista galtzen ari da, interneten eta teknologia digitalen eskutik. Beraz galdera, oso perbertsoa bada ere, zera genuke: emakumezkoak literaturan eragin eta presentzia gehiago lortzen al dira, zehazki literatura indarra galtzen ari delako? Espero dezagun galdera honi norbaitek aurrerantzean bira emankorrago eta politikoago bat ematea. Galdera bera ez zait gustatzen, susmoa hartzen diot -galdetu egin behar dela konturatzen banaiz ere.
gema lasarte 2007/06/17
Re: Ez dut uste gaur egun -emakume idazlea- eta -emakumeen unibertsoa- esistitzen denik, inoiz esistitu bada
Ene Eme — 2007/06/27 12:19
Oso elkarrizketa interesgarria, beharrezkoa. Baina has gaitezen azken galdera horri erantzuten: “emakumezkoak literaturan eragin eta presentzia gehiago lortzen ari dira, zehazki literatura indarra galtzen ari delako?”
Galdetzaileak berak egindako balorazioaren arabera, galdera “oso perbertsoa” da. Baina elkarrizketa bera bezala, interesgarri eta beharrezkoa (bis).
Nire ustez, egia dira bi premisa horiek: 1. emakumeak presentzia gehiago dauka literaturan 2. Literatura indarra galtzen ari da. Baina lehenengoa ez da betetzen “zehazki” bigarrena gertatzen ari delako.
Emakumeok presentzia (esan dezagun botere) gehiago lortu dugu ez soilik literaturan, baita beste esparru askotan ere: politikan, enpresa munduan, arte plastikoetan… Egia da, ez beti nahi bezainbeste edo nahi bezain ongi. Baina ari gara. Eta hau gertatzearekin batera beste fenomeno batzuk agertzea (literaturaren ahultzea, demagun) ez dagokio emakumearen botere hartzeari.
Gauzak nahastea iruditzen zait, “emakumeak botere gehiago du poloak urtzen ari direlako” esatea bezala. Hau ere perbertsoa, akaso. Baina errepikatzen dut, oso beharrezkoa halako gauzak planteatzea. Milesker.