EHko IV. jardunaldi feministak

Ia aste osoa behar izan dugu asteburu trinko honetan jaso ditugun estimulu eta pizgarri guztiak asimilatzeko, (aje luzea, eee?) baina hemen gaude bueltan eta lanerako prest!!! Jardunaldietako zirrara, aztarna eta ondorio batzuk konpartitu nahi ditugu zuekin ondoko lerroetan.

Amaia Alvarez Uria

Denbora luzea pasatu da azken jardunaldiak egin zirenetik (1994an) eta mugimendu feminista zauri batzuk sendatzen eta inurri lana egiten ibili da tarte horretan. Aurreko asteburuan Portugaleten 1300-1500 feminista bildu ginen eta elkartzeak ematen duen indarrak eta bertan entzun eta esandakoek elikatu zituzten gure buruak eta gure bihotzak, gorputzentzat ez zelako janaria ailegatu… aurrikuspena erruz gainditu genuen seinale 😉

Argi geratu zen arlo eta eremu desberdinetan lanean jarraitu behar dugula, borroka honek izaera politikoa duela eta hitzak eta ekintzak biak direla beharrezkoak, ahal dela umorez zipriztinduta. Beraz, ekin diezaiogun lanari!

Feminismoaren helburua diskriminazio sexista edo menperakuntza maskulinoarekin amaitzea da, (eta ez matxismoaren kontrakoa lortzea) arazo estrukturala da eta sistema patriarkala deseraikiz, gure gorputzak askatuz eta gure amorrua bideratuz lortu dezakegu aurrera egitea. Hiru ardatz nagusienak parte hartze soziopolitikoa, indarkeria eta gorputza izan ziren (azkar eta motzegi esanda). Hala ere, edukietan sakontzeko aktak argitaratu arte itxoin beharko dugu.

Lehenago aipatutako helburua lortzeko mugimendu feministaren partaideen aniztasuna onartu eta minimoak adostu ditugu, sareak egiten ari gara eta bide batez ahalik eta gustoren lan egiten saiatu behar gara. Jardunaldietan gauza asko gertatu ziren eta ezin da dena kronikatxo honetan kontatu, baina aipatu nahi dugu, gu bertako partaide garelako, larunbatean blogoneskak komunitatea jaio zela, besteak beste. Euskaraz egindako blog feministen plataforma. Espero dugu elkarren berri izateko eta elkarrekin harremanetan sartzeko modua izatea!

Bai jardunaldietan bai blog komunitate berri honetan ikusi daiteke feminista “klasikoez” gain badaudela bestelakoak: gazteak, presoak, lesbianak, euskaldunak, ekintzaileak, artistak… Eta guztiak ikusgarri egin behar ditugu. Hau guztia esan eta gero atera gaitezen kalera eta batukadaren erritmoarekin eta pailazoen, punkien eta kingen artean egin dezagun oihu eta dantza gure mezua txoko guztietara argi eta ozen heldu arte.

Gema Lasarte

Nahiko nituzke Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen kronika egin ahal izateko Virginia Imazen grazia eta elegantzia. Imazen jarduerarekin hasi dut jardunaldi hauen kontaketa, izan ere, jardunaldiek izan zuten unerik gorena izan baitzen niretzat, bederen, Imazen kronika antzeztua. Gezurra badirudi ere jardunaldiak amaitzeko azken puntuan, zero puntuan, Portugaleteko Nautikako Areto Nagusia emozioz, txaloz eta barrez bete zen. Paradoxikoa ere bada, bertaratuak etxerantz abiatzeko gogoz edota nekeak jotako unerik zailenean jardunaldietako pasarterik ederrena bizitzea. Baina Imazek ironiaz, umore handiz laburbildu baitzuen emakume feministon egungo egoera. Eta non nahi ere umorea, algara esker onez hartzen baitira eta jardunaldietatik zerbait argi geratu bazen horixe izan zen: etenaldi handi baten ondoren umorez, barrez eta indar berrituak atera garela eta segitu egin behar dugula eguneroko eginkizunetan gure aurpegi feminista gure jardun feminista azaltzen. Izan ere urteetan hitz hau satanizatzen, mediatizatzen saiatu badira ere, oraindik orain, eta sekulan baino motibo gehiagorekin feminista izaten segitzen dugula.

Baina ez zen kasualitatea izan Imazen arrakasta, bera hasi aurretik, jardunaldiek izandako beste unerik hunkigarriena bizi izan baitzen, eskerrena. Hara hurbildutako emakumeen euforia eta militantzia sinkretizatzen jakin izan zuten hitzak entzun baikenituen. Emakume gazteak lotsarik gabe borrokaren erreleboa hartzen, dozenaka urte lanean dihardutenen jakintza eta eskerra, emakume migranteen hitzak, atzerritarren ahotsa eta, batez ere, hitz bakoitzak zuen emozio metaketa, poza, egin beharra, mina, inpotentzia, diziplina, jakintza, isildutako jakintza.

Horiek, nik esan beharko banu, unerik ederrenak, niri dagokidanez. Parte hartze politikoaren inguruko ponentziak entzun nituen: Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Plazandreok, Bilgune Feministak, Forum Maria de Maeztu eta Emakume Internazionalistak eginak eta berriro ere ikusi zen gai honen inguruan oso jarrera ezberdinak daudela. Nire iritziz, emakumeok ahal den leku guztietan egon behar dugu, ahal dela iristen garen lekuak feminizatuz, baina lehenik eta behin gure burua oso ondo prestatu eta indartu behar dugu. Horretarako oinarri feminista behar-beharrezko dugu eta mugimendu feminista indartu behar dugu, hori baita abiapuntu historikoa eta indarra. Horrek sortu ditu beldurrak eta horrek desegonkortzen ditu instituzioak.

Besterik azpimarratzekotan, tailerretan parte hartzeko leku eza aipatuko nuke. Adibidez, Medeak taldeak antolaturiko King Tailerra egiteko gogoz joan ginen dezente kanpoan geratu ginen bertan asfixiatuta geratzeko arriskutik salbu. Jendeak gainezka egin zuen, janarien eskasia horren adierazle. Ea hurrengoan berriro ere hori den okerrik handiena, leku guztiak jendez lepo izatea. Koiunturalki ez zen batere erosoa izan, baina estrategikoki IV. Jardunaldi Feministetan gertatutako gauzarik adierazgarriena izan zen.

Ponentzia, tailer, eztabaidak, manifestazioa eta Kukutzan antolatutakoa jaiak Bilbo emakumez girotu zuen. Ez nituenak ikusi ETBko kamerak, 1300 emakume Portugaleten biltzea ez ote da berria ETBrentzat?

Ainara Sarasketa Alberdi

Ados nago Amaia eta Gemaren hitzekin. Inoiz baino gehiago feminista izaten jarraitu behar dugula berretsi ziguten jardunaldiek eta jarrera soil bat baino gehiago bizitzeko modu bat ere badela. Subjektu politikoa izateko beharraren beste adibide bat bezala har dezakegu ETBren jarrera, eremu guztietan lortu behar baitugu ikuspegi feministaz parte hartzea baina mugimendu soziala garela ahaztu gabe, kaleko lana ezinbestekoa baita.

Egia esan, zoragarria izan zen horrenbeste emakume euskaldun, gazte, langile, adineko, ikasle, artista, lesbiana, musikari, ekintzaile, atzerritar… elkarturik eta giro onean ikustea, aniztasuna altxor bat delako elkarlanerako borondatea dagoenean.

Prostituzioa, indarkeri sexista, gorputz intsumituak… gai zaharrak indar berrituarekin aztertu zirela iruditu zitzaidan niri, irakurketa landuak eta proposamen berrituak entzun genituen. Motz egin zitzaigun asteburua, zaila eztabaida eta tailer ezberdinen artean aukera egitea, baina bizitako esperientziak asko indarberritu gaitu eta orain lanari ekin behar diogu. (elkar)lana eta ekintza zuzena, sistema patriarkala desegiteko bidean ikusgarritasuna lortu eta elkarbizitzan sakontzeko. Bide horretan, gainera, umorea izango dugu lagun, Virginia Imazek dioen moduan: Iraultza, dibertigarria izango da, edo ez da izango.

 

Erantzunak:

FEMINISTON ITSASUNTZIA !

Arrate — 2008/05/23 12:51

egun on, irakurle !
atzerritik bueltan, zuon emaila jasotzeak bihotzez eta iraultzez josirik, honoko hau bueltatzea otu zait.atsegin haundiz gerturatzen naiz, jardunaldien inguruko iritzia emateko. itsasuntziko, pirata bat sentitzen naiz, zuon gisara, emakumeen brisapean, adierazteko plazer bat dela zuokin idazle, kazetari, etxeko andre, dantzari,…zaretenokin honelako, unetxoak izateko aukera dastatzea. ez da ez makala, birginia, itsasuntziaren dimentsioa emakume kopurua zenbatuta ez da kolorez horniturik, dugun ikurriña bistaratzea soilik.
itsasuntziaren barnean aitatu ziren gaitegi zabaleko edukietan, laisterka ibili ginen, ordu bereko mintegi, tailer,…etan sartzeko aukerak ez genituela somaturik. pozarren, aurreko jardunaldien dinamika eta antolakuntza zaporetsua zuteneko argazkia, ezarri gurako nuke.aditu, teknika, profesional,…aunitzen eguneroko deskribapen eta zereginen islada hunkigarria bilakatu zen. beraz, mamitsua, arduratsua, edukiz jositako bilgunea eta topalekua zen nautikako, gure portutxo propioa. berriro, hurrengo portuaren diseinua eta egikera sortu dugunaren itxaropenez. argi erran dezagun, etorkizuneko zina izan zela portugaletekoa.
simone de beavour idazleari erreferentzitso bat egin gura nuke, bertan sortu zen mintegiara ez banintz joan ere oso adierazgarria den emakumeetako bat deritzot.geure, mugimendarako ardatzetako bat dugu,gaur egun ere. jakinik aunitz direla tartean margolari, ilustratzaile, kirolari,…, oso ezinbestekoa deritzot geure eguneroko lanaren begiradapean, sortu eta errotu behar dugula, ispilu bat komunikazio iraunkor eta orekatu baten bide egituratu eta sendo baten gisara. zeren eta, sarritan, maiztasun jakin batekoa eta ez berriz, eguneroko naturaltasun eta baloreen bermotasun batean hezten ari gara, pertsona oro.neuk aite dut, emakumeen zibilizazio egokiena aurre historiakoa heuren egitura soziologiko, sexologikoa,psikologikoa,…sinbolo gisara.
maite dut, ikuskera filosofiko hori, batik bat, europearren kulturaren atzaparretan bizitzen garenez, eta noski, europeartzen gaituztenez, zerbaiten eta norbaiten erreferentziarekin jaio eta bizi egiten gara. geure itsasuntzira iristen den olatua hala ere, hamarkada batzuk beranduagokoa izan. emakume honek sorrerazi zituen mugimendu, balore, ikuskerak,…beste herrialdeetara eredu bilakatu ziren. baina, hain erraza egiten zaugu imaginatzea, emakume unibertsal hau, eta neuk eskultura haundi bat ipini gura nuke gure amonei. euskal herriko, plazetan. jardunaldiak eskegitzea bezala, ahal bazen matxoak8 ren gisara, beste datetan ere. zergaitik ?zeren, beraiei zor diegu geu hemen izanaren testigantza eta oinoretza. zenbatek, izan duzue amona bikaina ? amona, sorginen ipuina edo arrantzaleen sareak josten zuen emakume bertsolaria,…? geure iraganera joz gero simone bezain aitzindariak, aunitz izan ditugu eta dihardugu lan horietan euskal emakumeak.
azken, laburbilduma gisara, omenalditxoa egin nahi nien ere, portugaleten bildu zareten guztioi eta etortzerik izan ez duzuenoi ere. adierazi, azken txanpan eman zire aholku, iritzi, zalantzen artean,…oso aipagarria egin zela,hizkuntzaren erabileraren gaia. oso ezinbestekoa nuke, erantzutea. gai horren baitan, sakonki eta sentsibilitate indartsu baten, olatu gatzadun batengatik.bainua hartzea ongi letorkigukeela, orori (bromatxo bat da, eh !)!!!
didaktikalariei, filologei, irakasleei,…dagokien gaia dugu, ahotan. zergaitik bereizten da mundua ipar eta hegoan ? honi erantzutea erraza egiten zaigu. baina beste galdera hau, korapilatsua egiten zaigu :
zergaitik euskal herria,iparraldea eta hegoaldea bereizten dugu ? jakinik, iprraldeko portutik etorri naizela, portugaleten ondoren. eta, maiteitxut bidaian zehar aurkitu ditudan portutxoak. baina, argi dago, ezinbestekoa dugula, genozidioa gelditzea edo ez ikusiarena egitea. modan, bigarrena dago. eta lehena, gertatzen ari dena.(oso ondo, irakurle zure parekidetasunagatik). baina, hizkuntza bat ez da galtzen,…esaldia idatzi, abestu, antzeztuko,…bagenu errazago egingo litzaiguke erratea zergaitik diren hizkuntzak garrantzitsuak eta batez ere, hizkuntz gutxituak badira. zorionez, europearrek euskara hizkuntz gtxitu bezala, kontsideratzen den gisara eta hemen hizkuntz ofizial bezala gozatzea tokatzen zaigu aldiz, zalantzarik barik.
oharra : atsegingo nuke, neure hipotesien jarraipena hurrengo idatzian luzatzea.eta artzeren aipamena luzatu dut, unibertslki euskal aipamen bat delako eta nahiz gizon batek hain zuzenki egin, ez sexista, edo homofoboa ez dena,…garairako egokia iruitu zait.
maite zaituztet, eta agurtzen natzaizue ohoretsu, zuokin bat egiteko aukera luzatu nauzuelako ere. bihotzak, bigarren atalerarte. izan huntsa.

 

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: