Diferentziaren feminismoa gurean: Lanbroako Zuriñeri elkarrizketa
2008/06/06 Utzi iruzkina
Amaia Alvarez Uria
Feminismoen historietan agertu zen azken korrontea diferentziarena izan zen eta ohi dugun bezala Euskal Herrian korronte horretan ibilitako talde bateko kide baten testigantza jaso nahi izan dugu. Lanbroako Zuriñe del Cerrorengana hurbildu ginen bere bizipenak eta iritziak jasotzeko asmotan eta hona hemen emaitza:
1. Noiz esan zenuen lehen aldiz “feminista naiz”?
Feminista nintzela esan nuen lehen aldian 15 urte nituen.
2. Zer da Lanbroa? Zer esan nahi du zuretzat?
Lanbroa eguratsean sortzen den lainoa da eta hau trinkotzean euri xehe bihurtuta lurrera jausten da bertan emeki sartuz. Oso sakona, bistan denez. Niretzat autoestimu pertsonal eta kolektiboa garatzeko espazioa izan da eta honi esker nik eta beste emakumeek autoritatea lortu dugu; ezarritako ordena irauli nahian bizitzeko adorea izateko autoritatea. Irauli nahi honetatik abiatuta bakarrik erabaki dezaket askatasunez nor izan nahi dudan eta pozik bizitzea posible egiten duen bizi-proiektu bat eraiki dezaket, nahiz eta ezarritako ordena sinbolikoarekin bat egin ez. Lanbroa espazio pribilegiatua da eta oso harro nago bertan egoteaz.
3. Zergatik diferentziaren feminismoa?
Diferentziatik ere aukera berdintasuna aldarrikatzen dugu, gizonen bizi-baldintzak edota funtzionatzeko kodeak positiboki baloratu ezta onartu gabe ere. Aukera berdintasuna eskatzen dugu pertsona guztiek euren bizi-proiektua aurrera eraman ahal izateko estereotipo sexistak alde batera utziz. Guretzat gizonak gauza guztien neurria izateari utzi dio, gune edo ardatz bakarra. Diferentziaren feminismoak emakumeen sozializazio prozesuaren alde positiboari begiratzen dio, eta bertan jendearen bilakaerarentzat erreferentzia puntu berri bat aurkitu du, honen ondorioz, orain arte erabili den eredu maskulinoa gainditzeko, eta ez jarraitzeko, beharra ikusten du. Nik uste dut bide horretatik joanda helduko garela jendarte aske eta bidezko izatera.
4. Nola ikusten da Lanbroatik euskal mugimendu feminista?
Lanbroak euskal mugimendu feministaren barrutik ikusten du une honetan mugimendua desegituratuta dagoela eta denak ari garela honen ondorioak ordaintzen.
5. Eta Lanbroa euskal mugimendu feministan? Nolakoak izan dira korronte desberdinen arteko harremanak mugimenduaren barruan?
Mugimendua egituratuta zegoenean debate eta aurkakotasun handia zegoen, baina jendearen prestakuntza politiko eta sozialaren mailak debatea aberasten zuen eta aurrera eramaten. Garai horretan militantzia bikoitza zuten emakumeak koordinatzen ziren feminismoan lan egiteko eta euren partidu eta sindikatuetara eramateko. Feminismo autonomoa eta militantzia bikoitzaren artean aurkakotasuna zegoen, jakina! Baina garai horien falta nabaritzen dut.
6. Zer aldatu da urte hauetan euskal mugimendu feministan?
1977. urtean feminista sentitzen zen edozein emakume Emakumeen Asanbladara joaten zen, hau zen zegoen espazio bakarra. Gaur egun mugimendu bateratzailea izateari utzi dio eta modu desberdinetan koordinatzen diren emakumeen taldeen dispertsioari eman dio bidea. Elkarte soziokulturalak daude, prestakuntzari begirakoak eta gogoeta ideologikoarenak, azken honetan kokatzen dute Lanbroa.
7. Laster izango dira hurrengo jardunaldi feministak. Nola ikusten duzu? Zeintzuk dira etorkizunerako erronkak? (Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak hasi baino lehen egin genion elkarrizketa)
Badirudi Portugaleten izango direla eta atzera pauso bat ikusten dut Leioakoekin alderatuta. Erronka nagusiena mugimendu indartsua egituratzea da jendartearen aurrean indarra eta presentzia berreskuratzeko. Feminismoak aulki propioa izan behar du eta zuzenean negoziatzeko aukera. Badauka historia eta ibilbide sozial eta politikoa hori egin ahal izateko.