Komunak (I)

Ainara Sarasketa

Generoa eta komunen arteko erlazioa aztertzen du Beatriz Preciadok “Basura y genero. Cagar/Mear. Masculino/Femenino” artikulu interesgarrian. Gai honen inguruan euskaraz eztabaidatzeko asmoz, itzuli egin dugu artikulua. Kaka eta pixa egitera joan ordez generoa berregitera joaten al gara komunera? Komunak ez al dira generoa eraikitzeko antzeztoki arauemaileak?…

Gaur hasiko da Beatriz Preciadok koordinatzen duen PornoPunk Feminismoa mintegia, Artelekun, eta une hau aprobetxatu nahi dugu Preciadoren hitzak euskaraz sareratzeko. Gaiak sorrarazten dizkizun pentsamenduak, ateratako ondorioak, etab. gurekin konpartitzea gustatuko litzaiguke!

(Itzulpena: Ainara Sarasketa)

GENEROA ETA ZABORRA. PIXA EGIN/KAKA EGIN. MASKULINOA/FEMENINOA

Muga nazionaletatik honantz, milaka genero-muga lauso eta hedakorrek zatitzen dute inguratzen gaituen espazioko metro karratu bakoitza. Arkitekturak soilik oinarrizko behar naturalen (lo egin, jan, kaka eta pixa egin…) zerbitzura jarria dirudien lekuan, haren ate eta leihoek, pareta eta irekidurek, “genero teknologiarik” zuhur eta eraginkorrenen moduan, isilka, eragiten dute, begirada eta sarrera arautuz. (1)

Horrela, adibidez, hasiera batean hiriko espazioetan (2) gorputzeko zaborrak kudeatzeko gune modura pentsatuta zeuden komun publikoak —XIX. mendetik aurrera Europako hirietan zabaldutako instituzio burgesak— pixkanaka generoa zaintzeko gune bihurtu dira. Ez da kasualitatea garaikideak izatea XIX. mendearen amaierako hastapenetako burgesiak inposatutako gorotz-diziplina berriak eta generoaren espazioak berriz finkatzea exijitzen duten bikotekide arteko eta etxeko kode berriak. Azken horiek, gainera, heterosexualitatearen normalizazioaren eta homosexualitatearen patologizazioaren konplize izango dira. XX. mendean, komunak benetako zelula publiko ikuskatzaileak bihurtu dira, non gorputz bakoitza indarrean dauden maskulinitate‑ eta feminitate-kodeetara egokitzea balioztatzen den.

Komun bakoitzaren atean, zeinu bakar gisa, genero-interpretazio bat: maskulinoa edo femeninoa; emakumezkoak edo gizonezkoak; txapela edo zapia; bibotea edo loretxoa, kaka eta pixa egitera joan ordez generoa berregitera joango bagina bezala. Ez zaigu galdetzen pixa egitera edo hesteak hustera goazen, beherakorik daukagun edo ez, inor ez da koloreaz edota kakaren tamainaz arduratzen. Axola duen bakarra GENEROA da.

Har ditzagun, adibidez, Parisko George Pompidou aireportuko komunak, nazioarteko hondakin organikoen estolda-zuloa, kapitalaren globalizazioaren fluxu-zirkuitu baten erdian. Sar gaitezen emakumezkoen komunetara. Idatzi gabeko lege batek sartzen diren gorputz berri oro ikuskatzeko baimena ematen die une horretan komunean dauden bisitariei. Askotan ispilu bat eta konketa bat edo gehiago konpartitzen dituzten emakume femeninoz osatutako jende-multzo txiki bat genero femeninoaren ikuskatzaile anonimo modura aritzen da, bisitari berrien konpartimendu pribatuetarako sarrera kontrolatuz, non bakoitzean —lotsaren eta zikinkeriaren artean— komun-ontzi bat ezkutatzen den. Hemen, hasiera batean, feminitate heterosexualaren kontrol publikoa begiradaren bitartez egiten da, eta zalantza sortuz gero bakarrik egiten da hitzez. Generoaren inguruko edozein anbiguotasunek (ile motzegia, makillaje falta, sudurraren azpian susmatu daitekeen ilungunea, ibilera nabarmenegia…) erabiltzaile potentziala itauntzea eskatzen du, eta hura behartuta sentituko da bere komun-aukeraketaren koherentzia justifikatzera: “E, aizu, komunez nahastu zara, gizonezkoenak eskuinean daude”. Beste komuneko genero-ikurren pilaketak genero bakarreko espaziotik alde egitea ekarriko du, fisikoki edo hitzen bidez iraindua izateko arriskua baitago. Azkenik, autoritate publikoari abisua ematea ere posible da (askotan estatuko autoritatearen irudikapen maskulinoa) gorputz intsumisoa kanporatzeko (ez du axola gizonezkoa edo emakumezko maskulinoa den).

Genero-azterketa hori gainditu ondoren komun batera sartzea lortzen badugu, etxeko komunaren pribatutasuna espazio txikiagoan erreproduzitzeko dagoen 1×1,5 m2‑ko gela batean egongo gara. Izan ere, begirada publikoari funtzio fisiologiko guztiak ezkutatzean sortzen da feminitatea. Hala ere, gelak begiradarekiko pribatutasuna soilik eskaintzen du. Horrela zabaltzen da etxeko espazioa, eta toki publikoetan barneratzen da. Judith Halberstam‑ek aditzera ematen duenez “komunak, etxeko ordena irudikatzen eta parodiatzen du etxetik kanpo, kanpoko munduan,” (3)

Hala ere, urre-koloreko zorrotaden hotsak eta ondoko komun azpitik igarotzen diren kaka-usainak konpartitzen dituzte kapsula kanporatzaileetan giltzapetutako gorputzek, bere kakaren kolorea eta forma edota bere gorputzaren biluztasuna babesten duten pareta opakuen artean.

Libre. Okupatuta. Behin atea itxi ondoren, altueran 40‑50 cm dituen komun-ontzi batek, gure gorputz kakagilea estolda unibertsal ikusezin batera —non emakumezkoen eta gizonezkoen kakak nahasten diren— lotzen duen zeramikazko eserleku zulatua dirudienak, esertzera gonbidatzen gaitu, bai kaka eta bai pixa egiteko. Horrela, emakumezkoen komunak, jarrera eta keinu berdinaren azpian (femeninoa=eserita), bi funtzio ezberdindu biltzen ditu; bai trinkotasunagatik (solidoa/likidoa); bai husteko erabilitako anatomia-puntuarengatik (pixa-bidea/uzkia). Iraizketa-gelatik irtetean, ispiluak, begi publikoaren distirak, feminitatearen irudia apaintzera gonbidatzen du beste emakume batzuen begirada erregulatzailearen pean.

Gurutzatu dezagun pasilloa eta joan gaitezen orain gizonezkoen komunetara. Paretara iltzatuak eta lurretik 80‑90 zentimetrora, sarritan konketarentzat ere erabiltzen den espazioan, pixatoki bat edo gehiago daude, begirada publikoarentzako ikusgarri. Espazio horren barruan, gela itxi batek —sarrailadun atearekin, begirada publikotik guztiz aldendua— emakumezkoena bezalako komun-ontzi batera zaramatza. XX. mendearen hasieratik, gizonezkoen komunak eraikitzean arkitektura-lege berari jarraitzen zaio, funtzioak bereiztea: pixa-tente-pixatokia/kaka-jarrita-komun-ontzia. Beste modu batera esanda, sexu-organoen eta uzkiaren bereizketa inposatuaren arabera lortzen da maskulinitate heterosexualaren ekoizpen eraginkorra. Pentsa dezakegu arkitekturak emakumezkoen eta gizonezkoen berezko funtzio-ezberdintasunari erantzuten diola ia naturalak diruditen oztopoak eraikiz. Egia esan, arkitekturak genero-protesi modura funtzionatzen du, funtzio biologikoen arteko aldeak sortzen eta finkatzen dituen protesi gisa. Pixatokiak, gorputzera egokitzen den paretaren konkor arkitektoniko bat balitz bezala, maskulinitatearen protesi gisa funtzionatzen du, eta, horri esker, jarrera bertikalari euts dakioke, eta pixa egitean zipriztintzea eragotzi. Publikoki eta zutik pixa egitea maskulinitate heterosexual modernoaren performancearen osagaietako bat da. Modu horretan, pixatoki apala espazio publikoan maskulinitatea ekoizteko genero-teknologia da, higienerako tresna baino gehiago. Horregatik, lau pareta itxiren artean egon beharrean, taldearen begiradapeko espazio publikoan daude kokatuta; gizonen-artean-zutik-pixa-egitea partaideen arteko adiskidetasun-loturak sortzen dituen jarduera kulturala delako, gizon egiten dituelako.

Bi logika kontrajarrik kontrolatzen dituzte emakumeen eta gizonezkoen komunak. Emakumezkoena espazio publikoan etxeko espazio baten erreprodukzioa da; gizonezkoena espazio publikoaren txoko bat da. Txoko horretan, tradizionalki espazio publikoa maskulinitate-espazio gisa definitu izan duten jarrera tentea eta ikusgarritasun-legeak areagotzen dira. Emakumezkoen komunak, aldiz, kartzela txiki baten moduan jarduten du: emakumeek elkar zelatatzen dute, feminitate heterosexualaren neurria kontrolatuz, eta edozein sexu-aurrerapen eraso maskulinotzat hartzen da. Gizonen komuna esperimentazio sexualerako eremu aproposa da. Gure hiriko paisaian, gizonen komunak (espazio publikoa gizonena zen garai mitiko maskulinista baten arrasto ia-arkeologikoa) maskulinitate-erritualak diruditen eta sexu-konplizitate diren jokoetan murgildu daitezkeen gordeleku publikoak dira —kirol, ehiza edo autoen klubekin eta zenbait putetxerekin batera—.

Baina, hain justu, komunak maskulinitatea eraikitzeko antzeztoki arauemaileak direlako, antsietate heterosexualaren antzeztoki gisa ere funtziona dezakete. Testuinguru horretan, sexu-organoaren eta uzkiaren arteko desberdintze espazialak balizko tentazio homosexualerako joera saihesten du, edo eremu pribatura mugatu. Pixatokiarekin gertatzen ez den bezala, komunak, (femeninotasunaren sinboloa: makurrarazia/jezarria), solidoen hustutzea begi publikotik babesten du (uzkia irekitzeko unea). Lee Edelmanek iradokitzen duen moduan, gizonaren uzkia, penetraziora zabal daitekeen zuloa, beste gizonen begiradapetik urrun dauden espazio itxi eta babestuetan soilik zabal daiteke, bestela, gonbidapen homosexuala izan daitekeelako.

Ez gara komunetara libratzera joaten, baizik eta genero-beharrak egitera.

Ez gara pixa egitera joaten, espazio publikoan kode maskulinoak eta femeninoak berrestera baizik. Horregatik, komun publikoetako genero-erregimenari ihes egitea pixatokien arkitektura modernoak orain dela bi mendetik inposatzen digun sexu-bereizketari aurre egitea da: publikoa/pribatua, agerikoa/ikusezina, zintzoa/lizuna, gizona/emakumea, zakila/alua, zutik/eserita, okupatuta/libre…

Generoak eraikitzen ditu arkitekturak, higiene publikoaren aitzakian soilik gure hondakin organikoen gestioaz arduratzen dela esaten badigu ere. ZABORRA > GENEROA. Zaborra genero bihurtzen duen hutsezinezko ekoizpen-ekonomia. Ez dezagun gure burua engainatu: kapital heterosexualaren makinan ez da ezer alferrik galtzen. Alderantziz, hondakin organiko baten kanporatze bakoitzak generoa berriro sortzeko aukera gisa balio du. Gure kakak jaten dituzten makina ez-kaltegarriak, berez, generoaren protesi arauemaileak dira.

(1) Teresa De Laurentis‑en adierazpen bat erabiltzen dut hemen, instituzio eta teknika multzoak zehazterakoan. Instituzio horiek —hasi zinetik eta zuzenbidera bitartean, komun publikoetatik pasatuta— feminitatearen eta maskulinitatearen egia sortzen dute. Ikus: Teresa De Laurentis, Technologies of Gender, Bloomington, Indiana University Press, 1989.

(2). Ikus: Dominique Laporte, Histoire de la Merde, Christian Bourgois Éditeur, Paris, 1978; y Alain Corbin, Le Miasme et la Jonquille, Flammarion, Paris, 1982.

(3). Judith Halberstam, “Techno-homo: on bathrooms, butches, and sex with furniture,” in Jenifer Terry and Melodie Calvert Eds., Processed Lives. Gender and Technology in the Everyday Life, Routledge, London and New York, 1997, 185. or.

(4). Ikus: Lee Edelman, “Men’s Room” Joel Sanders-en, Stud argitaletxea. Architectures of Masculinity, New York, Princeton Architectural Press, 1996, 152-161 orrialdeak.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: