Luma feminista, itzul-ariketak

Iratxe Retolaza

(Zehar aldizkaria, 63. alea, 2008)

Itzulgarritasunaz hausnartu izan da maiz, hausnar hori ohikoa bilakatu da literaturaren eta hitzaren eremuan ez ezik, baita hitzez haraindiko kodeez jardutean ere. Genero baliabideen itzulgarritasunaz, ordea, gutxitan hitz egin da, gure artean behinik behin. Oso gutxitan izan da hizpide genero gramatikalen itzulgarritasuna, edota jendarteko genero rolen itzulgarritasuna.

Gogoeta horien eskasiak kontzientziarik ezara eraman ditu itzultzaileen begiradak, eta beste hizkuntza baliabide anitz ahalik eta egokien bihurtzera emanak diren itzultzailerik trebeenei bada, generoaren baliabideek ihes egiten diete. Horren adibide dugu azken aldian euskarara bihurtu den literatura lanik sonatuenetarikoa, Raymond Queneauren Estilo-ariketak, Xabier Olarrak maisutasunez itzulitakoa. Itzulpen lan bikain horretan, hitzarekin eta hizkuntzarekin jolas egiten da, eta literaturari buruzko gogoeta sakonak ere haizaratzen dira lerro arterik gehienetan. Harrigarri egin zait arreta handiz eginiko itzulpen lan horretan genero baliabideei eskainitako arreta eskasa, genero baliabideei dagokionez zentzuak hersteko harturiko joera. Are harrigarriagoa egin zait itzulpen joera hori, Queneauk berak frantsesez sorturiko estilo-ariketa horietariko hainbatetan genero gramatikalaren zehaztapen zein anbiguotasunarekin jolas egiten duelako, eta halaber, irakurleok egin ohi ditugun genero irudikapenekin ere egiten duelako jolas. Alegia, Raymond Queneauk aitortzen dio generoari (gramatikalari, zein jendarteko rolei) baliabide literario eta sormenerako gaitasuna, hizkuntzaren gramatikaren haustura proposatuz, zein jendarteko rol estuak zabaltzeko eta pitzatzeko deia eginez.

 

Itzulpengintzan ohikoegi bilakatu da genero ezaugarriei ikusezin egitearena, eta itsutasun horri erantzuteko asmoz Literatur Kritika Feministak arreta jarri du itzulpegintzaren jardunean, 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera Ipar Amerikan, eta XX. mendearen azken urteetan Europan bertan (Goyadol, 2000). Ikuspegi feministaz itzulpegintzaren arlora hurbildu direnek kasu egin diote genero baliabideen itzulgarritasunari, eta genero baliabideak itzultzeko premiari, baina, halaber, kasu egin diete irakurbide feministetara zabalduriko literatura testuak itzultzeko harturiko bideei, eta ohartarazi, kasu asko eta askotan, itzul-lanek jatorrizko testuaren irakurbide feminista zapuztu egin dutela, irakurbideak estutuz eta interpretazioa beste norabide baterantz zuzenduz. Gurean ere horrelakorik gertatu da. Xabier Elorriagaren zuzendaritzapean (1985) zinemara egokitu zen Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox (1979) nobelarekin gertatu zen hori, hain zuzen ere. Xabier Elorriagak eta Arantxa Urretabizkaiak elkarlanean eginiko gidoiaren bitartez nobelaren diskurtsoa narrazio filmikora bihurtu zenean, galdu egin zuen testu moldatuak jatorrizkoaren anbiguotasuna, identitate-gatazka, eta hortaz, jatorrizkoan hitzezko presentzia baino ez den senarra, narrazio filmikoan presentzia fisiko indartsu bilakatu zen, nobelan barne hausnarrean ari den emakumearen presentzia horri itzal egiteraino zenbait eszena mamitsuetan.

 

Miren Agur Meaberen Azalaren kodea (2000) poema-liburua gaztelerara itzultzerakoan ere galdu egin dira jatorrizko testuaren irakurbide anbiguo asko, jatorrizko testuan markatu gabeko diren maitaleen generoa, gaztelerazkoan markatua delako, eta hartara, joera sexualetan irakurbide anitzetara zabalduriko testua herstu egin du gaztelerazko itzulpenak. Galera hizkeraren barrokismoan ere nabaria da; honela, barrokismoa arintzearen ondorioz, Miren Agur Meaberen bide pertsonalaren ikur dena lausoturik agertuz, sintaxiaren menpekotasun itsuari ihes egiteko baliabide ere baden barrokismo hori hautsiz. Egon badago itzulpengintzaz arduratu diren ikertzaile horien artean, luma feministen sorkuntza literarioa itzul-ariketatzat hartu dutenak, itzulpentzat jo dituztenak. Kode patriarkalaren itzulpen kontsideratuz, kode patriarkala iraultzeko bidetzat hartuz. Luma feminista horien sorkuntza lanek, besteak beste, hormatzar estu eta mugiezin bilakaturiko kode patriarkalean zirrikituak egiteko saiotzat hartuz. Lengoaia patriarkalean zirrikituak eginez, hormatzarraren zimentarriak desorekatuz. Zirrikituak egiteko bide ugari erabili izan dira, erabilienetarikoa kode patriarkalaren desohituratzea izan delarik. Hain geureganatua, errotua eta naturalizatua dugun lengoaia patriarkala desohituratzeko totel-motelka aritzea izan da diskurtsoaren mailan erabili den baliabiderik hedatuena. Totel-motelka idatzi egin dute luma feminista askok, hizkuntzaren ohiko erabilerak toteltasunaren bitartez desohituratu asmoz, bide eta zentzu berriak zabaldu asmoz. Lengoaia totel horren adibide dugu Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion (1999) nobelaren diskurtsoa. Nobela horretan totelka mintzo zaigu Teresa pertsonaia, arnasestuka, esaldi bakoitzean zama nabari delarik, eta zamarekin batera, hizkuntza zamatsutik askatzeko gogoa, jasoriko kode zamatsua kraskatzeko gogoa. Poesian ere adibide asko ditugu diskurtso totel-motelez osaturikoak, Miren Agur Meaberenak esaterako. Baina, lekeitiar poetaren toteltasuna bestelakoa dugu, diskurtso barrokoak sorturikoa, eta ez arnasestuak sorturikoa. Miren Agur Meabek Oi, hondarrezko emakaitz (1999), eta Azalaren kodea (2000) poema-bildumetan diskurtsoa aditzez hustu, eta izen-adjektibo elkarketa pertsonalen bitartez joan doa diskurtsoa sortuz, motelduz, totelduz. Baina, totel-motelka ibiltzeaz gain, erabili dira beste bide anitz ere patriarkatuaren hormatzarra dardarka jartzeko. Egon badago hormatzar horren eraikin izaera aldarrikatu duen idazlerik, horretarako hormatzarra osatzen duten adreiluen arteko loturak bistaraziz. Bide horretatik jo du Yolanda Arrietak Jostorratza eta haria (1998) nobelan; josteko manualaren egitura duen nobela sinboliko horretan, genero rolak eraikuntza sozial direla agerrarazten du, eraikuntza horien, rol edo soineko horien ifrentzuak bistaratuz, ezkutaturiko zimentarriak ikusgarri eginez.

Egon badago arkitektoaren ustezko ahots neutroaren izaera subjektiboa agertzeko itzul-ariketak egin duen idazlerik. Gure artean Itxaro Borda dugu ustezko narratzaile neutroaren ahots hori iraultzeko sainan trebeen jardun dena, narratzaile orojakilea parodiatuz bere lehen nobelan, Basilikan (1984). Narratzaile ahalguztidun, epaile eta iritzi emailearen parodia argia dugu nobela hori, besteak beste. Egon badago tonu adeigabea erabili duen idazlerik hormatzarrari hoska. Esate baterako, diskurtso gordina erabiliz, sintaxi gordina erabiliz, hiztegi gordina erabiliz, inozentziaren galera agerraraziz eta inozentziaren mitoa hautsiz. Uxue Apaolazak hartu du azken bide pertsonal hori Umeek gezurra esaten dutenetik (2005) narrazio-bilduman.

Luma asko, molde asko hormatzarraren egonkortasuna itzulikatzeko ahaleginean. Batzuek itzuli-mitzulian, eta beste batzuek zuzen-zuzenean kodeak itzulikatuz, baina, guzti-guztiak, aldez edo moldez, jasoriko kode zamatsua berrasmatzeko jardunean.

 

Bibliografia:

Apaolaza, Uxue: Umeek gezurra esaten dutenetik. Donostia: Erein, 2005.

Arrieta, Yolanda: Jostorratza eta haria. Donostia: Premio Kutxa Donostia-Hiria, 1998.

Borda, Itxaro: Basilika. Iruña: Susa, 1984.

Godayol, Pilar: Espais de frontera. Gènere i traducció. Vic: Eumo, 2000.

Meabe, Miren Agur: Oi, hondarrezko emakaitz. Bilbo: Labayru, 1999.

Meabe, Miren Agur: Azalaren kodea. Iruña: Susa, 2000.

Meabe, Miren Agur: El código de la piel. Gasteiz: Bassarai, 2002.

Oñederra, Lourdes: Eta emakumeari sugeak esan zion. Donostia: Erein, 1999.

Queneau, Raymond: Estilo-ariketak. Itzultzailea]Traductor: Xabier Olarra. Iruña: Igela, 2005.

Urretabizkaia, Arantxa: Zergatik Panpox. Donostia: Erein, 1979.

Haritik tira!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: