Ez feminista, ez matxista
2009/06/09 Utzi iruzkina
Sareinak
“Ni ez naiz ez feminista ezta matxista ere”. Zenbat aldiz entzun dugu baieztapen hau? Katixa Agirrek eta Eider Rodriguezek honi buruz idatzi dute Argia aldizkariko plazan.
Egia esanda, gure gizartean edozer gauza da zilegi, gehiegi ez zaren bitartean (…) Akaso joera honen alderik mingarriena feminismoaren gehiegikeria salatzen duena da. Hamazortzi edo hogei urteko nire ikasleen artean ere entzun izan dut “ni ez naiz ez feminista ezta matxista ere” bezalako aitorpenak. Horrela erdibide onargarri batean kokatzen direla uste dute, lortu dutela oreka edo harmonia inbidiagarri bat, aurreko belaunaldiek lortu ez dutena. Neskak izan ohi dira horrelako perlak jaurtitzen dituztenak. Katixa Agirre, “Gehiegi” (Argia 2186, 2009ko maiatzaren 31, 18. orrialdea).
Izan ere, zein espaziotan gauden, feminista garela onartzea suizidioa izan daiteke. (…) Beraz, agian, Katixa, zure ikasleek espazioa usaindu eta behatu ondoren egiten duten baieztapena da. Zuhurrak direlako. Badakitelako, zapaltzen duten espazio hori ez dela guztiz beraiena, erdia ere ez dela beraiena. Badakitelako, “ni feminista naiz” esanda –gela guztiaren aurrean, gainera!-, gainerako gelakideak okertu egingo liratekeela. Haiek direnarekin bat ez datorren irudi bat egingo dutela gainerakoek “feminista” gisa azaltzearekin bat (…) Emakumezkoek neutral agertu nahi dute. Bakean. Normal. Arazorik gabe. Maitagarri. Lagun. Kide. Gizonezko. (…) Feminista hitzaren definizio patriarkala zatarra delako: gizonezkoak gorroto dituen emakume frigido eta iletsua. Eta inork ez dituelako emakume zatar, frigido eta iletsuak maite. Gizonezkoek ez behintzat. (…) guk ere ez al dugu, Katixa, gure izen abizenen ondotik emakume hitza mandeulia bailitzan uxatu behin baino gehiagotan? Zergatik? Eider Rodriguez, “Ni ez naiz feminista” (Argia 2187, 2009ko ekainaren 7, 16. orrialdea)
Sareinak 2009/06/09
Itziar Zigak honen harira
ilbeltza — 2009/06/19 11:28
Behin “feminismoa matxismoa bezalakoa da, baina alderantziz” esan zioten Itziarri eta sekula huts egin ez dion erantzun bat asmatu zuen:
“Talde feministaren baten jarduerak eta diskurtsoa ezagutzen dituzu? Teoria feministari buruzko libruren bat irakurri duzu inoiz? Badakizu hiri honetan zenbat talde feminista dauden edo zertan dabiltzan lanean? (…) Kontua da nik badaukadala gai honi buruzko informazio asko eta horren ondorioz elkarrizketa hain desorekatua egongo da eta ni hain gutxi aberastuko nau, hobe dugula saiatu ere ez egitea”.
¿Feminismoa matxismoaren kontrakoa dela?
Ester — 2009/06/27 19:42
Betidanik mindu izan nau horrelako baieztapenak entzuteak, agerian uzten baitute gaur eguneko gizartea zein bidetik hezten ari garen, eta nire ikasle garaietan aurrez aurre topatzen nuen errealitate bera begien aurrean izateak, ezer gutxi aurreratu dugunaren seinale iruditzen zaidalako.
Minaz aparte, badago salatu nahi dudan zerbait: bai, emakume garelako, ez feminista garelako,emakume IZATERA ausartzen garelako (hauxe baita feminista izatea) izaten ari gara sistema patriarkal honek zapaldu beharreko mandeulia, izatea badelako errebeldia hutsa, ausardia hutsa gure garaiotan. Hobe da (hala antzematen da behintzat), zarenarekin ez konpromezurik hartzea, emakume garen heinean epel-goxo-geldo ta ixilik geure bidea egitea, bestearen begietara so eginez eta gugandik espero dena eginez (eta ondo eginez gainera) sortzea geure bidea. Ez izan, ez ozen, hobe baita inork ez konturatzea izan bagarela. Hala bada presta gaitezen, arrisku bilakatu baikara geure ongizatearen gizarte indibidualista patriarkal putre hontan, eta mandeuli baten moduan, uxatu ez, zapaldu egin nahi izango gaituzte “feminismoa matxismoaren kontrakoa dela” esaldi manipulatzaile bezalakoak direla medio.