Emakumeak Kontari ipuin lehiaketan euskarazko saria eman gabe
2009/07/01 Utzi iruzkina
Josune Muñoz
Ekainaren 25ean Bilboko Udaleko Arabiar aretoan elkartu ginen EMAKUMEAK KONTARI XVI. ipuin lehiaketaren erabakia eta irabazleak ezagutzeko. Aurrean, Alkate jauna eta Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailaren zinegotzia, zuzendaria eta hainbat teknikari.
Sailaren Zuzendaria jakinarazi zuenaren arabera, aurtengo partehartzea baxua izan da, arrazoien artean, datak aldatu direla eta aurkezteko epea askoz laburragoa izan dela argudiatu zuen. Aurten, 111 ipuin aurkeztu dira, 101 Gaztelaniaz eta 10 Euskaraz. Euskal portzentaia, beraz, %10. Aurreko urteetako joera mantentzen dela esan zuten, %10-15 bitartekoa dela lehiaketaren hasieratik. Eta geuk geure buruari galdetu genion, zergatik ez da azken 16 urteetan portzentajea igo, jaitsi ez bada egin? Euskal partehartze eskasa.
Datu gehiago aipatu ziren. Emakumeen artean 35 bilbotarrak, 22 bizkaitarrak, 6 gipuzkoarrak. Espainiako emakumeak ere aurkeztu dira, Berlinetik ipuin bat jaso da, Brasiletik beste bat eta Argentinatik bi.
Aurten eta iaz ere, epaimahaikideak LUTXO EGIA, ARRATE EGAÑA eta LEIRE BILBAO idazleak izan dira. Lutxo egiak irakurri zuen akta eta…
Gaztelaniazko Lehenengo Saria ELENA ALONSO FRAYLEk eskuratu zuen Felice cuenta izenburuko ipuinarekin.
Lutxoren esanetan, epaimahaiak aintzat hartu du narraziorako egileak azaldu duen trebetasuna. Egileak estilo hurbila eta zuzena, batzutan poetikoa, askotan ironikoa, erabiltzen du; errealitatea umorez eta gordekeriarik gabe islatuz. Narrazioak gorputza, frustrazioa, familia eta literaturaren garrantziari buruzko istorio xamurra kontatzen duela esan zigun. Ez zen ipuin osoa edo zatirik irakurri. Hurrengo urteetan argitaratuko den ipuin-bilduma liburuxkaren aiduru geratu ginen.
Elena Alonso Fraylek bere saria eskuratu zuenean Berlinetik bidalitako ipuinaren egilea zela jakin genuen, bera bilbotarra bada ere. Aurtengo bere 15. saria dela komentatu zuen geroago. Bilboko idazle harrobia ez da bukatu. Eta euskal harrobia?
Saria eman ondoren, aurkeztu diren emakumeen adinari dagokionez, emakumerik gazteena 17 urtetakoa eta edadetuena 83koa, gehiengoa (52) 30-50 bitartekoa izan dela jakinarazi ziguten. Emakumerik edadetuena, 83 urtekoa, Concepción, Concha Lasuen, alegia, berton zegoen eta omenaldi labur bat egin zioten, Bilboko harrobia bukatzeke dagoela ziurtatu genuelarik. Eta euskal harrobia?
Lutxo Egiak akta irakurri zuenean EUSKARAZKO LEHENGO SARIA DESERTUa zela esan zigun eta epaimahaikideek ahoz batez erabaki zutela euskarazko saria desertu uztea aurkeztu diren ipuinen artean ez zutelako saria emateko adinako literatur kalitaterik antzeman.
Euskal ipuinak kalitatean zein kantitatean, eskasak. Eta geu, ostera ere, gure galdera erretorikoekin hasi ginen: Euskal literaturaren maila hain baxua al da? Epaimahaikeak ezagunak eta irizpide zein esperientziadunak dira, ziur erabaki zuzena dena, baina zer gertatzen ari da? Euskal harrobia agortu da? Ziur ezetz, azkenengo urteetan plazaratu diren idazle gazteak (Katixa, Uxue, Irati, Nora…) gogoratuta, eta gerokoak? Eta gure idazlerik edadetuena? Noizko omenaldi bat?… Zorionez, geure barne erretolika eten egingo zuen zerbitzaria agertu zen eskuan txanpan kopa bat zekarrela… eta edateari eman genion hurrengo oporraldiraino eramango gaituen bidean lehen urratsak emanez.
Hurrengo urtean irabaziko duen euskal idazlearen alde, Topa!
JOSUNE, susmoak ta txanpaina hartuz.