Larruaren geografiak euskal poesian
2009/07/22 Utzi iruzkina
Iratxe Retolaza
“Erotismoa eta intimitatea” gaiaren bueltan gozatzera eta gogoeta egitera bildu ginen Eako poesia egunetan. Gai horren inguruko hitz batzuk konpartitzera gonbidatu ninduten, eta Ea herriko elkargunean konpartituriko zenbait gogoeta dituzue datozen hauek. Horietariko zenbait aurretik garaturiko hausnarketak dira, eta beste zenbait egun horietan sorturikoak, taberna eta bazkarietako solasaldietan. Esker mila, bada, Eako poesia egunak antolatzen dituen Herrijeri emon arnasa elkarteari, hemen bilduko diren gogoeta hauek haien ekimenak sortarazi dituelako, eta segituko dugulako gaiaren inguruan hausnarrean.
Erotismoaren inguruan gogoeta egitera gonbidatu nindutenean, berehala ohartu nintzen jardun horren kontraesanaz, Yolanda Arrietak ohartarazi bezala. Ez zuen arrazoirik falta Yolanda Arrietak. Gogoetatzerik al dago erotismoaz? Gogoetatzerik al dago intimitateaz? Gogoeta egiteak erotikotasunaz hustu egiten du edozein adierazpide, edozein jardun.
Erotiko dena ez al du nork bere esperientziaz sentitzen? Horrela da, nork bere begirada erotikoa du, eta nork bere sentipen erotikoak. Baina, ezinbestean begirada erotiko eta sentipen erotiko horiek jendarteak sorturiko erotismoaren inguruko irudi eta diskurtso batzuekin harremanetan daude, begirada erotiko horiek ere kulturalak direlako. Erotismoak baldintzatu egiten ditu begirada erotikoak. Ikuspuntu horren arabera erotismoa erotikotasunaren kodetzeaz arduratzen diren diskurtsoen bilduma da, eta beraz, erotiko denaz gogoeta egiten den neurrian abstrakzioranzko bidean jartzen du larruranzko bidean beharko lukeena. Erotikoaz baino, erotismoaz hitz egin nahi nuke, geure begirada erotikoa baldintzatzen duten ikuskera horiez. Baina, geure begirada erotikoak bat egiten al du geure begirada sexualarekin? Ezezkoan nago. Begirada erotikotik begirada sexualerako bidea mugarik gabeko espazioa da, baina, esango nuke badagoela mailakatze horretan alderik, eta bestelako konnotazioak biltzen direla “erotiko” dela esatean, edo “sexual” dela esatean. Hortxe adibide gisa Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (1979) nobela. Irakurri nuenean begirada erotikoa sorrarazi zidan, baina, ez begirada sexuala. Erotikotasunaren jolas horretan mugitzen zen sentsualtasuna mamitzen da nobela horretan, iradokizunetik hurbilekoa eta zeharkakoa. Beraz, erotiko eta erotismoaz hitz egitean ikuskera hori izango dut gidari.
Iruditzen zait poesia batek begirada erotikoa sorrarazteko beharrezkoa duela larruranzko bide hori eragitea irakurlearengan, eta kitzikatzea. Irakurleari beharrezko zaio larruaren irudikapena eragitea imajinarioan, begirada erotikoa sorraraziko bada. Alegia, baliteke poeman larrurik ez agertzea, baina, irakurketan larruaren irudikapena edota fisikotasun hori sorraraztea beharrezkoa da, erotikotasuna sentituko bada. Larruaren irudikapen hori sorrarazteko, bi bide nagusi daude: batetik, irudien, egoeren edo objektuen bitartez bideratzea begirada erotiko hori; bestetik, gorpuztasunetik abiatzea begirada erotiko hori, eta larruaren irudikapena poematik bertatik bideratzea. Ez ditut aipatuko gaurko gogoetan larruaren irudirik ez duten poemarik, azken batean larruaren geografia horiek nola irudikatu diren aztertu nahi dudalako.
Poema batean larrua edo gorputza aipatzen denean kokapen diskurtsibo ezberdinetatik egin daiteke:
a) Ni poetikoak bere larrua irudika dezake.
b) Ni poetikoak zu poetiko baten larrua irudika dezake.
c) Ni poetikoak hura poetiko baten larrua irudika dezake.
Jakina, jarrera diskurtsibo hauek guztiek irakurlearen jarrera eta kokapena baldintzatuko dute. Izan ere, irakurleak bere larruaren kodetzea egina du, eta kodetze horren arabera identifikatuko da ni poetikoarekin, zu poetikoarekin, edota hura poetikoarekin. Identifika liteke batekin baino gehiagorekin ere. Baina, ezinbestean, larru-identifikatze horiek baldintzatuko ditu begirada erotikoen aukerak eta mugak.
Euskal poesiaren eremuan ni poetikoa batik bat zu poetikoaren larruaren geografiaz mintzatu da edota hura poetiko urrun eta antzemanezinaz. Gainera, kasurik gehienetan ni poetikoa gizon larruz jantzia egon da (“buztana, zakila…”) eta zu poetikoa emakume larruz (“bular, sabel, ezpain, esku, ..”). Jon Miranderen “Oianone” poema dugu adibide argia:
Oianone
«Munduyan ezta gauçaric
hayn eder ez plazentic,
nola emaztia guiçonaren
petic buluzcorriric»
(Mossen Bernart Detchepare)
Gelan sarthu ginenean
Guerditan, ilhunean,
Munduan egin zan mutu
Zuten izarrek kantatu,
Biok etzan ginenean.
Oianone! Oianone!
Gau hunetan zaitut ene
Larru legun eta zuri,
Bulhar samur, sabel guri,
Nire neska Oianone.
Ezti bakhanez bethea
Zure matxantto maitea
Urtzen zan ene ahora,
Zabalik lore antzora
Eta gozokiz bethea.
Zure baratzeko borthan
Arrotz batek jo du. Bertan
Sarbidea emaiozu
Zama bat baithakar pisu,
Ez dezazula utz borthan!
Gauko oihanetan lasterka
Zure gainean zaldizka,
Behor zalhu eta bizkor,
Gau-bideetan gaindi, mozkor
Banaramazu lasterka.
Ezpain likhits, esku lizun,
Atseginetan jakintsun,
Bulharretik belhaunera
Haragi biok ikhara,
Jauzten zaitut, neska lizun!
Hiltzen naizela dirudi:
Batetan mila su-ziri,
Ene burmuinetan sarthu…
Botz-uhinak uzten gaitu
Hilik garela irudi.
Egin du irri Ilhargiak;
Hesten zaizkiola begiak
Neskatilak erraiten dau
Esker onetan othoitz haur,
Dantzularik Ilhargiak:
«Gora izan hadi, Suge,
Hi haizenik ene Rege,
Hi haizenik ene Jainko
Gau huntan eta bethiko,
Urrhe-buztaneko Suge!
Hathorkit berriz laztanik;
Janhari gozo badut nik
Ene baratzean are
Ezti gehiagorik Hire,
Bil ezak berriz laztanik».
Suge laztana nekhatu
Zan, ordea… loak hartu…
Ezti-loreetan etzanda
Atseden hartzen ari da,
Gaixoa baita nekhatu.
Ene maitea, moxu bat
Has dezantzat bertze hainbat!
Sugea baitatza lotan
Indarren bihurtzekotan
Oi! emaiozu moxu bat…
Euskal poesiari begiratuz gero, esango nuke larruaren geografiak Jon Mirande aipaturiko tarte horretara mugatu ohi direla, gehien-gehienik: “bularretik belaunetara”. Larruaren geografiak osatzerakoan horiek izaten dira irudirik erabilienak, eta horiekin batera Jon Mirandek berak irudikaturiko ezpain eta eskuak. Ez dugu apenas leporik, ez oinik, ez larru-arterik, ez gorputz-atalen mugarik… muga gabekoak dira gorputz atalak, osotasun baten osagai aparteko bailiran.
Jon Mirandek poema honetan buztana aipatu egiten duenez, ez dago irakurketa homoerotikorako lekurik, ezin du irakurleak ni poetikoa emakume larru geografian irudikatu, markatua delako.
Larru geografia orokortu eta kanoniko horren ondorioz, eta eredu bihurtu diren irudikapen horiek auzitan jartzeko asmoz, bestelako begirada erotikoak sortu dira, eta horretarako, beharrezko izan zaie begirada erotiko horiei solas egitea eredu kanonikoarekin edo orokortuarekin. Ziur asko horrek eragin du begirada poetiko horietan guztietan esnatzearen edo kontzientzia-hartzearen agerpena egotea, eta kasu batzuetan abstrakziotik larruranzko barneratze-prozesua egotea. Izan ere, larru geografia horiek beharrezko dute abstrakzio eta eredu bihurtu den eredu kanonikoa auzitan jartzeko bertatik abiatu eta nork bere larruranzko bidean eredua gaindituko duen larruaren konkista irudikatzea.
Amaia Lasaren hurrengo poema honetan argi irudikatzen da esnatze hori:
Ene gorputza
Esnatu eginda berriro.
Punta zuriko diti gorriak
Gogortu.
Diti gorriak
Odola ixuririk.
Beso biguinen ordez
Haritzaren azala lastandurik.
Odola ixuririk
Goaz.
Iadanik odolik gabe geratu zen
Gorputza usturik.
Sua
Ene suak
Ez ote nau gehiago hoztuko?
Poema horretan ni poetikoak bere larruaz hitz egiten du. Begirada poetiko ez hegemoniko hauetan guztietan poemak larrurantz nabarmenago makurtzen dute fokua. Hortxe doaz beste bi adibide:
Zugatik (Castillo Suarez)
Zugatik
hiltzen dira adierazpen publikorik gabe
sumendiak maindireen artean,
zaratarik ateratzen ez duten laztan likitsak,
begi isilak.
Esku dardaratiek
Gorputzen berrezagutze mantsoa,
ortodoxiak eskatzen duen izendatzea
geldiarazten dute.
Hatz puntek nahi gabe gozamena zedarritzen duten arren
Maitasuna irakurri eta plazerra ebats daitekeelakoan
Daude nire ezpainetako zimurrak.
5.- GARAI HEROIKOAK (Angel Erro)
ODA EGIN NAHI DIZUT, zakila,
hainbeste urte gogor eskertzeko.
Mila auditan hasi badut ere
ez dakit nola burutan atera.
Bertan, hau dakit, barkatuko dizut
ezkerreko joera, hain nire;
belaunaldi zerari egotziko
(hogeita sei urte dut eta duzu)
zure entusiasmo ustekabeak
eta noiznahiko ezinegona.
Ez dakit, txiki, zer gehiago idatz.
Hustu naiz.
Ruperren aipamen hura
paratuko dut. Gizonak behar du
zalantza. Heldulekuren bat ere.
Bi poema horiek oso ezberdinak izanik ere, badute egituran antzekotasunik. Bietan urruntasunetik hurbiltasunerantz doa fokua, handik hona. Castillo Suarezen poeman urruntze edo distantzia hori “zu poetikoa” da, eta Anjel Erroren poeman, aldiz, odaren inguruko diskurtsoa. Zu poetikoak bi poemetan ni poetikoan urtzera datoz, larruranzko bidean.
Gainera, Anjel Erroren poeman ni poetikoak zu poetiko hori konkistatzeko beharra du, larru geografia hori dekotzeko eta birkodetzeko beharra. Azken batean, zu poetiko hori ni poetikoaren larru geografia izan daitekeelako, edo maitalearen larru geografia izan daitekeelako, irakurketa homo-erotikoa eginez gero.
Badirudi begirada poetiko ez kanonikoetan ni poetikoak bere larruan mapa berriak egiteko behar handiagoa duela, begirada erotiko propioa konkistatzeko asmoz, larruaren kodetze propioa egiteko asmoz.