Feminismo marxista korronteko kide bati elkarrizketa
2009/09/07 Utzi iruzkina
Feminismoen historietan berdintasunaren, diferentziaren eta marxismoaren korronteak ekarri ditugu orain arte: teoria laburtuta eta EHn korronte horretako kide banari elkarrizketa. Hona hemen hirugarren testigantza.
1. Zer da feminismoa zuretzat? Zer ekarri dio zure bizitzari?
Feminismoa, salaketa eta aldarrikapen mugimendua da. Jendartean emakumeek duten egoera salatu eta aldaketa bultzatzen duen mugimendua. Mugimendu bezala anitza eta plurala da. Feminismoaren xedeak, nik ulertzen dudan moduan, hauek dira: 1) pertsonen arteko berdintasuna[1], eta beraz, emakume eta gizonen artekoa; 2) askatasuna, sexu askatasuna barne; 3) emakumeen autonomiaren defentsa; 4) emakumeen segurtasunaren defentsa; 5) aniztasunaren defentsa: ezberdinak gara izaeran, kulturan, egoera ekonomikoan…baina berdinak gara (izan behar genuke) eskubideetan eta aukeretan; 6) emakumeen arteko elkartasuna; 7) generoak eraiketa kultural bezala ulertzea.
Neri, emakumea izatearen harrotasuna eman dit, emakume izan arren pertsona bezala eskubideak eta gaitasunak ditudala jabetzea eta hauek defendatzeko adorea eman dit.
Emakume naizela beste emakumeekin batera: neri gertatzen zaizkidan gauzak arrazoi sozio-kultural bat dutela konturatzea, ez direla nire errua.
Ni neu aldatzeko indarra eman dit eta nire aldaketaren prozesu pertsonala beste emakumeekin konpartitzeko aukera.
Laburtuz: mundua ulertzen lagundu dit eta nire bizitzaren jabe izateko baliabideak eman dizkit.
2. Zer dauka feminismo marxista eta sozialistak beste korronteek ez dutena?
Emakumeen egoeraren azterketa testuinguru sozio-ekonomikotik abiatuta egin du, ez emakume eta gizonen ustezko eta berezko izaera ezberdinetik. Eta, beraz, aldaketarako erreibindikazioak eta borroka testuinguru honekin lotuta planteatu ditu, jendarteko alor ezberdinekin lotuta, hain zuzen. Emakumeen arteko berdintasunak eta desberdintasunak bereiztu ditu (aldarrikapen batzutan batera joan gaitezkeela, baina ez denetan) eta gizonezkoekin batera egiteko borroka ere hartu du kontuan (langileen alorrean, adibidez). Bizitza publikoko esparru guztietan aritzearen garrantzia azpimarratu du, baita politika instituzionalean ere. Aldaketa sozial globalaren defentsa egin du eta, korrente erradikalenek Estatuarekin amaitzeko borroka ere defendatu dute.
Ezagutzen dudanaren arabera, feminismo marxista-sozialista ildo honetako mugimendu politikoetatik sortu zen, borroka politikoan parte hartzeko, hortik bideratu zen feminismora, erakunde mistoetan emakumeek euren hausnarketa propioa egitetik (izan ere, erakunde mistoetan ere ematen zen diskriminazioa eta estrategia eta aldarrikapenetan ez zen genero ikuspegia integratzen)
Hala ere, gaur egun uste dut feminismoa ulertzeko era ezberdinak daudenez ez dagoela hain garbi korronte batzuen eta besteen arteko muga. Gainera garai bateko erakunde marxista-sozialistak ere asko aldatu dira.
3. Krisi garai honetan zer egin behar dugu sistema ekonomiko kapitalistarekin eta familia eredu tradizionalarekin?
Berdintasunaren ikuspegitik, eskuratutako lorpenak mantentzea ezinbesteko helburua da. Lantegietan, krisiari aurre egiteko hartzen diren erabakiak eta egiten diren politikak ez daitezela emakumeen kontra joan. Krisia aztertzerakoan, sindikatu, talde sozial eta instituzioek genero ikuspegia erabili behar dute, eta zer esanik ez bertan ari diren emakumeek; izan ere, emakumeak dira egoera ekonomikoaren eragina gehien jasan behar izango dutenak (baita adin nagusikoak eta etorkinak).
Kapitalismoaren logika aldatu beharra dago, ez delako sistema justua eta etekin ekonomikoa jartzen duelako bere izaera eta jardueraren erdigunean. Baina, hau epe luzerako helburua da, bitartean –eta perspektiba hau galdu barik- aldarrikapen zehatzak bideratu behar dira: behar sozial guztiei erantzutea, zerbitzu sozialetan inbertitu, etxebizitza politika sozialak, banketxeen kontrola (maileguak, soldata…). Banka etikoa bezalako alternatibak bultzatu. Emakumeek jasaten duten desberdintasuna konpentsatzeko beraiei begirako politikak jarri behar dira martxan: formazioa, soldata berdintasuna, pentsio duinak, lanerako sarbidea sustatu, beti ere premia handien dutenei lehentasuna emanez. Eta, nola ez, gure arteko eta okerren daudenekiko elkartasuna.
Baloreen mailako aldaketak sustatu behar ditugu, herritarrok orokorrean parte hartu dugulako kapitalismoaren logika honetan (beste maila baten, noski), kontsumo maila jaitsi eta gure bizimodua berplanteatu behar dugu.
Familia eredua asko ari da aldatzen, eredu anitzak daude orain. Pertsonok gure artean harremanak izateko ditugun era guztiak zilegi dira (noski elkarrenganako errespetuan eta eskubideak bermatuz) eta zilegitasun hori da normalizatu behar dena sozialki, hezkuntzan, legeetan, politikan, komunikabideetan… Harreman askeak eta elkarrenganako tratu onean oinarritutakoak behar ditugu, berdin da zer forma hartzen duten. Ildo honi jarraituz familia tradizionalak[2] geroz eta leku gutxiago izango du jendartean, edo familia-era askoren artean beste bat izango da, besterik gabe.
Honekin batera, alor pribatuari behar besteko garrantzia eman behar zaio sozialki: ume, nagusi, lagunen ongizatea garrantzizkoa baita, jendarteak ez du eratuta egon behar jarduera ekonomikoaren arabera eta lan-enpleguaren arabera. Emakumeek alor publikoa okupatu behar dute eta, maila berdinean gizonek alor pribatua: biak era orekatu baten banatu. Zaintzaren eta pertsonen bizitzarekiko ardurak balio soziala hartu behar du. Horretarako zerbitzu sozial egokiak egon behar dute: haurreskolak, jangelak, e. a., baina beti ere umeen beharrak kontuan hartuta (zerbitzu hauek ez daitezela 24 ordutan irekita dauden ume-parking bihurtu).
4. Nola heldu zinen zu ikuspegi horretara? Talderen baten parte hartu edo hartzen duzu?
Betidanik ibili naiz talde politiko-sozialetan. Jakinmina izan dut eta feminismoari dagokionez jardunaldietan eta hitzaldietan egon naiz. Eztabaidatu eta irakurri. Denborarekin nire “ondare” feminista gehitzen eta aberasten joan naiz.
Gainera, umea nintzanetik nire familiako gizonak beti arduratu izan dira etxeko lanetaz eta gure zaintzaz, hor erreferente praktiko garrantzitsua izan dut.
5. Korronte honi kritika ere egin diozue, ezta? Zertan datza kritika hau?
– Emakumeen zapalkuntzari buruzko teoria itxia zen, zapalkuntzaren kausa bakarra ezartzen zuen (sistema ekonomikoa). Ez ziren kontuan hartzen eragiten zuten beste alderdi batzuk: ezaugarri pertsonalak, alderdi psikologikoak, kulturalak, erlijiosoak, familiarrak, e. a.
– Emakumeari buruz hitz egiten zen emakume guztien identitatea berdina balitz bezala: identitate itxi batez definitzen genuen zer zen emakume izatea eta zeintzuk ziren emakumeen premiak. Ustezko emakume eredu batek ez zigun uzten emakume errealak ikusten.
– Feminismo nahiko etnozentrista zen, gure inguruko emakumeen arabera definitzen genuen emakume izatea zer zen eta zeintzuk ziren borrokaren helburuak. Beste herri eta kulturetako emakumeek egin ziguten kritika hau orduko mugimendu feministaren korronte ezberdinei.
– Feminismo nahiko arauemailea zen, gure teorien arabera finkatzen genuen zer komeni zitzaien emakumeei, nolako sexualitatea zen onena..
– Bizitza pertsonala eta soziala banaezinak zirela ondo esaten genuen: “norbanakoarena politikoa da”; hau urte haietan aldaketa garrantzizkoa eta positiboa izanik, batzutan beste aldera pasatzen ginen, bizitza pertsonala arautu nahian.
Hau guztia ez zen dena batera gertatu, ezta talde guztietan berdin ere; urteetan zehar eta neurri ezberdinetan izan zen.
Bestalde, praktikan ez zegoen horma bat korronte batzuen eta beste batzuen artean eta bazegoen, espazio komun bat ere, adibidez teoria oso orokorren aldeko joera, praktika pertsonalak arautzeko joera, gizon guztiak, gizon izateagatik, zapaltzaile eta erruduntzat hartzeko joera.
6. Jarraitu duzu Euskal Herriko mugimendu feminista azken urteotan? Denboran zehar izan duen bilakaera definituko zenuke?
Mugimendu bezala asko dibertsifikatu da, lehen uniformeagoa zen, agian ez da hainbeste somatzen mugimendu bezala. Baina, emakume asko ari dira ekarpen interesgarriak egiten nahiz eta ez egon talde feminista antolatuetan: Kooperazio eta GKEetan, eskola eta unibertsitateetan, kazetariak, enpresariak, zientifikoak. Hauek saiatzen dira beren alorretan genero ikuspegia erabiltzen.
Emakume gazteek ez dute, orokorrean, garai bateko emakumeen diskriminazioa sentitzen, uste dute ez dutela feminista izan beharrik. Nik (55 urte) gaitasun handiarekin ikusten ditut euren burua defendatzeko, nahiko argi izaten dute zer egin nahi duten beren bizitzarekin. Mutil gazteak ikusten ditut galduagoak, agian rol zaharrak ez die balio eta ez dakite nola ordezkatu.
Eztabaida berriak daude, adibidez sexu eta generoaren inguruan, baina beste batzuk oso zaharrak egiten zaizkit: feminismo eta instituzioen arteko harremana; emakumeen identitatea; emakumeen antolaketaren inguruan…
Garrantzia hartzen doan gai bat da gizonen zeregina diskriminazioaren kontrako borrokan, gizon talde antolatuak ere badaude; positiboa iruditzen zait beren ikuspegitik genero azterketa eta ekimenak egiten dituzten gizon hauen lana. Gizonek eta emakumeek lan bateratua egin dezakegula esan nahi du.
7. Azken aldi honetan abortoaren aldeko borroka berpiztu dela dirudi. Gurean duela 30 urte baino gehiago mugimendu feminista horrela hasi zela kontuan izanda ez duzu “déjà vu” sentsaziorik?
Sentsazio hori eduki dut sarri prentsa irakurrita; orduko orriak irakurri ditut eta gaurkotasuna dutela pentsatu dut. Baina egia da, eskuma eta elizako atzerakoienei ematen zaiela hitza eztabaida horietan: duela 30 urteko argumentu berdinak, jarrera berdinak. Zorionez jendarte erreala asko aldatu da, eta sektore horiek galduta dute borroka. Hala ere erne ibili behar lortutakoa ez galtzeko. Emakumeok informazio, aukera eta baliabide gehiago dauzkagu gure gorputza kudeatzeko, honetan nabaria da abantaila.
8. Nola irudikatzen duzu Euskal Herria 2050ean feminismoari dagokionez?
Epe hain luzeetan ez dut inongo ametsik eta inongo planik egiten. Gustatuko litzaidake hitz hori soberan egotea. Gustatuko litzaidake garai horretan biziko direnak pertsonaz arduratzea, generoak gaindituz, pertsona ezberdinez osatutako jendarte aske baten, eta pertsonen beharrei erantzungo diena.
Pilar Etxaniz Zutik-eko kidea
Zutik- EB/Berdeak-Aralar koalizioko zinegotzia Antzuolan
[1] Berdintasuna esaten dugunean parekotasuna esan nahi dugu: ezberdinak izanik eskubide eta aukera berdinak izan behar ditugula esan nahi dugu.
[2] Familia tradizionalaz ulertzen dut heterosexuala (derrigorrez), seme-alabekin, gizon eta emakumeen artean rol bereiztuak dituena, sexualki itxia