Maskulinitatea: bizarra eta biraoak? Feminitatea: bular oparoak eta barre txikiak? Bi bide bakarrik?
2009/10/10 Utzi iruzkina
Sareinak
Pasa den larunbatean, urriaren 17an, Transfobiaren aurkako nazioarteko eguna izan zen eta zenbait ekitaldi antolatu zituzten. Gasteizen, adibidez, 7menos20 taldearen eskutik Drag King tailerra, kontzentrazioa eta jaia egon ziren egunean zehar. Baina, zeri buruz ari gara “genero”, “trans” eta “king” berbak darabiltzagunean?
Bai mugimendu feministarentzat bai lesbiana, gay eta transexualen askapenerako mugimenduarentzat ezinbesteko lana da genero dikotomiarekin haustea. Gizona/emakumea eta maskulino/femenino bikoteak ezaugarri finko eta itxiez osatuta daudelako eta emakumeen, gay eta lesbianen zapalketa eta haien kontrako diskriminazioa bi kategoria hauetan eta hauen ondorio diren hierarkizazio eta balorazio desberdinetan oinarritzen direlako.
Gizonek dauzkate boterea eta prestigioa emakumeen gainetik eta hori iraunarazteko sistema patriarkalak askotariko biolentzia erabiltzen du. Heterosexualitatea da araua; homosexualitatea eta lesbianismoa historian zehar bekatua, delitua edota gaixotasunarekin harremanetan jarri izan dira homosexualak eta lesbianak baztertuz, gutxietsiz eta haienganako mespretxua agertuz.
Menperakuntza harreman hau, derrigorrezko bitasun hau gainditzeko modu bat errealitateari begiratzea da. Hori egitean konturatuko gara badirela bi kutxatxo horietan sartzen ez diren pertsonak ere: estereotipoek dauden aukera guztiak sinplifikatu eta desagertarazten dituztelako, errealitate anitza ezkutatuz.
Bitasun zurrun hau gainditzeko beste modu bat Queer teoria delakoan kokatzen diren batzuek egiten dutena da. Transgeneroa proposatzen dute, sexu-genero sistema hertsi eta arauemailea gainditzea, hain zuzen, norberak bere gorputzean daramatzan maskulinitate eta feminitateari begiratzea eta identitate arauemailearen mugak apurtzea.
Feminitatea, baita maskulinitatea ere, sozialki eraikita egoteaz gain, performatiboak dira, hau da, arau eta ohitura sozialetan oinarritutako eguneroko portaera ikasiak; jarrera, keinu, begirada, arropa eta gorputzaren zainketa zehatz batzuen errepikapena.
Eta nola egin daiteke kontzientzia hartze eta esperimentazio hau? Nola jabetu generoaren antzezpenaz? Hasieran aipatutako drag king tailerra aukera ona da (teoria eta hausnarketa praktika eta bizipenera pasatu nahi izanez gero).
Hona hemen gai hauetan adituak diren Beatriz Preciado eta Judith Halberstamen hitzak (Testo yonqui eta Masculinidades femeninas liburuetatik hartutako eta itzulitako aipuak, hurrenez hurren):
[Drag King tailerren helburua da] Askotan gure identitatearen oinarri egonkortzat ditugun horiek aztertzea (sexua, generoa eta sexualitatea). Hauek eraikuntza kultural eta politiko soilak bezala aztertuko ditugu; prozesu baten asmo jakina duen, kritikoa den eta intsumitua den berreraiketa baten objektu posibleen moduan, alegia. (Preciado 2008)
Drag king performantzeak maskulinitate dominatzailearen egitura agerian uzten du hau teatrala egitean eta maskulinitate horren oinarri den rol eta tipologien bilduma errepikatzean. (Halberstam 2008)
Virginia Woolfek esaten zuen idazleak, edo sortzaileak, androginoa behar zuela izan, barruan zituen alde femenino zein maskulinoa kontzientera pasatu eta azkenik, bere sexuaz ahaztu ondo idatzi ahal izateko.
Antzerkiak eta literaturak rolak deseraikitzeko eta beste nortasun batzuk bizitzeko aukera ematen digute. Aprobetxatu dezagun hau emakumeen eskubide urraketari, generoen arteko botere harremanei eta bitasun hierarkikoari buruzko hausnarketa egiteko eta gure egunerokotasunean ondorioztatutakoa praktikan jartzeko.
gai interesgarriak
xabi — 2009/10/23 00:44
oso testu polita ta gaia interesgarria. oso gustora irakurtzen ditut zure blogekoak. eutsi horri!!
xabiri
Amaia — 2009/10/28 12:04
Eskerrik asko blogeko guztion partez Xabi!
Saiatuko gara interesgarriak diren eta eztabaida pizten duten gaiekin jarraitzen.
Eta orain… argazkia eta guzti ipini diogu! 🙂