Lourdes Méndez antropologoa teoria feministaz
2009/10/14 Utzi iruzkina
Irailean, Donostiako Udaleko Berdintasun eta Lankidetza Atalak antolatuta, Lourdes Méndez, EHUko Artearen antropologian katedradunak, lau egunetako ikastaroa eskaini zuen.
Mugimendu feminista erakunde publikoek irentsi dute (I)
Lehen egunean, “Teoria feminista” izenburuko ikastaroa bero-bero hasi zuen Mendézek, kontatuz nola mugimendu feministarik jada ez den Europan eta nola haren tokia erakunde publikoek hartu duten.
Gero sakonago azalduko zituen ideiak lau lerrotan laburbildu zituen:
-Ez dago mugimendu feministarik, eta ez da horretarako beharrik sentitzen.
-Genero kontzeptuaz saltsa-maltsa teoriko handia dago.
-Genero ikuspegiak ez du zertan ikuspegi feminista izan.
-Nola sortu behar dugu kontzientzia feminista?
Bruselan aurten egin diren “Feminismoa eta Europar Batasuna” izeneko jardunaldiak aitzakia hartuta aurrez aipatutako ideiak harilkatzen hasi zen EHUko antropologoa. Jardunaldietara ez zuten militante feministarik gonbidatu, horiek politika egiten dutelako. Ikerlariak berriz, objektiboak dira. Europan mugimendu feminista desagertua da. Feminismo instituzionala ezarri da eta horrek feminismoa kontzeptua berdintasun politikoa kontzeptuarekin berdindu du. Berdintasun hitza aurrera doa, feminismo hitza ezkutatzen ari da. Eta ez dira gauza bera. Berdintasunaren kontzeptua Frantziar Iraultzan agertu zen, gizonek gizartean eskailera mailak igo zitzaten. Ikuspegi neoliberala ez da ezbaian jartzen. Ez gara konturatzen berdintasunak ez digula balio. Errealitatearen zati garrantzitsua galtzen ari gara. Garai batean emakumeak bazuen kontzientzia, Arte Ederrak ikasi nahi zuen eta esaten zitzaion ezetz, “zu emakumea zara, ezin duzu”. Orain ez dago horrelakorik, denak berdinak gara.
Laugarren olatuaren beharrean gaude. Ez dugu gatazkaren kontzientziarik, eta baldin badugu gatazka indibidualtzat hartzen dugu. Laugarren olatua ez da helduko erakunde publikoengandik, jakina denez.
Bi orduak ziztu bizian pasa zitzaizkigun Mendézen zein partaideen hitzak entzuten. Bigarren egunerako amua jarri zuen segidan: 1949, sufragistek eragindako bigarren olatua itzali berria. Simone de Beauvoirrek “Deuxième Sexe” idatzi du eta zera galdetu du: Zer da emakumea? Ez du emetzat hartzerik nahi, ezta femenino hitzarekin markatu nahi ere. Zer da orduan?
Ni-aren garaipena, feminismoan ere (II)
Bigarren eguna lehenengoa baino mamitsuagoa izan zen, hala gertatzerik bada. Freud, Levi-Strauss, Hèritier eta beste aipatu zituen eta nahikoa lan EHUko antropologoari haria jarraitzen. Hala ere, hainbat printza ondo jaso genituelakoan nago.
1970eko hamarkadan indarrean ziren bi termino aipatu zituen Méndezek: generoa (N.C. Mathieu, 1971) eta sexu soziala (A. Oakley, 1972). Lehenengo horri heldu omen dio feminismoak eta bigarrenari kasu handirik ez omen dio egin. Zer da sexu soziala? Hara laburrean esanda: ikerketa soziologikoak egiterakoan hiru kategoria omen ziren etengabe errepikatzen zirenak: sexua, adina eta klase soziala. Adinaren kategoria erabiltzen zen hainbat kalkulu egiteko, esate baterako, adin tarte bat osatu eta ezaugarri desberdinak lantzeko. Sexuaren kategoriarekin hauxe gertatzen zen: besterik gabe ikerketan parte hartutakoak jartzen zuen gizonezkoa ala emakumezkoa zen, eta kito. Gero jakin zuten hainbat ikerketetarako emakumeen datuak erabiltzen zirela. Sexu femeninoa bereziki lantzen zuten, sexu maskulinoa ez, hori unibertsala zen. Emakumeak aztertu, beraz. Bai, baina ez bere horretan, beti ere gizonekiko harremanean. 1970eko hamarkadan gizon-emakume harreman hori oso kontziente egin zen, alegia, aztertu dezagun emakume kategoria gizartean, baina egin dezagun gauza bera gizon kategoriarekin. Ondorioz, emakumeari eragiten dionak gizonari eragiten dio. Entzule batek adibidea jarri du eta hobeto ulertu dugu: Emakumea lan merkatuan sartu da. Horrek nola eragin dio lan merkatuan gizon-emakumeen arteko harremanari? Nola eragin dio gizonari? Eta emakumeak etxetik lantokirako bidea egin duen bezala gizonak egin al du lantokitik etxerako bidea?
Teoria feministetan Freud-ek izan duen eragina azaleratu du Méndezek. Psikoanalisiaren ur handietan galdu naiz, baina ideia orokor bat atera dudalakoan nago: Ni-aren, psikologizazioaren, intimoaren garaian bizi gara. Indibidualismoaren goraipatze honetan esparru pribatua eta publikoa nahasten ari gara. Publikotik pribaturako trasbaseak egiten ari gara, Méndezen ustez trasbase desegokiak. Adibidea: esparru publikoan berdintasun politiko-juridikoa eskatzen dugu, eremu pribatuan plazerrerako eskubidea aldarrikatzen dugu edo berdintasun sexualerako eskubidea. Zer esan nahi du plazerrerako eskubidea aldarrikatzeak? Zer da hori? Eremu pribatuari ari gara lehentasuna ematen eta ikuspegi globala galdu dugu, laugarren olatua falta zaigu.
Hamar minutu falta dira ikastaroa bukatzeko eta 50 partaide inguru Méndezi begira gaude. Hark galdera gehiago nahi du, gu nekatuta gaude. Azken etxafuegoa bota du Donostiako Udaleko pleno aretoan: soziobiologiaren garaian bizi gara, teknobiologiaren garaian. Sexuz alda dezakegu, haurraren sexua aukeratu dezakegu, gizonik gabe haurra izan dezakegu, ez du zentzurik maskulino-femenino terminoetan hitz egiten segitzeak.
Utikan generoa! (III)
Giroa bor-bor egon zen hasieratik ikastaroaren hirugarren egunean, galdera eta hausnarketa asko. Méndezek lortu zuen partaideoi kilimak egitea.
Modako terminoa, generoa, hankaz gora jarri zuen. Antropologoaren ustez, genero hitza erabiltzeak ondorio suntsitzaileak izan ditu. Erakunde publikoek bereganatu dute genero hitza eta euren modura erabili. Esate baterako, aipatu zuen nola gaur egun generoari buruzko ikerketa mordoa egiten diren, asko eta asko zentzurik eta eraginkortasunik gabeak. Sexua eta generoa bereiztu nahian egin zuten lan feministek, biologikoaren eta kulturalaren arteko mugen bila ibili gara, eta orain zertarako balio digu horrek guztiak? -dio Méndezek-. Zer lortu dugu diskurtso horrekin? Ez badigu balio borroka politikorako, utz dezagun. Méndezek ez du erabiltzen genero terminoa bere jardunean eta esan du agian emakume eta gizon terminoak erabiltzera itzuli behar dugula. Partaideetako batek segituan hartu du hitza: “Emakume eta gizon bereizten hasi behar badugu ni desapuntatu egingo naiz! Ulertzen dizut esaten duzunean genero terminoa erakunde publikoek bereganatu dutela. Gureganatu dezagun feministok terminoa!”.
Méndezek argi du feministak, teoria mailan, irteerarik gabeko atakan direla. 1970-80-90eko hamarkadako teoriek ez dute balio, oraingo egoera ez da ordukoa. Sexua-generoa moduko dikotomiekin segitzen badugu urrutira ez garela iritsiko dio. Transexualen adibidea jarri du: “Transexualak dio: ‘emakume gorputzean preso dagoen gizona naiz’, eta guk esaten diogu: ‘zorte txarra izan duzu, baina lasai, operatu zaitezke!’. Transexualak diskurtso menperatzaileari heldu dio, ez dauka beste zeri heldu”.
Mugimendu feministaren premiazko egitekoak (IV)
Teoria feministaren ikastaroan laugarren eta azken saioa. Lourdes Méndez irakasleak generoa terminoari heldu zion berriro. Termino ulertezina eta feminismoarentzat balio ez duena, bere ustez.
Antropologoak gogorarazi zuen 1970eko hamarkadan nola mugimendu feminista eta akademia (unibertsitateak) elkartrukean ari ziren. 1980ko hamarkadan elkar elikatze hori eten zen eta gaurko panorama ondokoa da: batetik mugimendu feminista, bestetik akademia eta hirugarrenik, erakunde publikoak. 1980ko hamarkadan mugimendu feministaren eta akademiaren artean zegoen harremanik ez dago gaur egun, baina argi geratu zen militante feminista bat baino gehiago ari dela lanean erakunde publikoetan. Méndezek aitortu zuen erakunde publikoek mugimendu feministari ateak irekitzen dizkietela dirulaguntzak-eta emanez. Zurrunbilo horretan sartua dago mugimendu feminista.
EHUko antropologoak argi du, ordea: “Feministok ez dugu astia hartu pentsatzeko zertan ari garen, esate baterako, genero hitza erabilita. Esan nahi dut ari garela eztabaidatzen ea zer den maskulinoa eta zer femeninoa, eta horretaz hitz egitea aingeruen sexuaz hitz egitea bezala da. Jardun gaitezen ukigarria den horretaz; sistema ekonomiko honek eragiten duen presio ekonomikoaz, politikoaz, erlijiosoaz…”. Gaur egungo jendarte konplexua izan zen hizpide ikastaroan, inmigrazioa tartean. Mendebaldean emakumeek emakumeak zanpatzen ari ote diren galdetu zuen norbaitek. Méndezek adierazi zuen kontua ez dela norbanakoa errudun sentitzea (etxeko lanetarako etorkin emakumea kontratatzeagatik, esate baterako), eta gutxiago emakumea emakumearen aurka jartzea. Sistema ekonomikoaren egitura arazoa nabarmendu zuen eta hark norbanakoari ardura bizkarreratzeko duen joera.
Zer egin behar du mugimendu feministak? Horixe partehartzaileek Méndezi egindako galdera. Premiazko hiru zutabe aipatu zituen:
-Mugimendu feministaren laugarren olatua abian jartzea.
-Unibertsitateetan ikertzea. Txorakeriak alde batera utzi eta ikerlariak eta emakumeak harremanetan jartzea.
-Berdintasun planak (erakunde publikoek eginak) zorrotz kontrolatzea, eginda daudenean iristen baitira talde feministen eskuetara.