Kontu jaten

Liburuaren azala.

Liburuaren azala.

Egilea: Arantxa Iturbe

Liburua: Kontu-jaten

Urtea: 2006

Argitaletxea: Alberdania

Iruzkingilea: Iratxe Retolaza

Badirudi, oraindik ere, hitzaren balioa aldatu egiten dela euskarriaren arabera. Badirudi idatzitako hitzak esandakoak baino balio handiagoa duela, edota paperean idatziriko hitzek sare arteko hauek baino balio handiagoa dutela. Eta batik bat, badirudi estimatuagoa dela paperean idatziriko hitza, eta are estimatuagoa liburuan gorderikoa. Horregatik, liburuan bilduriko hitzei balio handiagoa eman ohi zaielako, eta prestigio handiagoa aitortu ohi zaielako, saio ugari egin dira bestelako euskarrietan emandako hitzak paperera bihurtu eta liburu formatuan emateko; nola edo hala, beste euskarri horietan sorturiko hitz horiei bozgorailua jartzeko asmoz eta hitz horien balioa hanpatzeko asmoz. Horra hor, besteren artean, blog eta web-orrietako hitzei oraindik ere darien paper-mina, askotxo baitira sarerako sorturiko hitzak liburuan bihurtzeko saioak.

Kontu-jaten liburua ere beste euskarri batean sorturiko hitzak liburura bihurtzeko saioa da, baina, bada gehiago ere. Arantxa Iturbek hamalau emakumeren oroitzapenak eta lekukotasunak liburura bihurtu ez ezik, hitzaren euskarriei emandako balioen inguruan gogoeta egitera gonbidatu gaitu. Gonbidapen ezin interesgarriagoa. Ikus dezagun zertan diren, nire ustez, hausnarketa horiek.

~Emakumeen mundu ikuskerak literaturagai~

Tolosaren 750. urteurrenaren harira eginiko enkarguzko lana da liburu hau, eta beraz, denbora eta espazio jakin bateko emakumeen lekukotasunak jarri dira elkarren ondoan, eta enkarguari erantzunez, beraz, Tolosa inguruko adineko emakumeen lekukotasunak bildu dira. Kontu-jaten aritu ondoren, argi eta garbi geratzen da testuinguru bertsuan kokaturiko emakume hauetariko bakoitzaren bizipenak bereziak direla, eta batez ere, bizipen horien berri emateko moldea oso-oso berezia dela, oso-oso pertsonala. Horiek horrela, ez dut uste liburu honetan hamalau emakume horien ahozko testigantzaren berri ematen denik, baizik eta emakume hauekin izandako hartu-eman eta solasaldi horren lekukotasuna ematen da. Hau da, liburuko pasarte hauetako narratzailea erdibidean kokatu da, emakume horiek sorturiko ahozko diskurtsoaren, eta ahozko adierazpen horien hartzaile zein lekuko izan den pertsonaren artean. Nolabait, emakume horiekin biziriko une horiek berridatzi nahi izan ditu Arantxa Iturbek, eta ez emakume horien ahozko adierazpen soilak bildu. Ahozko adierazpen horiek sortu direneko testuinguruan eman nahi izan ditu, testuinguru hori birsortu nahi izan du, eta trebetasunez asmatu du narratzaileak lekukotasun-une hori birsortzen eta fikziora bihurtzen. Ondorioz, emakume zenbaiten ahozko diskurtsoa bere horretan emateko gogoa baino nabarmenagoa da emakume zenbaiten mundu ikuskera pertsonal horiek birsortzeko gogoa. Alegia, emakume zenbaiten mundu ikuskerak dira literaturagai bilakatu direnak, eta ez ahozko adierazpenak.

~Emakumeen mundu ikuskerak, ahozko hitza eta beste~

Esan bezala, emakume hauetako bakoitzak hitza erabiltzeko bide propio eta pertsonala du, eta bizitzaren berri emateko hitzaren erabilera horietariko bakoitzak mundu ikuskera pertsonala gorpuzten du. Esate baterako, emakume zenbaitek ahozko hitzari garrantzia itzela ematen diote, eta kasu horietan, ahozko lekukotasun horri pisu nabarmena eman zaio baita narratzailearen diskurtsoan ere. Jakina, ahozko lekukotasun horietariko batzuk gogoetak harilkatzea dute bide nagusi “Denborak tokirik ez”, beste batzuek gertaerak harilkatzea dute bide nagusi “Laurogeita lau aulki”, beste batzuek irudiak deskribatzea dute bide nagusi “Amonaren seinalea”, beste batzuek elkarrizketa dute bide nagusi “Bide berean”, eta abar. Joera hauek, bada, lekukoaren mundu ikuskeraren nondik norakoa gorpuzten dute. Baina, beste kasu batzuetan, emakume horiek haien bizipenen berri ematerakoan garrantzia handiagoa eman diote gorputz-adierazpenari, edota irudi eta argazkiei, eta kasu horietan, narratzailearen diskurtsoak ere elementu horiek puztu ditu, ahozko adierazpenarekin batera. Esate baterako, erdibide horretan sortu da Gonaren aurka narrazioa, gorputz adierazpena “Gonarekiko harremana” eta ahozko diskurtsoa josiz sorturikoa. Edota erdibide horretan kokatzen da “Album zaharra” narrazioa ere, irudiak “Argazki zaharrak” eta ahozko dikurtsoa josiz sorturikoa. Eta abar. Nabaria da lekukoen hitzak, irudiak eta jarrerak entzuten eta irakurtzen jakin duela narratzaileak, eta nabaria da lekuko hauek bizipenak kontatzeko erabilitako moldeari zintzoki lotu zaiola. Narratzailearen jarrera honek liburua aberastu egin du, molde anitzeko lekukotasunak bilduz, molde anitzeko mundu ikuskerak bilduz. Zentzu honetan, garrantzitsua iruditzen zait, oso garrantzitsua, lekuko hauen adierazpenak biltzerakoan ahozko adierazpenaz besteko moldeak ere kontuan hartu izana. Honela, emakumea eta ahozko hitza hertsi-hertsian lotzeko egon den joera zalantzan jartzen da. Bai, emakumea ahozko hitzarekin lotura izan duelako, baina, ez bakarrik ahozko adierazpideekin. Edo beste modu batera esanda, emakumeari ez dagokio ahozko sorkuntzaren eremua hertsi-hertsian, beste eremuekiko inolako harremanik gabe.

~Emakumeak, ahozko eta idatziaren arteko zubigile~

Bai, emakume eskarmentudun hauen mundu ikuskeran, ahozko adierazpenak garrantzia bizia (izan) du, baina, ez bakarrik ahozko adierazpenak. Horregatik, emakume horiek ahozkoak ez diren bestelako euskarriekin ere harremana izan dutela adierazteko-edo, lekukotasun bakoitzean bi atal bereizi dira: batetik, emakumearekin izandako hitzorduaren narrazioa egiten da, eta bigarrenik, kontaturiko horrekin loturiko testutxo idatzi bat eskaintzen da (gutunak, telegramak, ohartxoak…). Dirudienez, lekukotasunaren bigarren alde honek emakume hauek guztiek ere idatzizko euskarriarekin harremana izan dutela adierazi nahi da, eta are konkretuago, ahozkoaren eta idatziaren artean egon diren testu idatzi horiekin harremanetan garatu izan dutela bere mundu ikuskera.

Laburbilduz, Kontu-jaten liburuak mahai-gaineratu bezala, emakumeak ahozko hitzaren gordailu izan dira, askotariko ahozko hitzaren gordailu. Baina, ahozko hitzaren gordailu ez ezik, ahozko eta idatziaren arteko adierazpide horien sortzaile eta irakurle izan dira emakumeak, adierazpide idatzien eragile (ahozkotasun hori iturri izan delako testu idatzientzat, eta emakumeek testu idatziak ere sortu dituztelako). Arantxa Iturberen testigantza-liburu honek ederki azaldu digu emakumeok hitzarekin dugun harremana anitza dela, nork berea duela, baina, guzti-guztiak izan daitezkeela literaturagai, literaturarako bide, adierazpen literario, hitz literario. Euskarria edozein izanda ere.

One Response to Kontu jaten

  1. Dominique says:

    For newest news you have to pay a quick visit web and on world-wide-web I found this
    web page as a finest web page for most recent updates.

Leave a reply to Dominique Utzi erantzuna