Kritika literario feminista, metodologia baterantz (IV): pertsonaiak

Josune Muñoz

3. tresna: Pertsonaiak

Pertsonaiak komentatzeko unea heltzen denean hauen ezaugarriak, harremanak, mailak eta abarrak erraz nahasten direla ikusi dugu hainbat kritika literariotan. Hau saihesteko eta testu-iruzkin sakonago, borobilagoa lortzeko guk hiru lan proposatzen ditugu: pertsonaiak SAILKATZEA, AZTERTZEA eta HARREMANETAN JARTZEA. Post hau irakurtzen jarraitu

Atxagaz, Saizarbitoriaz, Urretabizkaiaz… idatzi badut euren lana benetan estimatzen dudalako da.

Armiarmatik hartua

I dazteko ez ezik argudiorako ere patxada erakusten duen horietakoa da Mari Jose Olaziregi. Oraingoan, AEBetan euskal literatura irakasten topatu dugu. Horretaz gain, Center of Basque Studies erakundearekin lanean dihardu ingelesera itzuli behar dituzten hurrengo liburuak azterbide dituztela beste gauza askoren artean. Baina irakaskuntzaz eta zerbitzu lan horietaz gain, Mari Josek Neivadako unibertsitatean ikasturtea amaitu bezain pronto Donostiako Miramar jauregian egingo den OEPLIren IV biltzarra du buruan. Artean gustura dagoela esan digu eta aise antzematen da gainera. Gema: Mari Jose, ikerlaria, irakaslea eta idazlea zaitugu, baina zure lehen lanak ikerkuntzan eman dituzu: Bernardo Atxagaren irakurlea, Euskal Gazteen irakurzaletasuna, Intimismoaz harandi, Ramon Saizarbitoriaren unibertsoa, Euskal eleberriaren historia. Eta azken bi urteotan euskal literatur sorkuntza mundu zabalean barreiatzeari ekin diozu: 2005ean narrazio motzen euskal egileak aukeratu zenituen eta aurten sei poeten lanak. Zergatik aldaketa hori? Zerbaitek eramago zintuen eremu ezberdinak lantzera?

Mari Jose: Ez da eremu aldaketarik egon. Unibertsitateko gure lanpostuak hiru atal desberdinetan lan egiteko beharra aurreikusten du. Batetik irakaskuntzan, bestetik ikerketan eta azkenik zerbitzu lanetan. Horietan aritu izan naiz beti, bereziki, lehenengo bietan. Eta oso gogoko ditut. Irakaslea naiz eta biziki ongi pasatzen dut eskolak ematen. Baina liburutegietako ikerketa orduak, liburuekin, irakurketekin ditugun harreman intimo horiek beharrezkoak zaizkit erabat. Alegia, izugarri estimatzen dudala testuen azterketak egitea, kritika egitea, nire irakurketak azaltzea. Azken urteetan kanpotik, atzerritik iritsi zaizkit argitalpenak eta ikastaroak burutzeko aukerak. Eta gustatu egiten zait erronka hori, beste sistemetako irakurleak, irakasleak, kritikariak ezagutzen dituzulako eta zure irakurketak haiekin erkatzen dituzulako. Gustura nabil.

Post hau irakurtzen jarraitu

“Gorroto ditut emakume literaturari buruzko mahai-inguruak”

Castillo Suarez. Argiako artikulua osorik irakurri nahi baduzu klikatu hemen

Erantzunak (eztabaida):

Re: Sarean topatutakoa

Iratxe Retolaza — 2007/11/27 12:26

“Gorroto ditut” esan du Castillok, edo behintzat hitz horiexek jarri ditu kazetariak Castilloren ahotan. Ez du esan interesik ez duela mahai-inguru horietan, ez du esan indiferentziaz bizi dituela mahai-inguru horiek, ez. Gorroto omen ditu. Non du jatorria gorroto horrek? Zer uste duzue? Zuek ere gorroto al dituzue emakume literaturari buruzko mahai-inguruak? eta gizon-literaturari buruzko mahai-inguruak gorroto al dituzue?

Bestalde, elkarrizketan ere honako hau dio aurreraxeago: “Nire kasuan, emakumea naiz, nafarra, poeta… Askotan iruditzen zait niri elkarrizketa egitea kuota betetzeko modu bat dela.” Eta gaztea, beharbada? Kuotak betetzerakoan erabili ohi diren tasun estereotipatu horiei kasu eginez gero. Kuotak betetzeko deitzen omen diote, ez bere literaturak interesa pizten duelako. Horrelako sentsazioa omen du.
Beraz, baieztatuko al luke Castillok, “nafar literaturari buruzko mahai-inguruak gorroto ditut/ez ditut jasaten/ez zaizkit interesatzen”, edo “poetei buruzko mahai-inguruak gorroto ditut…”, edo “gazteek eginiko literaturari buruzko mahai-inguruak gorroto ditut…”, eta abar. Zer iruditzen zaizue? Kuota horiek markatzerakoan “emakume” etiketak bereziki azkura ematen diola dirudi. Zergatik? zer iruditzen zaizue?

Re: Sarean topatutakoa

Emea — 2007/11/27 13:53

Niri iruditzen zait urrunegi joan zarela, Iratxe. “Gorroto ditut” esatea hitz egiteko era bat da, eta “emakume” etiketaren kontra mintzatzea erabat zilegi iruditzen zait. Mahai-inguruarena, hain zuzen, etiketa horrek hartzen duen pisuagatik esaten duela uste dut. Alegia, berak nahiko lukeela beste emakume batzuekin bildu mahai-inguru batean, baina ez “emakume” izateagatik soilik. “Kasualitatez” bost gizonezkok mahai-ingurua osatzen duten bezala, esan nahi dut.

peace, sister.

Re: Sarean topatutakoa

Iratxe Retolaza — 2007/11/28 10:49

Arrazoi duzu. “Emakume” etiketaz hitz egitea zilegi da, jakina, ez nuen hori zalantzan jarri nahi, eta etiketa horrek duen pisua edo zama ikaragarriaz hitz egiten duela ere argi dago. Horixe jarri nahi nuen mahai-gainean, besterik ez. Beste modu batera formulatuko dut galdera, ea hobe ulertzen den. “emakume” etiketa beste etiketen aldean (nafarra, poeta,…) bereziki zamatsua egiten zaiola iruditzen zaizue? Edo kazetariak egin du zamatsu bereziki etiketa hori eta ez beste?

Re: Sarean topatutakoa

berta — 2007/11/28 17:19

Nik egia esan gero eta maiteago dut literatura. Txiki eta handia sentiarazten nauelako, bizitza eta askatasuna ematen didalako eguneroko ezintasunei indar amestiaz aurre egiteko. Baina, joan den udatik hona ezin izan dut literatur liburu bat irakurri, bi hitz segidan idatzi eta pentsatzen jarrita nago, agian, ama izan naizelako izan dela eta ama izateko derrigorrez emakumea izan behar. Nik topikoak, hitz merkeak, eta zezen plazak gorroto ditut.

Re: Sarean topatutakoa

akorda — 2007/11/28 19:02

“urrunegi joan zarela, Iratxe” irakurtzen dudanean ahobero, ahohandi, gehiegizkoa, exageraua zarela ulertzen dut nik eta segiduan pentsatu dut, hau betikoa da: emakume batzuk gure egoera literarioa salatzen badugu exagerauak garela entzuten dugu, zergaitik hori? zergaitik hain neurri ezberdinak? zergaitik geu beraientzako hain exageratuak eta haiek guretzako hain eskasak, apalak edo guttizkoak?noiz elkartuko gara gure neurriak hurbiltzeko? eta are garrantzitsuagoa: non?
por zierto, nik neuk zezen-plazak, hiltegiak eta espetxeak gorroto ditut

Re: Sarean topatutakoa

itsaso — 2007/11/29 12:35

Harrituta jaso det elkarrizketatik kazetariak nabarmendu duen esaldia. Beharbada, gizonak mahai-inguruetan “kasualitatez” elkartzen ez direla pentsatzen detelako.

Re: Sarean topatutakoa

Beat Sarasola — 2007/11/29 20:04

Ez dakit zehazki Castillo Suarezek zergatik dioen esaldi hori baina ez nau gehiegi harritzen ere. Uxue Apaolazak ere antzeko hitzak esan zituen Ean joan den udan. Iratxek egiten duen galdera interesgarria da, baina susmoa dut ez ote litzatekeen interesgarria izango kontua beste prisma batetik begiratzea.

Nik hitzok ez ditut ulertzen “emakume” etiketaren zamaren adierazgarritzat, baizik eta diskurtso feminista banalizatu eta akritiko baten kontrakotzat. Gauzak luzerako joko luke, baina uste dut ez dela inor harrituo baldin badiot diskurtso feminista (mota bat bederen), urteak joan ahala, botere zentro indartsu bilakatu dena. Horren adierazgarri mila adibide jar genitzake gu guztiok, baina azken batean adibideok auzi baten seinale baino ez dira: oinarrian diskurtso iraultzaileak zirenak (tartean feminista) instituzionalizatze eta neutralizatze prozesu bat jasan dutela. Horregatik ulertzen da ezinbestekoa diskurtso feminista klasikoa auzitan jartzea, dominazio mekanismo bilakatu denez, oraindik “urrunago” joateko. Ez dut ezer asmatu, diodan hau diskurtso post-feministan esaten den gauzetako bat baino ez da, eta idazleon hitzak testuinguru honetan ulertzen ditut (nahiz eta agian Uxuek eta Castillok ez izan arrastorik ere teoria hauetaz, baina horrek azkenean berdin dio).

Eta errespetu osoz esan nahiko nuke aurreko erantzun batzuetan azaltzen diren ideiek primeran irudikatzen dutena eztabaida hau. Sexu eta genero ezberdinasunaren kritika erradikal batetik ezin baita onartu “ama izateko derrigorrez emakume izan behar da” esaldia; kasu, ez genero ikuspegitik soilik, ikuspegi sexualetik ere.

Re: Sarean topatutakoa

Amaia Alvarez — 2007/12/02 19:44

Hasteko prisma desberdinetatik begiratzeko beharra azpimarratzen duzu, Beñat. Hori gai eta eremu guztietan egin beharreko gauza dela uste dut, eta azken aldian eremu batzuetan exigitzen dena besteetan ez da inondik inora iradoki ere egiten.

Jarraitzeko diskurtso feminista hegemonikoaren kontra egiten duzu “banalizatua” eta “akritikoa” dela esanez. Gainera, “zentru indartsu” bihurtu dela esaten duzu; “instituzionalizatu” eta “neutro bihurtu” dela azpimarratuz: DOMINAZIO MEKANISMO izendatzera ere heldu zara. Kuriosoa da nola nahasten diren gauzak.

Alde batetik, mugimendu feministaren ibilbide luzean korronte eta lan egiteko modu anitzak egon dira mendeetan zehar, elkarrengandik hain urrun batzuetan kontrajarriak izateraino ailegatu direnak zenbait gaitan. Hala ere, denak batzen gintuena zen genero berean kokatu izana: “emakume” etiketapean sailkatu izanagatik jasaten genuen diskriminazio eta bazterketa, erasoak eta gutxiespenak, menpekotasuna eta ikusezintasuna. Eta blog honetan aldarrikatu eta erakutsi nahi dugun gauzetako bat hori da hain zuzen: mugimenduaren barruan eta emakumeen eta feministen artean dagoen aniztasuna. Kritikatzea oso erraza da, baina zer gertatzen da feminismo hegemonikoak egindako lana aitortzearekin? Feminismo “klasikoari” gauza asko leporatu zaizkio. Baina zer gertatzen da eman zituzten urratsekin? Lortu zituzten aurrerapenekin? Eurek lortutako eta guk jaso ditugun eskubideekin? Nola izan daiteke “zentro” eta “dominazio mekanismo” zapaldutako talde baten alde lan egiten duen jendea? eta zer ikusia du honek genero ikuspuntua garatzeko asmoa duen mahai-inguru batekin?

Amaitzeko, post-feminismoa eta kritika erradikala aldarrikatzen dituzu esaten dituzunak indartzeko. Post-feminismoak hasieran aipatutako ikuspegi berriak ekarri ditu, batzuentzat erabilgarriak eta estrategikoak, besteentzat okerrak, eta batez ere, gure ingurura heldu berriak eta oraindik ez oso ezagunak. Zer diozu Euskal literatura eta euskal kulturari aplikatuko bagenio “prisma” berria? Adibide bat ematearren, Joseba Gabilondoren “literatura postnazionalarekin” euskal literatura ikusteko daukagun ikuspegi modernoa pikutara bidali behar dugu eta orain arte egindako guztia baliogabetu joera berrien (modaren) argiak modu akritiko eta kontrastatu gabeko batez onartuz?

Re: Sarean topatutakoa

Beat Sarasola — 2007/12/02 21:54

Susmoa dut ez dudala ondo adierazi esan nahi nuena, eta egia esan akaso aldrebes samarra da eta ez dut lortuko ondo egiten, baina tira, berriz ere saiatuko naiz.

Alde batetik, argitu nahiko nuke ez dudala sinisten progresoan eta beraz nik proposatzen dudan ikuspegiak ez duela zergatik anulatzen aurreko guztia, kontrakoa baizik, hortik edan eta berarekin dialogatzen du. Gabilondoren lana aipatzen duzunez, ez dakit berak zer pentsatuko duen, baina uste dut lan horrek ez dituela aurreko euskal literaturaren historiak alde batera uzten, hori pentsatzea kontraesana litzateke seguruenik liburuko planteamendu gehienekin. Postfeminismoarena aipatu dut kartak ez ezkutatzeko eta erreferentziatxo bat emateko, baina agian ez nuen egin behar, etiketa hauek ez direlako batere politak eta halako ukitu friboloa (moda eta hori) dutelako.

Ni bere burua etengabe kritikatzen duen pentsamenduaren tradizioan formatu naiz, formatu naizen urrian, eta beraz beti urrats kritiko bat aurrera egiten saiatzen naiz eremu guztietan, eta feminismoa ez da salbuespena. Eta insistitzen dut horrek ez duela “pikutara bidaltzen” aurretik egindako guztia, alderantziz baizik, eta horregatik feminismo “klasikoari” egin diezaiokegun mesede eta omenaldirik handiena bere kontra egitea dela, berak egin zuen bezalaxe aurreko tradizioarekin. Eta bide batez, uste dut garrantzitsua dela bereiztea feminismoa orohar eta feminismo sozializatu eta standarra; nik bigarren honen kontra egiten nuen (ez zehazki Woolf edo Simone de Beauvoirren kontra, esaterako; jakina, hauen diskurtsoa ez zait dominatzailea iruditzen), sinetsita bainago baietz, diskurtso feminista petrifikatu eta “kosifikatu” hau dominazio mekanismo (emakume beraien aurkakoa halaber) indartsu bat dena. Uste dut emakumearen askatasun eta “emanzipazio” prozesurako feministatzat ditugun ebento eta mugimendu batzuek direla egungo feminismoaren etsai gogorrenetako bat. Alegia, “literatura feminista” bezalako etiketak zenbait testuingurutan, telebistako emakumeen aldeko kanpaina banalizatuak, film feminista-politikoki zuzenak eta abar. Hau guztia esateko Castilloren hitzak testuinguru honetan uler litezkeela akaso, eta bere hitzak hain zuzen ere ikuspuntu feminista batetik begira daitezkeela halaber, eta ez diskurtso feministarenganako ihes gisa. Bestetik, nik adierazi nahi nuen kritikak feminismoaren heterogeneitatea aldarrikatu nahiko luke, eta ez feminismo modelo egoki bat proposatu (aurreko parrafokoa ere hemen da aplikagarri), zuk ulertu didazun bezala.

Espero dut nire ideiak hobeto ulertu izana, nahiz eta nire zalantzak ditudan, egia esan. Ez dakit, batzutan galdetzen diot nire buruari zertarako sartzen naizen halako saltsatan.

Re: Sarean topatutakoa

Eli Ansa — 2007/12/04 03:35

Denekin ados nago, izan ere ez dut uste goran azaldu dituzuen iritzien artean kontraesanik egon behar denik. Iritzi guztiak irakurri ondoren gaur egun bizi dugun problematika bat iragartzen da bertan: nolabaiteko arazo kronologikoa teoria (post)feminista eta honen praktika sozialaren artean. Hau da, teorikoki pentsakera post-feminista batean kokatu dezakegu gure burua – gure ikerketa. Ariketa hau – Beñatekin adostasuna azalduz – premiazkoa iruditzen zait, ez teoria feministak bere garaian izan zituen aldarrikapenak alde batera uzteko, baizik eta gaur egun gizarteak feminismoari eman dion espazio normalizatu horri garapen bat emateko. Bestalde, uste dut, oraindik ere, praktikan, garai batean feminismoak izan zituen aldarrikan guztiak ez direla guztiz garatu/lortu (Sección Femenina-ko disziplinatik hurrun gaude, baina oraindik ere oso emakume lehendakari gutxi ikusten dira eta emakumeen soldatak ez dira gizonezkoenen berberak, adibide bi jartzearren). Pentsakera feminista eta post-feministak elkar topo egiten dute gaur egun, edo biak posible direlakoan nago, beraz, tentsio honetan –eta honek behar duen azalpen teorikoak argi utziz-, ekin beharko genioke gure ikerketei. Castillok botatako iritziari dagokionez, aitortu beharra daukat ez dudala honen kontextu zabalagorik irakurri, baina esan daiteke oso anbiguoa dela, eta hobekixo aklaratu beharko lukeela berak, eta ez guk, zergatik “gorroto” duen “emakume literatura”-ren etiketa.

Re: Sarean topatutakoa

naun — 2007/12/04 21:36

Uxue Apaolazak Berrian aspaldixko idatzia, interesgarria:

Aspertuta

Jaio baino lehenago ere jakingo zuten neska edo mutila nintzen; praktikoa izaten da jakitea, izena jartzeko besterik ez bada. Nire gurasoek, hala ere, badirudi egun batzuk behar izan zituztela ni jaio ostean ere izena aukeratzeko. Horrek despistatuko ninduen, generora berandu iritsi izanak, izena baita emakumetzen edo gizontzen gaituen lehenengo gauza.
Zenbat denbora pasatzen ote dugu emakumeok emakume izateari buruz hizketan! Emakume izateari buruz idazten… Konkistatuko espazioa da emakumeek emakumeei buruz idaztearena, lehen gizonezkoak zirenez emakumeei buruz ere idazten zuten bakarrak. Aldaketa horrek baditu urte batzuk dagoeneko; gaur egun emakume idazlea, adibidez, segidan pasatzen da literaturan emakumeek izan duten paperaren inguruan aditu izatera, eta lehen urratsak emakumeez hizketan egingo ditu, bere sormen literario osoa «emakume kontuetara» lerratzen ez badu.
Azken pausoa emakumeaz hitz egiteak aspertzea da. Aspertzea espezializazioak, aspertzea pertsona izaten uzten ez dizuna feminismo esentzialista, gainera (barkatu erredundantzia), aspergarria izateaz. Ni ez naiz gizona; ni ez naiz emakumea; eta gehiago mozorrotzen naiz emakume izan behar dudanetan, gizon izan nahi dudanetan baino.

Uxue Apaolaza

Sarean topatutakoa

Isabelus — 2007/12/20 19:47

Begirunerik gabe erantzungo diot “gorroto ditut…” esaldiari. Zergatik gorroto ditu emakumeei buruzko mahai-inguruak? Emakume idazle batzuk ahanzturatik berreskuratzeagatik? Emakume idazle batzuek euren bidean aurkitzen dituzten oztopo eta bazterketak ikertu eta salatzeagatik? Edo emakumeek idatzitako literaturaren berezitasunak bilatzeagatik? Nik gorroto ditut klasean emakume idazlerik lantzen ez duten unibertsitateko literatura irakasleak. Nik gorroto dut emakume idazlerik ez duen Planeta argitaletxearen klasikoen bilduma. Nik gorroto ditut gizonez beteta dauden eta emakumeak txokoratzen dituzten edozein gairi buruzko mahai-inguruak. Kokoteraino nago emakume adituek “ohiturari” jarraiki bete behar dituen baldintzetaz: 1) Izena aldatu behar duzu (George Eliot, Fernan Caballero, …); 2) Itxura “zaindu” behar duzu (serioa eta gatzbakoa, mesedez, trajea jantzi behar duzu); 3) Zure lagunak ezin dira emakumeak izan, batez ere, gizonen autoritatea ukatzen dutenak badira; feministak (zu ez zara beste emakumeak bezalakoa, zu berezia zara…). Ez dago eskubiderik! Hemen dago koska: gizonen betiko arloan sartzeko, emakumeek hauen baimena lortzeko, ordaindu beharreko prezioa Beste emakumeak mespretxatzea da. Badakit emakumeak berdintzen gaituen bakarra gizonen menperakuntza dela, baina horrelako preziorik ez ordaintzea oinarrizko eskubidea da.

Sarasolak esandakoa

Puck — 2008/01/21 11:35

Sarasola,
bat nator zurekin, zure diskurtsoa ulertzera heltzen naizen heinean.
Batez ere, aurreko guztiaren aurka egiteko behar horrekin.

Wittgenstein dixit,”He must so to speak throw away the ladder, after he has climbed up on it.” hau da aurreko guztiarekin apurtu eta honen aurka egin behar da, hobetzeko eta aurrera jarraitzeko. Superatzeko?¿.
Zilborestea eta hil ezazu aita.

Stop.

Saltsa hauetan muturra sartu duzulako bravo! Bestela, diskurso guztiz feminista atzerakoi baten lekuko izango ginateke, non “gorroto”, “aspertu” eta antzerako hitz hutsak ( sorry eufemismoa, perdonen la redundancia) errepikatuko liratekeen. Eta emakume guztiok baiezkoa eman eta burua jeitsiko genuke.

Bizenta Mogelen hitzaurreak

Amaia Alvarez eta Josune Muñoz

Liburu bat daukagunean eskuartean begiratzen dugun lehenengo gauza azala eta kontra-azala dira. Horrek emango dizkigu lanari eta egileari buruzko ideia orokorra eta gainetikako itxura. Gero, interesa piztu badigu, testua irakurriko dugu eta horri buruzkoak izango dira iritzi, kritika eta gomendioak. Hitzaurreari emango diegu protagonismoa oraingo honetan, zehazki, Bizenta Mogelen Ipui onak laneko hitzaurreei. Hor testuinguruari buruzkoak eta garaiaren eta egilearen pentsaerei buruzkoak topatuko ditugu eta. Animatzen? Aurrekoan komentatu genuen emakumeen liburuetan aurkitzen ditugun hitzaurreak garrantzi handikoak direla, baina sarritan ez dakigula hauek irakurtzen, gogoratzen? Ba, hobeto irakurtzeko klabe batzuk azpimarratu eta aipatuko dizkizuet oraingoan.

Post hau irakurtzen jarraitu

Peskizan

Xabier Mendigurenek Elkar aldizkariko 2007ko udaberriko alean, 7. zenbakian, “Minduraren ederra” izenburuko zutabean (16. orrialdean) idatzirikoa: “Izagirreren Rimmel (oso gizon behar du halako azal arroxarekin ausartzen denak)”.

 

Erantzunak:

Re: Peskizan

xme — 2007/10/04 09:27

Ez dakit txartzat hartu duzuen esaldi hori. Ironikoa da berez, eta erreferentzia egiten dio Clint Eastwood-en film bati (Izagirrek batere maite ez duen zinemagilea), zeinaren propagandak halako leloa zeukan: “Hay que ser muy hombre para ir en un cadillac rosa”.

Agur bero bat,

xme

Re: Peskizan

martix — 2007/10/04 19:01

Honetaz ari zara arrosa koloreaz hitz egiten dezunean, ezta?:

http://es.wikipedia.org/wiki/Rosa_%28color%29

Caótica? Ana

Elixabete Ansa

Julio Medemek bere azken filma “fabula feminista”-tzat du, Emakumeari eskainitako oda (ikus Argia 2007/07/29 eta El País 2007/08/12). Caótica Ana dugu Lucía y el sexo (2000) filmaren ondoren, zuzendari donostiar honek plazaratu duen azken fikziozko filma. Lucía y el sexo-n ez da, Cristina Pujol Ozonas-ek argi utzi digunez (Archivos de la Filmoteca, Otsailak 2005), aldarrikapen feminista askorik jorratzen; beraz, Medemen azken filma feministatzat deskribatzerakoan, suspertu digu batzuoi bertan egiten den emakumearen errepresentazioa aztertzeko grina. Caótica Ana, emakume pintore gazte batek bere bigarren hamarkadan dituen esperientziei buruzko filma da. Garai honetan, Anak, mezenas edo esku-emaile bati jaramon eginez, bere aitaren babesean izandako bizitza utzi eta Madrilen hasten da ikasten. Aldi berean eta lehenengo aldiz bere bizitzan, ulertu eziniko imajina batzuk agertzen zaizkio: iragan urrun nahiz hurbiletan, berak bizi izan dituen emakumeen esperientziak. “Kaos” antzeko hau ulertzeko ariketa hipnotikoetaz baliatzen da, non hamarretik zerora kontatzearekin, beste garai eta bizimodua duten emakumeen sufrimendua azaldu eta bizitzen duen; emakumeek gizonengandik edo haien mundu/pentsakera patriarkaletik jasandako indarkeria.

Ariketa hipnotikoa balitz, hona hemen emakumearen errepresentaziorako filmean ikus daitezkeen zenbait sinbolo, ideia eta pentsakera:

  1. KOBAZULOA. Film hasieran Ibizako kobazulo bat agertzen da, Ana eta bere aita alemaniarraren etxebizitza. Anak hogei urte pasa ditu bertan eta gizarteko instituzioetatik at hezia izan da. Isolaturik dagoen espazio honekin hausteak sortzen du filmaren trama; beharrezkoa dirudi, beraz, gizartearekin kontaktuan jartzea eta ikusiko dugunez, honekiko errespontsabilitate bat hartzea.
  2. TXORIAREN HEGALDIA. Hegazti hau dugu filmeko beste konstante bat: filmaren hasieran arrano batek uxo bat hiltzen du. Anak, txori zauritu bat marrazten du Madrilgo erresidentzian eta honen mutil-lagunak (Saidek) ere, txori zauritu bat marraztuko du. Gainera, Anaren lagun-minak (Lindak) dioenez, filmaren bukaeran, hauxe da Anak egin beharko lukeena: “que te dejes llevar por el viento, mi queridísima amiga, mi amiga pájaro”. Hegaldia litzateke beraz, kobazuloa utzi eta kontzientzia hartzearen akzioa. Madrilgo erresidentzia dugu kontzientzia hartze honetan garrantzia izango duena eta errepresentazioaren indarra ezagutzera emango duena.
  3. ERREPRESENTAZIOA. Michel Foucault-en (History of Sexuality I) eta, batez ere, Judith Butler-en (Bodies That Matter) teoriak kontuan harturik, errepresentazio edo performance-ak garrantzia handia du gizarte batean genero identitatea definitzerakoan. Batek kalean duen janzkerak, mugitzeko erak, eta abarrek (hau da, bere burua errepresentatzen duten moduek) baldintzatu egiten dute bat gizarte horretan izango duen generoan, edo besteek harengan irakurriko duten generoan (heterosexual, homosexual, transexual, ?, eta abar). Hau kontuan harturik, norberak bere burua “nahi duen bezala” errepresentatzerainoko gauza izan daiteke eta horrela bakoitzak bere genero identitatea definitzeko agentzia baduela azpimarratzen da. Agentzia hori gizarteak tradizionalki eskaini izan dituen kategorizazioak (emakume vs. gizona heterosexualak – batek duen sexuaren arabera) zabaltzeko erabil dezakegu. Edo alderantziz, eta aldarrikapen feministei hurbilduz, batek bere burua gizartean zabaltzen saiatzen diren kategoria horien bestelako identitateak lortu ditzake baldin eta horiek errepresentatzen baditu (homosexual, transexual edo bestelako identitateak – etiketei ihes eginik). Filmean errepresentazioa hasiera-hasieratik irudikatzen da. Ana azaltzen den lehenengo eszenan, bera diskoteka batean dago. Gizonek, animalia bailitzan (zaldi eta zezen itxuraz, zakil handi bat dutelarik tente) Anaren inguruan dabiltza hau berea egin nahian, nolabait penetratu nahian. Ana bestalde, bere mugimendu sentsualekin gizonen jokoan sartu eta adoratu egiten du euren zakil handi hori era orgasmiko batean. Behin Madrilen, Ana errepresentazioren ahalmena ezagutzen hasten da; ezagutu eta honekin esperimentatu egingo du, euren posibilitateak hausnartuz. Erresidentzia genuke Foucault-en Panoptikoaren kontrakoa, ez dugu inongo “anai handirik” bertan kontrolatzaile: “nadie nos gobierna en esta casa”, leku aproposa esperimentazioan barneratzeko. Horrela, bertan izango ditu genero identitateari buruzko gogoeta irekiak Lindarekin:
  4. EMAKUMEAK = EMAGALDUAK VS. GIZONAK = BORTXATZAILEAK. Lindak argi dauka: gizonak, guztiak, bortxatzaile hutsak dira, inbasoreak, eta emakumeak, aldiz, gizonei plazerra ematen dieten emagalduak. Hau da Lindaren mutil-lagunak bere antzerkietan azaltzen duena eta mendebaldeko gizartearen funtsatzat azaltzen dena. Bertan emakumeak emagalduak edo jainkosa imajinarioak balira agertzen dira. Honen harira, Anaren bidaia pertsonaletako bat emakumearen kontzeptu hauei loturik dago. Anak Said maite du eta bera non dagoen jakin nahi du, eta berarengandik inoiz ez banandu. Cristina Pujol Ozonasek jarrera honetan ikusten du *Lucía y el sexo*k, nahiz beste hainbat irudikapen kulturalek (albait, emakume modernoaren askatasuna aldarrikatzen duten emakumeen aldizkariek – Elle, Cosmopolitan, Mujer de Hoy, eta abar. –, nahiz telebista saio desberdinek – Ally McBeal edo Sex and the City-k, adibidez) azaltzen duten leit motiv anti-feminista konstantea : “la angustia que produce la ausencia de una pareja estable” (104). Bertan murgildurik emakumeak beti diraute gizonen menpe. Hau izango da Anaren beldur eta borroketako bat, bere izaera independentearen jabetza izatea, inoren menpe izan gabe.
  5. KAMARA ESKUTAN; HISTORIA = MEMORIA. Ana aurkitu duen esku-emaileak zera dio historiari buruz “es lo que llevamos dentro, en lo más profundo de nuestra memoria”. Historia ez da, beraz, liburu ofizialetan irakurtzen duguna bakarrik baizik eta gure oroipenetan dakarguna. Eta filmaren errealitatean bi emakumek azaltzen dituzte beren memoriak: Ana, bere aitari idazten dizkion eskutitzen bidez, eta Linda, bere kamera digitalarekin grabatzen duenarekin. Bigarren honek zera dio bere kamerari buruz: “en ese (ojo) no me manda ni dios.” Emakumeak dira, beraz, historia idazten ari direnak filmean. Hau da film honek Lucía y el sexo-rekin duen beste desberdintasun garrantzitsuenetako bat. Han gizona zen eleberriak idazten zituena eta honekin, bere inguruko emakumeen jarrerak idazten zituena. *Caótica Ana*k, ordea, emakumeak ditu idazle nagusi, eta ez dituzte beren idazkeretan gizonezkoak moldeatzen, izan dezagun adibide gisa Anak eta bere aitak duten erlazio ireki eta independentea, non nahiz eta biok elkarrekin denbora gehiago egon nahi, bakoitzak hartu behar duen bidea errespetatzen den.
  6. HIPNOSIA – HOLISMOA. Daniel Galfarsorok (Kultura eta identitate erbesteratuak) hipnosia edo “iraganerazko terapia” jakituria holistikotzat dauka. Holismoa “osotasuna da filosofian (…eta) sendagaile holistikoaren zeregina gorputz-gogo-izpirituak askatzen dituen energia berriztatuen oreka naturala bilatzera mugatzen da” (108-10). Gizakiaren osotasuna beraz, gizon ala emakume, gorputz-gogo-izpirituaren armonian datza, eta hau bilatzeko Galfarsorok hainbat medikuntza alternatibo aipatzen ditu, “ekinbide paranormal edota ekialdeko erlijio alternatiboetan oinarrituriko zenbait jardunen baliabidez gauzatzen dir(enak)” (111). Medikuntza alternatiboek zera kritikatzen dute: “mendebaldeko medikuntzaren akats nagusia gorputza eta izpiritua/gogoa banatzean datza, osotasuna konpartimentalizatzea. Gorputza, azken finean, noizbehinka matxurak dituen makina funtzionala balitz bezala tratatzea; sendagile-konpontzailearen lana, beraz, gorputzak erakusten dituen disfuntzioen jatorri fisikoa eta doakion erremedio zuzena bilatzera mugatuz” (110). Anak bere “gorputz-gogo-izpirituarekiko” armonia bilatze horretan oztopo bat du: nonahi azaltzen zaizkion iraganezko irudiak ezin ditu ulertu eta sufrimendu handia – iraganeko emakumeen tortura anitzak – dakarkiote. Hala ere, sufrimendu horiek ez ditu bere gogo/izipirituarekin nahastu edo lotu nahi, hau da, ez du bere gogo/izpirituaren errespontsabilitatetzat hartzen. Hipnosiak edo “iraganerazko terapiak” banaketa horrekin hausteko eta bere gorputz-gogo-izpirituaren armonia lortzeko bidea irekiko dio, irudi haiek ulertuz eta orainean berak haiekiko duen errespontsabilitatea ezagutuz – hau da, iraganean marjinatu nahiz indarkeriaz menperatuak izan diren emakume ahotsak bere eginez. Praktika hau da Galfarsorok gaur egun ikusten duen bideetako bat mendebaldeko sistema kapitalistari aurre egiteko: bakoitzak naturarekin eta bere gorputz-gogo-izpirituarekiko duen armonia bilatu eta horrekin inguratzen gaituen sistemaren jarrera indibidualista-kontsumitzailea baztertu eta aldatzeko bide bat.
  7. BIOLOGIA VS. KULTURA. Saidek biologiatik at ez dagoela ezer dio. Ezin du gauetan lo egin, ezin baitu biologiaren (gorputzaren funtzionamendu soilaren) bukaerak sortzen dion hutsuneari aurre egin. Anak, aldiz, betetasuna ikusten du bizitzan, pertsona baten bizitzak ugariak baitira: “el alma de los muertos no va a ningún sitio, si acaso sólo puede volar para entrar en los vivos”. Nire ustez, eten gabe egingo genukeen gehitze-kate hau izango litzateke batek berekin daraman kultura, gizarteak berekin eta beragatik zabaltzen duen Kulturaren bestelakoa. Filmean agertzen denez, kate hori nolakoa den jakiteak egunean batek dituen portaerak ulertzeko balio du eta ulerpen horrekin batek besteekiko duen errespontsabilitatea suspertuko litzateke.
  8. ♀ eta ♂ ELKARREKIN: Anak: “tú y yo nos hemos conocido, espera y verás cómo esto no es una pérdida de tiempo”. Esaldi baikor honekin Anak Saidi laguntza eskaini eta elkarrekin, elkar komunikatuz, egin beharreko bidaia hasi behar dutela adierazten du. Lindak, bere “emagaldu” eta “bortxatzaileen” tesiarekin, bi sexuen arteko banaketa bat azaltzen du filmaren momentu batean, Anak, aldiz, bi sexuen elkar harremana aldarrikatzen du. Horrela gertatzen da Lindaren aitak bere itsasontzian “libre” dela aldarrikatzen duenean; izan ere, Anak gizona bultza eta itsasora botatzen baitu. Handik ateratzerakoan Anak bion arteko erlazioa behartzen du, emaitza baikorrekin gainera. Gizon eta emakumeen elkar ulerpena izango litzateke filmaren ideiarik baliagarrienetako bat eta biok elkarrekin, bai emakume nahiz gizonek, beren beldurrei aurre egin beharra.
  9. NI ala GU? Medemek zera dio: “Azkenean, garrantzitsuagoa da norberak etikoki kolektiboari (kasu honetan kolektibo femeninoari) zor diona, nork bere buruari zor diona baino. Dena dago gure subkontziente kolektiboari buruz hitz egiten duen zerbaiten zerbitzura” (Argia, 14). Hau izango litzateke filmaren bukaeraren muina, hala ere, Anaren kontzientzia kolektiboa kostata esnatzen da eta filmak hura lortzeko egin beharrekoan pasatzen du denborarik gehiena, batek bere indar kolektiboaren indarraz kontzientzia hartze horretan. Eta hauxe, pertsonalki egin beharreko jarduera da, Galfarsorok ere adierazten duen bezala: “Holismoaren iraultza lasaiaren ikuspegia barne-bidaia batera mugatzen da, funtsean eraldakuntza pertsonalera bideratzen den bidaia, hain zuzen” (115). Gu-a helburuetako bat bada, hura lortzeko Ni kontziente bat behar dugula alajaina.
  10. CAÓTICOS ANA Y SAID. Planteamendu hauek kontuan harturik, filma *Caótica Ana izan beharrean, nik Caóticos Ana y Said* izenpetuko nuke. Izan ere, ez da emakumearen egin beharra bakarrik gorputz-gogo-izpirituaren armoniaren bilakaera. Gizonezkoek ere, Saidek egiten duen antzera, gaurko gizarteak murgilarazten gaituen kontsumismo merketik aldendu, gizarteak tradizionalki eskaintzen dituen genero identitateak zapuztu eta armonia existentzial hori bilatu behar dute. Filma emakumearen tributu dela hainbeste azpimarratzeak itsutu egin ditzake hainbat gizonezko eta ez ikusi beraiek ere egin behar duten zeregina.
  11. KAOSA? “Kaosa” hitzak dituen konnotazio negatiboek berriz ere gizarteak tradizionalki emakumeei atxiki izan dien “malformazioari” dei egiten dio (emakumeak “histerikoak”, “paranoikoak”, “gaixoak” azken finean) eta horrela, beraien gutxitze bat zabaldu. Gainera, iraganeko emakume guztien “kaosa” filmaren bukaeran “argi” bihurtzen da, Anaren kontzientziaren argia, beraz, bigarren ezaugarri honek aukera baikorrago bat (oraindik handiagoa) emango lioke filmari.

Ez dut azken bi pauso hauekin Medemen proposamena baztertu nahi, baizik eta bere potentziala zabaldu. *Lucía y el sexo*k eskaintzen zuen emakumearen ikuspegi anti-feministatik nahiko urrun dagoela uste dut film berri hau, eta beraz, oso aberatsa eta interesgarria aukeran. Era berean, filmak pertsonen existentzi gizatiar baten bilaketa planteatzen du, gaur egun film gutxik eskaintzen duten planteamendua. Hain kaotikoa ez den Anak, beraz, gaur egun hain baliagarriak diren – eta oraindik ere irudikapen kultural popularretan hain gutxi landuak diren – errepresentazioaren eta holismoaren ezagutza zabaldu dezake eta berarekin, gutxienez, emakume eta gizonen arteko eztabaida anitzagoa sortu. Eta hau zugan sortzen ez badu, gutxienez bi orduko momentu hipnotiko bat biziaraziko dizu, ziur!!

Kiss kiss, Bang bang. Artea eta feminismoari buruzko erakusketaren ondorengoak

Bilboko Arte Ederretako museoan egon ginen erakusketa hau ikusten eta hona hemen ondorengo kafean esandakoak. Zuk ere ikusi baduzu, animatu eta kontatu zure inpresioak!

Post hau irakurtzen jarraitu

Artea eta feminismoari buruzko erakusketaren ondorengoak

Sareinak

Bilboko Arte Ederretako museoan egon ginen erakusketa hau ikusten eta hona hemen ondorengo kafean esandakoak. Zuk ere ikusi baduzu, animatu eta kontatu zure inpresioak!

I: Kiss Kiss Bang Bang erakusketara hurbiltzea erabaki dugu gaurkoan. Esana ziguten erakusketak merezi zuela, eta benetan asmatu zuela erakusketa honek azken 45 urte arte feministaren ibilbidearen berri ematen.

A: Eta orain, erakusketa ikusi eta gero, kafetxo bat hartzera joan gara ikusitakoak komentatzeko.

I: Ohartu zara, Amaia, erakusketa bost ataletan banatuta dago.

A: Bai, Iratxe, 1. Sexuaren, generoaren eta sexualitatearen eraikuntza kulturala; 2. Eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka; 3. Gorputzaren askapenerako borrokak; 4. Emakumeen aurkako indarkeria eta 5. Historia berridatzi. Zer aurkitu dugu bertan? Nola adieraz daiteke feminismoa artean?

I: Arte feministak genero, sexu, arraza eta sexualitatearen estereotipoak jartzen ditu zalantzan, ezbaira daramatza, eta ohartarazten digu, estereotipo hauek guztiak sorkuntza sozialak direla, eta gorputza bera zentzu sozialez blai dagoela, larrua zentzu sozialez josirik dugula. Era berean, arte feministak errepresentazioari buruzko galderak sortzen ditu: nork errepresentatzen du nor? Nola errepresentatzen du? Zein ikuspuntutik errepresentatzen du? Eta ofizialak eta hegemonikoak diren begirada horiek kolokan jartzen ditu.

A: Bertan ikusi dugun bideo baten esaten zuen, bereziki, Butlerren teoriari jarraiki dena dela performancea, dena dela janzten ditugun rolak, emakumearena besteak beste. Eta diñot nik, orduan, soziala kentzen badugu zer geratzen zaigu? Bideo horren arabera ezer…

I: Azken batean, gizaki sozialak gara, hitzarmen sozialez josiak… Geure jarrera sozialak ikasitako performance-ak direla? ziur asko, hortxe dago norberaren leiha, ezta? A: Lehenengo atalean horri buruzkoak agertzen ziren, eta haien artean modelo bitxi bat zegoen…

I: A, bai, Zoe Leonard-en Pin up 1 (Jennifer Miller does Marilyn Monroe) deitzen zen koadroa, 1995. urtekoa.

A: Gorri kolorez inguratutako gorputz biluzia, irribarre bat ezpainetan eta lasaitasun eta poztasun aurpegia dauzka… Gizonentzat opari errepresentatu izan direnen antzera, baina… besapean ileak izateaz gain (aaaaai!) ez dauka bularralde oparorik! Eta…

I: …eta bizarra du, gainera!!! Horrekin egiten du jolas Zoe Leonard-ek, desiraren errepresentazio konbentzional horrekin jolas egiten du eta generoen ohiko estereotipoekin ere eta ikuslearengan galdera horiek sortzen ditu. Koadroaren aurrean nintzela, horixe galdetu diot neure buruari, emakumea ote, gizona ote…

A: Ba bai. Hor agertzen dena identitate eta rolen trukagarritasuna da, beraz, auzitan ipintzen ditu tradizio eta banaketa dialektiko zurrunak. Asko gustatu zait, badirudi gai eta lesbianen manifarako kartel glamourosoa dela…

I: Gainera, ohartzen gaitu: beste galdera batzuk egitera jo beharko genukeela… Hori ere bai, Amaia, glamourrez betea.

I: Eta bigarren atal horretan, zein iruditu zaizu interesgarria?

A: *Men´s best friend* izenburupean agertu zaiguna begien parean… Nik uste nuen txakurra zela ta…

I: Jejeje… hori da esaerak dioena, baina, Barbara Kruger-ek bestelako adiera eman dio ohiko esamoldeari. Oso joku sinplean, lortu du Barbara Kruger-ek 1987. urteko lan honetan salaketa argia egitea, ezta?

A: Bai. Auzitegietan nabarmena da boterea eta maskulinitatearen arteko lotura… Berdintasunaren feminismoak garrantzia handia eman zion legeak aldatu eta eskubide legalak lortzeari hastapenetatik.

I: Washington-eko epaitegiak lelo argi bat du “equal justice under law”.

A: Burura datozkit adibidez alkohola tratu txarretan “atenuante” izana orain gutxi arte, eta lehenago pasio krimena delakoaren esistentzia, “ley de vagos y maleantes” horren pean atxilotutako homosexualak edota Italian zelan epaileak erabaki zuen emakumearen baimenaz egindako bortxaketa zela biktimak bakeroak zeramatzalako jantzita eta laguntza barik ezin zizkiotelako erantzi (beti ere epaile honen arabera), eta abar luze bat.

I: Bai, bai… 80eko hamarkadan AEBetan egindako salaketa hori, zoritxarrez, han eta hemen gaurkotasun handikoa, landu beharrekoa.

A: Gaur egun dugun beste arazo larri bat, ordea, teoria eta praktikaren arteko amildegiarena da: epaitegien eta kaleko errealitatearen arteko deskonexioa, distantzia da. Mentalitatea aldatzea ez delako hain samurra eta alde handia dago bien artean kasu askotan, zoritxarrez. Hor daukagu abortoaren auzia Nafarroan…

I: Hala da, eta mentalitatea aldatu artean, legeek ezer gutxirako balioko dute (kasu batzuetan, jakina) aplikatu behar duenak beto eskubidea badu, eta askotan hala gertatzen da.

A: Beti bezala: boterea patriarkatuaren esku.

A: Bideo asko zeuden erakusketan, ezta? Harritu ninduen proportzioa. Ez dakit, margo edo eskultura gehiago espero nituen eta performance eta ekintza asko aurkitu gero…

I: Bai, niri ere harrigarria egin zitzaidan, eta are harrigarriagoa, performance horiek guztiek jendartean eragiteko zein ondo pentsaturik zeuden. Nik uste, orain bat-batean pentsaturik, performance-ek bi ezaugarri dituztela oso interesgarri: batetik, mugimenduan dagoen ekintza da, eta bestetik, jendartean bertan txertatu daiteke, eragiteko gaitasuna handituz. Eta horixe zen ikusitako performance gehienetan topatzen zena. Jendartean, zuzen-zuzenean, eragiteko eta sartzeko asmoa. Eguneroko bizitzan eragitekoa.

A: Kalean egiten direnez, zuzen zuzenean eragiten diote bertatik pasatzen den jendeari eta ikusgarriak izaten direnez efektu nabarmena izaten dute. Horrelakoak egin izan ditu mugimendu feministaren jende gazteak urteetan, pena da inon gutxi jasota ez egotea… Uste dut gaur egun Donostiako Medeak taldekoak ari direla honetan nahiko modu eraginkorrean…

I: Bai, bide horretatik doaz, eta benetan emankorra izan daitekeen bidea dela iruditzen zait. artea ulertzeko beste modu bat, sorkuntza ulertzeko beste modu bat.

A: AEBetan “consciousness raising” taldeak zeuden eta haietan saiatzen ziren emakume izateraren inguruko hausnarketa egiten, ikuspuntu desberdinak kontrastatuz eta taldearen baitan nor bere burua ezagutuz. Nik uste dut hortik abiatuta edo egin zutela The Cave.

I: Bai, Carolee Schneemann-ek lehenago argazkigintzan aritua zen, eta argazkien bidez halako performance moduko saioak ere egin zituen, argazki seriearen bidez mugimendua adieraziz, baina, areago joan zela esango nuke 1975. urteko argazki saio horretatik abiatuta performancea egin zuenean, 1995. urtean. Interior Scroll-The Cave izenburukoa. Performance hori izan da, nik uste, eraginkorrena niretzat; harrituen utzi nauena. Gogoan al duzu performancearen aurrean ginela esan duzuna?

A: Zuen aurpegiak ikustea zela bideoa ikustea baino interesgarriagoa agian? Batena nazka aurpegia zen eta bestearen minarena.

I: Bai, bai, horixe!!! oso adierazkorra izan da zure esaldi hori.

A: Bai, kontuan izan behar dugu zer ikusten zen bertan.

I: Orduan ohartu gara, ikusten ari ginenak nolako eragina zuen gugan.

A: Emakume talde bat koba batean biluzik, euren gorputzak lokatzez igurtziak eta baginatik paper roilo bat apurka apurka ateratzen, bertan idatzitakoa irakurtzen, baginatik gora kamaratxo bat, kobaren barrunbeak tartekatuz.

I: Ezin adierazkorragoa!!! Irudi ederra benetan!!! Sinbolismoz beteriko irudiak ziren, aluaren interpretazio sortzailea eginez, idazketaren eta irakurketaren barrunbeetaz irudi berriak sortuz.

A: Hori bai intimismoa literaturan… Very very rosa egiaz eme-literatura, ezta? Azkenean, hasieran aipatutako jantzi sozialak kentzen baditugu zer geratuko da azpian??? Gure gorputza: alua…

I: Bai, jejeje!!!

A: Beno, katxondeoaz aparte, benetan “mamitsua” ekintza hau eta, esan bezala, interesgarriena zuen erreakzioa. Nazka eta mina. Zenbat eragiten duen jaso dugun heziketak!!! Irakatsi digute gorputza (eta batez ere sexu organoak) gauza zikina eta ezkutuan gordetzekoa dela, hilekoa eta odolaren ondorio negatiboak zerrendatzen baditugu eta haiei buruz esan direnak liburu mardul bat osa genezake, hilekoaren mina, erditzearen mina, mintza (himena) apurtzean dagoen mina…

 

I: Ekintza honek zer sentitua eta zer pentsatua eman digu, eta horretan nintzela, hurrengo atalera pasatzea gogorra egin zait. Errepresentazio mamitsu eta sortzaile horretatik, kolpe batek bortxaren errealitatera eraman gaitu.

A: Ekintza eta performanceek duten eragina izugarria izan daiteke. adibidez Ana Mendieta artistak egin zuen hurrengo ataleko koadroan laburbildu zuen ekintza: Bere unibertsitatean ikaskide bat bortxatu eta hil zuten, berak horren aurrean erantzunen bat eman nahirik bere irakasle eta ikaskide batzuk gonbidatu zituen bere etxera, party batera, hara heltzean, etxearen txoko guztietan odola zegoen eta dena hankaz gora, etxean sartu eta Mendieta bera topatu zuten odolez bustita eta erdi biluzik lurrean etzanda, geldi, bortxatu izan balute bezala… Hori bai izango zela inpaktantea…

I: I-ka-ra-ga-rri-a.

A: Ba bai, hainbestetan entzun dugu “emakume bat bortxatu dute eta gero hil egin dute” jada ez digula ezerk eragiten. Irakeko edo Afganistaneko hildakoekin moduan pasatzen zaigu honekin ere…

I: Egia esan, bere performancearen argazkiak ikusi baino ez dago, inpakto horretaz ohartzeko.

A: Honatx!

 

I: Bai, arrazoi duzu, horregatik ikaragarri harritu naiz Mendietaren performance eta irudi hauek ikusterakoan (baita erakusketako beste batzuk ere), ohikoegi bilakatu zaizkigun ekintza batzuk errepresentatu baitituzte, baina ikuslearengan eragiteko gaitasun hori lortuz aldi berean. Hain zaila dirudiena gaur egun, egunero-egunero entzuten eta ikusten ditugun horiek lokartzen gaituztela dirudi eta.

A: Mundu mailako izurria da bortxaketena eta ez da erraza jendearen begiak zabaltzea eta lehen aipatu bezala, mentalitatea aldatzea. Botere harremanei buruz ere hitz egiten ari baikara honetan ere…

I: Bai, uda honetako jaiei begiratu baino ez dago, hortaz ohartzeko.

A: Iruña, Baiona, Bilbo… Eta komunikabideetan agertu ez diren guztiak… Azken atalera egingo dut salto orain. Katalogoan hurrengoa dakar atal honetako Last supper lanari buruz:

“Reconocer la genealogía, insertarse en ella es desafiar uno de los códigos culturales básicos, la tendencia patriarcal a percibir cada obra, cada reivindicación de las mujeres como si salieran de la nada, de la pura excepcionalidad. así nos las han enseñado como obras deshilachadas y dispersas, huerfanas de una tradición propia”.

I: Pasarte horretan biltzen dira Historia berridatzi izeneko 5. atal horretako ideia garrantzitsuenak, alegia, tradizio berri bat eraikitzeko beharra, genealogia berriak proposatzekoa, eta koadro horrek, Last Supper (Azken afaria), bide horretatik jotzen du. AEBetako emakume-artistak biltzen ditu azken afarira, tradizioa berridazteko beharra ikusarazteko, memoria pertsonala historia bihurtzeko, ezta?

 

A: Auzi hau nahiko “berde” ikusten dut nik euskal literaturan… Borondate gutxi eta beldur handia…

I: Tradizioa berrirakurtzeko beldurra, bai. Euskal literaturan genealogia eta tradizio berriak sortzeko bide hori berde samar dago, bai, gainera, kontuan hartuta idazle berriagoek ere tradizio ofizialarekiko desinteresa agertzen omen dutela -hala entzun dut azken aldian-, nola sortu tradizio berriak? Tradizioa bera ez omen dago krisian? Edo horrela sinestarazi nahi digute tradizio berriak ez sortzeko?

A: Alde batetik tradizio berrien aztarnak bilatu beharko genituzke atzera begira eta gero, mundua ikusteko modu berriak proposatu, bilatu, probatu…

I: Bai, horixe da bidea. Baina, gaur egun sinestarazi digute iraganari begiratzea ez dela modako, atzerakoia dela, eta badirudi, horixe aitzakia baino ez dela, iragana berrirakurtzeko bide berriak sortzeko. Ez al zaizu iruditzen? Azken batean, orain guzti-guztiek dute euren iragana berridazteko beharra.

A: Jakina. Baina eskerrak “arraro” batzuk elkartu garela! Aizan! Konturatu zara museoaren kafetegi honetan bazkariak zerbitzen hasi direla??? Bazkaltzera joan beharko gara orduan…

I: Bai, hau gosea!!! Beno ba, hurrengoan gehiago. On egin eta laster arte!!!

A: On egin!!! Momentuz kiss kiss eta ikusiko dugu noiz bang bang. Agur!

Kiss kiss Bang bang: Bilboko Arte Ederretako musean Arte feminista!!!

KISS KISS BANG BANG. Arte eta feminismoaren 45 urte erakusketak 1965 eta 2007. urteen artean egindako arte feministako hirurogeita bederatzi obra enblematiko erakusten dituela diosku Bilboko arte eder museoan hartutako diptikoak. Geuk, hiru aldiz ikusi ondoren, maistra lanak direla, feministak direla baina batez ere, benetan enblematikoak direla azpimarratu nahi dugu.

Judy Chicago, Yoko Ono, Valerie Export, Shirin Neshat, Cindy Sherman, Orlan, guerrilla girls… aintzaindariak eta izugarri ausartak izan ziren lanak egungo lan original eta probokatzaileekin elkartzen dira patxadaz eta, gutxienez, birritan ikusi, entzun, pentsatu… behar den erakusketa bikaina honetan. Ikusteko aukera dugu Irailak 9 arte. Asteazkenetan, dohain.

Informazio gehiagorako: museobilbao.net edo masterkas, pripublikarrak eta zubiakeraikitzen blogetan
“KISS KISS BANG BANG. ARTE ETA FEMINISMOAREN 45 URTE”. 2007ko ekainaren 11tik irailaren 9a
Kiss Kiss Bang Bang. Artea eta Feminismoaren 45 urte erakusketan zenbait herrialdetako 42 artista eta talde feministaren 69 lan egongo dira ikusgai. Izan ere, guzti-guztiak arte feministan hasi ziren eta/edo joera hori lantzen jarraitu dute.

Post hau irakurtzen jarraitu

Eako Poesia egunak 2007

Ean laugarren urtez literaturari buruz hitz egiteko elkartzeko proposamena luzatu ziguten aurreko asteburuan.

Post hau irakurtzen jarraitu

Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez